Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  2 uztaila 2019 17:00

Eusko Jaurlaritza eta Gasteizko Udalaren arteko hitzarmena sinatzea bizikidetzaren eta hezkuntza-ekitatearen aldeko lankidetza garatzeko

Parte hartzaileak: Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; eta Hezkuntza sailburu Cristina Uriarte

Eguna: Asteazkena, uztailak 3

Ordua: 10:00

Tokia: Udaletxeko harrera aretoa

————————————

Prentsaurrekoa. ‘Ibili Ganbaran. UN paseo por el ático’ partaidetza-proiektuko emaitzak aurkeztea

Parte hartzaileak: Kultura eta Gizarte Etxeen zinegotzi Estibaliz Canto; eta Paradise Kolektiboko kideak: Hannah Frances, Unai eta  Garazi López de Armentia

Eguna: Asteazkena, uztailak 3

Ordua: 11:00

Tokia: Montehermoso Kulturunea, Ortuño aretoa

Share
Kategoriak: Fotonotizia  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   16:34

Lehen alkateorde eta Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismo zinegotzi Maider Etxebarriak Power Our Future 2019 biltzarra inauguratu du gaur arratsaldean Europa jauregian. CIC Energigunek antolatu du biltzarra, eta ostiralera arte iraungo du. Hainbat herrialdetako ehun aditu eta ikerlarik baino gehiagok energia biltegiratzearen alorreko aurrerapenak aztertuko dituzte.

Etxebarriak horrelako ekitaldi bat Gasteizen egitea nabarmendu du, “egun batzuetan ezagutzaren nazioarteko gune bihurtuko baikara, erreferentzia oso arlo zehatz batean, energiaren alorreko ikerketa eta aurrerapenean hain zuzen, baina baita oso unibertsala den zerbaitean, iraunkortasunean, eta gure hiria eredugarria da horretan. Espainiako hiri industrialenetako bat gara, eta egunez egun lan egiten dugu ingurumena eta herritarrak errespetatzen dituen garapen iraunkorraren alde”.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:32

Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sailak 2019ko bigarren seihilekorako landu duen prestakuntza-eskaintza aurkeztu du Udalak. Programazio berriak aurrez aurreko 25 ikastaro (375 leku), 250 ikastaro online (izena emateko mugarik gabe) eta ia 3.400 prestakuntza-ordu eskainiko ditu; “milaka pertsonari aukera emango diete ezagutza berriak eskuratzeko eta gaitasun berriak garatzeko, enplegagarritasuna lortu, berreskuratu edo mantentzearren“, azaldu du Enplegu zinegotzi Felipe Garcíak.

Aurrez aurreko modalitateaz esan du eskaintza berria “ezin hobeto doitzen zaio[la] gure hiri-filosofiari eta gure enpresetan antzeman ditugun garapen eta hazkunde aukerei“. Lau arlo handitan egituratzen da:

  • Eraikinak egin eta birgaitzea: Lanbideren profesionaltasun ziurtagiri ofiziala eskuratzeko ikastaroak (iturgintza, instalazio elektroteknikoak, arotzeria…); eraikuntza-jarduerei buruzko oinarrizko ikastaroak (pintura apaingarria, barrualdeko eraberritzeak), eta sektoreko alderdi teknikoei buruzko ikastaroak.
  • Industria: industria tradizionaleko 2 prestakuntza-ikastaro (biltegiko laguntzaileak eta soldadura eta metal-arotzeria) eta 4.0 industriaren alorreko 6 prestakuntza-ikastaro (robotika, segurtasun informatikoa…).
  • Enplegu berdea, iraunkortasuna eta energia berriztagarriak: bi ikastaro dira: batak eraikinen energia-ziurtapena du gaitzat, eta besteak, ahalduntze teknologikoa ekonomia zirkularreko ingurune batean.
  • Berrikuntza eta informazio- eta komunikazio-teknologiak: informazio eta komunikazio teknologiei, merkataritza elektronikoari eta diseinu grafikoari eta web diseinuari buruzko ezagutzak eskuratu ahalko dituzte parte-hartzaileek.

Horretaz gain, 250 ikastaro eskainiko dira online, leku mugarik gabe, hainbat alorretan: enpresa-kudeaketa eta administrazioa, programazioa, sistemak, diseinua eta komunikazioa, multimedia, ofimatika, giza baliabideak, etab. Urte osoan zehar dago irekita aukera hori, eta etengabe berritzen da: horren erakusgarri dira 2019an eskainitako 86 ikastaro berriak.

Ikastaroak irailean hasiko dira, baina dagoeneko kontsultatu daiteke zein betebehar eskatzen den, eta izena aldez aurretik eman.

Batzuetan gaiari buruzko gutxieneko ezagutzak eskatzen dira; bestetan, hautatze-proba eta elkarrizketa egitea, edo curriculuma aurkeztea, balioesteko. Edonola ere, Lanbiden izena emanda dauden langabeek izango dute lehentasuna.

Felipe Garcíak azaldu duenez, “gure helburua oso argia da: pertsona aktiboen gaitasuna eta enplegagarritasuna hobetzea, batez ere langabeena. Ildo horretatik, arreta berezia eman nahi izan diegu talde hauei: kalifikazio-maila txikia duten 16 eta 30 urte bitarteko langabeak; langabezian denbora luzea daramaten 45 urtetik gorakoak; emakumeak,  neurriz beherako ordezkaritza duten jarduera-sektoreetan, eta prestakuntza edo esperientzia izanik lan-merkatuaren benetako eskaerari egokitu beharra duten pertsonak”.

Ikastaroen matrikularen prezioa 0 eta 82 euro bitartekoa da, baina langabeek % 50eko murrizketa izango dute. Errenta sozialak jasotzen dituztenek, berriz, ikastaroaren % 50 ordainduko dute, eta arrakastaz gainditzen badute itzuli egingo zaie.

“Pertsonengan ari gara inbertitzen. Landu dugun prestakuntza-programari esker, pertsona askok ezagutza berriak eskuratu eta gaitasun berriak garatuko dituzte, eta lanpostu baten ateak irekiko dizkie horrek.  Eskaintza enpresen ezaugarri eta premia berriei egokitzen zaie, haiekin lankidetzan ari baikara gure produkzio ehuna garatzearren”, amaitu du Enplegu zinegotziak.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:33

Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sailak kontratazio-prozedura abiarazi du hiriko industrialdeetako kale garrantzitsuenetako biren asfaltoa sendotzeko lanetarako; Jundiz eta Urartea kaleak dira, eta milioi euro inguru inbertituko da horietan.

Jundizko eta Ehari-Gobeuko industrialdeetan daude kale horiek, hurrenez hurren, eta egunero milaka ibilgailu —astunak asko— igarotzen dira bertatik; hori dela kausa, eta duela asko ez direlako berritu, galtzadak hondatuta daude.

“Bi kale horiek berritzeko unea iritsi da. Zati batzuek trafikorako arrisku agerikoa dute, eta hori zuzendu beharra dugu. Industrialde horietan lan egiten duten milaka pertsonen bide-segurtasuna hobetu nahi dugu. Gainera, agintaldi honetan industrialdeetako azpiegiturak hobetzeko asmoa dugu, enpresei zerbitzu hobea eskaintzeko”, azaldu du Ekonomia Sustapenaren Arloko zinegotzi ordezkari Maider Etxebarriak.

Bi proiektuek antzeko kostua izango dute. Jundiz kaleko asfaltatze-lanen aurrekontua 489.365 euro da, eta sei astean gauzatzeko epea ezarri da; Urartea kalea berritzeko lanak, aldiz, 474.452 euroko aurrekontua izango du, eta gauzatzeko epe bera.

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:28

za-establezimendu batean indarkeriaz lapurtzeagatik

Udaltzaingoaren Agenteek 41 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo, Gamarrako Atea kaleko merkataritza-establezimendu batean indarkeria erabiliz lapurtu eta segurtasun-zaindariari mehatxu egin izanaren delituaren ustezko egile gisa.

Gertaera horiek 10:30ak aldera izan ziren. Gizonezkoak zenbait salgai lapurtu zituen establezimendu barruan. Segurtasun-zaindaria haren atzetik irten zen eta gelditzeko agindu zion. Une horretan, lapurrak jo egin zuen, nahiz eta azkenean, dendako langile baten eta beste pertsona baten laguntzarekin, atxikitzea lortu zuten.

Polizia-patruila batek lapurra atxilotu eta epailearen esku jarri zuen.

Udaltzainek hamar trafiko-istriputan esku hartu zuten atzo, nahiz ez zen zauriturik izan eta ez zen inor ikertu bide-segurtasunaren aurkako delituak egiteagatik. Horrez gain, 28 salaketa izapidetu eta polizia judizialaren 9 jarduera egin zituzten.

Salaketak bidegorrietan aparkatzeagatik

Udaltzaingoak bidegorrietan gaizki aparkatutakoak kontrolatzeko kanpaina berezi bat egin zuen joan den astean. 28 kontrol egin zituzten eta 400 ibilgailu inguru zaindu zituzten. Udaltzainek 10 salaketa jarri zituzten eta berrogeita hamar bat gidariri ohartarazpenak egin zizkieten.

Kanpaina hau Bide Segurtasun eta Mugikortasun Iraunkorrerako 2018-2023 Udal Plan Estrategikoaren barruan sartuta dago.

Pertsona bat libratu dute istripua izan ondoren

Suhiltzaileak A-1 errepidera joan ziren atzo, Jundiz parera, kamioi batekin talka egin ondoren ibilgailuaren barruan harrapatuta geratua zen pertsona bat erreskatatzera. Osasun-zerbitzuei lagundu zieten eta errepidea garbitu zuten.

Atzo goizeko lehen orduan kamioi baten depositutik isuritako gasolio-ihesa garbitu zuten Barratxi kalean.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:18

  • Oztopo lasterketa 6 kilometro eta 10 kilometroko bi zirkuitutan banatuta dago, eta 25 oztopotik gora izango du
  • Probak Oztopo Lasterketen Munduko Txapelketarako puntuatuko du, zeina Londresen egingo baita aurten

Gasteizek Survivor Race izeneko oztopo lasterketa hartuko du lehenengoz, uztailaren 6an (larunbata); hobetzeko eta taldean jarduteko proba horretan 1.300 atletak baino gehiagok hartuko dute parte.

Hartara, Euskadiko hiriburua lehiaketaren barruko hirien ligarekin bat egingo du —Alacant, Bartzelona eta Madril dira besteak—; azken finala Valentzian egingo da, azaroaren 16an.

Larunbateko kirol ekitaldiaren gune nagusia —Village deritzona— Mendizorrotzeko aparkalekuan jarriko da. 9.30ean hasita, 15 minutuan behin irtengo dira atletak, 80-100 pertsonako multzoetan, modalitatearen arabera (Human, 6 kilometrokoa, eta Hero, 10 kilometrokoa), baita parte hartzeko kategoriaren arabera ere (Elite, Age group edo Popular). Lehenengo bi txandak Survivor League-rako edo Oztopo Lasterketen Munduko Txapelketarako (OCRWC) sailkatu nahi duten kirolarientzat izango dira (Elite edo Age group); gainerakoetan kategoria herrikoia deritzonean parte hartzen dutenak joango dira, hau da, lasterketan parte hartu nahi duen edonor, haren adina edo egoera fisikoa edozein delarik.

Survivor Race lasterketaren helburu nagusia hainbat balio zabaltzea da, hala nola hobekuntza pertsonala, talde lana eta ahaleginaren kultura. Ikusleengan ere pentsatu da ekitaldia antolatzean, edonork bisitatu baitezake village edo gune nagusia, eta  Survivor Race esperientzia bizi. “Musika, janari-ibilgailuak, animazioa, dibertsioa eta oso giro ona izango ditugu”,  azaldu du proiektuaren CEO Héctor Bertomeuk.

“Survivor Race bezalako oztopo lasterketak goraka ari dira mundu osoan, eta gure hiriak oso zirkuitu erakargarria izango du larunbatean, naturaz eta ikuskizunez betea, eta dena ematera datozen 1.300 atletatik gora. Parte-hartzaileentzat eta lasterketaz gozatzera hurbiltzen direnentzat esperientzia ezin hobea izatea espero dugu” adierazi du Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lópezek.

 

Survivor Race, Interbox 2019- probaren agertoki ofiziala

Gasteizko Survivor Race-ren barruan, bestetik, Interbox 2019 proba egingo da, crossfit alorreko erreferentziazko proba, zeinean Gipuzkoako zenbait boxek —kirol hori praktikatzen diren instalazioei deritze horrela— (CrossFit Bergara, CrossFit Koroibos, Anthroposbox) eta Gasteizko CrossFit IOTA box ofizial sortu berriak hartuko baitute parte. 12:00etatik aurrera, 10 atleta baino gehiago bilduko dira Survivor Race-ren gune nagusian INTERBOX 2019 probaren final handian lehiatzeko eguneko entrenamendu (WOD) sorpresa batean, haien arintasuna, indarra eta erresistentzia erakutsiz.

Survivor Race-k aurten Londresen egitekoa den Oztopo Lasterketen Munduko Txapelketarako (urriak 10-13) eta Survivor League-rako sailkatzeko balioko du; barne liga horrek Madrilen (urriak 26 eta 27) jarraituko du, eta Valentzian amaituko da, azaroaren 16an. Final handiak 1.800 parte-hartzailetik gora izango du, eta diruzko sariak lehen sailkatuentzat.

Larunbatean Mendizabalean egiten den Survivor Race-k Gasteizko Udalaren laguntza du, baita KirolKlub, IOTA Crossfit, Icebug eta Monster etxeena ere.

Informazio gehiago: Survivor Race Vitoria-Gasteiz

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:13

 

 

Udalak Legutianoko atea berritzeko lanak bukatu ditu, Nafarroako Errege-Erreginen kaletik Zuiako Taldearen kaleraino. Esku-hartzearen helburuak honakoa ziren: trafikoa moteltzea, oinezkoen mugikortasuna hobetzea, garraio publikorako irisgarritasunaren hobetzea, eta bidegorria jartzea. Kale horretatik ibilgailu ugari ibiltzen ziren, eta horretarako zegoen diseinatuta. Zehazki, 3,75 metroko zabalerako espaloiak zituen, bateriako aparkalekuak bi aldeetan, hiru zirkulazio-errei noranzko bakoitzean, eta bi metroko erdibitzailea. Kaleak merkataritza-jarduera garrantzitsua du. Diseinu berriak jarduera horri laguntzea du helburu.

Galtzadan bi bidegorri jarri dira, 2,40 metro zabal izango direnak, bereiziak eta bi noranzkorekin. Iparraldetik zein hegoaldetik (Burgos kaleraino) doaz. Bi bidegorri horiek eratzeko, trafiko-errail bana ezabatu da bi noranzkoetan, eta tarte bat utzi da bidegorriaren eta bateriako aparkalekuen artean. TUVISAren geltokiak ere egokitu dira, nasa irisgarriagoak eraikita (autobusarekiko desnibela murrizteko). Segurtasunaren aldeko ekimenak ere egiteko aprobetxatu da eskuhartzea, baita bizikletentzako aparkaleku berriak instalatzeko.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:41

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Erakusketa pertsona-talde batek –gehienak emakumeak– argazkigintza-lantegi bat egin ondoren sortutako fruitua da. Horretan, bizi diren ingurunearekiko duten begirada berezia adierazi eta partekatu nahi izan dute.

 

Irudiek naturarekin eta ingurumenarekin bizi izan dituzten esperientzia pertsonalak islatzen dituzte; beste (foto)begirada batzuk, bidaia bisual iradokigarri baten bidez geure munduaren ikuspegi desberdinak dakarzkigutenak.

 

Salburuko hezeguneak interpretatzeko Atariak zentroak “Beste (FOTO)begirada batzuk” argazki-erakusketa inauguratu du, zeina Arabako Argazkilaritza Elkarteko presidente Rocío López argazkilariak koordinatu eta ICONO Difusión Cultural-ek kudeatu baitu.

2016ko urrian eta azaroan, Integraziorako prentsa-argazkilaritza proiektua garatu zen, Gasteizko Udaleko Gizarte Politiken Sailaren dirulaguntzaz. Gizartetik baztertuta geratzeko arriskua zuten pertsonei edo ahultasun-egoeran zeudenei zuzendutako prentsa-argazkilaritzari buruzko lantegiak ziren, helburu sozialak lortzearren. Andoni Lubaki prentsa-argazkilariak zuzendu zituen jarduerak. Orotara 17 pertsonak hartu zuten parte, ADAP presoei laguntzeko elkarteak, Clara Campoamor elkarteak, Gurutze Gorriak, ACCEM elkarteak eta udal zerbitzuek bideratuta.

Emaitzak ezin hobeak izan ziren: parte-hartzaileen bilakaera pertsonal eta artistikoa izugarria izan zen, eta agerian geratu zen zenbateko ahalmena duen arteak autoezagutzarako eta besteei eta mundura irekitzeko. Esperientzia ona zela ikusirik, 2017ko udazkenean beste lantegi bat egin zen; 15 pertsonak hartu zuten parte, eta berriro erakutsi zuten ikasteko gaitasuna eta talentua. Bi urteetan egindako argazkiak biltzen zituen erakusketa bat ere egin zen, hiriko bi gizarte etxetan banatuta, Pilarren eta Salburuan.

Atzodanik, aipatutako lantegietan parte hartu zutenen artean aukeratutako zazpi artistaren 36 argazki daude ikusgai Atarian; beren inplikazioagatik eta beren lanen kalitate estetiko eta dokumentalagatik nabarmendu dira autatutako pertsonak. “Irudi eta erreportajeetako batzuk komunikabideetan argitaratzeko modukoak dira, kalitate handikoak baitira”, nabarmendu du Atariko koordinatzaile Gorka Belamendiak. Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren zinegotzi Ana Oregiren hitzetan, “lanek pertsona horien errealitatea hobeto ezagutzea ahalbidetu digute, Gasteiz ezberdina ezagutzeaz gain”.

Proiektu originala da, diziplinak hautatu eta gizartetik baztertuta geratzeko arriskua duten pertsonekin erabili baitira, era atseginean gaitasun artistikoak garatu eta trebetasun sozialak eta autoestimua hobetu ditzaten. Salburuko eta Gasteizko natura eta ingurumenaren argazkiak egitea erronka motibagarria da, eta (foto)begirada original eta aberasgarri horien bitartez gure ingurunera ateratzera bultzatzen gaituzte.

Erakusketaren bidez, artista hasiberri horiek beren sormena argazkigintza baliatuz garatzera eta beren lanak herritarrei erakustera animatu nahi ditu Gasteizko Udalak. Aldi berean, berdintasuna —generoa, jatorria edo identitatea kontuan hartu gabe— eta bizikidetza hobetzeko gauza diren lan horiek erakutsiz agerian utzi nahi du posible dela gaitasunak aurkitu eta garatzea eta norbera ahalduntzea.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:28

Kronika Herald Stanley-gaztelera

Gasteizek eta Santikurutze Kanpezuk Henry Morton Stanley esploratzaile eta abenturazalea Araban lehen aldiz egon izanaren 150. urteurrena ospatuko dute. ‘La Exploradora’, ‘Africanista Manuel Iradier’ eta ‘Asociación Histórica 2013’ elkarte gasteiztarrek zenbait ekintza antolatu dituzte efemeridea gogoratzeko, Gasteizko eta Kanpezuko udalekin batera. Bihar eta etzi, uztailak 3 eta 4 izango dira ekitaldiak, eta horietan Henry Morton Stanleyren birbilobak, William Stanleyk, hartuko du parte.

“Gasteizek eta Henry Morton Stanleyk harreman estua dute. Zegokionean, Manuel Iradier gasteiztarrarekin izan zuen topaketa ospetsuaren 125. urteurrena ospatu genuen. Garai batean Pallarés ostatua izan zen lekuan, Posta eta Independentzia kaleen artean bada egonaldi hura gogoratzen duen xafla bat. Eta Zabalganean Henry Morton Stanley izeneko kalea dugu. Stanley Araban egon izanaren 150. urteurrena bete delarik, omenezko ekitaldietan parte hartu beharra genuen”, azaldu du alkateorde eta Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren zinegotzi Ana Oregik. “Gainera, The New York Heralde egunkarian argitaratutako kronikan gure lurraldeaz egiten duen deskribapena errealitatearekin bat dator oraindik, eta izan ginena eta izaten jarraitzen duguna gogoratzeko balio du. Arazorik gabe irudikatu dezakegu gaur egungo esploratzaile bat gure ingura etorri eta haren hitzak idazten:ez dago munduan beste lekurik hainbesteko garirik edo bestelako zerealik duenik; beste inon ez da hain landaredia sarri eta oparorik; beste herrialderik ez da hain makal, gereziondo eta belardi ederrik duenik, hain landetxe aberatsik’…” Alkateordearekin batera, Kanpezuko Udaleko zinegotzi Javier López de Luzuriagak eta kazetari eta idazle Ramón Jiménez Frailek hartu dute parte aurkezpenean; azken horrek Henry Morton Stanleyri buruzko zenbait azterlan egin ditu. 

“Stanleyren egonaldia Santikrutze Kanpezun ez da oso ezaguna, ezta New York Herald egunkariarentzat aztertu zuen 1869ko alkate liberalaren hilketa. Gauzak horrela, urteurren hau abenturazale eta esploratzaile handi hau gure herrian izan zela ezagutu eta aztertzeko baliogarria izango da”, aipatu du López de Luzuriagak.

Henry Morton Stanley (1841-1904) abenturazale eta esploratzaile handienetakoen artean igaro da historiara, besteak beste, Nilo ibaiaren iturburuaren enigma argitu zuelako, eta Kongo ibaiaren ibilgu osoan barrena ibili zen lehen mendebaldarra izan zelako.  Kazetari gisa, Livingston doktorea Afrikaren bihotzean aurkitu izanak (hortik “Livingston doktorea, ezta?” esaldia) ospe handia eman zion mundu osoan.  Gasteizek harreman berezia du Stanleyrekin, 1873ko uztailean Manuel Iradierrekin elkartu baitzen bertan, eta Gineako golkoa esploratzeko aholkatu baitzion. Livingstone doktorea Afrikan aurkitu eta bi urtera bildu zen Stanley Iradierrekin, zeinak Espainiako lehen elkartea geografikoa, “Asociación Eúskara La Exploradora”, fundatu baitzuen 1868an.

Zegokionean, Gasteizek Stanley eta Manuel Iradierren arteko topaketaren 125. urteurrena gogoratu zuen, Pallarés ostatua izandako lekuan (Posta eta Independentzia kaleen arteko izkinan) xafla bat jarriz Udalaren ekimenez, han elkartu baitziren. Stanleyren bi birbilobak hartu zuten parte ospakizun hartan. Ondoren, Gasteizko Udalak erabaki zuen Henry Morton Stanley izena jartzea Zabalgana auzoko kale bati. Nolanahi ere, 1873ko uztailaren aurretik ere izana zen Stanley Arabako hiriburuan.

 

Ramón Jiménez Fraile gasteiztarrak egindako ikerketei esker dakigu Stanley 1869ko uztailaren 3an eta 4an izan zela lehen aldiz Araban, hau da, duela 150 urte zehazki.  Gasteizen eta Araban egindako lehen egonaldi haren ondorioz, kazetariaren kronika luzea argitaratu zuen “The New York Herald” egunkariak 1869ko uztailaren 26an, “Graphic Description of the Basque Provinces and People” izenburuaz. “Euskal probintziez zerbait ezagutzen duten bidaiari amerikarrak gutxi direnez, horretaz ilustratzeko asmoa dut” hasten du Stanleyk bere kronika. Alderdi hauek aipatzen ditu bertan:

Euskaldunen kultura eta historia berezitasunak.

Gerra aurreko giroa, matxinada karlista gertu baitzegoen.

Kanpezuko alkate liberala erailtzera eraman zuten gertakarien ikerketa.

Gasteizko Batailaren agertokira egindako bisita, gertaera historiko horren aztarnen bila.

Arabako Lautadaren mirespenezko deskribapena (“Ez dago munduan beste lekurik hainbesteko garirik edo bestelako zerealik duenik; beste inon ez da hain landaredia sarri eta oparorik; beste herrialderik ez da hain makal, gereziondo eta belardi ederrik duenik, hain landetxe aberatsik”).

Orain agerian jarritako kronika luze horretaz gain, Gasteiz eta Araban egindako egonaldia beste modu batez ere utzi nahi izan zuen jasota: Zadorra ibaian bainua hartu ondoren bere inizialak  ibai ertzeko zuhaitz batean grabatuz, bere egunerokoan idatzita utzi zuenez.  Zuhaitz horren kokapen zehatza ere jaso zuen egunerokoan. Eraztun Berdeko ibilbideetako batean, Abetxukuko zubiaren ondoan dagoen motzondo bati dagokio lekua.

 

Stanley Gasteizen eta Araban lehen aldiz egon izana gogoratzeko ekitaldiak

‘La Exploradora’, ‘Africanista Manuel Iradier’ eta ‘Asociación Histórica 2013’ elkarte gasteiztarrek, Gasteizko eta Kanpezuko udalekin batera, zenbait ekintza antolatu dituzte Henry Morton Stanleyren lehen egonaldia gogoratzeko 150 urte geroago.

 

2019ko uztailaren 3a (Stanleyren etorreraren 150. urteurrena)

Goizean, elkarteetako ordezkariek bisita egingo dute Gasteizen Stanleyren ondorengo William Stanleyrekin batera —hedabideek ere jarraitu ahalko dute bisita—.

Arratsaldeko zazpietan, mahai ingurua Santikurutze Kanpezun. Zenbait adituk Arabako Mendialdeko herri horretan gertatutakoa azalduko dute, Stanley kazetaria Gasteizera etortzeko zio izan baitzen: alkate liberalaren hilketa.

Kanpezuko Udalaren omenaldia Stanleyren ondorengoari.

 

2019ko uztailaren 4a (Stanleyren egonaldiaren bigarren egunaren 150. urteurrena)

William Stanley gonbidatuak bisitak egingo ditu bere birraitonari eskainitako kalera eta Eraztun Berdeko lekuetara.

13.30ean Gorka Urtaran alkateak harrera egingo dio Stanleyren ondorengoari Gasteizko Udalean, elkarte antolatzaileetako kideek eta Gasteizko herritarrek lagunduta.

18.00etan bisita Abetxukuko zubira, Stanleyk Zadorran hartutako bainua eta inizialak zuhaitz batean grabatu izana gogoratzeko; izan ere, Persepolisen eta Kongon baino ez zuen horrelakorik egin.

 

Harremanetarako telefonoa: Ramón Jiménez Fraile (+32 476503608 eta 686019830)

Share