Prentsa Oharren banner

Udalbatzak Francisco Vitoria domina Jacques Delorsi ematea onetsi du

Gasteizko Udaleko Udalbatzak Francisco Vitoria domina Europako Batzordeko lehendakari ohi Jacques Delorsi ematea  onetsi du gaur goizean. Gasteizko Nazioarteko Zuzenbideari eta Nazioarteko Harremanei buruzko Ikastaroetako batzorde zientifikoak egindako proposamenari jarraituz eman zaio domina; aurten uztailaren 10etik 14ra arte egingo dira ikastaroak.

Giza eskubideak aldezten eta demokraziaren balioak, bakea eta nazioarteko elkartasuna sustatzen nazioarte mailan nabarmendu diren pertsona fisiko nahiz erakundeen merezimendurik gailenei gorazarre egitea xede duen ohorezko saria da “Francisco de Vitoria” domina, zeinen bitartez orobat saritu ahal izango baitira nazioarteko eskubideei buruzko ikerkuntzan nabarmendu diren eta horien irakaskuntzan nahiz horien inguruko doktrinaren esparruan bidea urratu duten pertsonak ere.

Ildo horretatik, Delors figura gakotzat jo da Europan azken hamarkadetan izandako aurrerapen nagusiak ulertzeko, hala nola barne merkatua, moneta bakarra, kohesio-politikak, garraio-sare handiak, europar herritartasunaren estatusa, Erasmus programa, Batasuna mediterraneora zabaltzea, edo Alemaniaren bateratzea, besteak beste.

Hauek dira azken urteetan “Francisco de Vitoria” domina jaso duten erakunde nabarmenenak: 2015ean, Giza Eskubideen Amerikarteko Auzitegia; 2013an, UNICEF-Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtsa, eta 2011n, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordea.

 

 

Share