Prentsa Oharren banner

Udalaren Folklore Akademiak ikasturte amaierako entzunaldia eskainiko du ekainaren 9an, Principal antzokian

Streaming bidez jarraitu ahalko da lehen aldiz

 Pandemiak eragindako urtearen ostean, Gasteizko Udalaren Folklore Akademiak ekainaren 9an, asteazkena, emango du ikasturte amaierako entzunaldia, 19:30ean, Principal antzokian. Ikastetxeko ikasleen gurasoentzako jaia da. Covid-19aren aurka hartutako protokolo zorrotzari esker, zentroak nahiko normal egin ahal izan du ikasturtea.

Honako piezak entzungo dira: ‘Arabako bideak’ (gaita eta perkusio taldearen eskutik); ‘Heriotza bezain hotza’  txalaparta, alboka eta txirula taldearen eskutik); ‘Vida de rico’ (trikitixa taldearen eskutik) eta ‘Ansoa anaiak’ (nagusien txistu taldearen eskutik).

Dantza-taldeek pieza hauek dantzatuko dituzte:  ‘Brunilda’, ‘Eskutik heldu eta egin dantza’, ‘Dantza nazazu’, ‘Firin-faran Azokan’ eta ‘Garena garelako’.

Saioa streaming bidez jarraitu ahalko da. Esteka

Izena emateko kanpaina

Folklore Akademian izena emateko kanpaina amaitu delarik, datuek agerian uzten dute susperraldi argia osasun-krisiaren ondoren. 2021-2020 ikasturtean 226 ikasle matrikulatu ziren, eta 2021-2022 ikasturterako 356 lagunek eman dute izena, pandemiaren aurreko ikasturteko (2018-2019) 362tik hurbil.

Ikastetxean euskal musika eta dantza tradizionala irakasten zaie Gasteiztarrei, eta hainbat irakasgai ematen dira: alboka, gaita, txalaparta, txistua, txirula, trikitixa eta panderoa. Gainera, ikastegian beste ikasgai hauek ematen dira: musika-hastapenak, musikaren lengoaia, euskal dantzak, abesbatza eta perkusioa.

 

 

Share