Prentsa Oharren banner

Enpresen, merkataritzaren, ostalaritzaren, aisialdiaren eta kulturaren arloan euskararen erabilera sustatzeko hitzarmena sinatuko dute Udalak eta Aldundiak

2006az geroztik dihardute elkarlanean Udalak eta Aldundiak, hirian eta lurraldean Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia garatzen. Lau urteko iraupena izango duen lankidetza-hitzarmen orokorra sinatuko dute orain berriro, ildo hori jorratzen jarraitzeko, eta 80.000 euroko ekarpena egingo du Udalak.   Hala onartu du gaur goizena Urtaranen gobernuak, Tokiko Gobernu Batzarraren goizeko bileran. “Gasteiz Euskadiko hiriburua da, eta euskararen hiriburua ere izan behar du”, nabarmendu du Iñaki Prusilla euskara-zinegotziak.

Euskararen ikaskuntza eta erabilera bultzatzeko kanpainen maila teknikoan eta ekonomikoan parte hartuko dute bi erakundeek, euskararen  presentzia gizartearen arlo guztietan areagotzeko asmoz: komunikazio- eta sentsibilizazio-kanpainak; enpresei, merkatariei eta ostalariei zuzendutako kanpainak, eta kirolaren eta aisialdiaren esparrura nahiz lehentasunezkotzat jotzen den beste edozeinetara zuzenduak.

Gainera, merkataritza- eta ostalaritza-establezimenduei kanpoko errotulazioa aldatzeko eta barruko idazkietan ere euskara erabiltzeko diru-laguntzak emateko deialdia onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak, 6000 euroko zuzkidurarekin. 2007az geroztik lan egiten du Udalak esparru horretan, kanpoko errotulazioa aldatzeko diru-laguntzak emanez, baita webguneak euskaraz ere jartzeko egokitzapen eta itzulpenak egiteko eta Bikain eta Bai Euskarari entitateen gisakoen diagnostiko eta ebaluazioen gastuei aurre egiteko ere.

 

Gazteen hamar proiektuetarako laguntza

Bestalde, aurten hirian gazteentzako proiektuak martxan jartzeko laguntzen deialdia ebatzi du Udalak.

24.925 euro bideratuko dira hamar kolektiboren proposamenetara. Programa hauetarako emango du laguntza Udalak: ‘Festival de diseño y creatividad made in Gasteiz’, Sokak antolatua; ‘Relaciones afectivas sanas entre jóvenes: desmontando prejuicios’, Azalea Africa elkartearena; Jimmy Jazzen Gazte Talent lehiaketa; ‘Boluntariotza Hedatuz’ ekimena, Ai Laket!!-ena; Gazteen Berriak gazteen aldizkariaren sustapena; gazteen boluntariotza sustatzeko proiektua, Carmelitas elkartearena; Ajebask; Asociación Africanista Manuel Iradier elkartea, eta Aspace.

 

 

 

Share