Prentsa Oharren banner

Udaltzaingoaren radar mugikor batek kontrolatuko du abiadura San Prudentzio hiribidean, ibilgailuen % 0,07k baino ez baitu muga errespetatzen

Datozen egunetan Udaltzaingoak abiadura kontrolatzeko kanpaina berezia egingo du San Prudentzio hiribidean, trafiko lasaitukoa izan arren  ibilgailuen % 0,07k baino ez baitu orduko 30 km-ko muga errespetatzen.

Udaleko Trafiko Zerbitzuak zenbagailu batzuk jarri zituen maiatzeko lehen astean Armentiabidea eta Jose Maria Cagigal kaleen artean, irteera norazkoan zein sarrerakoan, eta neurgailuek herritarrek gehiegizko abiaduraz eta trafiko bolumen handiegiaz adierazitako kexak baieztatu dituzte.

Zenbatutako 87.180 ibilgailuetatik, Armentiabidetik San Prudentzio hiribiderantz sartu zirenen % 0,07k baino ez zuen ezarritako muga errespetatzen; gainera, % 0,06k 90 km/h-ko abiadura gainditu zuen, hots, 274 ibilgailuk —gidari horiek  bide segurtasunaren kontrako delituagatik salatu zitezkeen—.

Hiriko irteerarako noranzkoan (Santuaren estatuatik Armentiabidera) % 4,2k bete zituen mugak, gidarien erdiak orduko 41 eta 50 km arteko abiaduran zihoazen eta % 0,02k, hau da, 9 ibilgailuk, orduko 91 kilometroko abiadura gainditu zuen.

Datu horien aurrean, Herritarren Segurtasunaren Saileko zinegotzi Carlos Zapaterok “arduraz eta segurtasunez gidatzeko eta abiadura-mugak errespetatzeko” eskatu du. Hori dela eta, Udaltzaingoak radar mugikorra jarriko du kale horretan, “gidari azkarrenei atzera eragiteko eta bide-segurtasuna sustatzeko”. Gehieneko abiadura gainditzen duten gidariak administrazio-bidean salatu litezke, edo bide judizialean, trafikoaren segurtasunaren kontrako delitua egingo balute.

San Prudentzio hiribidetik egunean batez beste 6.700 ibilgailu igarotzen dira noranzko bakoitzean.

Share