Prentsa Oharren banner

Gaur hasiko da Zinema Gaur programak emakumeari eskainiko dion edizioa

Lehen edizioan arrakasta lortu zuelarik, ohikoaz bestelako zinemari buruzko programa bi ziklotan banatuko da: bata udaberrian eta bestea udazkenean egingo dira

Montehermosok ohikoaz bestelako zinemari buruzko “Zinema Gaur” programaren bigarren edizioa hartuko du, bi zatitan —udaberria eta udazkena— banatuta. Gainera, lehen zatia emakumeari  eskainiko zaio.

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok eta zikloaren koordinatzaile Garbiñe Ortega aurkeztu dute prentsaren aurrean.

Zinema Gaur aukera paregabea da hala ohikoa ez den zinema gustuko dutenentzat nola zinema oro har gustuko dutelarik hori ezagutzeko jakin-mina dutenentzat. Hori dela eta, bigarren edizioan eginahalak egin eta apustua bikoiztu dugu, zinemarekiko grina partekatzeko espazio gisa sendotu dadin”.

Aurten hainbat berritasun sartu dira: batetik, zikloa urtean bi zatitan banatuta egingo da, lehena udaberrian eta bigarrena udazkenean. Udaberriko zatiak maiatzaren 8tik ekainaren 26ra arte iraungo du. Bestetik, udaberriko zatian emakumeari erreparatuko zaio bereziki.

Zinema Gaur programak hiru ardatz izaten jarraituko du: lehenak  Ortegak aukeratutako filmen proiekzioak hartzen ditu barne; oraingoan, emakume iberoamerikarrek —Mexiko, Argentina edo Txilekoek— egindako film garaikideak, narratiba ausartak, askotariko gaiak eta estilo oso pertsonalak eskainiko  dira.

Film hauek dira:

  • María (y los demás). Nely Reguera. Espainia. 2016. Proiekzioa: maiatzaren 8an.
  • Bellas de Noche. María José Cuvas. Mexiko. 2016. Proiekzioa: maiatzaren 15ean.
  • El futuro perfecto. Nele Wohlatz. Argentina. 2016. Proiekzioa: maiatzaren 22an.
  • Los niños. Maite Alberdi. Txile 2016. Proiekzioa: ekainaren 5ean.
  • Las lindas. Melisa Liebenthal. Argentina. 2016. Proiekzioa: ekainaren 12an.
  • Casa Roshell. Camila J. Donoso. Txile, Mexiko. 2017. Proiekzioa: ekainaren 19an.

C/I/N/E/C/O/L/L/A/G/E programa ere egingo da ardatz horren barruan: pieza laburrek osatutako proiekzioa da, Gloria Vilchesek komisariatu eta aurkeztua. Emanaldi guztiak Ortuño aretoan izango dira, 19:30etik aurrera.

Bigarren ardatza ikastaro eta lantegiek osatzen dute. Bi izango dira: batetik, “Errealitatearen tolesturak, zinema garaikidearen fantasiazko joerak” izenburua duen zinema espazioa, Maider Oleagak gidatutakoa; zinemazaleak elkartzeko gunea izango da, zinema fantastikoaren etiketaren pean zinema garaikidean joera bat markatzen duten bideetako batzuk aztertzeko. Ekainaren 7an, 14an eta 21ean (asteazkenak) egingo da, 19:00etatik 22:00etara.

Bestetik, “Perla finak eta oso xeheak” izeneko collage lantegia, Gloria Vilchesen ardurapean. Helduentzako lantegia da, paper moztu eta itsasgarriarekin eginiko eskuzko collagea praktikatzeko, artista klasiko eta garaikideen obra esanguratsuenen azterketatik abiatuz.  Ekainaren 24an eta 25ean eskainiko da, 10:00etatik 14:00etara.

 

Lantegietan izena emateko epea zabalik dago; 945 161830 telefonora deituz edo info.montehermoso@vitoria-gasteis.org helbidera idatziz egin daiteke.

Hirugarren ardatzean hiru motatako ekitaldi bereziak ditugu. Hasteko, “Things Said Once / Cosas dichas una vez”  performancea, Esperanza Colladok zuzendua;  zinemari buruzko arte adierazpena eta laudorioa da, zinemaren historiaren eta oraingo ardura kolektiboaren aitorpenetik egindakoa. Maiatzaren 29an egingo da, 19:30ean.

Bigarren, ” Zinema esperientzia gisa: gainezkatzeak eta hedapenak” hitzaldia, Esperanza Collado artista eta ikertzaileak emango duena, arte plastikoek, performance-arteek eta zinemak elkarrekin izan ditzaketen harremanetan sakontzeko. Maiatzaren 30erako antolatu da, 19:30ean hasita.

Azkenik, beste berritasun bat: proiekzioaren osteko guatekea. Udari ongietorria emateko, eta “Zinema da dantzarako pista” izenburuaz, proiekzioa eta dantzaldia egingo dira Falerina lorategian: Mariano Cohn eta Gaston Duprat-en Living stars (Argentina, 2013) dokumentala eskainiko da, zeinak idazkari, administratzaile, haginlari eta abarren bizitzaz hitz egin eta dantzara gonbidatzen baitu. Ekainaren 22an izango da, 20:30ean.

Lehen edizioan, zinema espazioak % 70eko parte-hartzea izan zuen, lantegiak, % 100ekoa (8 pertsona itxarote-zerrendan geratu ziren), proiekzioek 45-60ko asistentzia izan zuten, eta performance-ak, 57koa.

Ziur gaude berriro ere arrakasta lortuko duela. Iazko asistentzia-datuak hain onak izanik, aurten bikoiztu egin dugu apustua, Montehermosok ikus-entzunezkoen alde egin dezan saiatu nahi baitugu”, amaitu du Cantok.

Falerina lorategia

Bestetik, Falerina lorategian jarduerak antolatzen hasi dira, Kultura Sailaren asmoa baita Montehermosoko kafetegiaren emakida eta horren kudeaketa bereiztea. Besteak beste, Poetak maiatzean eta Zinema Gaur ekitaldiak hartuko ditu.

Programazioa bi oinarri kontuan hartuta osatu da: jarduerak adin orotakoei zuzenduak eta askotarikoak izatea (astegunetan zein asteburuetan) eta gehien bat eguerdian eta arratsaldean egitea, auzokoen atsedena errespetatzeko —hain zuzen ere, aurreko urteetako jarduerek kexak eragin dituzte—.

Maiatzetik urrira bitartean, hainbat jarduera hartuko ditu Falerinan jarritako agertokiak: poesia errezitaldiak, kaleko ikuskizunak, magia, kontzertuak, jaietako jarduerak, eta Kaldearekin, Magialdiarekin eta Erdi Aroko azokarekin lotutakoak. Orobat, akuarela lantegiak, swing, lindy hop eta txalaparta klaseak, proiekzioak eta abar eskainiko  dira.  Musika ere izango da, jakina: eguerdiko kontzertuak, hiriko konboak, eta Luis Aranburu musika eskolak lehen aldiz antolatutako Udaband musika udalekuen amaierako kontzertua, uztailean.

Dossier Zinema Gaur

Share