Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  30 ekaina 2017 12:25
  • Orobat onartu da 2017ko FesTVal jaialdia antolatzeko hitzarmena

Tokiko Gobernu Batzarrak Gasteiz On elkartearekiko lankidetza-hitzarmena onetsi du, 2017an hiriko merkataritza dinamizatzeko jarduera kanpaina diseinatu eta gauzatzeko. Ekimen honi esker, Gasteizko Udalak 180.000 euro emango ditu tokiko merkataritza sustatzeko eta ostalaritza sektoreari laguntzeko jarduerak barne hartzen dituen programa gauzatzeko.

Honakoak nabarmendu daitezke Gasteiz On elkarteak antolatu eta udalaren laguntza izango duten ekitaldi nagusien artean: Ardoaraba azoka, bi moda-desfile, ehungintza arloko azokak –beherapenena, senargaiena, esaterako–, eta urtaroen araberako hainbat kanpaina – udakoa edo Eguberrietakoa, kasu-. Finkatutako jarduera hauetaz gain, lankidetza-hitzarmenak aurten abian jarritako beste zenbait ekimen ere jasotzen ditu: adibidez, Gida Izarra. Honek ostalaritza- eta merkataritza- establezimenduen 123 proposamen jasotzen ditu, eta saskibaloiko Errege kopa jokatu zen garaian banatu zen lehen aldiz.

“Hitzarmen hau Merkataritza eta Ostalaritza Plan Estrategikoaren jarduera-ildoak garatzeko lanabesetako bat dugu. Tokiko merkataritzaren ardatz diren agenteen lankidetza ezinbestekoa da sektore honen dinamizazio ekonomikoa lortzeko. Honelako ekimenei esker Gasteizek aurrera jarraitzen du” adierazi du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak.

Gasteiz On elkartearekiko hitzarmenak hiriko ekitaldiekiko lankidetzak ere ezartzen ditu: Jazz jaialdia, Poetak maiatzean, magialdia edo gutxi barru izango den triatloia. Hiriko hainbat auzok egindako eskabideak ere gehitu dira hainbat ekimen tarteko: Zaramagako ibilbide artistikoa, haurrentzako jarduerak, txikitxokoak…

2017ko FesTVal jaialdia antolatzeko hitzarmena

Orobat, Tokiko Gobernu Batzarrak gaur goizean egindako bileran, Fila 2 kultur elkartearekiko lankidetza-hitzarmena onartu du, Gasteizko Telebista jaialdiaren IX. edizioa antolatzeko. Udalak 175.000 euroko laguntza emango du hiriko jarduera hau irailaren 5etik 10era bitartean  egiteko. Ekarpen ekonomikoaz gain, FesTVal jaialdia gauzatzeko behar diren hainbat espazio uztea ere jasotzen du hitzarmenak: Europa, Eskoriatza-Eskibel, Goiuri eta Montehermosoko jauregietako hainbat espazio eta Printzipal antzokia, non serie eta programen estreinaldi nagusiak egingo baitira.

FesTVal jaialdiaren azken edizioan 26.000 lagun izan ziren (2015an baino % 4 gehiago) eta horietako 550 arlo horretako profesional gonbidatuak izan ziren (aurrekoan baino % 9 gehiago). Hedabideetan lortutako oihartzuna 9,8 milioi eurokoa izan zen, sortutako 2.310 berriei esker.

Share