Prentsa Oharren banner

Alkateak Gasteiz osatzen duten kontzejuen eta menpeko toki erakundeen lana goraipatu du San Isidro egunean

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek San Isidro Nekazariaren eguna dela eta “Elorriagako Kapareen Biltzarra” kontzejuen elkarteari egin ohi zaion harreran hartu du parte gaur goizean. Udalbatzako, Batzar Nagusietako eta Foru Aldundiko kideekin batera, alkateak Gasteizko udalerria osatzen  duten kontzejuek eta menpeko toki erakundeek egiten duten lan handia nabarmendu du. “Herriak hobetzeko egiten duzuen lanarekin hiriak ere aurrera egitea lortzen duzue”, esan du.

Gorka Urtaranek Nekazaritza Eremuko Kontseilua sortu berri dela gogoratu du, eta organo horretan “Udala eta administrazio batzarrak maila berean” daudela. Gasteizko alkatea “erakundeen arteko harreman horretan aurrera egitearen alde” agertu da, eta Gasteizko Udalak nekazaritza eremuarekin duen konpromisoa aipatu du. “Ekonomikoki une zailak dira, baina zuen eskaerei erantzuteko inbertsioak egiten saiatzen gara”, esan du.

ACOVIko lehendakari Miren Fernández de Landa ere izan da ekitaldian. Udaleko talde politikoei “ikuspegi zabala” izateko eskatu die, “tira-birak alde batera utzi ” eta herriei lagundu diezaieten, “beren potentziala garatu eta beren izaerari eutsi ahal izan diezaioten”. Elkarteko ordezkariak dei egin die “nekazaritza eremuko emakumeei, gaurkotasun politikoa bizitzera animatzen ditut, haien eskuak, ideiak, ahalegina eta bihotza behar ditugulako“.

 

Share