Prentsa Oharren banner

Espido Freirek eta Bernardo Atxagak amaiera emango diote bihar Gazte Hitzak 2017 lehiaketari, Goiuri jauregian sariak banatuz

 

 

 

 

 

Irabazten duten 4 gazteek bi idazleen tutoretza pertsonalizatua jasoko dute beren kontakizun bat landu edo hobetzeko, hiru hilabetez

90 gazte aurkeztu dira Gazteria Zerbitzuak antolatutako lehiaketara, zeinaren helburua baita Gasteizko gazteen sorkuntza sustatu eta ikusaraztea

Espido Freirek eta Bernardo Atxagak amaiera emango diote bihar Gazte Hitzak 2017 lehiaketari, zeina bigarren urtez jarraian antolatu baitu Gasteizko Udaleko Gazteria Zerbitzuak. Bi idazleek prentsaurrekoa eman dute gaur, iazko lehiaketaren bi irabazleekin eta Gazteriako zinegotzi Iñaki Prusillarekin batera.

Gasteizko Udalaren Gazteria Zerbitzuaren funtsezko helburuetako bat da gure hiriko gazteen sormena sustatzea. Ildo horretan, Gazteria zerbitzuak hainbat adierazpen-hizkuntzarekin esperimentatzeko eta sortzeko aukerak eskaintzen ditu: artea, literatur, argazkigintza, musika, dantza, eta abar.  Erronka hori argi eta garbi jasota dago Udalaren IV. Gazte Planean, 4. lerroaren erronkan: “Gazteak, hiriko agente aktibo eta sortzaileak”.

Testuinguru horretan sortu zen “Gazte Hitzak” programa, hau da, 14-25 urteko gazteentzako Ipuin eta Kontakizun Laburren Lehiaketa, eta programa horren bitartez gazteen kontaketa-sorkuntzarako gune bat sustatu nahi izan da.

“Gazte Hitzak” 2016ko azaroan jarri zen martxan. Bi modalitate (euskara eta gaztelania) eta bakoitzaren barruan bi kategoria ezarri ziren: 14-18 urte eta 19-25 urte. Bigarren edizioak oso emaitza pozgarriak izan ditu.  90 gazte aurkeztu dira.  Kontakizunek askotariko gaiak eta bizipenak islatzen dituzte.

Aurkeztutako 90 kontakizunetako % 73 14 eta 18 urte bitartekoenak ziren, eta gainerako % 27a, 19 eta 25 urte bitartekoenak. Ipuinen % 63 gaztelaniaz idatzita zegoen eta % 37 euskaraz. Nabarmendu beharra dago parte hartzaileen % 77 emakumeak izan direla.

Bihar, maiatzak 26, Goiuri jauregian, 2017ko Gazte Hitzak sari banaketaren ekitaldia egingo da, 18:00etan.

Ekitaldi hori Espido Freirek eta Bernardo Atxagak (Gazte Hitzak lehiaketaren epaimahaikideak) aurkeztuko dute, eta 18 aurre-hautatuen artetik hautatutako 4 irabazleen eta 4 ohorezko aipuen izenak jakinaraziko dituzte.

Sariak heziketarekin lotuta egongo dira: 300 eta 100 euroren txartelak, liburuak eskuratzeko, eta hiru hilabetez narrazio bat landu edo hobetzeko tutoretza pertsonalizatua, Bernardo Atxagaren (euskaraz) eta Espido Freireren (gaztelaniaz) eskutik. Gainera, irabazi duten 4 kontakizunak biltzen dituen kutxa-katalogoa banatuko da. Horrela, gazteen literatur-ekoizpenaren balioa azpimarratu eta bistaratu nahi da.

Sariak banatu ondoren, saritutako kontakizunen zati bat zuzenean irakurriko dute iazle gazteek.

“Programa honen balioa, gazteek beren kontakizunez ekarritako kultura kapitalaz gain, bi belaunaldien arteko bizikidetza eta harremanean datza, batak esperientzia handiagoa eta besteak freskotasun handiagoa izanik zaletasun bat partekatzen baitute: emozioz eta begirada pertsonalez betetako istorioak kontatu eta idazteko zaletasuna”, nabarmendu du Gazteriako zinegotzi Iñaki Prusillak. Era berean, hezkuntza bitartekarien lana eskertu du, erabakigarria izan baita parte-hartzaileak erakartzeko.

 

 

Share