Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  18 uztaila 2019 20:09

Partaidetza eta Gardentasuneko zinegotzi Borja Rodriguez, eta udaleko beste zenbait zinegotzi, fatxadetan muralez osatutako paisaia-proiektuaren barruko mural berriaren inaugurazioan izan dira. Sail hori da proiektuaren kudeatzailea eta, arduradunak, berriz, Verónica Werckmeister, Alexei Lacalle eta auzoko bizilagunak, zeintzuk diseinatzen eta gauzatzen parte hartu duten, proiektuan jaso bezala.

Hogar San José ikastetxeko fatxadan egin da. Ariznabarra auzoan egiten den bigarren murala da, iaz inauguratu baitzen Werckmeisterrek eta Matias Matak Ariznabarra kaleko 25ean egindako beste bat.

 

Share
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   17:00

Prentsaurrekoa. World Tenis Vitoria-Gasteiz 2019 aurkeztea

Parte hartzaileak. Udal Kirol zuzendari Eukeni Martinez; Kultura eta Kirol foru diputatu Ana del Val; La Peña Vitorianako presidente Area de Arana; eta La Peña Vitorianako gerente Alejandro Botella

Eguna. Ostirala, uztailak 19

Ordua. 11:00

Tokia. Círculo Vitorianoko areto nagusia

*12:00etan elastikoa jantziko diote El Caminante eskulturari

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:55

 Bost herrialdetako taldeek parte hartuko dute eta nazioarteko hogei adituk esku hartuko dute, espainian dagoeneko urtean 1.530 milioi euro fakturatzen dituen sektore baten ordezkari gisa

 

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Ramiro González Arabako diputatu nagusiak eta Gorka Urtaran Gasteizko alkateak F2P Campus Vitoria-Gasteiz aurkeztu dute gaur, free-to-play bideojokoen munduko campus-azeleratzaile bakarra, aurten bigarren edizioa betetzen duena. Lehen edizioaren arrakasta ikusirik, datozen bi hilabeteetan Artium Arte Garaikideko Euskal Museoak hartuko du topaketa. Sektoreko nazioarteko adituetako batzuk ekarriko ditu ekimenak Euskadiko hiriburura, eta aipatzekoa da sektore horrek Espainian

dagoeneko urtean 1.530 eurotik gora fakturatzen dituela, eta 6.000 pertsonari baino gehiagori lana ematen diela. 11 herrialdetako 19 hautagaietatik hautatutako 5 taldek, Kanadako, Finlandiako, Errusiako, Serbiako eta Espainiako talde banak, beren bideojoko-proiektuak garatuko dituzte, aditu horien eskutik eta Jon Beltrán de Heredia eta Raúl Herrero zuzendarikideen zuzendaritzapean, azken bi horiek, besteak beste, Commandos bideojoko garrantzitsuaren sorkuntzan parte hartu dutelarik. “Gure ustez, horrelako ekitaldi bati esker, Gasteiz eta Euskadi erreferentziak dira jada bideojokoen industrian oro har eta free-to-play sektorean (jokatzeko ordaindu beharra eskatzen ez duten bideojokoak) bereziki. Hori oso garrantzitsua da, etengabe hedatzen ari den jarduera ekonomikoko nitxo bat den heinean. Izan ere, AEVI Bideojokoen Espainiako Elkartearen azterlanen arabera, 2021erako Espainia osoan 12.000 pertsona egongo dira sektore horretan lanean. Iturri horien arabera, Euskadin gaur egun Espainiako industriaren guztizkoaren % 5etik gora fakturatzen da jada, beste erkidego batzuen atzetik (Katalunia eta Madril daude buruan, alde handiarekin, eta jarraian, atzerago, Valentzia eta Andaluzia)”, Arabako campusaren antolamenduko arduradunek adierazi dutenez.

Bere aldetik, Ramiro González, Arabako diputatu nagusiak azpimarratu du bideo-jokoen arloan diharduten gazteen talentua sustatu beharra dagoela eta F2P Campus bezalako ekimen berritzaileak eredugarriak direla prestakuntza eta negozio arlo horretan “Araba munduan jartzen dutelako”.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak sormenari lotutako arloak bultzatzeak duen garrantzia nabarmendu du: “Kultura eta Sormen Industrien sustapenaren ikuspegitik abiatuta, Euskadiko erakundeetatik ahalegin bat egiten ari gara kulturaren mugetan egon diren sormenari lotutako arloak bultzatzeko. Diseinuaz, modaz, hizkuntzaren industriaz edota bideo-jokoez ari gara. F2P Campusa horren adibide da. Gainera, bideo-jokoen arloak garrantzi berezia dauka, beste kultur arloetan eragiten baitu. Bideo-jokoak egiteko irudigileak, diseinatzaileak, musikariak edota gidoilariak behar dira”.

Alkateak kanpusaren lehenengo edizioaren arrakasta ospatu du. “Orain bigarren edizioa egingo dugu. Ziur gaude kulturaren arloko industriaren eskutik datorrela etorkizuna, enplegua sortzeko eta ekonomia dinamizatzera begira. Gasteizen ekimen hau egitean mundu mailan sektore honek bere begirada gure hirian jartzea lortzen dugu. Horrela gure burua ezagutzera ematen dugu Europako superhiri erreferente bezala. Bide batez, kanpoko talentua erakartzen dugu eta bertakoa iere ndartzen dugu. Gasteiz bideojokoen egileentzat aukera-gune bezala kontsolidatu nahi dugu. Gainera, F2P Kanpus delakoan parte hartu zuten taldeetatik bat gure hirian geratu da lan egiten”, azalea du Gorka Urtaranek.

Red Meat Games (Kanada), Tuokio (Finlandia), Unnyhog (Errusia), PWNRS (Serbia) eta Evil Zeppelin (Bartzelona) dira gaur beren bideojoko-proiektuak aurkeztu eta F2P Campus Vitoria-Gasteiz campusean garatu behar dituzten 5 taldeen izenak. Guztira 11 herrialdetako 19 taldek hartu dute parte hautaketa-prozesu zailean, eta horiexek dira irabazle atera direnak. “Aurten kalitate handiagoa izan da lehen edizioan baino, eta azken erabakia hartzeko lehia ere estuagoa izan da. Finlandiako eta Kanadako zenbait hautagai izan ditugu aurten, eta guretzat hori topaketa honek nazioarte-mailan urtebete eskasean lortu duen arrakastaren adierazgarri da, kontuan hartuta herrialde horiek erreferentziazkoak direla bideojokoen diseinuaren alorrean”, adierazi dute Gasteizko campuseko zuzendarikideek. Gainera, edizio honetan bi talde gehiagok parte hartuko dute saio batzuetan. Batetik, Hunters of Magic taldea dugu, Bilbokoak, eta bestetik, Danimarkako beste talde bat. Hautagaitzarik ez zuten aurkezterik izan

bi talde horiek, 2 hilabeteetan Gasteizen egoteko aukerarik ez zutelako, baina gastuak beren kontura ordainduz bertaratuko dira saio batzuetara, mentoreen kalitatea tarteko.

 

Ekitaldi gehiago herritarrekin eta sinergia gehiago beste toki-ekimen batzuekin

F2P Campus Vitoria-Gasteiz campusak ekitaldi-agenda estua izango du, datorren irailaren 26an azken Demo Day-arekin amaitu arte. Hasi, uztailaren 23an hasiko da, asteartearekin, hitzordu bikoitz baten eskutik. Goizean, Araba Ekinean ekimenarekin elkarlanean, Ekin Breakfast bat izango da, bideojokoen sektorean ekiteko moduaz hitz egiteko; Campuseko zuzendarikideek parte hartuko dute, eta, besteak beste, Euskadin kokatutako bi proiekturen adibideak jarriko dituzte. Batetik, Hypeful Malagako taldea izango dugu, campusaren lehen edizioan parte hartu zuten taldeetako bat, urte-hasieratik egoitza Gasteizera aldatu zutenak eta dagoeneko Erdi Aroko hiriguneko enpresen udal-haztegian lanean ari direnak. Bestetik, Hunters of Magic Bilboko enpresa ere izango da gurekin.

Euren arduradunek bertaratzen direnekin partekatuko dute bideojokoen merkatuaz duten ikuspegia, kontuan hartuta merkatu horrek dagoeneko nabarmen gainditu duela zinemaren eta ikus-entzunezko aisialdiko beste alternatiben merkatua. Hitzordua goizeko 09:30ean izango da Villasuso Jauregian, eta jende guztiarentzat irekia izango da; bertaratu nahi dutenek izena eman behar dute aldez aurretik, Araba Ekinean ekimenaren webgunean: www.alavaemprende.com. Arratsaldean, lehen hitzaldi irekia izango da. Hitzaldi irekiak campusaren iraunaldi osoan barrena antolatuko dira, campusera mentore gisa datozen estatuko eta nazioarteko adituen eskutik. Oraingo honetan Sven Liebich izango da gonbidatua, Arteko lehendakariordea dena Social Point sektoreko enpresa nagusietako batean. Liebich sorkuntza-zuzendaria da, eta 1997az geroztik The Settlers edo Lord of Ultima eta sektorean oso ezagunak diren beste bideojoko batzuk sortzeko prozesuan parte hartu du. Uztailean, abuztuan eta irailean, hitzaldi ireki horiek Dendarabako Luis de Ajuria aretoan eta Sokaren Etxean egingo dira, ospe handiko pertsonen parte-hartzearekin, hala nola Stephane Assadourian edo Eugene Yailenko, Arabako hiriburuan bueltan dauzkagunak iaz ere gurean izan baitziren campuseko parte-hartzaileekin beren ezagutza partekatuz. Lehena Assassins´ Creed saga ospetsuaren sortzaileetako bat da, eta bigarrena, berriz, C.A.T.S., King of Thieves, Cut the Rope 2 eta beste bideojoko batzuen diseinugile burua izan zen. Mentore berrien artean beste aditu batzuk dauzkagu, esaterako Gerard Fernández Omnidroneko CEO eta fundatzailea, edo Carlos Coronado indie garatzailea.

Bigarren edizio honetan parte hartzen dutenek marketinez ikasteko aukera izango dute, halaber, Tilting Point editore amerikar garrantzitsuaren eskutik, urtean 100 milioi dolarretik gorako funtsa daukana plataformetan bideojokoak sustatzeko. “Marketina gabezia handienetako bat da talde hasiberrien artean, eta beraz alderdi hori laguntza handikoa izango da produktuak mundura zabaltzen lagunduko dien heinean”, Jon Beltrán de Herediak adierazi duenez.

Azkenik, Iñaki Amurrio arabarrak ere parte hartuko du F2P Campusean. Zeppelin TVko animazioko burua eta Katsulako zuzendaria da, eta, horrenbestez, Laura Gallego idazlearen “Memorias de Idhun” ipuinean oinarrituta 2020an Neflixek estreinatuko duen animazio-sailaren arduraduna. “Guretzat garrantzi handikoa da toki-industriaren eta campusaren artean sinergiak sortzea, lankidetza horietatik ekimen edo proiektu berriak sor daitezkeelako, animazioa funtsezkoa baita bideojoko bat abiarazteko prozesuan”, Raúl Herrerok azpimarratu duenez.

 

F2P Campus Academy

Alabaina, F2P Campus Vitoria-Gasteiz campusaren bigarren edizioaren berritasun nagusia F2P Campus Academy izango da. Ideia sortu da gazteen artean bideojokoen industriarekin bat egin nahi duten bokazio berriak sortzeko asmoarekin, hainbat alorretan profil espezializatuen premia handituz doala kontuan hartuta. Jende guztiarentzat irekitako tailer horretara bertaratzen direnek beren lehen bideojokoa garatu ahalko dute, aldez aurretik inolako ezagutzarik ez badute ere. Tailerra datorren irailaren 21ean egingo da Sokaren Etxean, baina lehenago, uztailaren 25ean, lehen tailer pilotu bat egingo da, Euskaltel Fundazioak antolatutako Euskal Encounterraren esparruan.

F2P Campus Vitoria-Gasteiz Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak bultzatutako eta BIC Arabak koordinatutako ekimena da. Edizio honetarako babesle pribatu garrantzitsuak ere izango ditu, hala nola Euskaltel Fundazioa, Vital Fundazioa, ENTI Bartzelonako Unibertsitateari atxikitako bideojokoen Unibertsitate Eskola edo Amazon, besteak beste.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:41

1500 profesionaletik gora elkartuko dira Europa jauregian uztailaren 21etik 24ra bitartean.

 

Uztailaren 21etik 24ra bitartean Psikologia Biltzar Nazionala eta International Symposium on Psychological Prevention egingo da Gasteizen, eta hirian egin den nazio mailako topaketarik handiena izango da. Alkateorde eta Ekonomia Sustapenerako zinegotzi Maider Etxeberriak aurkeztu du, gaur, Europa jauregian 1.500 profesionaletik gora bilduko dituen topaketa. Zinegotziarekin batera Batzorde antolatzaileko bi kide izan dira: Alfredo Fernández, Psicofundación-Psikologiaren sustapen eta garapen zientifiko eta profesionalerako Espainiako Fundazioaren idazkaria, eta Isabel Martinez, Psikologiako Kontseilu Nagusiko bokal eta Arabako Psikologoen Elkargo Ofizialeko dekanoa.

Antolatzaileek adierazi dutenez, ekitaldiko laugarren edizio honetan azpimarratu egingo da “psikologia arlo ezberdinetatik landu beharra, baina zientzia bakarraren baitan”.Hauxe izango da lema: “Psikologian ezer ez zaigu arrotz”. Etxebarriak azpimarratu duenez “topaketa honek erakutsi egingo du Gasteiz prest dagoela 30 urte bete dituen Europa jauregian lehen mailako ekitaldiak hartzeko. Udala prest dago bere ekipamenduei etekinik handiena ateratzeko, ekitaldiak erakartzea xede”.

Psicofundación fundazioko idazkari Alfredo Fernandezek biltzarraren programa azpimarratu du, eta oso hitzaldi interesgarriak egongo direla aurreratu; esaterako Virginia Barber adituak uztailaren 22an, 11:50ean emango duena. Nortasunaren nahasmendu antisoziala izango du hizpide. Isabel Martínezek, berriz, hauxe adierazi du: “Arabako psikologoen elkargoak topaketa hau baliatu egingo duela bertaratuen artean probintziako gastronomia eta ondarea zabaltzeko”.

Gai hauek jorratuko dira, besteak beste: joera suizidak, indarkeria matxista, eskola jazarpena eta instagramen erabilera nerabeengan.

Psicofundación fundazioak eta Psikologiako Kontseilu Nagusiak antolatutako biltzar honek Europa jauregi osoa hartuko du, eta antolatzaileez gain, 50 boluntario ere arituko dira. Europa jauregian informazio turistikorako gune bat jarriko da, eta ekitaldia sare sozialetan jarraitu ahalko da,  #CNP2019 traolarekin.

Hitzaldiei dagokienez, Barbara Stanleyrena da irrika handiena piztu duenetakoa. Stanley andrea psikologia medikoan katedraduna da, New Yorkeko Columbia unibertsitatean, eta joera suiziden eta autoerasoetarako joeren arloko aditua da. Bere hitzaldia – ‘Intervenciones para Prevenir el Suicidio: Qué Funciona y Cuál es el Futuro’ – Maria de Maeztu entzunaretoan izango da, uztailaren 22an, 10:40tik 11:40ra.

Jose Ramón Fernández Hermida ere nabarmentzekoa dugu; IV. Biltzar Nagusiko bokala da eta Oviedoko unibertsitateko irakasle titularra.  Bere sinposioa– ‘Estado y situación actual de la prevención de las adicciones’ – uztailaren 24an izango da, Maria de Maeztu entzunaretoan, 9:00etatik 10:30era.

Orobat izango dira biltzarrean María Paz García Vera, Madrileko Gobernuko ordezkari eta biltzarreko lehendakaria, Manuel Martínez Domeneo, Imsersoren zuzendari nagusia, Mercedes Montenegro, Madrileko udaleko adinekoen arloko zuzendari nagusia, eta Emiliano Martín, Madrileko udaleko familia, berdintasun eta ongizatearen alorretako koordinatzaile nagusia.

Biltzarraren egun eta ordutegiak:

  • Uztailak 21, igandea:15:30-19:30.
  • Uztailak 22, astelehena: 09:00-19:50.
    • 20:00 Inaugurazio ekitaldia eta ongi etorriko koktela (20:30).
  • Uztailak 23, asteartea: 09:00-19:50.
  • Uztailak 24, asteazkena: 09:00-17:00.

 

Web-orria: http://www.cnp2019.es/

Antolakuntzako kontaktua: secretaria@cnp2019.es / 91 444 90 20

 

 

 

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:35

 

Udaltzaingoaren Agenteek 32 urteko emakume bat atxilotu zuten atzo Gazalbide auzoan, beraren gainean bilatzeko eta atxilotzeko agindu bat zeukalako, Gasteizko Epaitegi batek emana.

Poliziaren patruila bat leku horretara joan zen, ibilgailu baten barruan drogatzen ari ziren bi pertsonei buruzko informazioa jaso ondoren. Udaltzainek haien datuak aztertu zituztenean, ikusi zuten emakumeak errekisitoria judizial bat zuela indarrean.

Istripuak

Azkeneko hogeita lau orduetan 12 trafiko-istripu gertatu dira, eta horietan 2 pertsona zauritu dira.

12:36an, lur orotako ibilgailu batek, atzerantz aparkatzen ari zela, 90 urteko emakume bat harrapatu zuen Izardui Komandantearen kaleko oinezkoentzako pasabide batean. Edadeko emakumea Santiago Ospitalera eraman zuten.

16:43an, Frai Francisco Ibilbidetik bizikletan zihoan 59 urteko gizonezko bat bizikleta gainetik erori eta zaurituta geratu zen, eta horren ondorioz, anbulantzia batek Santiago Ospitalera eraman zuen.

Udaltzaingoak 25 salaketa erregistratu zituen Agirrelandako polizia-etxean.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:30

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak handitu egin du Udalaren webguneko bisita birtualen kopurua, gizarte-zerbitzuetako profesionalek eta herritarrek oro har ordenagailutik edo gailu mugikorren batetik Udalaren baliabide eta zerbitzuetara “sar” daitezen.

Youtube eta Google Street View plataformen teknologia baliatuz, joan den otsailean abiarazi zen proiektu hau: orain arte Aterpen, Etxe Irekian, Salburua gizarte- eta hezkuntza-zentroan eta Tomas Zumarraga Dohatsuaren kaleko Eguneko Arreta Zerbitzuan sartzeko eta horien instalazioak ezagutzeko aukera ematen zuen.

Bost hilabete geroago, bisita birtualen katalogoa hazi egin da zortziraino, eta aukera emango du beste baliabide hauek ere barrutik ezagutzeko:

  • Zabalganeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzua. Hauxe da Gasteizen dauden 14 Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako bat; horiek Gizarte Zerbitzuen sistemaren lehen sarbidea dira.
  • Lakua-Arriagako Adinekoentzako zentro soziokulturala. Hirian dauden Adinekoentzako 15 zentro soziokulturaletako bat da: horien helburua adineko jendea elkartzeko lekuak dira eta bizikidetza, harremanak eta parte-hartzea bultzatzea da.
  • Bidelan udal-zentroa. Bertan gizarte-hezkuntzaren arloko eta arlo psikosozialeko sostengua emateko lantegiak garatzen dira, okupazio-jarduera baten bitartez garapen eta ongizate pertsonala sustatzeko balio dutenak.
  • Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzuko bulegoa. Bertan haurren babesgabetasunaren aurkako eta haurren partaidetza sustatzeko haurrekin eta beren familiekin garatzeko programak eta baliabideak kudeatzen dira.

“Teknologia berriei esker, bisita birtualak aukera bona dira gizarte alorreko profesionalei zein laguntza-baliabide bat behar duen edonori instalazioak ezagutzen laguntzeko, beraietara joan beharrik gabe; hartara ez da ordutegi-mugarik egongo eta ez da inola ere baliabide horiek erabiltzen dituzten pertsonen intimitate-eskubidea urratuko. Sailean gure zerbitzuak ikusarazi eta herritarrengana hurbiltzen dituen proiektu honetan lanean jarraituko dugu”, esan du Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:18

Gaur hasiko da izena emateko epea jarduera gehienetarako, irailaren 4ra arte; irailaren 5ean egingo da zozketa

Kultura eta Gizarte Etxeen zinegotzi Estíbaliz Cantok eta Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lópezek datorren ikasturtean gizarte etxeetan garatuko den jarduera-programa aurkeztu dute gaur. Orotara 349 jarduera dira, eta lehen hiruhilekorako 35.440 leku eskainiko dira.

Cantok azaldu duenez, programazioa “adin orotako pertsonengana iristeko diseinatu da: hiri osoan banatua, ordutegi zabalarekin, eta gustu orotarako, sarearen filosofiaren ildotik: zuregandik hurbil“.

Gizarte etxeetako jarduera programa_

Livia Lópezek, berriz, azpimarratu du “Gasteizko Udalak denak asebetetzeko egin duen ahalegina. Umeentzako jarduerak ditugu, baita gazte, heldu eta adinekoentzat ere”. Kirol eta Osasun zinegotziak eskaintzako bi berritasun iragarri ditu: goma-paleta eta eskalada eta abentura familian.

Udalaren kirol eskaintza da nabarmengarriena: 24.186 leku eta 86 jarduera  ezberdin. Iazkoaren antzekoa da, eta aipatutako berritasunez gain, doikuntzak egin dira, jarduerak orokorragoak izan daitezen —eta ez modalitate zehatzetan espezializatuak— eta antzemandako beharrei erantzun diezaieten.

Esate baterako, lehen “aerobik” eta “step” izendatutakoen ordez “musikal aerobikoa eta tonifikazioa” sortu da; “batuka-mix” jardueraren ordez, “gaurko erritmoak”; “hasiberrientzako aerobika” jardueraren ordez, “musikaren oinarrira egokitzea”, eta “esferobaloien” ordez, “baloi erraldoiak”.

Kultur ikastaroei dagokienez, hauxe da eskaintza:

Jarduera artistikorako hastapen ikastaroak: 320 ikastaro, 126 espezialitatetan, eta 5.278 leku hiruhileko bakoitzeko. Horien artean bada berritasunik: kaxoi flamenkoa, zirkua, pastel-pintura edo umeentzako ukelelea. Horietaz gain, sendotutako askotariko ikastaroak ditugu: antzerkia, magia, akuarela, photoshop hastapenak, komikia, jazz dantza, Afrikako dantzak, balleta, bertsolaritza, zur-lanketa, gitarra, robotika hezitzailea, zientzia dibertigarria eta abar.

Kultur ikastaroak, teorikoagoak, espezialistek emandakoak, herritarrek hainbat alorretako ezagutzak era didaktikoan eskura ditzaten. 20 ikastaro eta 725 leku eskainiko dira. Batzuk errepikatu egingo dira, eskaera handia baita: astronomia, ardo dastatzea, kriminologia, mikologia eta psikologia soziala. Horietaz gain, hainbat arlotako eskaintza berritzaile eta askotarikoa prestatu da: historia, artearen historia, musika eta zinema, besteak beste.

Gela irekiak. Arte zaletasun bat nork bere kabuz eta monitorerik gabe praktikatzeko espazioak dira. Ez da izena eman behar, erabiltzaile txartela erosi baizik, irailetik aurrera. 27 gela ireki izango dira.

Irakurle klubak. Liburu eta testuei buruzko ideiak partekatzeko taldeak dira, hainbat gairen inguruan antolatuak. Ez dira zozketan sartzen; izena emateko epea irailaren 5ean hasiko da. Orotara bederatzi klub antolatu dira, horietako hiru Udaleko Berdintasun Zerbitzuarekin batera.

Kultur eskaintzaz gain beste jarduera ugari antolatu dira hainbat alorretan:

2019-2020 kanpainan gizarte sustapenerako 112 jarduera eskainiko dira, hiruhileko bakoitzeko 1.800 leku inguru. Haur eta familiei zuzendutako jarduerak dira, baita heldu eta adinekoei ere, ongizate pertsonala hobetu eta sustatzeko. Horiei adinekoentzako zentro soziokulturalek 2019-2020 kanpainarako prestatu duten eskaintza zabala gehitu behar zaie, zeina aurrerago aurkeztuko baita.

Orobat, ludoteka eta ludoklubetan 146 txanda eta 3.248 leku eskainiko dira, 0 eta 11 urte bitarteko haurrentzat.

Euskara sustatzeko, berriz, 1.495 leku eskainiko dira.

Azkenik, hiri-baratzeak eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak antolatutako jarduerak sartzen dira eskaintzan (120 leku); Xtraclubeko jarduerak, 12 eta 18 urte bitarteko neska-mutilentzat, eta elikadura eta osasunari buruzko 30 ikastaro, Osasun Publikoaren Atalak antolatuak (450 leku).

Izen-ematea eta zozketa

Jarduera gehienetan parte hartzeko aldez aurretik izena eman beharko da, eta lekuak esleitzeko zozketara arte itxaron.

Izena emateko epea uztailaren 18an (osteguna) hasi eta irailaren 4a arte iraungo du. Bide hauek erabil daitezke: udalaren web-orrian; telefonoz, 010 telefono zenbakian; edo zuzenean, udalaren kirol instalazioetan, gizarte etxeetan eta herritarrei laguntzeko bulegoetan.

Irailaren 5ean izango da zozketa, 11:00etan.

Ikastaro batzuetan —Euskara eta Berdintasun zerbitzuek eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak antolatutakoak eta kirol eta kultur jarduera zenbait eta gizarte sustapeneko jarduera batzuk— izen-ematearen hurrenkeraren arabera esleituko dira lekuak.

Iaz bezala, udal instalazioetako bazkideek % 40ko deskontua izango dute gizarte etxeetako jarduera guztietan. Orobat izango dute % 15eko deskontua langabezian daudenek, ordenantza fiskaletan jasotzen denaren ildotik.

Share