Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  17 uztaila 2019 17:02

Prentsaurrekoa. Psikología Biltzarra aurkeztea

Parte hartzaileak. Alkateorde Maider Etxebarria; Psicofundación erakundeko idazkari Alfredo Fernández; eta Consejo General de Psicología erakundeko kide Isabel Martínez

Eguna. Osteguna, uztailak 18

Ordua. 09:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

———————————-

Prentsaurrekoa. F2P Campusa aurkeztea

Parte hartzialeak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalez; Kultura kontseilari Bingen Zupiria; eta F2P Campuseko zuzendarikide Jon Beltrán de Heredia eta Raúl Herrero

Eguna. Osteguna, uztailak 18

Ordua. 10:00

Tokia. Artium entzunaretoa

————————————

Prentsaurrekoa. 2019-2020 ikasturteko gizarte etxeetako jarduera programa aurkeztea

Parte hartzaileak. Kultura eta Gizarte Etxeen zinegotzi Estibaliz Canto; eta Kirol eta Osasun zinegotzi Lívia López

Eguna. Osteguna, uztailak 18

Ordua. 10:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

——————————————-

‘Uzta – La Cosecha’ murala inauguratzea

Parte hartzaileak. Partaidetza zinegotzi Borja Rodríguez; Artista eta lanen zuzendari Verónica Werckemeister; eta Argazkilari eta zuzendariorde Alexei Lacalle

Eguna. Osteguna, uztailak 18

Ordua. 19:30

Tokia. Hogar San Jose ikastetxea (Arizbanbarra kalea, 1)

—————————————

Francisco de Vitoria Domina Save The Children GKEri emateko ekitaldia eta Nazioarteko Zuzenbide Ikastaroetako harrera ekitaldia

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; eta Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzalez;

Eguna. Osteguna, uztailak 18

Ordua. 20:15

Tokia. Goiuri jauregia

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:17

 

Gaur goizean, Udalak harrera egin die “Oporrak bakean, 2019” programaren bidez uda Gasteizen igarotzen ari diren 35 ume sahararrei.

Alkate Gorka Urtaranek ongietorria eman die haiei eta harrera familiei. Ekitaldian, besteak beste, Gobernuaren Arabako ordezkari Jesús Loza, Gobernuaren Arabako ordezkariorde Jesús de la Fuente, Arabako diputatu nagusi Ramiro González, Batzar Nagusietako lehendakari Pedro Elosegi eta Garapenean Laguntzeko zinegotzi Jon Armentia izan dira.

Uztailaren 12an iritsi ziren umeak Tindufeko errefuxiatu-kanpamenduetatik (Aljeria), beste 279 ume gehiagorekin, zeinak EAEko beste herri batzuetara joan baitira.

Abuztuaren bukaerara arte egongo dira Gasteizen, eta bitartean, atzean utziko dituzte urte osoan bizi behar izaten dituzten baldintza gogorrak, eta jarduera ludikoetan hartu ahalko dute parte, bertako kultura ezagutu, mediku-azterketak egin —kanpamenduetan ezinezkoa baita— eta, inportanteena dena, harrera familiekin bizi eta haiekin maitasun lotura estuak sortu; harrera familiek, berriz, zuzenean ezagutu ahalko dute Saharako herriaren errealitatea.

 

 

Share
Kategoriak: Sailkatu gabea  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:36

  • Uztailaren 18an hasiko da txapelketa

Pala-jokalari beteranoak eta etorkizun handiko gazteak bilduko dira Foru plazako frontoian bertan jokatzeko Green Capital txapelketaren VIII. edizioa, jai-egitarauan ondo errotutako kirol ekimena, dagoeneko erreferentzia bihurtu dena emakumeen arteko pilotan.

Azken urteotan, Arabako pala-jokalariak dira kirol honetako protagonista handiak. Euskal ligan eta GRAVN txapelketan irabazi dute, eta euren palmaresa gizonezkoenaren gainetik dago. “Uztailaren 18tik aurrera Foru plazako pilotalekuan gure kirolarien maila handiaren froga ikusiko dugu, azken urteetan lortzen ari diren merituaren isla. Gasteizentzat benetako luxua da hioriaren erdian txapeldun peto-petoak izatea, zertarako gauza diren erakustenh”, adierazi du Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lópezek.

Zortzi urte hauetan Emakumeentzako Green Capital paleta txapelketak aberastu egin du Foru plazako pilota-jarduera, harekin batera jokatzen baita Andre Maria Zuria amateur txapelketa, bi-biak funtsezko kirol-hitzorduak Andre Maria Zuriaren ohorezko jaietan.

Txapelketa uztailaren 18an hasiko da, eta finalekin amaituko da, abuztuaren 5ean. Aurten sei bikote arituko dira, bi taldetan. Aldi berean, promesa mailako banako lehiaketa bat ere egingo da, pala-jokalari gazteenekin. Horrez gain, eskolako ikasleek ere izango dute frontoian aritzeko aukera, uztaileko arratsalde eta abuztuko goizetan.

Bikote txapelketa den ekitaldi garrantzitsuenean Euskal Herriko eta estatuko txapelketak irabazitako beteranoak arituko dira. Hartara, jokalari dagoeneko izendunen nazioarteko eskarmentua goraka datozen eta pilotaren munduan gailur handiagoetara iritsi nahi duten gazteen indarrarekin lehiatuko da.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:11

Uztailaren 25eko 10:30ean hasiko da norgehiagoka, Txikien Lasterketaren bigarren edizioarekin 

Alkateorde eta Ekonomia Sustapenaren zinegotzi Maider Etxebarriak Blusen Eguneko Upelen Lasterketaren laugarren edizioa aurkeztu du gaur, zeinean ehun blusa eta neska baino gehiago lehiatuko baitira, 25 taldetan banatuta.

Zinegotziarekin batera, Nekazaritza foru diputatu Eduardo Aguinaco, Vitoria-Gasteiz Wine City-ren lehendakari Javier Elejalde, lasterketaren arduradun eta Blusa eta Nesken Batzordearen ordezkari Luis Izaga eta Gorka Ortiz de Urbina, Zeledon, izan dira probaren aurkezpenean; azken horrek astinduko du irteteko bandera.

Aurreko urteetan bezala, Espainia plazan hasi eta amaituko da lasterketa.

Vitoria-Gasteiz Wine City elkarteak eta Blusen eta Nesken Batzordeak antolatu dute laugarren Upelen Lasterketa. Gasteizko Udalak, Vital Fundazioak, Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak sustatzen dute ekitaldia. “Norgehiagoka hori Andre Maria Zuriaren jaien atarikoa da, eta aisialdia, turismoa eta ardoaren kultura nahasten dituen elementu dinamizatzailea bihurtu da. Udalak lasterketarekin bat egitera animatzen ditu herritarrak”, adierazi du Maider Etxebarriak.

“Gure helburua zen  kalitateko ardoaren kultura —halakoxeak baitira Arabako Errioxako eta Aiarako Haraneko ardoak—  eta jaia lotzea jarduera dinamizatzaile baten bitartez, Upelen lasterketaren bitartez, zehazki, eta gure itxaropenak soberan betetzen ari dira”, azaldu du Wine City elkartearen lehendakari Francisco Javier Elejaldek.

10:30ean hasiko da norgehiagoka, Txikien Upelen Lasterketaren bigarren edizioarekin. Bi kidek osatuko dituzte taldeak, eta 100 metroko ibilbidea bete beharko dute, txandaketarik gabe. Parte hartu nahi duten umeek zuzenean eman ahalko dute izena, gehienezko kopurua bete arte. Ascensores Bertako enpresak emango dio garaikurra talde irabazleari.

Ondoren, helduen lasterketa egingo da. Gorka Ortiz de Urbinak, Zeledonek, astinduko du hasierarako bandera, 11:30ean. Bi txanda egingo dira. Taldeak Espainia plazatik irtengo dira, Andre Maria Zuriaren plazarantz; gero, Mateo Moraza kaletik igoko dira, eta Agirre Lehendakariaren kaletik (garai bateko Espainiako Bankua) igaro ondoren Espainia plazara itzuliko dira.

Bi blusa edo neskek bultzatuko diete upelei, eta ibilbidea amaitutakoan, beren taldeko beste bi kidek hartuko dute lekukoa. Gainera, ibilbidean zehar ikuskatzaileak egongo dira —Gaztedi errugbi taldeko boluntarioak—, upela etengabe biraka dabilela eta gutxienez pertsona bat hura ukitzen ari dela egiaztatzeko.

Berritasun gisa, Elurra, Yumandy eta Perezosos Roller klubetako patinatzaileek, besteak beste, helduen lasterketaren ibilbidea egingo dute, parte hartzen duten koadrilen ikurrekin. Irristaketa erakustaldia ere egingo dute, eta lasterketan parte hartzen duten blusak eta neskak animatuko.

Upelen Lasterketa dagoeneko erreferentzia bihurtu da Andre Maria Zuriaren jaien atarikoan. Ekitaldiaren aurkezpenean azpimarratu den bezala, Arabako Errioxako ardoak eta Aiarako txakolinak omenaldi merezia jasotzen dute jaietako jarduera horren bidez.

Sari berezia —Bastidako Mitarte upeltegiko 225 litroko upela— helmugan sartzen den lehen talde mistoarentzat izango da. Horretaz gain, hainbat sari banatuko dira Done Jakue egunean: Arabako Errioxako ardoak eta Arabako txakolina, eta esperientziak Arabako Errioxan.

Arabako Atletismo Federazioa arduratuko da denbora neurtzeaz, bai txikien bai helduen lasterketetan.

Hauek laguntzen dute Upelen Lasterketa egiten: Mitarte upeldegia, Ascensores Bertako, Arabako Atletismo Federazioa, Eroski, Arabako Errioxako Ardoaren Ibilbidea, ABRA-Arabako Errioxako Upeltegien Elkartea, El Corte Inglés, Arabako Txakolina, Eventokit, Fideliza-Grupo Xabide eta Gurutze Gorria.

 

 

 

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:42

 

Udaltzaingoaren Agenteek 55 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo eguerdian Judizmendi auzoan, bikotekide ohiari mehatxu eta eraso egiteagatik genero-indarkeriaren delitu baten ustezko egile gisa.

Emakume batek goizeko 9:30ean deitu zuen polizia-etxera, bikotekide ohia oso jarrera oldarkorrean atzetik jarraika zuela esanez, biek partekatzen zituzten bi txakurren bila haren etxebizitzara joan ondoren. Gizona animaliak atxikitzen ahalegindu zen eta, haren asaldura-egoera ikusita, larrialdi-zerbitzuan artatu behar izan zuten.

Bigarren atxiloketa Koroatze auzoan izan zen 14:15ean. 13:30ak aldera, neska adingabe batek polizia-etxera deitu zuen, bere gurasoak eztabaida gogorrean ari zirela eta aitak ama jo zuela esateko. Udaltzainak bikotearekin elkarrizketatu ziren, eta emakumea jo egin zutela nabarmen ikusten zenez, atxilotu egin zuten 38 urteko gizonezkoa.

Gizon bat atxilotu dute babes-agindua urratzeagatik

18 urteko mutil gazte bat atxilotu zuten Adurtza auzoan, adingabe batekiko duen babes-agindua ez betetzeagatik zigorra urratu izanaren delituaren ustezko egile gisa. Udaltzainek egiaztatu zuten gizonezkoa emakumearengana hurbiltzen ahalegindu zela eta are hitzordu bat finkatu zutela.

Istripuak

Bi pertsona zauritu ziren atzo trafiko-istripuetan. Lehena 11:55ean gertatu zen Valladolid kalean, auto batek eta motozikleta batek elkar talka egin zutenean. Motozikletako gidaria, 32 urteko gizonezkoa, zaurituta geratu zen eta Santiago Ospitalera eraman zuten.

Bigarren istripua 17:53an gertatu zen Gaztelako Atea kalean, eta auto batek semaforo baten aurrean geldirik zegoen beste bat jo zuen atzealdetik. Kolpea jasan zuen ibilgailuko bidaiarietako bat, 42 urteko emakumea, zaurituta geratu zen eta Santiago Ospitalera eraman zuten. Suhiltzaileek istripu horretako biktima sorosten lagundu zuten eta errepidea sepiolitaz garbitu zuten.

Udaltzaingoak 18 salaketa erregistratu zituen atzo Agirrelandako polizia-etxean.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:08

 

Jarduera nagusia 12:00etan izango da Estadio Fundazioaren instalazioetan

Bildutako dirua gaixotasun horrek jotako pertsonentzako errehabilitazio-zerbitzuak finantzatzeko erabiliko da, baita fisioterapiarako ohatila berezia erosteko ere

Vital Fundazioak eta AEMAR-Esklerosi Anizkoitzaren Arabako Elkarteak datorren igandean, uztailak 21, burutuko dute ‘Busti Zaitez-Mójate’ kanpainaren XXII. edizioa, esklerosi anizkoitza duten pertsonekiko sentsibilizazio eta elkartasun kanpaina. Jarduera nagusia 12:00etan izango da Estadio Fundazioaren instalazioetan, baina beste hainbat jarduera egingo dira Arabako zenbait igerilekutan. Udalak ere, Foru Aldundiarekin batera, kanpainan parte hartzen du.

Vital Fundazioa Kulturunean egin da kanpainaren aurkezpena eta honako hauek hartu dute parte: Axier Urresti Vital Fundazioaren zuzendari nagusiak; Iratxe Asurmendi AEMAR elkartearen jarduera-koordinatzaileak; Emilio Sola Gizarte Politiken foru-diputatuak; eta Livia López Kirola eta Osasuna zinegotziak.

Esklerosi anizkoitza gaixotasun neurologiko ohikoena da heldu gazteen artean. 20 eta 40 urte bitartean diagnostikatu ohi da, eta gehiago eragiten die emakumeei gizonezkoei baino. Gaixotasun kronikoa da eta bizi-kalitatea mugatzen duten ondorioak izan ditzake, hori dela-eta, gizarte eragin handia du. Bost ordurik behin kasu berri bat diagnostikatzen da Estatuan. Gaur egun 2.200 pertsonak baino gehiagok pairatzen dute gaixotasun hori Euskadin, 47.000 lagunek Estatuan eta 700.000k Europan. Sintoma ohikoenak nahasmen sentsitiboak dira, orekarenak eta mintzamenarenak; dardarak, gorputz-adarren ahuldadea eta, kasu larrienetan, horien paralisia; eta alterazio urologikoak, bertigoa, nekea, inurridurak eta ikusmen nahasmenduak. Ez da gaixotasun kutsakorra, ez hereditarioa, ez hilgarria.

Gizartea gaixotasun horrekiko sentsibilizatzeko, duela hogeita bat urtetik, udaro, antolatzen da Busti zaitez-Mójate ekimena. Aurten, Euskadi osoko laurogei hondartza eta igerileku baino gehiagotan egingo da. Estadio Fundazioko, Mendizorrotzako eta Gamarrako igerilekuak, Vitoria-Gasteizen, eta Agurainen, Araian eta Aldayeta Klub Nautikoan daudenak ere izango dira elkartasun jarduera horretan parte hartu nahi duten pertsona guztien besakaden agertoki. Parte hartzaile bakoitzak nahi duen beste metro egin dezake igeri eta boluntario taldeak bere diploma egiaztagarria emango dio amaitzen duenean. Eguna amaitzean, igeri egindako metro guztiak batuko dira, esklerosi anizkoitza duten pertsonekiko elkartasun jarduera sinboliko batean. Gainera, egun osoan, boluntarioek informazioa emango dute eta esklerosi anizkoitza zer den eta kanpaina honetan nola parte hartu eta nola lagundu azaltzeko diptikoak banatuko dituzte.

Ahalik eta fondo gehien lortzeko helburuz, ekimena burutuko den leku guztietan instalatuko da stand bat eta kanpainaren hainbat merchandising objektu jarriko dira salgai, esaterako kamisetak, poltsak, amantalak edo koadernoak, besteak beste. Denek daramate kanpainaren irudia, Katuki Saguyaki markaren buru den Mikel Urmenetak diseinatua eta dohaintzan emana. Gainera, objektu horiek guztiak elkartearen egoitzan ere eros daitezke.

Kanpaina denbora errealean jarraitu ahal izango da, Esklerosi Anizkoitzaren Euskadiko Elkartearen sare sozialen bitartez, #mojate2019 hashtag-aren bitartez.

 

 

Share