Prentsa Oharren banner

Udal teknikariak Zabalganeko gizarte etxeko obraren amaiera egiaztatzen ari dira, uda igaro ondoren zabaldu dadin

Udal gobernuak Udalaren jardueraren zorroztasuna defendatu du, eta horri buruz piztutako alarmismoa ukatu, higadura politikoa eragiteko saiakeratzat jota

Aste hauetan, Hirigintza Saileko teknikariak eta Zabalganeko gizarte etxeko obra zuzendaritza proiektua kontratuari jarraituz gauzatu den egiaztatzen ari dira, lanak ofizialki hartu aurretik, joan den astean alkateak berak azaldu zuenez.

Aurreikusitako epeak betetzen ari dira. Enpresak lana bukatu duela jakinarazi ondoren, udal teknikariak eraikinaren egoera ikuskatzen ari dira, eta egoki bada, oniritzia emango dute, lana ofizialki hartu ahal izan dadin.

Azken asteetan lanen egoerari buruz eta Udalaren jokaerari buruz zabaldu diren kritiken aurrean, gobernuak bere jardueraren zorroztasuna defendatu du, eta informazioa ezeztatu, “interesatua baita, eta higadura politikoa eragiteko saiakera baitirudi. Kezkagarriena da oker horiek aurretik Hirigintzaren arduradunak izan direnek egitea, ondo ezagutuko beharko bailituzkete epeak eta kontratazio-prozesuak, itxuraz hala ez bada ere”, gaitzetsi du Hirigintzako zinegotzi Itziar Gonzalok.

Gonzalok azpimarratu du: “Udala gauzak behar bezala egiten ari da. Lana etengabe jarraituz eta behar diren neurriak hartuz, hiriak aparteko kargak bere gain hartu behar izan ez dezan, Salburuko gizarte etxearen obra amaieraren kudeaketa txarragatik jasaten ari den bezala. Gobernu honek ez du hipotekatuko auzora ilusioa dakarren proiektuaren amaiera egokia beste batzuek amaitu gabe zegoen gizarte etxe bateko zinta ebakitzeko izan zuten presengatik”.

Aurreikuspenen arabera, Zabalganeko gizarte etxeak uda igaro ondoren irekiko ditu ateak.

Share