Prentsa Oharren banner

Gasteizko Udalak beste urrats bat egin du telelana ezartzeko bidean

 

  • Telelanaren proiektua onetsi delarik, esperientzia pilotu bat abiaraziko da, 40 pertsonekin

 

Tokiko Gobernu Batzarrak Gasteizko Udalaren telelan-proiektua onetsi du gaur goizean. Erreferentziazko agiri horrek informazio- eta komunikazio-teknologiek ahalbidetzen dituzten lan-modalitate ez-presentzialei buruz Udalak eman dituen xedapen guztiak biltzen ditu. Pandemiak eragindako egoerari aurre egiteko azken urtean garatu diren esperientzia puntualetatik harago, telelan-proiektuak sendotu egingo du lan-modalitate hori, zein esparru arautu batean baliatu ahal izango baita.

Udaleko langileen sindikatu-ordezkariekin aztertu ostean, telelanaren proiektua onesteak esperientzia pilotu bat abiarazteko aukera emango du. 40 langile arituko dira esperientzia horretan, betiere betetzen dituzten lanpostuak telelanerako aukera ematen dutenen artekoak. Lehen esperientzia hori irailean hasiko dela aurreikusten da, aurretiaz bertan parte hartzeko deialdia egingo delarik.

“Administrazio modernoek informazio- eta komunikazio-teknologien alde egin behar dute nahitaez. Teknologia berri horiek eskaintzen dizkiguten aurrerapenen artean telelana dago, zeinak abantailak ematen baitizkie langileei, Udalari berari, eta herritarrei oro har. Azken urtean jauzi handia egin dugu lan-modalitate ez-presentzialen alorrean. Orain telelan egonkorra ezartzeko bidean beste urrats bat egiteko egoeran gaude; izan ere, telelana garapen-formula iraunkor gisa ulertzen dugun hirien artean gaude, betiere 2030 agendaren esparruan ”; horra zer esan duen alkateorde eta Giza-Baliabideen Saileko zinegotzi Iñaki Gurtubaik.

Urruneko lanean aritu ahal izateko, langileek hala jarduteko ezagutza informatiko eta telematiko nahikoak izan behar dira, Udalak xedatutako komunikazio-sistemak izan behar dituzte telelanean arituko diren lekuetan, eta lan-segurtasunaren eta -osasunaren alorrean indarreko araudiak telelanari buruz ezarritako bete behar dute.

Horrez gain, telelanaren bidez garatu daitezkeen zereginak zerrendatu dira, esaterako proiektuak aztertu eta ebaluatzea, txostenak idaztea, aholkularitza, informazio-sistemen kudeaketa, informazio grafikoaren (marrazkiak, planoak, mapak…) tratamendua, itzulpengintza eta prozeduren mekanizazioa. Aldiz, ez dira telelanaren bidez egiteko modukoak, besteak beste, herritarrak artatzeko eta informazioa emateko lanpostuak, batez ere eskuz eta aurrez aurre egin beharrekoak, edo idazkaritza edo batez ere administratiboak direnak.

Hasiera batean bederen, gehienez ere urtebetez aritu ahal izango dira langileak telelanean, hartara saihestu egin nahi baitira deserrotze- edo isolamendu-egoerak, bai eta aurrez aurreko lan modalitatera itzultzeko zailtasunak. Telelanean aritzen direnek, asteko hiru egunez arituko dira, gehienez ere, urruneko lanean, eta gainerako bietan aurrez aurre, ohiko lanaldi eta ordutegi berberak beteta. Telelanean arituko direnek bere gain hartuko dute jarraipen sistematiko baten mende jartzeko konpromisoa, bai eta urtea amaitzean ebaluazioa egitekoa ere, hartara aztertzeko sistemaren onurak eta ezarritako helburuen betetze-maila. Udalak ordenagailu bat utzi ahal izango die telelanean arituko direnei, eta langileek Interneteko konexioa izan behar dute, beren lanpostuari dagozkien zereginetan aritu ahal izateko.

Telelanean aritzen direnek beren borondatez arituko dira, eta edozein unetan itzuli ahal izango dira lehengo egoerara; alabaina, administrazioak baimena berraztertu, eta horren ondorioz, telelanaren formula amaitu, aldatu do eteteko aukera izango du.

Gasteizko Udalaren telelan-proiektuak deskonexio digitalarekiko eskubidea aitortzen die –zehazten den disponibilitate-denboratik kanpo– horrela arituko diren langileei, halako moduan non errespetatu egingo baitira beren atseden- eta intimitate-tarteak, .

 

Share