Prentsa Oharren banner

Udalak ukatu egin du ez duela ezer egiten udal etxebizitzen legez kanpoko okupazioaren kontra

Gogorarazi du agintaldi honetan bide penala  zein zibila baliatu dituela legez kontrako okupazioen kontra, zeinak gehien bat aurreko agintaldian onartu baitziren

Udal gobernuak guztiz ukatu du Udalak ez duela ezer egiten udal etxebizitzen legez kanpoko okupazioaren kontra salatzeko PPk esandakoa.  Udalak gogorarazi du agintaldi honetan bide penala  zein zibila baliatu dituela legez kontrako okupazioen kontra, zeinak gehien bat aurreko agintaldian onartu baitzituen orain horiek kritikatzen dituen zinegotziak.

Udal gobernuak egiazko funtsik ez duten diskurtsoak aintzat ez hartzeko eskatu du. “Ez da egia okupen mugimendua kontroletik kanpo dagoela, ez eta 21 Zabalguneak ez duela ezer egiten ere. Hirian etxebizitza gehien okupatzea (Errekaleorren) onartu duena gaur eskuak burura daramatzan zinegotzia bera da. Gobernu honek eskura zituen legezko neurri guztiak hartu ditu, eta ezer egin ez dela esaten duen horrek badaki. Gogor jokatu dugu, eta hala egiten jarraituko dugu. Gobernu hau behar dena egiten ari da, eta erne dago. Irmo jokatuko dugu interes orokorra eta udalaren ondarea defendatzeko garaian”, adierazi du 21 Zabalguneko kide Álvaro Iturritxak.

Olarizu hiribideko okupazioak —Miguel Garnica Hirigintzako zinegotzi zela egindakoak— bide penalean zein zibilean salatu dira, eta legez kontrako okupak ere kanporatu dituzte, duela urtebete 21 Zabalguneko kontseiluak erabaki zuenari jarraituz.

Alde Zaharrean ere kasuak ezagutu bezain laster esku hartu zen, eta azken okupazioak bide penalean salatu.

Errekaleorren kasuan, agintaldi honetan abiarazi da aurreko agintaldian sortutako arazoa konpontzeko prozedura, orain arte ez baita horren kontra jokatu.

Nolanahi ere, udalaren zerbitzu juridikoei agindu zaie erabil daitezkeen bide judizial guztiak baliatzeko etxebizitzen legez kontrako okupazioei aurre egiteko.

“Gaur PPk “jakin” du haien Hirigintza Sailaren arduradun zirenean hasi ziren okupazioak existitzen direla. Ez da serioa, eta agerian uzten du PPk ez duela inolako borondaterik hiriko arazoak konpontzen laguntzeko. Ez dute egia esaten, bai baitakite 21 Zabalguneak, zeinean talde politiko guztiek hartzen baitute parte, orain salatzen dituzten okupazioen kontra jardun duela”, gogorarazi du Álvaro Iturritxak.

 

 

 

 

 

 

Share