Prentsa Oharren banner

Gorka Urtaranek TUVISAren autobus-modelo iraunkorrago eta irisgarriagoaren aurkezpenean parte hartu du

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

-Gasteizek 10 autobus berri ditu, zeinak bihartik aurrera emango baitute zerbitzu: 18 metro luze dira, eta 128 pertsona har dezakete

-TUVISAk 3,5 milioi inbertitu ditu autobusak erosten, eta horiek emisio-araudi zorrotzena betetzen dute

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek TUVISAren autobus-modelo berriaren aurkezpen publikoan parte hartu du gaur goizean. Udalaren garraio sozietateak hamar ibilgailu artikulatu berri erosi ditu, 18 metro luze direnak; autobusetako bi bihar hasiko dira zerbitzua ematen, L2 linea periferikoan. Datorren astean gainerako autobusak 4 eta 6 lineak egiten hasiko dira, bizpahiru egun bakoitzeko, baldin eta autobus berriak gehitzeak TUVISAren zerbitzuan gorabeherarik eragiten ez badu. “Hirian erosi ziren azken ibilgailuak 2009koak dira, beraz, funtsezkotzat jotzen genuen flota berritzeari ekitea. Eta helburua bete dugu“, azaldu du Gorka Urtaranek. “Hamar unitate berri horiek edukitzea oso albiste ona da hiriarentzat, eta Gasteiz XXI. mendeko hiria modernoa izateko bidean aurrera egiten laguntzen du“.

TUVISAk Andre Maria Zuriaren plazan jarri du ibilgailu berrietako bat, herritarrek ezagut ditzaten. Nahi duen oro igo ahalko da, 20.30 arte. Alkateak azaldu duenez, hamar autobusak —‘green capital’ kolorekoak eta 128 bidaiari har dezaketenak (48 eserita)— oraingoak baino “iraunkorragoak eta irisgarriagoak dira”. Ibilgailuen goialdean ‘ekologikoagoa, iraunkorragoa, irisgarriagoa’ mezua errotulatu da, euskaraz eta gaztelaniaz. Hain zuzen ere, ibilgailu zaharragoen aldean, karbono dioxidoaren atmosferarako emisioak gutxitu egingo dira, eragin akustikoa txikiagoa izango da, eta mugikortasun murriztua duten pertsonentzako hiru leku dituzte. Gaur goizeko aurkezpenean enpresa hauetako ordezkariak izan dira: Mercedes-Benz, ETRA (TUVISAren sistema informatikoa kudeatzen duena) eta ISRI (eserlekuak jarri dituena).

TUVISAk —aurten 50. urteurrena ospatu du— Mercedes enpresari erosi dizkio hamar autobus berriak, 3.550.000 euroan.  Autobusek energia berreskuratzeko modulua daukate, horri esker ehuneko hiru aurrezten da erregaian; puntako teknologia ere badakarte, ibilgailua eraginkortasunez gidatzeko; gurpil aulkientzako hiru eremu; gidarientzako jarleku berogarri eta klimatizatuak; kutsadura akustiko txikiagoa; gilborduraren kontrako sistema bat eta barneko bi pantaila, beste hobekuntza batzuen artean. Oraingoek baino gutxiago kutsatuko dute eta eraginkorragoak izango dira. Zehazki, Mercedes Citaro Euro6 modeloa da. Badute beste hobekuntzarik ere, esate baterako, arrapala bikoitza (elektrikoa eta mekanikoa, irisgarritasuna beti bermatuta egon dadin), eta geltokietan ahotsa diskretuki aktibatzeko sakagailua ikusmen murriztuko pertsonentzat. Gurpil-aulkien eremu bakoitzean USB entxufe bikoitza ezarri da, gailu elektronikoak kargatu ahal izateko; barruan ‘led’ argiak dituzte, eta bagaje-tokia.

TUVISAko kontseiluak iaz onartu zuen flota berritzeari ekitea, eta modernizazio planari hasiera emateko hamar unitate artikulatu eta diesel eskuratzea erabaki zen, zeinek emisio araudi zorrotzena (Euro VI) bete beharko baitzuten. Kontrataziorako hamar urtetarako mailegua baliatzearen alde egin zen.

Udal gobernuaren konpromisoa TUVISArekin erabatekoa da. Ildo horretan, Urtaranen gobernuak hainbat ekimen jarri du abian agintaldian, besteak beste, kotxetegiak lekuz aldatzeko eta berdimentsionatzeko eta lantegiak eta bulegoak berritzeko proiektua. Gainera, garabi flota osoa berritu du udal gobernuak, % 100, 4 unitate berri erosi eta dagoeneko lanean ari baitira, eta uniforme berriak erosteko prozesua ere hasia da. Bestetik, azken urtean hobekuntza ugari egin dira Artiumeko eta Iradier Arenako aparkalekuetan, hala nola kudeaketarako makineria berria instalatu, luminariak berritu, edo aipatutako lehenak zituen hezetasun arazoak konpontzeko jarduerei ekin. Urtaranen gobernuak, halaber, aparkalekuetarako plan bat aurkeztuko du laster, eta lehen neurria udal aparkaleku guztien kudeaketa TUVISAren esku uztea izango da.

 

 

 

 

 

 

 

Share