Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  3 maiatza 2017 14:07

folleto euskera verano 2017 b

Aurten lehenengo aldiz, adinekoentzako zentro soziokulturalek udako jarduera-programa izango dute. Gizarte Politiken zinegotzi Peio López de Munainek aurkeztu du 70 lantegi eta ikastarok osatutako eskaintza; hartara, izena ematea erabakitzen duten bazkideek aukera izango dute “aktibo mantentzeko, zentroetako jarduera jaitsi ohi zen hilabeteetan. Ikastaroetan trebetasun berriak ikasi ahalko dituzte, ezagutza berriak eskuratu, lagun berriak egin eta bakardadea saihestu”.

“Programa honen bidez, sailaren helburuetako bat betetzen dugu, hau da, zahartze aktibo eta osasungarria sustatzea, bai eta autonomia ere, hartara bizi-kalitate hobea ere izango baitute pertsona horiek”, gogoratu du López de Munainek.

Orotara 1.120 leku eskainiko dira, 70 jardueretan. Adinekoentzako zentroetako bazkideek hartu ahalko dute parte, aldez aurretik izena emanda; maiatzaren 8an (astelehena) hasiko da izena emateko epea.

 

Askotariko lantegiak programatu dira. Hauek dira nabarmengarrienak:

Belaunaldien arteko lantegiak: adinekoek hartzen dute protagonismoa, eta erreferente bihurtzen dira gazteentzat.  Besteak beste, “Familiarteko sukaldaritza”, “Familiarteko dantza”, “Bilobekiko irakurketa” (Judimendiko parkean), “Baratzea sortu familiartean”, etab.

Ikasketa-gela irekiak: zura lantzea, pintura, altzarien zaharberritzea eta ordenagailuarekiko lan kognitiboa.

Informatika: bidaiak prestatzeko internet baliatzen, argazki-aurkezpenak egiten, mugikorrentzako aplikazioak erabiltzen eta abar ikasiko dute.

Autozainketa taldeak: “Ikasi bizikletaz ibiltzen”, “Adineko emakumentzako utodefentsa”, yoga, ibilketa nordikoa, “Ibilbide osasungarriak”, etab.

Musika eta dantzarekin loturiko jarduerak: “Jazzera hurbildu”, “Sormenezko dantza”, “Musika udan”, “Tango europarra”…

75 urtetik gorakoentzat: berariazko eskaintza adin horretako pertsonentzat, “Ezagutu musikaren onurak” eta “Osasuna eta ongizatea” lantegien bidez.

Beste lantegi batzuk: “Jendaurrean hitz egiten ikasi”, “Aire zabaleko pintura”, “Ipuinak nola kontatu”, “Robota egin eta programatu urratsez urrats”, “Hiri argazkigintza”, “Emakumeen historia”,  “Astronomiaren hastapenak”, eta abar.

Ikastaroek hilabete, edo bi edo hiru hilabete iraungo dute, ekainaren 12an hasita irailaren 29ra arte.

Adinekoentzako 15 zentro soziokulturaletan, gizarte etxe eta kiroldegietako informazio zerbitzuetan eta herritarrei laguntzeko bulegoetan eman ahalko da izena aurrez aurre. Udalaren web-orrian ere eman ahalko da izena, edo 010 telefonoan.

Jarduera batzuk doakoak izango dira, osasun-parkeak, esaterako. Beste batzuetan 1 edo 3 euro bitartean ordaindu beharko da, eta garestiena neska eta blusa jantziak egiteko lantegia da: 8 euro.

“Adinekoei izena emateko gonbit egiten diet, eta programazioaz gozatzeko, gizarteari erakutsiko baitiote haiek ere bizikletaz ibiltzen ikas dezaketela, bidaia bat Internetez planifikatzeko gauza direla, robat bat eraikitzeko, argazkigintza ikasteko, mugikorren aplikazioak erabiltzeko edo aeroboxean jarduteko. Ikastaro hauekin, berriro ere, adinekoei buruzko estereotipoak gaindituko ditugu”, amaitu du Gizarte Politiken zinegotzi Peio López de Munainek.

 

 

 

 

 

 

Share