Prentsa Oharren banner

120.000 euro inbertituko ditu Urtaranen gobernuak Borinbizkarrean joko-eremu bat sortzeko

Bi zona izango ditu parkeak: bata konbentzionala eta bestea naturalizatua

Gasteiz Hobetuz partaidetza-prozesuko parte da proiektua

120.000 euro inbertituko ditu Urtaranen gobernuak Borinbizkarrean jarriko den joko-eremua diseinatu, hornitu eta instalatzen. Ozeano Barearen kaleko 13.etik 19.era bitarteko etxeen atzeko aldean dagoen espazio bikoitza hartuko du, eta bi zona izango ditu: bata konbentzionala eta bestea naturalizatua. Borinbizkarra Zabalganarekin lotzen duen oinezkoentzako pasabiderako sarbideetako batek bereizten ditu bi sektore horiek. Aterpe gisa ere erabili ahal izango da hori euria egiten duen egunetan. Gaur goizeko bileran onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak lan horiei ekiteko kontratazio-dosierra, eta bi hilabeteko epea izango da horiek gauzatzeko. Gasteiz Hobetuz partaidetza-prozesuko parte da proiektua.

Iñaki Prusillak zuzentzen duen Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Sailak landu duen baldintza-agiriaren arabera, lehen zonak, konbentzionalenak, 500 metro koadro izango ditu, eta gutxienez 250 metro koadro segurtasun-materialez zolatuta egongo da. Gainera, zona horren parte bat pasabide batez estalita egongo da, eguraldi txarra egiten duelarik ere erabiltzerik izango dela bermatzeko. Bigarren zonak, naturalizatuenak, 825 metro koadro izango ditu. Gasteizko hiri-azpiegitura berdearen estrategiaren ildotik —berdeguneak, parkeak eta jolas-lekuak ber naturalizatzea lortu nahi baita horren bitartez—, aire zabaleko espazioek eta naturak berak eskaintzen dituzten abantailak gozatzeko aukera izango dute haurrek. Inguru horretan ez da zoladurarik jarriko; landare-lurra bakarrik. “Espazio libreagoa, irudimentsuagoa, eraikitzailea, zentzumenezkoa eta kooperatiboa bultzatuko da”, nabarmendu du Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Saileko zinegotzi Iñaki Prusillak.

Jolaserako erabiliko diren egitura, eraikuntza eta elementuei naturaren ahalik eta kutsurik handiena emango zaie eta hiri-baso batean integratuta egongo dira. Enborrak, harria, lurra, hondarra, sokak, birziklatutako materialak eta beste erabiliko dira horretarako. Gainera, banku eta aulkiak, paperontziak, iturri bat eta bizikletak aparkatzekoak jarri beharko ditu bertan enpresa esleipendunak.  Argiteria eta ureztatze-sarea ere hobetuko dira.

Diseinu praktiko, iraunkor, dibertigarri, seguru eta originaleko proiektuak aurkeztu beharko dituzte enpresek. Oro har, 12 urtera arteko haurrentzat egokiak izan beharko dute jolastokiek, baina orobat izango da bereziki ezintasun motriza edo psikikoa duten harurrentzat diseinatutakorik ere.

“Borinbizkarrean joko-eremu bat sortzeko enkargua egin dugu, zona hori sustatzeko asmoz, eta orobat bermatzeko haurren jarduera ludikoen garapena, jendetasuna eta dibertsioa sustatuz, eta horien ikaskuntza. Kasu honetan, gainera, era berezian egingo dugu. Joko konbentzionalen zonarekin batera, beste espazio naturalizatuago bat izango da, haurrek jolasten diren inguruneaz goza dezatela nahi baitugu, ingurune hori  garai batean nolako zen irudikatuz edo. Zonako auzo-elkarteekin landu da proiektua, eta Gasteiz Hobetuz prozesuan hartutako konpromisoetako bat zen. Auzotarrek esana baitziguten sektore horretan jolasteko eta aire zabalean gozatzeko zonen falta igartzen zutela. Egokitutako jolastokiak eta eremu estali bat ere eskatzen zuten, eta bi eskari horiei erantzuten diegu proiektu honekin”.

Share