Prentsa Oharren banner

Urtaranen gobernuak 200.000 euro inbertituko ditu Lakuabizkarrean ‘parkour’ egiteko eremu berritzailea instalatzeko

Urtaranen gobernuak Lakuabizkarrean parkour eremu berritzailea —euskal hiriburu batean jartzen den lehena— instalatzea sustatuko du. Forondako atearen ondoko lursail batean jarriko da aisialdi aktiborako gunea, eta jolas eta kirol espazio osagarria ere jarriko da, saskibaloian, futbitoan, pilotan edo eskaladan aritzeko, besteak beste. Gaur goizean Tokiko Gobernu Batzarrak onetsi duen proiektua ‘Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz’ parte-hartzeko prozesuan hautatuetako bat da. Gutxienez 800 metro koadroko azalera izango du, bi atalak batuta, eta gauzatzeko 200.000 euroko aurrekontua erabiliko da. Esleipendunak gehienez ere hiru hilabeteko epean gauzatu beharko du lana.

‘Parkour’ eremuak gutxienez 400 metroko azalera izan beharko du, eta gehienez 620 metro hartu ahalko du. Interesa duten enpresek aurkezten dituzten proiektuek neurri horiek bete beharko dituzte, eta jarduera hori praktikatzeko eremua diseinatzeko Europan jarraitzen diren irizpideak kontuan izan une oro; ‘parkour’ izeneko jarduera Frantzian sortu zen, eta hiri espazioetan barrena batetik bestera bakarrik gorputzaren laguntzaz eta zenbait oztopo gaindituz joatean datza. Udalak planteatutako eskakizunen arabera, zonak jarduera horren oinarrizko lau mugimenduak egiteko bide eman beharko du: joan-etorriak, jauziak, jasotzeak eta kulunkak, mugimenduan zein geldi.

Urtaranen gobernuak hirian ‘parkour’ praktikatzen dutenen taldearekin batera landu duen baldintza-agiriaren arabera, lehiatzaileek askatasuna izango dute elementuen kopuruari, tamainari eta motari dagokienez, instalazio “praktiko, iraunkor, dibertigarri eta seguruak” izatekotan. Ekipamenduak 12 urtetik gorakoentzat izango dira, eta kautxuzko zoladura eduki beharko dute. Maila eta trebetasun gradu ezberdinetako kirolariek jarduteko moduko espazioa egokituko da, haien arteko erlazioa sustatzeko.

‘Vaulting’ deritzen jauzietarako, jomugen artean tarte egokia gorde behar dela hartu beharko dute kontuan. Eskalatzeko (‘climbing’) elementuetan, berriz, aldamioen antzeko barrak jartzea gomendatuko da. ‘Cat’ izeneko mugimenduetarako, antzeko altuera duten azalerak gomendatuko dira, eta ‘kulunka’ teknikarako altuera ezberdinak jarriko dira.  “Eremuak barra goratuak, jauziak egiteko elementuak, eta eskalatzeko bloke eta murru garaiak eta ertainak izango ditu. Elementuen forma, altuera, mota eta angeluak askotarikoak izatea balioetsiko da”, azaldu du Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Saileko zinegotzi Iñaki Prusillak.

Jolas eta kirol zonak, bestetik, gutxienez 400 metro koadroko azalera eduki beharko du, eta altuera ezberdinetara itxitako esparrua izango da, hainbat kirol jarduera egiteko. Era guztietako publikoarentzat izango da. Gutxienez elementu hauez hornituta egon beharko du: bi saskibaloi saski, bi futbito ate, eskalatzeko murru bat, gimnastika egiteko murru bat, frontenisean aritzeko beste bat, pilotan aritzeko beste bat eta punteria  praktikatzeko panel bat. Erasoen kontrako hesiak dituen itxitura garaia ere izan beharko du.

 

 

Share