Prentsa Oharren banner

Argitaratu da euskararen erabilera sustatzeko Udalaren laguntza-deialdia, 96.000 eurokoa

Gasteizko Udalaren Euskara Zerbitzuak 96.000 euro bideratuko ditu euskararen erabilera sustatzeko proiektuetara.

Gaur, 2021eko ekainaren 18an, argitaratu dira ALHAOn arlo ezberdinetan eragingo duen dirulaguntzaren oinarriak. Euskaraz bizi nahi duten herritarrei horretarako aukera bermatzeko hizkuntza politikaren alorrean behar diren neurriak hartu eta sustatzea da helburu nagusia. Azken batean, euskararen aldeko ekintzak indartzea da gakoa, maila pertsonalean, sozialean eta ofizialean erabilera guztiz normalizatzeko. Batez ere aisialdia, kirola eta komunikazioaren esparruetan.

Deialdiak sei arlo hartzen ditu barne:

— A multzoa: HABEren erregistroan izena emanda dauden hiriko euskaltegiek antolatutako jarduerak, ikasleei zuzenduak.

— B multzoa: guraso-elkarteek edo guraso-elkarteen federazioek antolatuko ekintza edo jarduerak, ikasleei nahiz gurasoei begira pentsatuak eta sentsibilizazioa edo euskara erabiltzeko ohitura sortzea helburu dutenak.

— C multzoa: aisialdian edo kirolean euskararen erabilera sustatzeko proiektu generikoak.

— D multzoa: Gasteizko euskarazko hedabide lokalen kalitatea eta irismena hobetzeko laguntzak.

— E multzoa: urteko azken lauhileko programazio bateratua, Euskararen Nazioarteko Egunaren inguruan amaitzekoa.

— F multzoa: haur eta gazteen aisialdirako hezitzaileak trebatzeko eskoletarako laguntzak.

Eskaerak aurkezteko epea uztailaren 15ean amaituko da.

 

Share