Prentsa Oharren banner

Udalak adinekoei aholkularitza juridikoa doanemateko zerbitzua sortu du, Arabako Abokatuen Elkargoarekiko lankidetzan

Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailak adinekoei aholkularitza juridikoa doanemateko zerbitzua sortu du, Arabako Abokatuen Elkargoarekiko lankidetzan. Arloko zinegotzi Peio López de Munainek eta Arabako abokatuen dekano Javier García Pascualek aurkeztu dute zerbitzu berria gaur goizean; bi  erakundeen arteko lankidetza-hitzarmenaren emaitza den zerbitzua 60 urtetik gorakoei, familia zaintzaileei eta haiekin diharduten gizarte zerbitzuetako profesionalei zuzentzen zaie.

“Arazo juridikoek ezinegon handia, zalantzak eta ziurgabetasuna sortzen dizkiete adinekoei, arazo gaindiezina bihurtzeraino. Gai juridikoen konplexutasunaren aurrean amore emateak kalte egiten dio haien bizi-kalitateari, beren buruaren kontzeptu txarragoa izatera baitaramatza, eta horrek depresiora eta isolamendura”, azaldu du López de Munainek.

Egoera horiek saihesteko, adinekoen eskubideak aldezteko eta informazio eta aholkularitza egokia jaso dezaten bermatzeko, Arabako abokatuek eskubide juridikoei buruzko informazioa eta aholkularitza emango diete, auzi judizialen aurretik orientabideak emango dizkiete eta, izioko abokatu bat izendatzea beharrezkoa balitz, Arabako Abokatuen Elkargoko Orientabide Juridikoak emateko Zerbitzura bideratuko lituzkete.

Askotariko gaiak kontsultatu ahalko dira:

  • Zuzenbide zibila: oinordetzak, salerosketak, mendekotasuna…
  • Gizarte Segurantza: pentsioak, diru-laguntzak…
  • Zigor zuzenbidea: tratu txarrak, utzikeria, tratu desegokia…
  • Administrazio zuzenbidea: isunak, erreklamazioak…
  • Zuzenbide fiskala: zergak, aitorpenak…
  • Etxebizitza: kaleratzeak, traba arkitektonikoak…

 

Arabako abokatuen dekano Javier García Pascualek nabarmendu duenez, zerbitzu horren bidez “ahuldade berezia duten pertsonei laguntzen diegu, egoera bidegabeak eta hirugarrenen abusuak eragozteko“. 75 abokatuk baino gehiagok eman dute izena aholkularitza zerbitzua  emateko, eta  “planteatzen diguten zalantza bakoitzerako asistentzia zehatza eta espezializatua eskaintzeko; horregatik, legelariek esperientzia eta prestakuntza baldintza jakin batzuk betetzen dituzte”.

Banakoentzako arretaz gain, hainbat gairi buruzko hitzaldiak ematea aurreikusi da: etxebizitza eta kaleratzeak, tratu txarrak eta utzikeria, oinordetzak, erretiro-pentsioak, kontsumo-erreklamazioak, etab.

“Horrekin guztiarekin lortuko dugu adinekoen eskubideak maila teoriko batean ez geratzea, benetan gauzatzea baizik, eta bide batez, haien autonomia bultzatuko dugu. Alegia, haien bizitzaz eta ekonomia eta lege arazoez arduratzen jarraitzea, eta kontu horien besteren esku, senideak gehienetan, utzi behar ez izatea”, azpimarratu du López de Munainek.

 

Adinekoentzako aholkularitza juridikoa maiatzaren 25etik (osteguna) emango da, Arabako Abokatuen Elkargoaren egoitzan, Frai Francisco Vitoria ibilbideko 4.enean, ostegunetan, 16.30tik 18:30era, eta ostiraletan, 10:00etatik 12:00etara.

Aldez aurretik hitzordua eskatu beharko da, 945 23 10 50 telefonora deituz, edo colegio@icaalava.org helbidera idatziz.

Asesoria Juridica Personas Mayores

Share