Prentsa Oharren banner

Kirol Zerbitzuak ariketa gela jarriko du Lakuako gizarte etxean, herritar batek eskatu ondoren

Lakuako gizarte etxeak ariketa gela izango du 2017-2018 ikasturtean, bertako aretoak berrantolatu baitira. Berez, Kirol Zerbitzuak bazuen hori egiteko asmoa aspalditik, baina ezin zuen, espazio faltagatik. Bestetik, herritar batek eskaera egin zuen, gizarte etxean bertan erregistratutako eskabide baten bidez zein Sindikoarengana joz.

Herritarrak argudiatzen zuen medikuaren aginduz ariketa egin behar zuela, eta Ibaiondora joan behar zuela, baina bertako ariketa gela gehienetan gainezka zegoela; beraz, Lakuako gizarte etxean beste gela bat jartzeko eskatzen zuen, bere etxetik hurbilago egoteaz gain “ni bezalako askori” emango baitie zerbitzu.

Gizarte etxe batean ariketa gela sortzeko irizpide hauek hartzen dira kontuan:

  • Soberako espazioak edo beste erabilerarik ez dutenak edukitzea.
  • Oinarrizko makinek batera funtzionatzeko gutxieneko azalera edukitzea.
  • Gutxieneko aireztapena izatea.
  • Aldagelak izatea.
  • Aretoa egokitzeko eta materialez eta makinez hornitzeko baliabide ekonomikoak edukitzea.

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok azaldu duenez, “Lakuari dagokionez, Zerbitzuak aspalditik zuen ariketa gela jartzeko asmoa, baina ez zuen lekurik. Aretoen erabilera birmoldatu ondoren, eskatutako ekipamendua izango duen gela sortzea erabaki zen; irailerako prest izatea espero da, beraz, 2017-2018 ikasturtean erabili ahalko da. Kointzidentzia izan bada ere, pozik egon behar dugu Udalarekin komunikatzeko bideetatik jakinarazi den premia bati erantzun diogulako”.

Areto horien helburu nagusia ez da medikuaren aginduzko errehabilitazioa, ariketa fisiko moderatu eta erregularra egiteko aukera ematea baizik; aurreikusi den ekipamendua hiriko beste gizarte etxeetan eta kiroldegietan dagoenaren antzekoa izango da.

Zabalganeko gizarte etxeak ere izango du ariketa gela bat inauguratzen denean. Sindikoak 2517/17 dosierrean egoki jokatu dela aitortu du.

Share