Prentsa Oharren banner

63 emanaldik eta 36 konpainiak osatuko dute KaldeArteren XII. edizioa

Dossier Kaldearte 2017  –   Kaldearte 2017-folleto

Aurrekontuari 20.000 euro gehituta, konpainia gehiago ekarri ahal izan dira, eta larunbat goizeko programazioa berreskuratu.

 Datorren ekainaren 7an hasiko da KaldeArte, Gasteizko kaleko arteen nazioarteko erakustaldia.   36 konpainiak formatu handi, ertain eta txikiko ikuskizunak eskainiko dizkiete hiriko ikusleei, 63 emanalditan.

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok aurkeztu  du gaur programa prentsaurrekoan. Harekin batera izan dira  Eva Guerrero eta Aritz López, Karrikan plataformak hautatutako “El fin de las cosas” ikuskizuneko partaideak, eta Carmen San Esteban aktore gasteiztarra, jaialdirako berariaz “La pensión coja” lana sortu duena.

KaldeArte gure jaialdi garrantzitsuenetako bat da. Uste osoa dugu kulturan lehen egiten ziren inbertsioetara itzuli behar dugula pixkanaka, eta horregatik aurtengo aurrekontua 20.000 euro handitu dugu; horri esker, 6 konpainia eta 17 ikuskizun gehiago eskaintzeaz gain, larunbat goizeko programazioa berreskuratu dugu, gure bereizgarriei eutsiz: ezagutzeko moduko programazio egitura, arrakasta lortzen ari diren atzerriko produkzioen oreka, euskal kaleko produkzioari laguntzea, eta berrikuntzak bilatzea”, adierazi du Cantok.

Lau ikuskizun erabateko estreinaldia izango dira kalean, eta horietako zenbait KaldeArteren laguntzarekin ekoitzi dira. Gasteizko 8 konpainiak, Euskal Herriko 8k, Espainiako beste 8k eta atzerriko 12k hartuko dute parte. Horien artean, jaialdi ospetsuenetako azken edizioetan saritutako lanak ikusi ahalko dira.

Aurten, jaialdia asteazkenarekin hasiko da, ekainaren 7an, zehazki.  Egun horretan Eva Guerreroren “El fin de las cosas” lanaren entsegu irekia egingo da Baratza aretoan;  Karrikan plataformak hautatutako dantza ikuskizuna da, eta igandean Garazi López de Armentia eta Aritz López gasteiztarrek bi emanaldi eskainiko dituzte Probintzia plazan.

Kaleko programazioa berez ekainaren 9ko 19:00etan hasiko  da: Claire Ducreux itzuliko da, eta Florida parkeko kioskoan arituko da. Edizio honetako beste berrikuntza bat kaleko arteen alorreko prestakuntza da, GetBak konpainia kataluniarrak dantza urbanoari buruzko bi maisu-klase emango baititu.

Ekainaren 3tik, larunbata, KaldeArteren standa jarriko da Urrezko Zeledonen plazan, postetxearen aurrean; ikuskizunei buruzko liburuxka eta leku mugatuko ikuskizunetarako gonbidapenak eskuratu ahalko dira bertan.

Share