Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  30 uztaila 2019 17:00

 – Harrera egitea Edurne eta Zeledon Txikiri.

Parte-hartzaileak: Gorka Urtaran, alkatea, eta Estíbaliz Canto, Kultura zinegotzia.

Eguna: uztailak 31, asteazkena.

Ordua: 10.00.

Lekua: udaletxeko harrera-aretoa.

—————————————————-

– “Kazetaritza bertatik bertara” jardunaldien aurkezpena.

Parte-hartzaileak: Estibaliz Canto, Kultura zinegotzia, eta José Félix Barrón, Icono Cultural enpresako kidea.

Eguna: uztailak 31, asteazkena.

Ordua: 11.00.

Lekua: udaletxeko prentsa-aretoa.

——————————————————————–

– Gorka Urtaran alkatearen eta Ramiro González Arabako diputatu nagusiaren arteko erakunde topaketa.

Parte-hartzaileak: Gasteizko alkatea, Gorka Urtaran, eta Arabako diputatu nagusia, Ramiro González.

Eguna: uztailak 31, asteazkena.

Ordua: 11.00etan, kazetari grafikoentzat bakarrik, diputatu nagusiaren bulegoan (Probintziako jauregia); 12.00etan, adierazpenak Probintziako jauregiko sarreran.

Lekua:  Probintziako jauregia.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:05

 

Udaltzaingorako bigarren deialdi bateratuan lortu dute lanpostua, eta Andre Maria Zuriaren jaietan hasiko dira lanean

 

Udaltzaingoan 22 agente berri sartu dira, zeinek gaur diplomak jaso baitituzte Arkautiko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian, Euskadiko beste udaltzain batzuekin batera, Udaltzaingorako bigarren LEP bateratuko prestakuntza fasea bete ondoren.

Alkate Gorka Urtaran, Herritarren Segurtasunaren zuzendari Javier Sáez Lanas eta komisario Roberto García Tobalina izan dira diplomak banatzeko ekitaldian; Segurtasun sailburu Estefanía Beltrán de Heredia izan da buru ekitaldian.

22 agente horiei oposizio berean lanpostua lortu zuten beste lau gehitu behar zaizkie, zeinak urte hasieratik ari baitira Agirrelandan lanean, beste polizia kidego batzuetakoak izanik gainditua zutelako prestakuntza fasea. Horrenbestez, LEP horri esker 26 agente sartu dira Udaltzaingoan: 6 emakume eta 20 gizon.

Agente berriak bihar joango dira Agirrelandara, eta bertan zuzendariak hartuko ditu; orobat, instalazioak ezagutuko dituzte, eta dotazioko armak zein behar duten materiala emango zaizkie. Abuztuaren 1erako egongo dira prest, eta Andre Maria Zuriaren jaietarako antolaketan hartuko dute parte. Ondoren, irailaren 2ra arteko oporraldiaz gozatu ahalko dute.

Gero, harrera planari ekingo diote, 2 astez. Azkenik, urtebeteko praktikaldia egin beharko dute, tutore batek ebaluatuta, karrerako funtzionario bihurtu aurretik.

Sartu berriak kontatuta, Udaltzaingoaren plantillak 385 agente ditu. Herritarren Segurtasunaren Sailak udaltzain kopurua handitzeko asmoa du, dauden beharrei erantzuteko. Horrekin lotuta, azaroaren 1ean beste 39 agente sartuko dira Arkautiko Akademian, eta 2020ko erdialdera irtengo dira hiriko kaleetara. Izan ere, Udaltzaingorako hirugarren LEP bateratuan hartu dute parte.

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:28

Udaltzaingoak argiketa bat abiarazi du, legeak baimentzen duena baino lau aldiz handiagoa den alkoholemia-tasa batez gidatzeagatik 45 urteko emakume bat ikertzeko.

Gertaera horiek bart goizaldera izan dira, patruila batek ikusi egin baitu auto bat ezohiko moduan zihoala, sigi-sagak eginez eta aldameneko erreiaren zati bat okupatuz, Arriagako Atea kalean barrena. Luis Olariaga kalean gelditzeko agindu zioten udaltzainek, eta gidatzen ari zen emakumearekin hizketan hasi zirenean, edari alkoholdunen eraginpean zegoela susmarazten zuten zantzu nabarmenak ikusi zizkioten.

Eginarazi dizkioten probetan, emakumeak 1.02-0.97 miligramo alkoholeko tasa eman du arnastutako aire litro bakoitzeko, eta horrenbestez, Udaltzaingoak izapideak abiarazi ditu Guardiako Epaitegira bidera dezaten.

Zauriturik egon ez den 10 trafiko-istriputan esku hartu du atzo Udaltzaingoak. 25 salaketa izapidetu dituzte eta polizia judizialaren 2 jarduera egin dituzte.

Zuhaitz bat erori da

Arriagako parkean eroritako zuhaitz bat erretiratzera joan ziren atzo suhiltzaileak, eta erortzeko arriskuan zeuden zuhaitz-adar batzuk ere moztu zituzten, baita beste batzuk ere Cadena y Eleta Monsinorearen kalean.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:24

 

Aurrekontua % 18 handitu da, urriaren 4tik abenduaren 1era arte 33 ikuskizun eskaintzeko

 

 

 

 

Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdia aurkeztu du gaur; urriaren 4tik abenduaren 1era arte iraungo du aurten jaialdiak. Harekin batera Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendari Aitziber Atorrasagasti izan da, erakunde horrek ere laguntzen baitio aurten 44. ediziora iritsi den kultur ekitaldiari.

Antzezte arteekiko topaketak 33 ikuskizun —horietako 9 estreinaldiak— eskainiko ditu, “eta horiekin gure ohiko ezaugarriei eutsiko diegu: abangoardiaren eta nazioarteko sorkuntzaren aldeko apustua, eta bertako sorkuntzari eta hizkuntza eszeniko berriei sostengu irmoa ematea”, azaldu du Estíbaliz Cantok. Haren hitzetan, aurtengo edizioa “ausarta eta arrisku handikoa” da.

Abenduaren 1era arte, nazioarteko 11 proposamen hartuko ditu jaialdiak (Frantzia, Portugal, Erresuma Batua, Kanada, Italia, etab.) eta bertako taldeek ere leku garrantzitsua izango dute, 13 lan aurkeztuko baitituzte.

Hauek dira aurtengo programazioaren alderdi nabarmengarrienak:

  • Nazioarteko sorkuntzaren ikuspegia. Nazioarteko 11 proposamen etorriko dira: antzerki zentro garrantzitsuak, hala nola Royal Shakespeare Company eta Théâtre des Bouffes du Nord (Peter Brook zuzendari duena); konpainia ospetsuak, esaterako, Need Company (Jan Lauwers zuzendari duena) eta Rimini Protokoll (lehen aldiz Euskadin). Beste sortzaile gailen batzuk ere etorriko dira: Marie Chouinard, Chapitô konpainia portugesa, Ballets Jazz Montréal, Claudio Tolcachir, etab.
  • Tokiko antzezte sorkuntzaren zabalkundea. Proyecto Larrua, Colectivo Monstrenko, Sleep Wak Collective, Mono habitado, Zurrunka, Tanttaka eta Kukunka euskal konpainien proposamenak ikusi ahalko dira; azkenak urriaren 3an estreinatuko du lan berria, jaialdiaren 44. edizioa inauguratzeko.
  • Hizkuntza berrien aldeko apustua. Dantzan, nazioarteko lanetan zein JIM Aktual zikloan, non Best of Birmingham Festival-eko lanak eskainiko baitira berriro. Francisco Ruiz de Infante artista gasteiztarrak Hors Champs konpainia frantziarrarekin landutako Carmen // Shakespeare proiektua helduko da hirira, baita ezohiko espazioetarako proposamenak ere, Enred@dos eta Off Lokal ekimenen bitartez.
  • Beste kultur eragile batzuekiko lankidetza. Oraingoan, hauekin aritu da lankidetzan: Gironako Temporada Alta jaialdia, Best of Birmingham Festival, Théâtre des Bouffes du Nord, Princesa de Asturias fundazioa eta Centro Dramático Nacional —harekin batera koordinatu da Peter Brook-en bira—.
  • Familientzako proposamenak. Antzezte arteen geroko audientziak sortzen joateko estrategiaren baitan familia antzerkirako abonamendua nabarmentzen da, zeinak hainbat formatu barne hartzen baititu (dantza, lirika, ikus-entzunezkoak edo txotxongiloak), konpainia handien eskutik, hala nola Gorakada eta Aracaladanza. Haurtxoak proiektuaren beste edizio bat ere egingo da, 1 eta 3 urte bitarteko haurrentzako lau ikuskizunez osatua.
  • Ikusle aktiboaren eskaera. Antzerkia Zabaltzen atalean publikoarekiko hiru topaketa antolatu dira, antzerki dokumentalari buruzko lantegia eta Carlos Pérez Uralde irrati-antzerkiaren V. lehiaketa.
  • Ospetsuen presentzia. Josep María Pou, Viejo amigo Cicerón lanarekin etorriko dena, edo Luis Bermejo, Mariachis ekarriko duena.

Abonamenduen salmenta irailaren 19an hasiko da; aurtengo edizioak 420.000 euroko aurrekontua du, 2018an baino % 18 gehiago.

Nazioarteko Antzerki Jaialdia

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:34

 

Hori jasotzen duen azterlanaren arabera, etxeetara iristen den uraren kalitateaz dagoen asebetetze maila handia da

 

 

 

AMVISAk Gasteizko uraren kudeaketari eta kontsumo-ohiturei buruz lau urtean behin egin ohi duen azterlanaren emaitzak jakinarazi ditu gaur; herritarrek nota altua jarri diote, bai kudeaketari bai zerbitzuaren kalitateari dagokienez.

Erabiltzaileek hiriko uraren kudeaketaz duten ikuspegia ezagutzea da azterketaren helburua, baita ura aurrezteko ohiturak eta etxeetako kontsumoarekin lotutako beste alderdi batzuk ere.

2004az geroztik egiten da azterlana, lau urtean behin. 2019koa bosgarrena da, eta “joerak positibo izaten jarraitzen du. Lortutako emaitzak onak dira, eta zerbitzuaren kalitateari eta kudeaketari asko eskatzen bazaie ere, AMVISAren lana positibotzat jotzen jarraitzen dute herritarrek, eta oso pozik daude etxeetara iristen den uraren kalitatearekin“, azaldu du udal enpresaren lehendakari Felipe Garcíak.

Gaur aurkeztu zaie AMVISAko kontseilariei azterlan oso horren emaitzak. Alderdi hauek ezagutzearren, elkarrizketak egin zaizkie 602 pertsonari:

  • Herritarren ikuspegia Gasteizko uraren kudeaketa eta banaketari buruz.
  • Herritarrek zenbateraino dakiten zenbat ur kontsumitzen duten eta zenbateko gastu ekonomikoa duten.
  • Herritarren kontsumo- eta aurrezpen-ohiturak.

Ondorio nagusiak 

AMVISA ezagutzea. Uraren zerbitzu integrala kudeatzeaz arduratzen den enpresaren bat-bateko ezagutzak handia izaten jarraitzen du gasteiztarren artean: % 74,1. Gasteiztarren % 92,9 konturatzen da AMVISA dela hiriko uraren kudeatzailea.

AMVISAren zerbitzuaren kalitatea. Gasteiztarren % 82,3k oso ontzat edo ontzat jotzen du uraren zerbitzu integralaren kalitatea. Asebetetze maila 2015ean (% 75,9) eta 2011n (% 81,2) jasotakoaren antzekoa da, beraz, erabiltzaileen asebetetzeak oso handia izaten jarraitzen du. Zerbitzuaz kexatzen direnen ehunekoa oso txikia da.

Uraren kalitatea. Kontsultatutako pertsonak oso pozik daude Gasteizko uraren kalitatearekin, koloreari, usainari zein zaporeari dagokienez. Hamar erabiltzailetatik bederatzik oso ontzat edo nahiko ontzat jotzen dituzte alderdi horiek. Kolorea da gasteiztarrek gehien balioesten dutena; ondoren, usaina, eta azkenik, zaporea.

Uraren prezioa. Herritarrek uste dute Gasteizen urarengatik ordaintzen den prezioa beste zerbitzu batzuena baino bidezkoagoa dela. % 48,9k “bidezko prezioa” dela diote.

Urari eta beren ohiturei buruz duten pertzepzioari eta kezkari dagokienez:

Kontsumoa. Beren kontsumoa “normala” dela uste dutenen kopurua 6 puntu igo da, eta jaitsi egin da “baxua” dela uste dutenen proportzioa. Zehazki, % 78,3k normaltzat jotzen du; % 13,3k, baxutzat, eta % 5,3k, altutzat.

Aurrezteko ohiturak. 2015ean bezalaxe jarraitzen dute. Nabarmengarriena da handitu egin dela baxera-garbigailuaren erabilera, eskuz garbitu ordez. Kontsultatutako pertsonen % 17,5ek dio ura aurrezteko sistemaren bat duela etxean, eta ehunekoa handiagoa da 30 eta 44 urte bitartekoen artean.

Kontzientziazioa. Uraren kontsumo eraginkorra lehentasunezkotzat jotzen dutenen kopurua 9 puntu jaitsi da (% 57,5); etorkizuneko kontua dela uste dutenen ehunekoa, berriz, 12 puntu igo da  (% 37,7).

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:15

Garbiketa areagotu egingo da Egunsentiko Arrosarioaren aurreko egunetan, baita txosnetan, musika emanaldietan, feria-lekuan, azoka arabiarrean eta blusa eta nesken kalejiren ondoren ere.

 

 

 

 

Bitarteko berezia jarriko da suziriaren jaurtiketara beirarik, latarik eta bestelakorik ez sartzeko

 

Abuztuaren 2an, 3an eta 4an informazio-karpa ipiniko da Andre Maria Zuriaren plazan, eta bertan lantegi eta jarduerak antolatuko dira ume eta gazteentzat

 

“Informatzaile taldea” itzuliko da, 19 irudi trokelatu,  hiria garbi eduki, berrerabili eta birziklatzearen garrantzia gogorarazteko

 

Udalak eta Vital Fundazioak plastikoaren erabilera murrizteko kanpaina bat sustatu dute aurten: edalontzi berrerabilgarria, abuztuaren 3tik zenbait ostalaritzako establezimendutan eskuratu ahalko dena

Urtero bezala, Gasteizko Udalak dena emango du Andre Maria Zuriaren jaietako garbiketan eta hondakinen bilketan, Arabako hiriburuko bizilagunek zein bisitariek astebeteko dibertsioaz giro garbi eta higienikoan gozatzerik izan dezaten. Bereziki, hilaren 4an, Zeledonen jaitsieran. Udalak iragarri duenez, egun horretan debekatuta egongo da plazan beira eta latak sartzea.

Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren Sailak ahalegin berezia egingo du Herritarren Segurtasunaren Sailaren antolaketari laguntzeko, eta kontzientziazio-kanpaina bati ekin dio.

Gutxiago zikintzea eta plastiko gutxiago erabiltzea

Gasteizko Udalak eta Vital Fundazioak Egibideren laguntzarekin sustatutako kanpainaren helburua da “jaietan gizalegez jokatzera bultzatzea, gutxiago zikintzera eta erabilera bakarreko plastiko gutxiago kontsumitzera, azken batean, hiria eta ingurumena errespetatzera. Udalak jaien aurretik zein jaiegunetan egindako ahaleginez eta herritarren inplikazioaz dibertsioa, garbitasuna eta ingurunearekiko errespetua ez direla elkarren etsai erakustea da xedea“, azaldu du Ingurumen Plangintza eta Kudeaketaren zinegotzi César Fernández de Landak.

Kontzientziazio-kanpaina indartzeko, aurten ere “informatzaile taldea” aterako da kalera, eta mezu berriak zabalduko ditu. Iazko mezuek birziklatzea azpimarratzen zuten, eta herritarrak “gehiago eta hobeto” birziklatzera animatzen zituzten; aurten, berriz, bakoitzaren kontzientziari egingo zaio dei, jaietan gizalegez jokatu dezagun, gutxiago zikindu, behin erabiltzeko edalontzien ordez berrerabilgarriak baliatu ditzagun, eta dibertsitatea errespetatu.

Aldi berean, Udalak eta Vital Fundazioak sustatutako edalontzi berrerabilgarria ezagutaraziko da kanpainaren bidez. “Gogoan izan behar da edalontzi berrerabilgarria ez dela beiraren ordezkoa, behin erabiltzeko edalontziena baizik, horiek oso kaltegarriak baitira ingurumenerako eta hiriaren garbiketarako”, azaldu du César Fernández de Landak. Horretarako,  2×2 metroko kubo formatua duten bi informazio-panel jarriko dira, Andre Maria Zuriaren plazan eta Urrezko Zeledonen plazan.

Informazio-karpa asteburu osoan

Hondakinen Kudeaketaren Zerbitzuko buru Joseba Sánchezek azaldu duenez, abuztuaren 2an, 3an (arratsaldez) eta 4an (goizez) informazio-karpa bat ipiniko da Andre Maria Zuriaren plazan, eta bertan lantegiak egingo dira ume eta gazteentzat. Bide batez, segurtasun arrazoiengatik suziriaren jaurtiketan beira, lata eta objektu zorrotzik ez sartzearen garrantziaz informatu eta sentsibilizatuko dira herritarrak, eta edalontzi berrerabilgarria ezagutaraziko. Karpa hirugarren urtez jarraian instalatuko da, eta ingurumen-monitoreek jardungo dute bertan.

Antolaketa berezia suziriaren jaurtiketarako: 42 ingurumen-monitore eta edukiontzi gehiago

 Hirugarren urtez jarraian, Udalak antolaketa berezia prestatu du txupinazora beira eta latarik sar ez dezaten.  Polizia antolaketaz gain, Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren Sailak kontzientziazio-lan indartsua egingo du, Egibideko 42 ingurumen-monitoreren laguntzaz. Materialen erabilera arduratsuaz kontzientziatzea izango da haien lana, edalontzi berrerabilgarriak sustatuz eta segurtasun arrazoiengatik plazara beira eta latak sartzeko debekua gogoraraziz.

Aurten edukiontzi gehiago jarriko dira Andre Maria Zuriaren plazan, herritarrek hondakinak botatzerik izan dezaten, eta plazaren sarbideetan ere jarriko dira. Iaz 1.100 litroko 4 edukiontzi ipini ziren. Aurten, 3.200 litroko 6 edukiontzi instalatuko dira.

Garbiketa-lanak indartzea leku eta ordutegi berezietan

Bestalde, Gasteizko Udalak garbiketa eta hondakin bilketarako programa indartu du hilabete honetan, jaietan hiriko kaleak eta plazak txukun edukitzearren. Uztailaren 11n hasi ziren garbiketa bereziak, eta hiri osora hedatuko dira. Besteak beste, estolda-zuloak eta estolderia sarea garbitzen dira, kartelak kentzen, pintaketak ezabatzen eta zorua garbitzen.

Garbiketa areagotu egingo da Egunsentiko Arrosarioaren aurreko egunetan, baita txosnetan, musika emanaldietan, feria-lekuan, azoka arabiarrean eta blusa eta nesken kalejiren ondoren ere.

Jaiak igaro eta gero, abuztuaren 24ra arte jarraituko da garbiketa bereziak egiten, eta egun horretan emango dira bukatutzat Hondakinen Kudeaketaren Zerbitzuak jaiak direla eta egiten dituen aparteko lanak.

Erdi Aroko hiriguneko eta Zabalguneko zenbait lekutan pixa-uxagarria —CK Splash back izeneko produktu gasteiztarra— banatu da. Produktu garden eta kaltegabea da, likidoa uxatzen duelarik azaleran barneratzea eragozten duena, errazago garbitzearren.

 

 

Share