Prentsa Oharren banner

AMVISAk eta Garapenean Laguntzeko Zerbitzuak 20 panelek osatutako erakusketa antolatu dute, saneamendua eta edateko ura eskuratzeko dauden ezberdintasunez hausnartzeko

“Ura baliabide mugatua da, eta egoki zaindu eta kudeatzea arazo globala da, pertsona eta erakunde orori dagokiena”, azaldu du Garapenean Laguntzeko Zerbitzuaren arduradun eta AMVISAko lehendakari Jaione Aguirre zinegotziak.

 Gaurtik aurrera ikusi ahalko da Lakuako gizarte etxean ‘DesCifrando contrastes’ erakusketa, AMVISAk eta  Garapenean Laguntzeko Zerbitzuak elkarrekin antolatuta. 20 panelen bidez, munduko hainbat lekutan saneamendua eta edateko ura eskuratzeko dauden ezberdintasunak erakusten dira. “Ura eta saneamendua izateko giza eskubidea bermatu eta unibertsal bihurtzeko oraindik bete gabe dauden erronkei buruz hausnartu dezagun lortu nahi da ekimen honen bitartez. Ura baliabide mugatua da, eta egoki zaindu eta kudeatzea arazo globala da, pertsona eta erakunde orori dagokiena”, azaldu du Garapenean Laguntzeko Zerbitzuaren arduradun eta AMVISAko lehendakari Jaione Aguirre zinegotziak.

Erakusketan oso mezu zehatzak erabiltzen dira: kopuruetan oinarrituz, gure egoeraren eta planetako beste lekuetako egoeraren artean dagoen alde izugarria islatzen da. “Esate baterako, garapen-bidean dauden herrialdeetako hirietako biztanleen % 27k ez duela ur korronterik etxeetan jakin ahal izango dugu, eta, aldiz, Gasteizen etxeko batez besteko ur-kontsumoa egun eta pertsona bakoitzeko 106 litrokoa dela. Edo munduko 789 milioi pertsonak ez duela saneamendu-sistema egokirik eta gure hirian, berriz, hondakin-urak biltzeko 850 kilometro kolektore ditugula”, erantsi du Jaione Aguirrek.

Orobat, garapenerako lankidetza-ur eta saneamenduaren alorrean urteko proiektuak bideratzeko diru-laguntzak emateko Gasteizko Udalak 2016an egin zuen deialdi publikoaren barruan onetsitako proiektuei buruzko hiru panel jarri dira. Kolonbia, Peru eta Senegalen garatu ziren proiektu horiek.

Erakusketa gizarte etxe hauetan ikusi ahalko da, maiatzetik abendura bitartean, adierazitako hurrenkeran: Lakua, Aldabe, Judimendi, Salburua, Ibaiondo, Hegoalde, Iparralde eta Zabalgana; bakoitzean hilabete inguru emango du. Abendutik aurrera, beste gizarte etxe batzuetan ere programatuko da, Gizarte Etxeen Zerbitzuaren batera.

AMVISAk eta Garapenean Laguntzeko Zerbitzuak herritarrak sentsibilizatzea espero dute, udalaren lankidetza-politiken zati garrantzitsua baita. “Funtsezkoa da gogoratzea edateko uraren eta saneamendu egokiaren eskuragarritasun unibertsalaren garrantzia, oinarrizko giza-eskubidea izanik 2030erako garapen iraunkorreko 17 helburuen artean sartu baita. Gogoan izan behar da oraindik 1.800 milioi pertsonak erabiltzen dutela ur zikinek kutsatutako ur-iturriren bat, eta horrek askotariko gaixotasunak harrapatzeko arriskua dakarkiela. Izan ere, edateko egokia ez den urak, osasun azpiegitura eskasek eta higiene faltak 842.000 hilketa inguru eragiten ditu urtean”, gogorarazi du Jaione Aguirrek

Denon Ura

Bide batez, AMVISAren lehendakariak jakinarazi du sozietateak —zeinaren erantzukizuna baita Gasteizen uraren zerbitzu integrala kalitate eta eraginkortasun baldintza hoberenetan ematen dela bermatzea— komunikazio kanpaina berri bati ekin diola,  ‘Denon ura’ mezuarekin: “gure irudi korporatiboan txertatu dugu, eta datozen hilabeteetan kartel, ordainagiri eta sentsibilizazio kanpainetan agertuko da“.

Share