Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  5 uztaila 2019 17:00

EAJ-PNV eta PSE-EEren arteko Vitoria-Gasteizerako gobernu akordioa sinatzea eta aurkeztea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; PSE-EE udal taldeko bozeramaile Maider Etxebarria; EAJ-PNVren Araba Buru Batzarreko presidente Jose Antonio Suso; eta Arabako PSE-EEko idazkari nagusi Cristina González

Eguna. Astelehena, uztailak 8

Ordua. 10:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

————————————

IX Congreso de la Sociedad Española de Química Terapéutica, SEDT biltzarrari hasiera ematea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Astelehena, uztailak 8

Ordua. 18:00

Tokia. Farmazia Fakultateko areto nagusia

Share
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   15:30

Larunbata, uztailak 6

  • Alkateorde Maider Etxebarria Las Cuatro Torres elkarteak antolatu duen adineko pertsonen topaketan izango da 11:00etan, Bastidan.
  • Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lópezek parte hartuko du ‘Survivor Race’ oztopo-lasterketako sari-banaketan 11:00etan, Mendizabalako aparkalekuan.

 

Igandea, uztailak 7

  • Alkateorde Maider Etxebarriak eta Felipe Garcíak, eta zinegotzi Miren Fernández de Landak parte hartuko dute San Fermin jaia dela eta, Hogar Navarrok antolatu dituen ekitaldietan Santa Kruz kaperan, Aldabe gizarte etxean eta Hogar Navarroren egoitzan bertan.
Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:27

Udaltzaingoaren Agenteek 52 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo bere amari eta anaiari mehatxuak eta irainak egiteagatik, eta azken horri heriotza-mehatxuak ere egin zizkion, Zaramaga auzoan duen etxebizitzan.

Gertaera horiek 15:30ak aldera izan ziren, eztabaida batean. Erakusten ari zen oldarkortasunaren aurrean, haren senitartekoek 092 zenbakira deitu zuten, polizia etor zedila eskatzeko.

Amak eta anaiak lehenago ere jarria zuten atxilotuaren aurkako salaketa, tratu txar psikologikoengatik. Gaur goizean, Guardiako Epaitegian izapide egokiak bete ondoren, epailearen esku geratu da.

Istripuak

Atzo Gasteizko Taldearen kalean gertatutako harrapaketa baten nondik norakoak ikertzen ari da argiketa-talde bat; istripu horretan, auto bat zegoen nahastuta, eta oinez zihoan 65 urteko emakume bat zauritu zen; anbulantzia batek Santiago Ospitalera eraman zuen gero.

Bizikletaz zihoazen 13 eta 15 urteko bi mutil gazte zaurituta geratu ziren atzo, beste auto bat nahastuta zegoen istripu batean. Adingabeen tutoreak arduratu ziren bi gazteez eta uko egin zioten laguntza medikoari.

Udaltzaingoak beste 16 trafiko-istriputan esku hartu zuen, baina ez zen zauriturik izan, eta 47 urteko emakume bat ikertzen ari dira edari alkoholdunen eraginpean gidatzeagatik, gaur goizaldean Astronomoen kalean aparkatuta zegoen ibilgailu baten aurkako talka batean nahastuta ibili ondoren.

Udaltzainek 11 salaketa izapidetu zituzten atzo eta polizia judizialaren 11 jarduera egin zituzten.

Alkohol eta drogen kontrola

Udaltzaingoak gaurtik hasi eta datorren ostiralera bitartean –uztailak 12– trafiko-kanpaina berezi bat burutuko du, auto, ziklomotor eta bizikleten gidarien artean alkoholemia kontrolatzeko helburuz, baita gidatzeko orduan eragin negatiboak dituzte beste droga edo estupefaziente batzuen kontsumoak ere, horrek istripuak gertatzeko arriskua areagotu egiten baitu.

Udako oporraldiak eta probintziako herri eta toki desberdinetan ospatzen diren jaiek nahiz sanferminek autoz egiten diren bidaien kopurua ugaritzea eragiten dute, eta horrek guztiak justifikatu egiten du 2018-2023 Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Iraunkorrerako Plan Estrategikoan aurreikusitako zaintza eta kontrol arloko jardueren barruan sartzen den kanpaina hau.

Konpresore batek su hartu du

Suhiltzaileek Jundizko enpresa baten deia jaso zuten atzo, konpresoreen gelan sute bat piztu zelako. SPEISeko lantaldeek aparra erabili zuten sua kontrolatzeko. Barruti horretan zeuden hiru konpresoreetatik bat kaltetua geratu zen.

Burgelura ere joan ziren Arabako Suhiltzaileei lastategi bat itzaltzen laguntzera. Hiru suhiltzailek eta zisterna batek osatutako taldea aritu zen sute hori itzaltzen.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:56

Gaurko bileran, agintaldi hasi berrian udal sailak gidatzeaz arduratuko diren zuzendarietako batzuk izendatu ditu Tokiko Gobernu Batzarrak. Gainerakoak laster izendatuko dituzte.

Izendapenetan bada berrikuntzarik, sozialistek kudeatuko dituzten hiru sailetan aurpegi berriak ikusiko baitira.

BLANCA DÍAZ DE DURANAk Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren Sailaren zuzendaritza hartuko du, aurreko arduraduna, Begoña Orcasitas, erretiratu egin baita. Díaz de Duranak ibilbide luzea egin du udalean, eta esperientzia handia du; une honetan Eraikinetako Mantentze Zerbitzuaren burua zen eta, aurretik, Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zuzendaria izana zen.

JAVIER SÁEZ LANAS Herritarren Segurtasunaren zuzendaritzaz arduratuko da, José Antonio Anguianoren ordez. Psikologian lizentziaduna da, eta Funtzio Publikoaren Saileko teknikaria. 2012ko otsailetik azarora bitartean ere jardun zuen gaur hartu duen karguan. Udaltzaingoan agenteak hautatzeko metodologia bat baliozkotzeari buruzko doktore-tesia egin zuen, zeinak “cum laude” kalifikazioa lortu baitzuen.

PACO GALVE izango da Hezkuntza eta Kultura zuzendari berria, Nora Igartuaren ordez, hark aspaldian azaldu baitzuen ez zuela karguan jarraitu nahi. 2010etik “Luis Aranburu” udal musika eskolako zuzendaria izan da. Musikan lizentziaduna da, Hochschule für Musik Nürnberg-Augsburg (Alemania) goi mailako eskolatik, eta ikastetxeen zuzendaritzaren alorreko masterra du, Errioxako Nazioarteko Unibertsitateak emana.

Beste sei zuzendaritza karguetarako orain arte postuetan zeudenak izendatu dituzte:

  • ESTITXU PEREDA, Alkatetzaren eta Erakunde Harremanen Saileko zuzendari nagusia.
  • VIDAL GOROSTIAGA REYES, Ogasun Saileko zuzendari nagusia.
  • FELICIANO PÉREZ, Giza Baliabideen Saileko zuzendari nagusia.
  • AINHOA ETXEANDIA, Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Saileko zuzendari nagusia. Sail sortu berriaren zuzendaritza hartuko du orain arte Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Saileko zuzendari zenak.
  • JÓSE LUIS PÉREZ, “KOTELO”, Herritarren Partaidetzaren, Gardentasunaren eta Gizarte Etxeen Saileko zuzendari nagusia.
  • LORETO ABAIGAR, Aholkularitza Juridikoaren zuzendaria.

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:34

Gorka Urtaranek gogoratu du proiektua lehentasunezkoa dela hiriarentzat, urte asko daramatzala horren zain; beraz, “ez litzateke beste atzerapen bat ulertuko. ADIFek lehenbailehen idatzi behar ditu eraikuntza-proiektuak”.

Gorka Urtaran alkateak kezkatuta dagoela adierazi du, Gasteizen abiadura handia integratzeaz gaur BOEn argitaratu den informazio-azterlanean aurrekontua handitu egin delako; Sustapen Ministerioak azterlana aste honetan argitaratuko zela hitz eman zuen. “Bazen garaia azterlana onetsi eta argitaratu zedin; hala ere, kezkatuta gaude, aurrekontua Ábalos ministroak Gasteizen agindutakoa baino handiagoa baita“, azaldu du alkateak.

Gorka Urtaranek esan du “zerikusia duten gainerako erakundeekin batera” aztertuko duela azterlana: “Ministerioak ematen dituen azalpenak entzungo ditugu. Ikusiko dugu zein epe aurreikusten ari diren benetan, Gasteizen abiadura handia sartzea lehentasunezkoa baita hiriarentzat, funtsezko proiektua, duela urte asko itxaroten dena, eta udal agintaldi honetan ekin behar zaio. Ministerioaren erabateko inplikazioa eskatzen du; beraz, eraikuntza-proiektuak lehenbailehen idazten has dadin galdatzen diogu”.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:31

2019-2020 ikasturterako berrituko dituzte San Ignazio ikastetxeko terrazak. Gaurko bilkuran onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak eraberritzeko obren esleipena, zeinetara 244.054 euro bideratuko baititu Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren Sailak.

Terrazak oso hondatuta daude, batez ere neguko eguraldiaren eraginez. Besteak beste, zoladura berriak jarriko dira, balkoietako sabaiak konponduko eta hustubide berriak egokituko.

Contratación y Ejecución de Obras, SL enpresa arduratuko da lanak egiteaz, 70 eguneko epean.

Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren Sailak hogei obra egingo ditu udan hiriko ikastetxeak egokitzeko, eta aipatutakoa da garestiena. Horretaz gain, ia 15.000 euro erabiliko dira Angel Ganivet ikastetxeko pilotalekuan usoen kontrako sistema instalatzeko, eta 42.062 euro Paulo Freire Helduen Hezkuntza Iraunkorreko zentroko komunak eraberritzeko, Abetxukun.

“Eskoletan jarduerarik ez dagoen garaia baliatzen dugu mantentze lanei ekiteko. Margotze lanak izan ohi dira, edo jolastokiak konpontzeko edo argiztapena aldatu eta led luminariak jartzeko lanak, gure helburuetako bat, zentroetako zerbitzuak hobetzeaz gain, instalazioak iraunkorrago bihurtzea baita”, azaldu du Saileko zinegotzi Borja Rodríguezek.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:28

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak lankidetza-hitzarmen bana lotu ditu Gurutze Gorriarekin eta Zaramagako Emakume Boluntarioen Elkartearekin, adinekoei zuzendutako programak egiteko. Gaur onetsi ditu Udal gobernuak bi hitzarmen horiek.

Lehenak 6.143 euroko zuzkidura du eta, horren bidez, Gurutze Gorriak udal egoitzetan esku hartzeko programa bat garatuko du egoiliarren arteko harremanak eta belaunaldien artekoak sustatzearren. Erakundeko boluntarioek lagun egingo diete adinekoei, bazterketari aurrea hartu eta haien gizarteratzea eta parte hartzea sustatzeko.

Zaramagako Emakume Boluntarioen Elkarteak, berriz,  auzoko emakume erretiratuentzako aisialdi programa garatuko du, zahartze aktiboa sustatu eta bakartze egoerak saihesteko.

Besteak beste, jarduera hauek antolatuko dituzte:

  • Pintura, gakorratz eta mandala lantegiak, eta kultura orokorrari eta gaurko gaiei buruzko lantegia.
  • Emakumearen Eguna ospatzea, txangoak eta beste jarduera puntual batzuk, Zaramagako udal zerbitzuekin batera.

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak 1.400 euro jarriko ditu jarduera horiek egiteko.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:02

Horretaz gain, 766.600 euro erabiliko dira Ariznabarrean, Lakua-Arriagan eta Adurtzan belar artifizialeko geruza jartzeko

Borja Rodríguez zinegotziak gidatzen duen Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren Sailak proposaturik, Olaranbeko  futbol-zelaiaren inguruko hesiak aldatzeko kontratazio-dosierra onetsi du gaur Tokiko Gobernu Batzarrak, 113.968,63 euroan.

Olaranbeko 1. futbol-zelaiko hesia hormigoizkoa da eta, denboraren eraginez, nahiko hondatuta dago. Horrexegatik proposatu da aldatzea.

Oraingo hormigoizko hesia kendu eta altzairu galvanizatuzko itxiera jarriko da perimetroan, gaur eguneko kirol-instalazioetan egin ohi den bezala. Oinezkoentzako hiru sarbide ere egokituko dira zelaian, eta makinentzako sarbidea, hesien antzeko ateak jarriz. Orobat, publizitate-euskarri bat erantsiko zaio itxierari, eta baloiak harrapatzeko sarea, sei metro garai izango dena, baloiak ibaira eror ez daitezen.

Futbol-zelaiak

Aipatutako sailak Ariznabarreko, Lakua-Arriagako eta Adurtzako zelaietan belar artifizialeko geruzak aldatzeko izapideak egiten jarraitzen du, gobernuak futbol taldeei hitzemandakoa betetzearren.

Ariznabarreko futbol-zelaiari dagokionez, astelehenean bertan, hilak 8, sinatuko da kontratua Mondo Ibérica SA adjudikaziodunarekin, 152.995,23 euroan, eta lanak berehala hasiko dira.

Lakua-Arriagako belar geruza aldatzeko lanak, berriz, ekainaren 28an onetsi ziren, eta adjudikaziodunak —aurreko bera— behar den dokumentazioa aurkeztea falta da Gobernu Batzarrak behin betiko esleitu ditzan, 234.071,14 euroan. Lanak uztailaren bukaeran edo abuztuaren hasieran abiatzea aurreikusi da.

Adurtzako belarra aldatzeko lanei dagokienez, kontratazio mahaiak kontratua Alvac SA enpresari 379.532 euroan esleitzeko proposamena egin du, eta hurrengo Tokiko Gobernu Batzarrak onestea espero da, beraz, lanak aurreko kasuan adierazitako garaian hasiko lirateke.

Orotara 766.598,37 euro inbertituko dira belar artifizialeko geruzetan, eta 880.567 euro, hesiak barne hartzen baditugu.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:52

DOSSIERRA RADAR BERRIAK

Gasteizko Udalak bi radar-kabina berri instalatuko ditu datozen asteetan. Nazio Batuen hiribidean, non adingabe baten heriotza ekarri zuen harrapaketa gertatu baitzen urtarrilean, eta Madril kalean jarriko ditu kabinak Trafiko Zerbitzuak. Bi leku horietan bide-segurtasuna handitzeko neurriak dira, inguruetako auzo elkarteek eskatutakoak. “Herritar guztiak, umeengandik hasita adinekoenganaino, hirian segurtasunez ibiltzea nahi dugu. Super-etxadien eredua ezartzen ari gara, eta trafikoa moteltzeko neurriak lantzen. Oraingoan, radar-kabinak jartzea erabaki dugu”, azaldu du Gorka Urtaran alkateak. Horretaz gain, Nazio Batuen hiribidean sakagailua duten semaforoak instalatu dira.

Hiribide horretan bada kabina bat, baina noranzko bat baino ez du kontrolatzen, Jundizerantz doana. Laster gauzatuko den neurriari esker, errepidearen bi noranzkoak kontrolatu ahalko dira.  Hau da, industrialderantz eta erdialderantz doazen erreiak.

Orain Nazio Batuen hiribidean dagoen kabina, berriz, Madril kalera eramango da, Heraclio Alfaro kalearen parera. Garai batean baziren radar-kabinak puntu horretan, baina 2012an Salburua bulebarrera aldatzea erabaki zen. “Harrezkero, oinezkoak kexatu egin dira gidari batzuk oso abiadura azkarrean igarotzen direlako bertatik”, zehaztu du Gasteizko alkateak. Kabina Oreitiasolorako noranzkoan jarriko da.

Orotara, Gasteizek 19 kabina izango ditu hiri osoan banatuta.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:49

Gaur egun hirian egiten ari diren Espazio Publikoaren esparruko hainbat obraren egoeraren inguruko informazioa eman du Gorka Urtaran alkateak gaur goizean. Hain zuzen ere, baieztatu du datorren astean bukatuko direla Peru eta El Salvador kaleetan egiten ari diren obrak. Gaur egun, galtzadak asfaltatzen dihardu lanak egiten ari den enpresak. Hurrengo egunetan, espaloiak eta zerbitzuak bukatuko dituzte, eta pintatze-lanak egingo.

Martxoan hasi ziren bi obrak, eta, bukatzen direlarik, itxura modernoagoa eta oinezkoentzat atseginagoa eskainiko du ingurune horrek. Espaloiak zabaldu ditu Udalak, trafikoa lasaitu, zoladura berritu, zuhaitzak eta hiri-altzariak jarri… “Atseginagoak eta hobeak izango dira El Salvador eta Peru kaleak, erakargarriagoak. Herritarrekin eta hiriko auzoekin dugun konpromisoa bete dugu. Urteak ziren inguruko bizilagunak esku-hartze bat eskatzen ari zirela, eta, guztion artean, aurrera ateratzea lortu dugu”. Milioi bat eurotik gora inbertitu du Urtaranen gobernuak bi proiektu horietan.

Aste honetan bertan, Legutianoko atea berritzeko obrak ere bukatu ditu Udalak, Nafarroako Errege-Erreginen kaletik Zuiako Taldearen kalera bitartean. Trafikoa lasaitzeko, oinezkoen mugikortasuna hobetzeko, garraio publikorako irisgarritasuna hobetzeko eta bidegorria jartzeko neurriak hartu dira inguru horretan.

Gainera, beste urrats bat egin du Tokiko Gobernu Batzarrak Tornay Medikuaren kalea eraberritzeko, eskaintzarik onuragarriena aukeratu duelarik. Aste gutxiren buruan esleitu ahal izango da kontratua, lehenbailehen has daitezen lanak. Kontratuak 1,2 milioiko aurrekontua zuen. Sei enpresa aurkeztu ziren lehiaketara. Eta Kontratazio Mahaiak aukeratu duena Promociones y Pavimentaciones Balgorza izan da. Enpresa honek 997.730,81 eurotan egingo ditu lanak eta 8 hilabeteko epean.

PERU eta SALVADOR LANAK DOSIERRAK

Share

Aurrekoak »