Prentsa Oharren banner

Larunbatean XXII. Kriskitin Lasterketa egingo da San Prudentzio kalean, gizarte inklusiboa eskatzeko

 

Datorren larunbatean, maiatzak 6, “gizarte inklusiboaren aldeko”  XXII. Kriskitin Lasterketa egingo da Gasteizen; ONCEk antolatzen du ekitaldia, Udalaren, Arabako Foru Aldundiaren eta beste erakunde batzuen laguntzarekin. Udaletxeko prentsa-aretoan aurkeztu da gaur goizean ekitaldia. Bertan izan dira Gizarte Politiken zinegotzi Peio López de Munain, Gizarte Zerbitzuen foru diputatu Marian Olabarrieta,  ONCEren Euskadiko Lurralde Ordezkaritzako lehendakari Javier Domínguez, eta ONCEren Gasteizko zuzendari Rafael Ledesma.

2017ko Kriskitin Lasterketa larunbatean egingo da, 12:00etan, San Prudentzio kalean, Arka plazaren parean. Itsuen lekuan jarri nahi duen edonork har dezake parte, haren adina edo sasoi fisikoa edozein delarik. Begien aurrean mozorroa jarrita kilometro bat egin beharko dute lasterka, soka edo lekuko batez lotuta doan beste pertsona baten laguntzarekin; sokak kriskitin bat darama zintzilik, entzun ahal izateko.

Lasterketa amaitu ondoren,  ONCEk Urrezko Kriskitina emango dio aurten Araban desgaitasuna duten pertsonen inklusioaren alde gehien nabarmendu den entitateari. Oraingoan Añanako Gatz Haranak jasoko du saria, dibertsitate funtzional fisikoa duten pertsonentzako bisita gidatuak egiteaz gain, ikusmen urriko bisitarientzako maketa jarri berri baitute, eta bideo bat sortu entzuteko zailtasunak dituzten pertsonentzat.

Share