Prentsa Oharren banner

Aisialdi eta denbora libreko Xtraclub programa garatzeko kontratua esleitu da

Tokiko Gobernu Batzarrak Ludoland enpresari esleitu dio aisialdi eta denbora libreko Xtraclub programa garatzeko kontratua. Gasteizko Udalak 297.000 euro inbertituko ditu jarduera horiek irailaren 1etik aurrera bi urtez garatu daitezen. Hau da, 2021eko abuztura arte.

Gazteria Zerbitzuak bultzatzen du Xtraclub programa, gazteen artean aisialdi hezitzailea eta harreman osasuntsuak sustatzen dituen topagune bat eskaintzeko asmoz. Geroago zehaztuko da programazioa, baina oro har lantegiak, ikastaroak, abentura eta kirol jarduerak naturan, irteerak eta antzekoak barne hartu ohi ditu.

Programa 12 eta 18 urte bitarteko gazteentzat da, eta jarduerak asteburuetan eta oporraldietan antolatu ohi dira. Kultura, kirol, bidaia eta zaletasun aukerak eskaintzea da programaren helburuetako bat eta, aldi berean, arrisku-portaeren prebentzioa lantzea. Ekitatea, inklusioa, berdintasuna, begirunea, ingurumenaren babesa eta antzeko balioak zabaltzeko balio duten topaguneak sortzea hartzen da kontuan.  Jardueren bidez euskararen erabilera ere sustatzen da.

Web-orri honetan aurki daiteke programari buruzko informazioa: www.vitoria-gasteiz.org/xtraclub.

 

 

Share

Gizonezko bat atxilotu dute ostalaritza-lokal batean haxixarekin eta kokainarekin trafikatzeagatik

Udaltzaingoaren Agenteek 46 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo goizean, San Kristobal auzoko ostalaritza-lokal batean droga-trafikoaren delitua egin izanaren ustezko egile gisa.

Aipatutako establezimendu horretan haxixarekin eta kokainarekin trafikatzen aritzen direla susmarazten duten informazio batzuetan oinarrituz abian jarritako polizia-operazioaren barruan kokatu behar dira gertaera horiek. Zaintza- eta kontrol-operazioari esker, ikusi zuten, bezeroen jarioa handia ez izan arren, bertan sartzen zirenak denbora laburra egiten zutela, eta askok kontsumitu izanaren edo ohiko kontsumitzaile izatearen zantzuak zituztela.

Operazio horrek iraun zuen asteetan, lokaleko arduraduna eta droga eskuratzeko zerabilen jokabidea kontrolatu zuten, eta hala, atzo, eguerdia baino lehentxeago, gizonezko hori atxilotzeari ekin zioten eta gaur epailearen esku geratuko da.

Sei pertsona zauritu dira istripuetan

Sei pertsona zauritu ziren atzo lau trafiko-istriputan. Lehena Valladolid kalean izandako harrapaketa bat izan zen, eta motozikleta bat zegoen tartean nahastuta. Horretarako prestatuta ez zegoen toki batetik errepidea gurutzatzen ari zen 61 urteko gizonezko bat jo zuen motoak; motoa gidatzen 53 urteko gizonezko bat zihoan, eta 49 urteko emakume bat zihoan harekin. Talkaren ondorioz, hirurak zaurituta geratu ziren, nahiz eta oinezkoa bakarrik eraman behar izan zuten Santiago Ospitalera.

Euskal Herria Bulebarrean istripu bat gertatu zen, auto batek beste bat atzealdetik jota. Talka horren ondorioz, atzetik kolpea jasan zuen ibilgailuko gidaria, 39 urteko gizonezkoa, ibilgailu barruan harrapatuta geratu zen, eta Suhiltzaileen lantalde batek joan behar izan zuen ateratzera. Gero, larrialdi-zerbitzuek artatu zuten, eta Txagorritxu Ospitalera eraman zuten ondoren.

Bizikletaz zihoan 50 urteko gizonezko bat zaurituta geratu zen Oto hiribidean barrena zihoala bizikleta gainetik erori ondoren. Zauritua Txagorritxu Ospitalera eraman zuten.

Argiketa-talde bat istripu baten nondik norakoak ikertzen ari da; istripu horretan 39 urteko moto-gidari bat zaurituta geratu zen, Alejandro Mendizabal Ingeniariaren kaletik motozikletan zihoala ibilgailuaren kontrola galdu ondoren. Zaurituta geratu zen, eta anbulantzia batek artatu ondoren, Santiago Ospitalera eraman zuten.

Udaltzaingoak beste 14 trafiko-istriputan esku hartu zuen atzo, nahiz ez zen zauriturik izan, eta gidatzen zihoan 52 urteko gizonezko bat ikertzen ari dira, alkoholaren eraginpean gidatzeagatik, Nazio Batuen hiribidearen eta Zabalgana hiribidearen arteko elkargunean bizikleta batekin trafiko-istripua izan ondoren.

Udaltzainek 16 salaketa izapidetu zituzten atzo eta polizia judizialaren 13 jarduera egin zituzten.

Tximista batek sekuoia bat jo du

Atzo hirian izandako ekaitz elektrikoaren ondorioz, tximista batek Baiona kaleko sekuoia bat jo zuen, eta zuhaitzaren enborra erdibituta utzi zuen. Suhiltzaileek zuhaitza aztertu zuten, haren egonkortasuna egiaztatu zuten eta udal departamentu eskudunari jakinarazi zioten kentzera joan zitezen.

Atzo goizeko zortziak aldera Suhiltzaileen parkean dei bat jaso zuten, trailer bat A-1 errepidetik atera zela eta erdibitzailean geratu zela jakinaraziz. SPEISeko langile talde bat joan zen bertara, istripua jasan zuen kamioilaria sorostera, osasun-zerbitzuak iritsi ziren arte.

Share