Prentsa Oharren banner

Tokiko merkataritza eta ostalaritzarako laguntzak eskatzeko azken egunak

 

  • Laguntzek ildo berri bat dute, terrazetarako altzariak erosteko

Ekainaren 18an amaituko da txikizkako merkataritzaren, zerbitzu pertsonalen eta ostalaritzaren arloetako enpresa txikiak —50 enplegatu, gehienez— ezarri eta berritzeko udal laguntzak eskatzeko epea. Deialdiak 300.000 euroko aurrekontua du, eta egindako inbertsioaren %25etik %40ra arteko laguntza lor dezakete proiektuek.

Ekonomia Sustapenerako zinegotzi Maider Etxebarriak adierazi du “dirulaguntzak ahalik eta lokal gehienetara iristea espero dugu, atzeraeraginezkoak izango direlako gainera”. Zehazki, 2020ko uztailaren 18tik ekainaren 18ra bitartean egindako gastuetarako izango dira.

Laguntza-ildoaren helburua da hiriko enpresa txikien lehiakortasunaren hobekuntza sustatzea. Honako hauei zuzentzen zaie deialdia: abian jartzeko edo berritzeko inbertsioa egiten duten saltokiak, tabernak, jatetxeak, hotel txikiak, eta zerbitzu pertsonalen negozioak —hala nola ile-apaindegiak eta estetika-zentroak—.

Diruz lagundu daitezke, besteak beste, ekintzak hauek: lokalak zaharberritzekoak, ekipoak hobetzekoak —jarduera nagusiarekin zerikusia duten makinak eta altxariak, eguzki-oihalak, pertsianak, aire-garbigailuak eta manparak—, eta pandemiak eragindako aholkularitza-gastuak.

Berrikuntza gisa, deialdiak ildo bat dauka Udalak baimendutako terrazak ekipatzeko elementuak erostea diruz laguntzeko. “Ostalaritzari laguntzeko beste pauso bat da, terrazak ahalik eta gehien aprobetxatu behar dituelako” gaineratu du Etxebarriak. Laguntza hauekin eguzki-oihalak, mahaiak, aulkiak, aldi baterako itxiturak edo lorontziak erosteko dirulaguntzak emango dira.

Share