Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  15 uztaila 2019 17:05

Kultura eragileak eta sortzaileak trebatzeko Arabako programan 14 ikaslek parte hartu dute hilabete eta erdian

Kultura eragileak eta sortzaileak trebatzeko Arabako ‘Trans_Foko’ programa, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak antolatua, gaur amaitu da, parte-hartzaileek egindako lanen azken aurkezpenarekin. Azken hilabete eta erdian, guztira 14 lagunek parte hartu dute ikastaro batean, zeinaren helburua izan baita beren lanbide garapena bultzatzea, beren proiektuak taxutzeko eta kudeatzeko tresna eta baliabidez hornituz.

Jardunaldi bat egin da, zeinean parte hartu baitute Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak eta Estibaliz Canto Gasteizko Udaleko Kultura eta Gizarte Etxeetako zinegotziak, eta hartan, ikasleek egindako lanak aurkeztu dituzte, askotariko gaiei buruz —besteak beste, identitatea eta esparru estrategikoa; kultura marketina, eskaintza eta negozio eredua; komunikazioa; eta finantziazioa— jaso duten prestakuntza oinarritzat hartuta egin dituztenak.

‘Trans_Foko’ programan izen handiko hizlariak izan dira, hala nola Carmelo Rodríguez (Enorme Studio, Madril), Inés Enciso (Primera Toma konpainiaren sortzaile eta zuzendarietako bat eta Campeones laneko castingaren arduraduna eta coach-a), Eduardo Hermida (Ferroleko Las Meninas de Canido kultura elkartearen lehendakaria) eta Fundación Goteo (crowdfunding-a sustatzeko erakundea).

Share
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   17:00

Prentsaurrekoa. Udal gaur egungo gaiak

Parte hartzaileak. Alkateorde Maider Etxebarria

Eguna. Asteartea, uztailak 16

Ordua. 10:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

—————————————

Prentsaurrekoa. 2019ko Andre Maria Zuriaren jaietako pregoilaria aurkeztea

Parte hartzaileak. Alkateorde Maider Etxebarria; Kultura eta Gizarte Etxeen zinegotzi Estibaliz Canto era Kepa Sojo

Eguna. Asteartea, uztailak 16

Ordua. 10:50

Tokia. Montehermoso Kulturunea, Falerina lorategia

———————————————

Prentsaurrekoa. Vitoria-Gasteizko XI. Telebista Jaialdia eta ‘Ponle Freno’ lasterketa aurkeztea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; Telebista Jaialdiaren zuzendari Joseba Fiestras; eta PONLE FRENO lasterketa zirkuituko enbaxadore Martin Fiz

Eguna. Asteartea, uztailak 16

Ordua. 11:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share
Kategoriak: Fotonotizia  —  Etiketak: , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:06

 

Gaur goizean izan da atzo jokatu zen Gasteizko Ironmaneko sariak banatzeko ekitaldia, Europa jauregian. Irabazle izan dira Eneko LLanos gasteiztarra gizonezko profesionalen sailean, eta Heather Jackson estatubatuarra emakumezkoen artean.

Gorka Urtaran alkatea eta Maider Etxebarria alkateordeak hartu dute parte –beste agintari eta erakunde-ordezkari batzuekin batera– 53 herrialdetako 2.100 atleta baino gehiago biltzea lortu duen kirol probako sariak banatzeko ekitaldian.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:37

Programak, uztailaren 16tik 26ra arte, zinema protagonista duten hainbat jarduera eskaintzen ditu dohainik

Zinelekuk (ikus-entzunezko prestakuntza, ekoizpen eta agerketarako programa) bihar hasiko du jendeari irekitako bere agenda, solasaldi, film emanaldi eta performance-ekin. Jarduera programa hori erabat doan izango da, eta sektoreko hainbat profesional aipagarri izango ditu partaide, produktore eta zuzendariak, besteak beste.

Zineleku Arabako Gazteriaren Foru Erakundeak antolatzen du Gasteizko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren lankidetzarekin.

Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak, Miren Fernández de Landa Gasteizko Udaleko Gazteria zinegotziak eta programaren zuzendaria den Ricardo del Condek gaur aurkeztu dituzte jarduera horiek prentsaurreko batean. Gasteizko hainbat tokitan egingo dira, hala nola Artium Museoa, Baratza aretoa, Montehermoso Kulturunea, El Jardín de Falerina eta Zabalganeko gizarte etxeko zabaldegia.

Zinelekuren agenda irekiaren barruan, hemengo eta nazioarteko filmak emango dira, horien artean titulu ezagunak, hala nola Eugenio Miraren ‘Grand Piano’ (Elijah Wood), Koldo Serraren ‘70 Binladens’ (Emma Suárez) eta Diana Toucedoren ‘Trinta Lumes’, bai eta proposamen esperimentalak ere, esaterako Jonas Truebaren ‘Quién lo Impide’ film anizkuna eta Alfredo Costa Monteiro artistaren ‘Auscultare’ entzute-saio kolektiboa.

Emanaldi zikloa osatzeko, bi film hauek emango dira: ‘Gure Oroitzapenak’, Maider Oleaga eta Oskar Alegriarekin, eta ‘Tomboy’. Gainera, Zinelekuk, laugarren edizio honetan, hiriko auzoetara eramango du bere agenda irekia, eta ‘Young and Beautiful’ emango da Zabalganeko gizarte etxeko zabaldegian, bertan Marina Lameiro zuzendaria eta Diana Toucedo muntatzailea izango direla.

Solasaldiak profesionalekin

Zinelekuk solasaldiak ere eskaintzen ditu, gogoeta eta ikaskuntza guneak sortzeko asmoz. Haietan, programatutako filmetan lan egin duten zenbait profesionalek hartuko dute parte, hala nola Eugenio Mira zuzendaria (Grand Piano) eta Nahikari Ipiña (70 Binladens) eta Diana Toucedo produktoreak. Beste gonbidatu batzuek beren gogoetak azalduko dituzte zinema militanteaz (Arantza Santesteban), argazki kamerak indarkeriaren inguruan duen ahalmenaz (Marina Azahua) edo injustizien kontrako indarkeria gertaerak dokumentatzeko moduaz (Heriberto Paredes eta Ricardo del Conde).

Agenda irekia Zineleku programan parte hartzen duten gazteen lanekin osatuko da: sorkuntza-lan kolektibo bat Erdi Aroko hirigunean, eta egindako film laburren emanaldia amaiera-festaren egunean, El Jardín de Falerina-n.

“Buru kritikoak eta sortzaileak sustatu eta elikatu nahi ditugu, Gasteiz beste ikuspuntu batetik irakurri eta interpretatzeko gai direnak, eta zinemaren eta kideko arteen tresnak erabiltzen dituztenak hiriari buruzko beren bertsioa emateko. Horregatik, haien lanaren aurkezpenak aurten zinema hedatu, ausart eta diziplinartekoaren ukitua du. Uztailaren 24an eta 26an, hitzordua dugu haien lanekin”, adierazi du Ricardo del Condek.

Argibide, ordutegi eta egoitza guztiak hemen: zineleku.org

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:30

Identitate digital berria aurkeztu da, komunikazio-estrategiarekin batera, barne hartzen dituelarik bloga, sare sozialak eta buletin elektronikoa, eragile, proiektu eta espazio pribatu nahiz publikoak ezagutzera emateko espazio komun gisa

Maider Etxebarria alkateordek eta Kultura eta Gizarte Etxeen zinegotzi Estibaliz Cantok aurkeztu dute, prentsaurrekoan, kultur komunikaziorako estrategia digital berria, hiriko Kultura Plan Estrategikoan jasotako eskakizun bati erantzuteko sortua: kultur zabalkundearen hobekuntza.

“Identitate propioa izango duen hiria eraikitzea da —adierazi du Etxebarriak— eratu dugun gobernuaren sei zutabeetako bat; mundura irekia, bizia, dinamikoa, harro egoteko modukoa, eta, zalantzarik gabe, gasteiztarrok harro egoteko dugun elementuetako bat kultura da, eta merezi duen munta aitortu nahi dio gobernu honek, zabalkundearen zutabea bultzatzea barne hartuta.

Bestalde, Cantok azaldu du hau dela estrategia berriaren xedea: “eragile, proiektu eta espazio pribatu nahiz publikoak ezagutzera emateko espazio komun bat sortzea, eta Gasteizen kulturarekin interesatuta daudenen komunitatea sendotzea; parte-hartzea, kultur  kontsumo eta kultura elkarrekin eraikitzeko eztabaida demokratikoa sustatzea; kultur eragileen eskaintzak ezagutzea, baita haien eskaerak ere; jardueren garapenean laguntzea, eta beste.”

GO Gasteiz Kultura

Aurrerantzean hiriko kulturari lagun egingo dion logotipoaren bidez ikusgai egiten da estrategia digital hori.

“GO” hitzak, zeinek Gasteizen G letra baitauka, bat egiten duten lau esanahirekin egiten du jolas.

  • Gobernua: Tokiko gobernantza da planaren ekintzetako bat.
  • Gogoa: Pentsamendua, oroimena, oroitzapena, desira, borondatea, nahia.
  • Gogue: mendean erabilitakoa hitza da; poza, bozkarioa du esanahi.
  • Go-Go: Ingelesezko substantiboa, zeinek azkar joatea, aktiboa, bultzada, dinamismoa esan nahi baitu.

“Go Gasteiz Kultura” da izena, eta honelakoa da logotipoa: hiru hitzak, bertikalean jarrita eta bi lerrok banatuta. Kolorea berdea da (gertuko herrietatik bereiz). Hondoa zirkulu bat da, osotasuna eta batasun-sentimendua irudikatzeko. Eta aukeratutako kolorea berdea da; izan ere, ingurumenarekin, iraunkortasunarekin eta Green Capitalarekin lotzen da Gasteiz.

Kanalak

Hauek dira estrategiak hasiera batean baliatuko dituen kanalak: eduki propioen blog bat, sare sozialetako profil berriak eta buletin elektroniko bat, horiek dira ekimena inplementatzeko lehen fasean aktibatu diren kanalak, apurka haziz joango direnak.

  • Bloga: Espazio berri bat jarri da abian, blog formatuarekin, gasteizkultura.org  helbidean. Hainbat atalen bitartez, eduki propioa jasotzen du plataforma horrek, nagusiki Gasteizko eta inguruko artearen eta kulturaren sektoreko eragileak, espazioak eta proiektuak ezagutarazteko. Era berean, sektorearekin zerikusia duten interes orokorreko gaien inguruko elkarrizketak eta erreportajeak eskainiko dira blogean, baita artea eta kultura bizitzaren beste esparru batzuen zeharkako osagaitzat jotzen direneko beste gai batzuen ingurukoak ere.
  • Sare sozialak: Profil berriak aktibatuko dira Facebook eta Instagram kanaletan, eta Twitterreko Denon Kultura kanalean lehendik dagoen komunitatea handitzeko lan egingo da. Go Gasteiz Kultura (@GasteizKultura) izenarekin batuko dira kanal guztiak. Orobat jarriko da abaian erreprodukzio-zerrenda berri bat Gasteizko Udalaren Youtube kanalean, Go Gasteiz Kultura izenarekin.
  • Buletin elektronikoa: Aurki, buletin elektronikoak bidaltzeko zerbitzu bat aktibatuko da. Edonork eman dezake izena dagoeneko, bai blogean bai Gasteizko Udalaren kultura-webgunean jarri den erregistro-formularioa baliatuz.

Kulturan interesatuta dauden pertsonen komunitate bat sortzea xede duen estrategia digitalaren barruan burutzen diren ekintza guztietan erabiliko da #GoGasteizKultura hashtaga. Esan beharra dago ekimenak eragile, espazio eta proiektu publikoak nahiz pribatuak integratu eta ezagutaraz ditzan lan egingo dela, begirada herritarren kultura-partaidetzan eta -esperientzian jarrita.

Faseak

Go Gasteiz Kulturaren lehen garapena 2021ra arte dago aurreikusia, hiriko Kultura Plan Estrategikoarekin bat eginik. Horrela, gaurtik eta ordura arte, modu progresiboan joango dira ezartzen bai kanalak eta bai edukiak, beti ere kulturaren sektorearen eta herritarren interesetara moldatzen ahaleginduz.

Sarreren zozketa

Ostegunetik aurrera —uztailak 18—, eta bi astez, Goyo Jiménez komikoak abuztuaren 8an, 22:30ean, Principal antzokian eskainiko duen Aiguantulivinamérica 2 ikuskizunerako bi sarrera bikoitzen zozketa egingo du Go Gasteiz Kulturak Facebookeko bere profilean.

#GoGasteizKulturaren barruan egingo den lehen zozketa izango da.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:50

13 egunez, garbiketa-lantaldeak arreta guztia jarriko dute hustubideak eta estolda-sarea garbitzen, kaleetako zorua sakon garbitzen eta kartel eta pintaketak kentzen 

Prebentzio-lan hauen helburu nagusia jaietan zehar gehiegizko zikinkeria pilatu dadila ekiditea da

Gaurtik hasita, garbiketa-saio intentsiboei ekingo diete garbiketa-taldeek, hiria Andre Maria Zuriaren jaiak Andre Maria Zuriaren jaietarako prestatzeko. 13 egunez, arreta guztia jarriko dute hustubideak eta estolda-sarea garbitzen, kaleetako zorua sakon garbitzen eta kartel eta pintaketak kentzen, besteak beste.

Izan ere, aste hauetako jarduera garrantzitsuenetako batzuk prebentzio-garbialdia dira, erdialdeko kaleak prestatzeko, hartara jaietan ohikoaz gain, gehiegizko zikinkeria pilatu dadin ekiditeko, eta hustubideak behar bezain txukun egon daitezen, garbitzaileen lana eraginkorra izan dadin.

“Uztaileko azken egunak eta abuztuko lehenak oso intentsuak ohi dira Gasteizen. Santiago Egunak, bezperek eta, batez ere Andre Maria Zuriaren ohorezko jaiek elkartzeko eta ospatzeko leku bihurtzen dituzte Gasteizko kaleak, musika eta giro oneko leku. Baina jarduera horiek guztiek eragin handia dute hiriaren gainean, eta bertako kale eta plazak egoera onean edukitzea funtsezkoa da herritarrek gozatu ahal dezaten, azpimarratu du Ingurumen Plangintza eta Kudeaketaren zinegotzi César Fernandez de Landak.

Hauek dira garbituko diren lekuak eta gutxi gorabeherako datak (betiere lantaldeen errendimenduaren arabera):

  • Uztailak 15, astelehena: Dato kalea eta Geltoki plaza.
  • Uztailak 16, asteartea: San Prudentzio kalea eta Arka plaza.
  • Uztailak 17, asteazkena: Andre Maria Zuriaren plaza, Loma Jeneralaren plaza, Prado kalea.
  • Uztailak 18, osteguna: Baratxuri azoka egiten den alderdia.
  • Uztailak 19, ostirala: Erdi Aroko hiriguneko mendebaldeko malda.
  • Uztailak 22, astelehena: Santa Maria katedrala eta Erdi Aroko hiriguneko goi aldea.
  • Uztailak 23, asteartea: Posta kalea, Independentzia kalea, Foru kalea eta Foru plaza.
  • Uztailak 24, asteazkena: Alaba Jeneralaren kalea, Foru kalea eta San Antonio kalea.
  • Uztailak 26, ostirala: Baratxuri azoka egiten den alderdia.
  • Uztailak 29, astelehena:
  • Uztailak 31, asteazkena: Bake kalea, Ramon Ortiz de Zarate kalea eta babesgabetuen plaza
  • Abuztuak 1, osteguna: Foru kalea, San Prudentzio kalea eta San Antonio kalea
  • Abuztuak 2, ostirala: Santa Maria katedrala eta Erdi Aroko hiriguneko goi aldea.

 

Pixaren aurkako babesa 27 lekutan

Gainera, eta jai guneen higienea zaintzeko, pixaren aurkako produktu bat aplikatuko da –laugarren urtez segidan– gizalegez besteko jokabide horren ondorioak gehian pairatzen dituzten eraikinetan, hiriaren 27 lekutan.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:25

 

63.000 euroko ekarpena egingo dio Udalak Euskaltzaindiari

 

 

 

Gasteizko Udalak eta Euskaltzaindiak hitzarmena sinatuko dute gaur goizean, bi instituzioen arteko elkarlana sendotu eta hirian euskararen erabilera bultzatzeko. Gorka Urtaran alkateak eta Euskaltzaindiko lehendakari Andres Urrutiak sinatu dute akordioa, udaletxean egin den ekitaldi publikoan. Horrenbestez, 63.000 euroko ekarpena egingo dio Udalak Euskal Akademiari.

Udalbatzak eta Euskaltzaindiak 1996ko irailean sinatu zuten horrelako lehenengo lankidetza-hitzarmena. Geroztik, urtero berritzen dute lankidetza-konpromisoa. Alde batetik, Akademiak aholkularitza linguistikoa eskaintzen dio Udalari. Bestetik, udalerriko toponimia proiektuan lanean jarraitzen dute.

Urte horietan guztietan Euskaltzaindiarekin izandako lankidetza azpimarratu du Gorka Urtaran alkateak, “hirian euskararen ezagutza eta erabilera areagotzen lagundu baitiguzue. Gasteizek, Euskadiko hiriburua den aldetik, euskararen hiriburua izan behar du. Gure hizkuntzarekin konprometituta gaude; lehentasun bat da guretzat. Herritarren hizkuntza-eskubideak betetzen direla bermatzeko lan egin behar dugu, eta euskara, gure harribitxi nagusietako bat, gero eta gehiago entzun dadin kaleetan”. Zorionak eman dizkio alkateak Euskaltzaindiari, mendeurrena ospatzen baitu aurten.

“Beste behin berresten da Gasteizko Udalaren eta Euskaltzaindiaren arteko aspaldiko elkarlana, hirian eta Araba osoan euskara eta euskal kultura sustatzeko baliagarria izango dena. Gai zehatzetan eginen dugu lan, toponimian eta euskalgintzan batez ere”, esan du Andres Urrutiak.

Hurrengo lanak

Akordioari esker, Elena Martínez de Madinak koordinatzen dituen Gasteizko toponimiaren inguruko lanekin jarraituko da. Aurten, Jungitu, Zerio, Estibaliz, Lubinau eta Uribarri Arratzua toponimoen deskribapenak sakonduko dira. Era berean, Arratzua III (Jungitu, Zerio, Estibaliz, Uribarri, Arratzua, Matauku, Oritia, Ilarratza, Lubinau) argitalpenean agertuko diren toponimoei dagozkien testuen behin behineko idazkuntza egingo da, eta mapak prestatuko. Gainera, Dibiña I datu-basea prestatzen hasiko dira.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   10:30

Andre Maria Zuriaren Jaiak direla eta, Protokolo eta Erakunde Komunikaziorako Zerbitzuak hau jakinarazten du:

Akreditazioa: Jaiei buruzko informazioa emateko, hedabideetako kazetariek, kazetari grafikoek eta teknikariek urte osoan udal eraikinetan sartzea ahalbidetzen dien akreditazio txartela eduki beharko dute, eta une oro ikusteko moduan eraman.

* Kazetariren batek edo hedabideetako profesionalen batek akreditaziorik ez badu, edo iraungita badu, vperales@vitoria-gasteiz.org helbidean eskatu beharko du, izen-deiturak, NAN zenbakia (hizkiaz), kargua eta agiri tamainako argazki digitalizatua erantsiz.

Akreditazio berriak eskatzeko  azken eguna uztailaren 31 (asteazkena) izango da.

Akreditazioak Komunikazio Atalean jaso ahalko dira –prentsa-aretoaren ondoan– abuztuaren 2ra arte (ostirala), goizez bakarrik.

–      Abuztuak 4. Zeledonen jaitsiera:

San Migel elizako balkoia:

– Balkoian lekuak mugatuak dira, beraz, komunikabideek Komunikazio eta Informazio Bulegoari jakinarazi beharko diote guztira zenbat profesional (kazetariak,  argazkilariak, kamerak edo soinu teknikariak) izendatu dituzten Zeledonen jaitsieran egoteko.

– Profesional grafikoek plataforma bat izango dute ekitaldia jarraitzeko, eta komunikabideek seinale banatzailea izango dute, ohiko lekuan.

– Akreditaziorik ez duten kazetariei ez zaie sartzen utziko, eta hedabide bakoitzeko profesional kopurua kontrolatuko da.

Mateo Moraza kalea-Andre Maria Zuriaren plaza. Ertz horretan hesitutako  gunea:

– Zuzeneko emanaldiak egiteko ekipoak gune horretan instalatu nahi dituzten hedabideek posta elektronikoz eskatu beharko dute, helbide honetara idatziz: mvega@vitoria-gasteiz.org

– Kontuan izan beharko dute lekua mugatua dela, eta Udalak soinua indartzeko jartzen dituen ekipoekin partekatuko dutela.

– Uztailaren 31 (asteazkena) igaro ondoren igorritako eskabideak ez dira onartuko.

–  Suziriaren jaurtiketa bukatu ondoren, ahalik eta azkarren kendu beharko dira ibilgailuak eta instalatutako ekipoak.

–       Azaroak 7. Edurne eta Zeledon Txikiren jaitsiera:

Iaz bezala, Andre Maria Zuriaren plazan egingo da Edurne eta Zeledon Txikiren jaitsiera, eta San Migeleko balkoitik egingo dute agurra; horrenbestez, ekitaldi horren berri emateaz arduratzen diren kazetari, argazkilari eta teknikariek hilaren 4rako ezarritako baldintza berak bete beharko dituzte.

– Ez dute inola ere elkarrizketarik egiterik izango Edurne eta Zeledon Txiki pertsonaiak irudikatzen dituzten umeei, ez Andre Maria Zuriaren plaza gurutzatzen ari direnean, ezta balkoian ere, ekitaldia bukatu arte.

– Unitate mugikorrak eta prentsa set-ak: jaiek iraun bitartean oinezkoen alderdian sartu ahalko dira, baldin eta pertsonen zirkulazioa eragozten ez badute, baina ibilgailuak behar bezala errotulatuta edo identifikatuta egotea gomendatzen da. Bake kalearen eta Errege atearen arteko bidegurutzetik baino ez dira sartuko, zamalanetarako ordutegian (7:00etatik 13:00etara).

Bide publikoan prentsa set-ik jarri nahi bada, hedabideek dagokion baimena eskatu beharko dute, lekua, azalera, espazioa mugatzeko modua eta egunak zehaztuz.

Unitate mugikorrak jartzeko baimenak registro2.policia@vitoria-gasteiz.org helbidean eskatu behar dira; prentsa set-ak jartzeko baimena, mvega@vitoria-gasteiz.org helbidean, baimena tramitatzeko nahikoa denboraz.

Kontzertuak eta musika emanaldiak: kontzertuak edo musika ikuskizunak grabatu nahi badira, bakarrik 10 minutu grabatu ahalko da, eta 3 minutuz eman, hala agintzen baitu Sociedad General de Autores elkarteak. Ikuskizunetako segurtasun zerbitzuak zainduko du hori betetzen den.

 

Share