Prentsa Oharren banner

Bihar Saregune proiektua aurkeztuko da teknologia irekiei buruzko estatuko ekitaldi handienean, OpenExpo 2017 biltzarrean

Saregune proiektua —Sartu Araba elkarteak garatzen du hori, Gasteizko Udalarekiko lankidetza-hitzarmen baten bidez— OpenExpo 2017 biltzarrean aurkeztuko da bihar; teknologia irekien (datu irekiak, berrikuntza irekia, kode irekia eta software librea) sektoreko estatuko ekitaldi nagusia da. Biltzarreko hizlari nabarmengarrienen artean daude Raúl Pérez Caballero eta Ismael Chasco gasteiztarrak, Saregune proiektuko IKTen koordinatzailea eta kolaboratzailea, hurrenez hurren.

“Relaxing cup of café con leche while deploying my infrastructure”  mintzaldian, Saregunen informazioa, datuak eta erabiltzaileak automatizatu, autentifikatu eta kudeatzeko eredu arrakastatsua azalduko dute. Haiekin batera estatuko zein atzerriko beste 120 hizlarik hartuko dute parte biltzarraren programan, eta 200 enpresak baino gehiagok, besteak beste, “open source” filosofiako aktore garrantzitsuenak eta erraldoi teknologikoak (Microsoft edo Google). Madrileko La N@ve esparruan egitekoa den biltzar eta ferian 3.000 bisitaritik gora izatea espero da.

Saregune OpenExpo 2017 biltzarrean egotea proiektuak jaso dituen beste aitorpen batzuei gehitzen zaie, esaterako, RAISE4e-inclusion proiektuaren europar lehiaketa, teknologia berrien bitartez inklusioaren alde ari diren pertsona dinamizatzaileen jardunbide egokien arloan.

“Gasteiztarrok harro egon behar dugu Saregunek teknologia irekien biltzar garrantzitsu batean protagonismoa izateaz. Horrek erakusten du oso eremu zehatz batetik, gure Erdi Aroko hirigunetik, eredugarriak izan gaitezkeela milaka aditurentzat eta teknologia berrien bitartez gizarte berrikuntzan diharduten enpresa puntakoenentzat”, adierazi du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak.

Joan den maiatzaren 19an onetsi zuen Tokiko Gobernu Batzarrak Sartu Araba elkartearekiko hitzarmena berritzea, 2017an Saregune proiektua garatzeko. Udalak 60.000 euro jartzen ditu hainbat jarduera garatzen laguntzeko: banakako prestakuntza, oinarrizko aplikazioei buruzko ikastaroak eta IKTekin lotutako beste jarduera osagarri batzuk.

Duela 10 urte baino gehiago, Saregunek teknologien erabilera libre eta doakoa bultzatzen du Santa Maria kantoiko aretoetatik, Erdi Aroko hiriguneko eta hiri osoko gizartea eta komunitatea dinamizatzeko lanabes gisa.

Share