Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  4 uztaila 2019 17:00

Gorka Urtaran alkatearen prentsaurrekoa

Gobernu-batzordearen ondoren, Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Udalaren gaur egungo gaiak hizpide izango ditu.

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Ostirala, uztailak 5

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   15:06

Gasteizko Udalak omenaldia egin dio esploratzaile eta bidaiariaren birbiloba William Stanley-ri, hura hirira lehen aldiz etorri izanaren 150, urteurrena bete delarik

 

Gasteizko Udalean harrera ekitaldia egin da gaur goizean, Henry Morton Stanleyk Arabako hiriburuan egindako lehen egonaldia gogoratzeko. Udaletxeko harrera aretoan egin den ekitaldian alkate Gorka Urtaranek eta Henry Morton Stanleyren birbiloba William Stanleyk hartu dute parte. Idazle eta kazetari Ramón Jiménez Frailek eta historialari Patxi Vianak ere hartu dute parte.

Izan ere, Gasteiz eta Santikurutze Kanpezu egunotan ari dira ospatzen Henry Morton Stanley esploratzaile eta abenturazalea Araban lehen aldiz egon izanaren 150. urteurrena. ‘La exploradora’, ‘Africanista Manuel Iradier’ eta ‘Asociación Histórica 2013’ elkarte gasteiztarrek zenbait ekintza antolatu dituzte efemeridea gogoratzeko, Gasteizko eta Santikurutze Kanpezuko udalekin batera.

 

Gaur udaletxean egindako harrera izan da horietako bat, zeinean alkateak opari bat eman baitio William Stanleyri. Gasteizko alkateak nabarmendu duenez, “Stanleyk Gasteizen izena mundu guztira zabaldu zuen. Batez ere, New York Heraldan argitaratutako kronikari esker”. Omenduak, berriz, bere esker ona azaldu dio Udalari ekitaldiagatik.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:34

 IGIk “BioBlitz” delako jardunaldia antolatu du Atarian, Salburuko hezeguneak interpretatzeko zentroa inauguratu zeneko hamargarren urteurrena ospatzeko

Interesa duen oro joan ahalko da zentrora 2019ko uztailaren 13an (larunbata) eta 14an (igandea), natura ezagutu eta hartaz ikasi eta gozatzeko

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak prospekzio biologikoko jardunaldi bat —nazioartean BioBlitz deitu ohi zaio horri— antolatu du datorren astebururako, Salburuko hezeguneak interpretatzeko Ataria zentroa inauguratu zeneko hamargarren urteurrena ospatzeko. “Herritarren Zientziaren alorreko jarduera da, natura ezagutzeko; flora eta fauna ikertzen duten zientzialariak ahalik eta bizidun gehien identifikatzen saiatuko dira Salburuko hezeguneen kontserbazio-eremu berezian, Gasteizko Eraztun Berdearen barruan. Herritarrak erronka horrekin bat egitera gonbidatzen ditut, beren aletxoa jar dezaten gure Eraztun Berdeko espezieen inbentarioa osatzeko. Aukera paregabea da gure natura ondarea ezagutzeko”, azaldu du Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren zinegotzi Ana Oregik.

Taxon ezberdinetako espezialisten eskutik eta boluntarioek lagunduta —zaleak zein aurretik ezagutzarik ez dutenak—, ahalik eta animalia, landare eta liken espezie gehien identifikatzea da helburua eta, aldi berean, landa-azterlan zientifikorako teknikei buruz ikastea.

BioBlitz-a natura ezagutzeko lankidetzazko eta jai giroko ekitaldia da, zeinean eremu jakin batean dauden bizidun guztiak identifikatzen baitira 24 orduz. Azken batean, “BioBlitz-a prestatzeko, ikasteko eta parte hartzeko ekintza da, hiriko natura behatu eta ezagutzeko interesa duten pertsona guztientzat ”, azaldu du Atariko koordinatzaile Gorka Belamendiak.

2019ko uztailaren 13an eta 14an garatuko dute natura ikertzeko proiektu hori espezialistek eta gainerako parte-hartzaileek, Salburuko parkean.

Hain zuzen ere, Ataria interpretazio zentroaren hamargarren urteurrena bete delako aukeratu da Salburuko parkea lehen edizioa egiteko; han jarriko da estazio-basea, boluntarioak elkartu eta laginak hartzen hasteko. Orobat, errolden eboluzioari buruzko informazioa emango da, denbora errealean.

Salburuko hezeguneen KEB/HKEB biodibertsitate handiko lekua da, klima atlantiko eta mediterraneoaren arteko trantsizio zona batean baitago, eta gune estrategikoa baita hegaztien migrazio paserako. KEB/HKEBak 200 ha ditu, eta Gasteizko Eraztun Berdearen barruan dago.  Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren zinegotzi Ana Oregik azaldu duenez, “aukera paregabea da Gasteiz inguratzen duten alderdien inbentario biologikoa handitzeko, eta Salburuko parkeak duen biodibertsitatea ezagutarazteko. Haren hitzetan, “BioBlitz honen helburu garrantzitsuenetako bat da bi egunetan biltzen diren datuak espazio horretako biodibertsitatearen zerrenda egiteko baliatzea, eta beste zientzialari batzuek; hartara, berdeguneen kudeatzaileek, politikariek eta herritarrek oro har erabili ahalko dituzte datu horiek, biodibertsitateari buruzko azterlan xeheagoak egiteko“.

Nahi duen orok har dezake parte BioBlitz-ean, bai beren kabuz laginketak eginez, bai gidatutako laginketetako batean sartuz. Laginketetan parte hartzeko, aldez aurretik izena ematea komeni da, posta elektroniko honetan:  ataria@vitoria-gasteiz.org.

Informazio gehiago

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:41

Proiektu artistikoak lantzeko 2018ko deialdiaren barruko lan hori indarkeria sinbolikoan oinarritzen da

Iñaki Gracenearen “Modelo eta Praktika (disciplinar)” erakusketa uztailaren 5etik irailaren 22ra arte ikusi ahalko da Montehermoso kulturuneko ur biltegian; proiektu artistikoak lantzeko 2018ko deialdiaren barruan aukeratu zuten proiektua, eta gaur aurkeztu du egileak, Kultura eta Gizarte Etxeen zinegotzi Estíbaliz Cantorekin batera.

Kontrol egiturek sortzen dituzten irudiak zalantzan jartzea da  “Modelo eta praktika (disciplinar)” erakusketaren ardatz nagusia, zehazki, kontrolaren arkitektura eta espetxeen arkitekturaren historia.

Azken proiektuetan, indarkeria sinbolikoaren inguruan jardun du egileak. Indarkeria mota horretan ez da indar fisikoa zuzenean erabiltzen, menderatzaileek menderatuak jazarriz baizik; inposizio horrek hainbat tresna baliatzen ditu: arkitektura, arauak, ezarritako errutina, munduaren ikuskera, gizarte rolak, kategoria kognitiboak eta pentsamendu egiturak.

Sailkapenaren ideian oinarritutako lan multzo batek osatzen du erakusketa. Ibilbidea Gasteizko garai bateko kartzelatik abiatzen da, estatuan eraikitako lehen kartzela zelularra izan baitzen, eta ur biltegian barrena hedatzen da, lanen arteko erlazio ezberdinak ahalbidetuz, bildumaren ideia abiapuntutzat hartuta.

Iñaki Gracenea

Iñaki Gracenea (Donostia, 1972) Arte Ederretako lizentziaduna da (EHU, 1990-95). 1997tik 2000ra bitartean egoiliarra izan zen Artelekun (Donostia). Transfer proiektuaren barruan Kunsthaus Essen zentroan aritu zen (2000). 2001-2002 ikasturtean Botín beka lortu zuen, International Studio and Curatorial Program-en (New York) egoiliar izateko. 2009an “Código Error” lantegia eman zuen Artelekun. 2010ean Fúnf Cams proiektua garatu zuen Berlinen, Madrilgo Autonomia Erkidegoaren arte plastikoen bekari esker. 2013an Andratx-eko (Mallorca) CCA zentroko programan parte hartu zuen. 2015ean egoilar izan zen CUNY-New Yorkeko Unibertsitateko John Jay College-ko Lloyd Sealy Library-n, eta Erromako Espainiaren Akademiaren beka lortu zuen.

Banakako eta taldeko erakusketa ugari egin ditu, eta hainbat museo eta zentrotako bildumetan dute haren lanen bat, Artiumen, esaterako.

Share