Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  9 uztaila 2019 17:00

‘Segregación Escolar y Ciudad Educadora’ udako ikastaroari hasiera ematea

Parte hartzaileak. Kultura eta Gizarte Etxeen zinegotzi Estibaliz Canto

Eguna. Asteazkena, uztailak 10

Ordua. 09:15

Tokia. Europa Biltzar Jauregia

————————————

Prentsaurrekoa. ‘Plastiko Zero, edalontzi berrerabilgarriak Andre Maria Zuriaren Jaietan’ kanpaina aurkeztea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; eta Vital fundazioko presidente Jon Urresti

Eguna. Asteazkena, uztailak 10

Ordua. 10:00

Tokia. Vital Fundazioko prentsa aretoa, (Bake kalea 5, 1. solairua –Dendaraba-)

————————————————

Prentsaurrekoa. Korterraza Gasteiz zinema-jaialdiaren X. edizioa aurkeztea

Parte hartzaileak. Kultura eta Gizarte Etxeen zinegotzi Estibaliz Canto; eta jaialdiko antolatzaile Xabi Vitoria

Eguna. Asteazkena, uztailak 10

Ordua. 10:15

Tokia. Artium Museoa

———————————-

Prentsaurrekoa. Vitoria-Gasteizko Ironman txapelketako elastikoa eta Finisher domina aurkeztea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; eta Vitoria-Gasteizko Ironmaneko zuzendari Eduardo Martínez

Eguna. Asteazkena, uztailak 10

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko harrera aretoa

—————————————-

Prentsaurrekoa. Udal Musika Bandaren kontzertua aurkeztea

Parte hartzaileak. Kultura zuzendari Paco Galve; Udal Musika Bandako zuzendariorde Iker Olazabal; Jazzaldiko presidente Iñigo Zarate; eta Ernesto Aurignac, saxo-jotzaile eta MAP hirukoteko konpositore

Eguna. Asteazkena, uztailak 10

Ordua. 11:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

————————————-

Hiri Hezitzaileen Estatuko Sarearen ‘Segregación Escolar y Ciudad Educadora’ bilerari hasiera ematea

Parte hartzaileak. Kultura eta Gizarte Etxeen zinegotzi Estibaliz Canto

Eguna. Asteazkena, uztailak 10

Ordua. 15:30

Tokia. Europa Biltzar Jauregia

————————————-

Merkataritzaren Jaia

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Asteazkena, uztailak 10

Ordua. 20:30

Tokia. Gasteiz On elkarteko egoítza (Errementari kalea, 94)

 

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:11

Udaltzaingoaren Agenteek 41 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo, Nafarroako Errege-Erreginen kalean bizilagunen erkidego bateko zenbait ganbaratan indarkeria erabiliz lapurtu izanaren delituaren ustezko egile gisa.

Hots susmagarriak entzun eta pertsona bat trastelekuen gunetik presaka alde egiten ikusi zuen bizilagun batek jo zuen alarma-deia.

Bertara joandako udaltzainek gizon bat topatu zuten lehen solairuko eskailburuan eserita, eta hark esan zien ganbaretara igo zela eta haietako batzuk behartu zituela, barruan lo egin ahal izateko.

Ustezko lapurrak ostutako erreminta batzuk zeramatzan: allen giltza bat, bihurkin bat, metalezko euskarri bat, linterna moduko bi argi eta giltza-joko batzuk, besteak beste. Egindako ikerketetan, udaltzainek egiaztatu ahal izan zuten hamar trasteleku behartu zituztela, eta horren ondorioz, atxilotu egin zuten. Gaur epailearen esku geratu da.

Beste jarduera batzuk

Udaltzaingoaren agenteek 17 urteko neska adingabe bat atxilotu dute bart gauean, haren gainean errekisitoria judizial bat zegoelako. Gaur goizean hezkuntza-zentro itxi batera eraman dute.

Udaltzainek 12 trafiko-istriputan esku hartu zuten, nahiz ez zen zauriturik izan eta ez zen inor ikertu bide-segurtasunaren aurkako delituak egiteagatik. Horrez gain, 29 salaketa izapidetu eta polizia judizialaren 8 jarduera egin zituzten.

Ibilgailu batek su hartu du

Bart gauean Abendaño kaleko ibilgailu baten motorrak su hartu du. Suhiltzaileak joan dira itzalketa-lanak egitera eta bateria deskonektatzera.

Teodoro González de Zarate kalearen ondoko parke batean zuhaitz baten adarra ere jasotzera joan ziren, baita Olagibel kaleko leiho bateko kristala ere, bide publikora erortzeko arriskuan zegoelako.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:44

Jai programazioaren aurrekontuak ia 60.000 euro egin du gora eta, berrikuntzen artean, jaien aurretik Foru plazan egingo den DJ kontzertua da nabarmentzekoa.

 

Gorka Urtaran alkateak eta Gizarte-etxeen zinegotzi Estíbaliz Cantok 2019ko Andre Maria Zuriaren jaien programa aurkeztu dute gaur: edizio plurala, begirunetsua eta guztiontzat, tradizioa eta modernitatea uztartzen dituzten jaiak, eta aurreko edizioetakoak hobetzeko bultzadatxo nabarmena dutenak.

Gasteizko alkateak azpimarratu egin du “Andre Maria Zuriaren jaiak jairik onenetakoak direla hainbat alderdirengatik: giroa, tradizioa eta dibertsioaren arteko nahasketa, jarduera eskaintza anitza eta gasteiztarrok ematen diegun kolorea. Hiriaz harro agertu ohi garen egunak dira; tradizioez eta kulturaz harro. Dibertitzeko sasoia da, berriz elkartzekoa”. 

Gorka Urtaranek azpimarratu egin ditu jaien aurrekontuko igoera eta gustu oro asebetetzeko programa osatzen duten hirurehunetik gora jarduerak. Pertsona guztiak errespetatuz ondo pasatzeko programa. Emakumeek, bereziki, baina LGTBI biztanleriak ere, jaiak indarkeria matxistarik gabeko gune libretan gozatzea nahi dugu. Eta hori herritar guztiak eta jaietako eragile eta zerbitzu nagusiak inplikatuta lortu ahalko dugu. Orobat gogoratu du udalak ahalegin handiagoa egiten duela jaiak espazio garbiak eta Gasteiz bezalako hiri moderno batekin bat datozen espazioak izan ditzan jaietan. Hori dela eta, laguntzeko eta ez zikintzeko deia egin du.

Bestalde, Canto zinegotziak hauxe nabarmendu du; beti gustatzen zaigu berrikuntzaren bat sartzea. Udalerrietako jaiak aldatzen diren sinboloak dira, urtez urte tradizioa eta osagai berritzaileak uztartzen dituztenak; hori dela eta, urtez urte osagai tradizional batzuk desagertuz doaz berrikuntzen mesedetan, betiere hiriak, asistentziaren bidez, eskatzen edo adierazten digunaren arabera;  Gasteizen guztiontzako jai biziak izateko programatzen saiatzen gara.

Aurtengo berrikuntza nagusia jai atarikoei emandako bultzada handia izan da. Larunbata izanik, abuztuaren 3rako “Los 40 sessions – La Blanca” kontzertua programatu da, JL García eta Ramses DJen eskutik, Foru plazan, 23:00etan.

Iazko berrikuntza nagusia ere –Edurne eta Zeledon Txiki jaisteko leku aldaketa– mantendu egin da, eta Andre Maria Zuriaren plazan izango da berriz ere. Haurrentzako programazioan ere berrikuntzak sartu dira.

Iazko pregoiak berdintasuna eta kirola izan zituen ardatz; aurtengoa, berriz, pregoi zinematografikoa izango da. Kepa Sojok emango du pregoia abuztuaren 2an, 21:30an. Kepa zine-zuzendari, zine-historialari, irakasle eta Cortada jaialdiko zuzendari dugu. “Bere aldeko apustua egin dugu alderdi bikoitza duelako: kulturala edo sormenezkoa eta hezkuntza eta akademikoa” nabarmendu du Cantok.

Pregoiaren ondoren, soul, gospel eta rhytm&blueseko kontzertu handia emango du Ele interpretari madrildarrak bere banda eta abeslarien laguntzaz.

Jaietan 350 ekitaldi inguru antolatu dira, eta dagoneko identitate-ikur diren hauek barne: tokiko talde ugari izango dira jai eremu guztietan, euskarak presentzia handia edukiko du, eta irisgarritasunaren eta iraunkortasunaren aldeko apustua egingo da.

Programazioari dagokionez, honakoak dira nabarmentzekoak: Foru plazako ohiko kontzertuak (Huntza, La M.O.D.A., Fangoria, Gatillazo eta Mago de Oz) edo Aihotz plazako euskarazko eskaintza (Joseba Tapia, Modus Operandi, Nogen eta Anje Duhalde)

Ganbera-musikaren kontzertuak Musika Eskolako entzunaretoan izango dira berriz ere. Etxeko taldeei Falerina lorategian utziko zaie espazioa berriz ere.

Jarduera horietaz gain, beste hauek ere izango dira: Udal Musika Bandaren kontzertuak Floridako kioskoan, dantzaldiak Florida parkean, jotak Peñafloridako Kondearen plazan, orkestra handiak gauero Plaza Berrian, gau-jaiak Arka plazan, euskal folklorea Aihotz plazan, eta fanfarre eta txarangen animazioa.

Umore Txokoa Fernandez de Pierola Apezpikuaren lorategian izango da aurten ere (Nerea Garmendia, Miguel Lago, Comandante Lara, Alex O’Dogherty eta Aitziber Garmendia) eta askotariko ikuskizunak izango dira Probintzia plazan (horien artean Serrat eta Sabinaren omenezko “Dos Pájaros y un trío” eta klaké eta swing ikuskizuna).

Txikienak gogoan, eguerdiro haurrentzako zirkua, txotxongiloak, dantza eta antzerkia izango dira, ohi bezala, Peñafloridako Kondearen plazan. Arratsaldetan haurrentzako dantzak izango dira toki berean. Horretaz gain, Prado parkeko Abentura gunea handitu egingo da Birjolastu proiektuarekin. Horretaz gain, gargantua, erraldoi, buruhandi, zaldi eta txoten konpartsa, barrakak eta zezen suzkoak izango dira. Berrikuntzarik ere izango da: haurrentzako entzierroa zezen puzgarriekin,Andre Maria Zuriaren plazan jaietako azken egunean, eta ondoren, haurrentzako programazioari amaiera emateko jaia.

Juan Aiala plazan azoka arabiarra izango da berriz ere, Foru plazan dastatzea Eusko Labelen eskutik (bildutako dirua Araba Dantzarien Biltzarraentzat izango da) eta Loma Jeneralaren plazan artisautza azoka eta gastronomia herrikoia. Eskulangintza Azoka Santa Barbara plaza berritura itzuliko da.

Gauero piroteknia ikuskizunen nazioarteko XVII. erakustaldia izango da. Beste urte batzuetan bezala, herritarren botoek erabakiko dute zein piroteknia etxek irabazten duen. Udalaren web-orrian eta 010 telefonoan eman ahalko da botoa, abuztuaren 5eko 23:30etik abuztuaren 9ko 18:00ak arte. Boto emaileen artean liburuak erosteko txartel bat zozketatuko da. Irabazten duen pirotekniak datorren urteko erakustaldian hartuko du parte.

Iradier Arenan, berriz, bigantxak izango dira goizero; Arratsaldetan, berriz, uztailaren 25ean, Super Grand Prix-a eta abuztuaren 5ean, haurrentzako bigantxak. Sarrerak salgai daude gaurtik, emakidadunaren web orrian.

Horiei erlijio ekitaldi tradizionalak —bezperak, Farolen prozesioa eta Egunsentiko Arrosarioa— gehitu behar zaizkie, bai eta Nesken eta Blusen Federazioak, Txosnek eta Principal antzokiak antolatutako egitaraua ere (azken hau aurkeztuta dago).

Uztailaren 19an, 50 gonbit-txartel bikoitz zozketatuko dira San Migeleko balkoira joateko. Zozketan parte hartu ahal izateko adinduna izan behar da, eta herritarren udal txartela eduki (HUT). Web bidez, edo 010 nahiz 945161100 telefonoen bidez aman ahalko da izena, gaurtik uztailaren 16ra bitartean. Emaitzak uztailaren 19an bertan ezagutuko dira, eta gonbit-txartelak uztailaren 26tik 29ra bitartean jaso ahalko dira turismo-bulegoan.

Azkenik, azpimarratzekoa da aurtengo aurrekontua 57.000 euro igo dela, eta 790.000 eurokoa da (iaz 733.000 eurokoa izan zen).

Amaitzeko, Estíbaliz Cantok guztientzako jaiak izatea opatu du, eta ez programazioari dagokionez bakarrik. Jaiek eraso matxista eta homofoborik gabeko eta abesti iraingarririk gabeko espazio libreak izan behar dute Gasteizko txoko guztietan.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:02

Irailaren 5era arte egongo da zabalik baliabide ekonomiko eskaseko pentsiodunek ohiko etxebizitzan duten energia-gastua finantzatzeko laguntza ekonomikoen deialdia.

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak jarri du abian laguntza-poltsa berria, “egoera ekonomikorik okerrenean dauden pertsonek estalita eduki ditzaten oinarrizko premiak, hala nola argia edo berokuntza”, arloko zinegotzi arduradun Jon Armentiak azaldu duenez.

2019ko urtarrilaren 1etik ekainaren 30era bitartean izandako energia-kontsumoetarako —elektrizitatea, gasa edo bestelako erregaiak— emango dira laguntzak, baita komunitate-gastuetarako ere, berokuntza barne hartzen badute.

Eskabidea aurkezten duten unean betekizun hauek betetzen dituzten pertsonek jo ahal izango dute 2019ko lehen deialdi honetara:

  • Gizarte Segurantzaren sistemako pentsioduna izatea.
  • Diru-sarrerak bermatzeko errentaren jasotzailea izatea —pentsioaren osagarri—.
  • Eskabidea aurkezten den uneari dagokionez, azken 10 urteetan gutxienez 5 urtez Gasteizen erroldatuta egon izana, eta gutxienez urtebetez, modu jarraikian, eskabidea egin aurretik.
  • Ohiko etxebizitzako elektrizitate, gas eta bestelako erregaien fakturak ordaintzen aritzea.
  • Bonu soziala eskatu izana.
  • Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrean aipatzen diren debeku-egoeretakoren batean ez egotea.

Herritarrei laguntzeko bulegoetan tramitatu ahal izango dira eskabideak, irailaren 5era arte.

Energia-gastuagatik justifikatutako zenbatekoaren araberakoa izango da onuradunek jasoko duten laguntza, zein pertsona bakoitzeko gehienez 300 eurokoa izango baita eta ezingo baititu gainditu ordaindutako gastuak.

Onuradunek gizarte larrialdiko laguntzarik (GLL) jaso badute ohiko etxebizitza edo alojamendua mantendu ahal izateko, seihilekoan egindako gastuari energia-gasturako jasotako GLLari dagokiona kenduko zaio diruz lagun daitekeen gehieneko gastua kalkulatzeko.

Energia gasturako laguntza bi zatitan ordainduko da: % 80, eskabideak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo hilabetean; gainerako % 20a, berriz, gastuak justifikatu ondoren.

Horrelako 234 laguntza eman zituen iaz Gizarte Politiken Sailak; batez beste, 256 euro eskatzaile bakoitzeko. Orobat ukatu ziren ezarritako baldintzak betetzen ez zituzten 56 eskabide

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   07:17

Udaltzaingoaren Agenteek 19 urteko mutil gazte bat eta adingabe bat atxilotu zituzten atzo, Frantzia kalean indarkeriaz eta larderiaz neska gazte bati lapurtu izanaren ustezko egile gisa.

Gertaera horiek goizeko zortzi eta erdiak inguruan izan ziren. 092 zenbakira egindako dei batek ohartarazi zuen bi gaztek emakume bati lapurtu ziotela eta, biktimak emandako deskribapenari esker, patruila batek Valladolid kalean topatu zituen.

Frantzia kaleko eserleku batean eserita zegoela oldartu zitzaizkion bi mutilak neska gazteari. Telefono mugikorra eta tabako-zorro bat kendu zioten, eta haien atzetik irten bazen ere, ezin izan zituen harrapatu.

Udaltzainek atxilotu egin zuten adin nagusiko gaztea, eta adingabea, aldiz, bere legezko tutoreen ardurapean utzi zuten.

Beste atxiloketa batzuk

Asteburuan beste zazpi gizonezko atxilotu ditu Udaltzaingoak delitu desberdinengatik.

Ostiralean 21 eta 17 urteko bi gazte atxilotu zituzten, San Martingo ostalaritza-establezimendu baten indarrez lapurtu izanaren delitu baten ustezko egile gisa.

Egun horretan bertan, 57 urteko gizonezko bat genero-indarkeriaren delitu baten ustezko egile gisa atxilotu zuten Sansomendi auzoko bere etxebizitzan emaztea jotzeagatik. Familiako eztabaida batean gertatu zen.

Larunbatean, Udaltzaingoaren agenteek 17 urteko adingabe bat atxilotu zuten, droga-trafikoaren eta agintaritza-agenteen aurkako erresistentzia eta desobedientzia larriaren delituak egin izanaren ustezko egile gisa.

Bizikleta-polizien patruila batek marihuana usain indartsua sumatu zuen San Mateo elizatik hurbil eserleku batean eserita zeuden lau gazteren ondotik pasatzean. Udaltzainek talde horri adierazi zioten miaketa bat egingo zutela, eta une horretan, haietako bat lasterka hasi zen, nahiz eta handik metro batzuetara atzeman zuten.

Gazteak jarrera oldarkorra erakutsi zuen, eta indarkeriaz aurre egin zienez, atxilotu egin zuten. Bizkar-zorro bat zeraman plastikozko poltsa batekin, eta bertan, zenbait marihuana-kukulu, aluminiozko zorrotxo bat droga berarekin eta auto-itxierako bi plastikozko poltsa zeramatzan, eta horrez gain, 70 euro. Guardiako Epaitegian izapide egokiak bete ondoren eta Adingabeen Fiskaltzari jakinarazi ondoren, gurasoen ardurapean utzi zuten.

19 urteko gazte bat atxilotu zuten atzo, agintaritza-agenteen aurkako erresistentzia eta desobedientzia larriaren delitu baten ustezko egile gisa. Patruila batek El Prado kalean ikusi zuen garrasiak eta mehatxuak egiten zizkiela pertsona batzuei. Gazteak ez zuen udaltzainen aurrean identifikatu nahi izan, eta are haien aurka ere oldartu zen, eta horren ondorioz, atxilotu egin zuten.

Udaltzaingoaren Agenteek 34 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo, pertsona baten aurkako eraso baten eta agintaritza-agenteen aurkako erresistentzia larriaren delitu baten ustezko egile gisa. Pertsona hori alkoholaren eta/edo substantzia estupefazienteen eraginpean zegoelako zantzu nabarmenak zituen, eta gerriko batez jo zuen herritar bat, oinezkoei jaurtitzen ari zen irainengatik errietan hasi zitzaiolako. Honek ere ez zuen udaltzainen aurrean identifikatu nahi izan.

Epailearen errekisitoriak

Udaltzaingoaren Agenteek, halaber, 34 urteko gizonezko bat atxilotu zuten larunbatean, Palentziako Epaitegi baten errekisitoria judizial bat zeukalako beraren gainean. El Campillo gizarte-etxean topatu zuten.

Bere gainean beste errekisitoria judizial bat zeukan 17 urteko adingabe bat ere atxilotu zuten atzo Antonio Machado kalean, Udaltzaingoaren patruila bat hurbiltzen ari zela ohartu zenean gazte-talde batengandik ihes egin zuenean. Mugimendu bitxi hori ikusita, udaltzainak haren atzetik irten eta atzeman egin zuten. Identifikatzeari ekin ziotenean, ikusi zuten haietako batek Adingabeen Fiskaltzaren errekisitoria bat zeukala, eta horrenbestez, betearazi egin zuten. Izapide egokiak bete ondoren, gazte hori bere legezko tutoreen ardurapean utzi zuten.

Istripuak

Ostiralean Dato eta Florida kaleen arteko bidegurutzean gertatutako harrapaketa baten nondik norakoak ikertzen ari da argiketa-talde bat. Istripu horretan furgoneta bat zegoen tartean nahastuta. Oinez zihoan 59 urteko gizonezko bat zauritu zen eta larrialdi-zerbitzuek bertan artatu zuten.

Patinete elektriko bat gidatzen ari zen 40 urteko gizonezko bat ere zauritu zen, eta Txagorritxu Ospitalera eraman zuten, Jacinto Benavente eta Florida kaleen arteko biribilgunean zihoala auto batek harrapatu ondoren.

Larunbatean gertatutako istripu baten nondik norakoak ikertzen ari da argiketa-talde bat; istripu horretan, herri barruko autobus batean aulki gurpildunean zihoan 86 urteko gizonezko bat aulkitik erori zen. Larrialdi-zerbitzuek artatu zuten eta, gero, Santiago Ospitalera eraman zuten.

Udaltzaingoak beste 23 trafiko-istriputan esku hartu zuen, nahiz ez zen zauriturik izan, eta 4 gidari ikertzen ari dira alkoholaren eraginpean gidatzeagatik.

Asteburuan alkoholemiako 7 prebentzio-kontrol egin dira, eta horietan, 140 gidari inguruk egin behar izan dituzte nahitaezko probak. Horietatik batek bakarrik eman du emaitza positiboa eta salaketa jarri diote administrazio-bidetik.

Udaltzainek, halaber, 55 salaketa izapidetu zituzten atzo eta polizia judizialaren 27 jarduera egin zituzten.

Suhiltzaileak

Landaberde kalean sastrakaz betetako lur-zati batean piztutako sutea itzaltzen esku hartu zuten atzo suhiltzaileek.

N-622 errepidean, Zigoitian, trafiko-istripu batean zauritutako pertsona bat ere artatu zuten, eta Iturrizabala kalean hondakinen edukiontzi batean piztutako sutea ere itzali zuten; edukiontzia kiskalita geratu zen eta organikoen beste edukiontzi batek ere kalteak jasan zituen.

Share