Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  10 uztaila 2019 17:00

Prentsaurrekoa. ‘La Familia Addams’ antzezlana aurkeztea

Parte hartzaileak. Kultura eta Gizarte Etxeen zinegotzi Estibaliz Canto; Carmen Conesa, aktorea; eta Itxaso Barrios, LetsGo produkzio-etxeko koordinatzaile nagusia

Eguna. Osteguna, uztailak 11

Ordua. 11:00

Tokia. Teatro Principal Antzokia

———————————-

Prentsaurrekoa. 2019ko Andre Maria Zuriaren Jaietarako Berdintasun kanpaina aurkeztea

Parte hartzaileak. Berdintasun zinegotzi Miren Fernandez de Landa; eta Berdintasun Zerbitzuko buru Mireia Espiau

Eguna. Osteguna, uztailak 11

Ordua. 11:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share
Kategoriak: Fotonotizia  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   16:31

Hezkuntza eta Kultura Saileko zuzendari Palo Galvek eman dio hasiera Hiri Hezitzaileen Estatuko Sarearen baitako “Eskola Segregazioa eta Hiri Hezitzailea” gaiaren inguruko sarearen laugarren eta azken saioari. 25 hirik hartzen dute parte, eta Gasteizek koordinatzen du, sarea Europa jauregian eratu zeneko lehen urteurrenean.

Informazio

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:00

Gorka Urtaran alkateak eta Udalbatza zinegotzi ugarik jaso dute gaur goizean kamiseta eta “Finisher” domina, IRONMAN Vitoria-Gasteiz 2019 probaren antolatzaileen eskuetatik. Aurreko urteetan ez bezala, aurtengoan proba amaitzen dutenek jasoko dute gaur aurkeztutako kamiseta eta dominaren ale bana; hartara, gainditutako erronkaren sinbolo bihurtuko dira. 2.000 atleta baino gehiago lehiatuko dira datorren igandean kamiseta eta “Finisher” domina lortzeko zein, probaren zuzendari den Eduardo Martínezen hitzetan, “Gasteizen oroitzapen izango den urte askoan”.

 

image description

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:33

20 urteko mutil gazte bat atzeman zuen atzo Udaltzaingoaren patruila batek, Jacinto Benavente kaletik arduragabeki gidatzen ari zela. Udaltzainek gelditzeko eskatu zioten Iliada pasealekuaren eta Astronomo kalearen arteko biribilgunean. Haren dokumentazioa eta ibilgailuarena aztertu zutenean, egiaztatu zuten ez zeukala gida-baimenik, ez zuelako halakorik inoiz lortu, eta hori zela eta, izapide egokiak abiarazi zituzten Guardiako Epaitegian.

Lau pertsona zauritu dira istripuetan

Lau pertsona zauritu dira atzo egun osoan barrena gertatutako trafiko-istripuetan.

Bizikletan zihoan 43 urteko gizonezko bat bizikleta gainetik erori zen Madalena kaletik zihoala, eta lesio batzuk izan zituenez, larrialdiko zerbitzuek bertan artatu eta, gero, Txagorritxu Ospitalera eraman zuten.

Koroatze kalean gertatutako istripu baten nondik norakoak ikertzen ari da argiketa-talde bat; istripu horretan, autobus bat tartean nahastuta zegoen. Bidaiatzen zihoan 63 urteko emakume bat zaurituta geratu zen, eta anbulantzia batek Santiago Ospitalera eraman zuen.

Forondako Atea kalean motozikleta batek atzealdetik jo zuen auto bat, eta horren ondorioz, motoz zihoan 37 urteko emakumeak zauri batzuk izan eta anbulantziaz eraman behar izan zuten Txagorritxu Ospitalera.

Txirrinduan zihoan 15 urteko mutil bat zaurituta geratu zen Galeoi parkean barrena Baiona kaletik zihoala. Txagorritxu Ospitalera eraman behar izan zuten.

Udaltzaingoak beste 5 trafiko-istriputan esku hartu zuen, nahiz ez zen zauriturik izan. Horrez gain, 17 salaketa izapidetu eta polizia judizialaren 8 jarduera egin zituzten.

Bi edukiontzi kiskalita geratu dira

Bi edukiontzi kiskalita geratu dira joan den goizaldean Uruguai kalean. Suhiltzaileek dei bat jaso dute, goizaldeko 3rak pasatuta, edukiontzien eremuan sute bat zegoela jakinarazteko. SPEISeko langile-talde batek sutea itzaltzea lortu du, baina bi edukiontzi suntsituta geratu dira.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:28

 

Datorren ostiralean hasiko da adinekoentzako zentro soziokulturaletako Udako Gauak aisialdi programa. Aire zabaleko bi zine-emanaldi eta jazz kontzertu didaktikoa izango dira herritar guztientzat

 

 

 

 

 

Uztailaren 12an, ostirala, Coco filma proiektatuko da Abetxukuko plaza nagusian, 22:30ean. Disney-Pixar faktoriako ekoizpen animatu honek mexikarren Hildakoen Eguna delako jaia du inspirazio iturri, eta hainbat sari irabazi ditu 2018an: film animatu onenarentzako Urrezko Globoa eta film animatu onenarentzako eta jatorrizko abesti onenarentzako Oscar sariak.

Uztailaren 15ean, jazz session kontzertu didaktikoa izango da, Didi Jazz taldearen eskutik, Vital Fundazioak Dendaraban duen aretoan. Getxoko Musika Eskolan sortutako laukote honek jazz musikak 50. hamarkadatik 70. hamarkadara egindako ibilbidea erakutsiko digu, eta honako musikariak ekarriko ditu, besteak beste, gogora: Monk, John Coltrane, Henderson eta Chick Korea. 18:00etan hasiko da.

Uztailaren 19an, ostirala, aire zabaleko zine-emanaldia izango da. Theodore Melfi zuzendari estatubatuarraren “Figuras ocultas” filma izango da ikusgai Arana auzoko Galizia plazan, 22:30ean. Filmak Gerra Hotzean NASArako lan egin zuten hiru emakume zientzialari afroamerikarren benetako bizitza kontatzen du, eta afroamerikarren eskubide zibilen aldeko borrokaren isla da.

Jarduera guztiak doakoak eta herritar guztientzat dira

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:23

 

 

100.000 unitate jarriko dira zirkulazioan abuztuaren 3tik aurrera

 

 

 

 

  • Kontsumitzaileak euro bat utziko du gordailutan eta edalontzia aldatu eta berri bat har dezake, erabat higienizatua, atxikitako edozein saltegitan, eta egunaren amaieran euroa berreskura dezake
  • Jai iraunkorragoak lortzea da helburua, baita erabilera bakarreko plastikozko hondakin ahalik eta gutxien sortzea ere

Vital Fundazioak eta Vitoria-Gasteizko Udalak edalontzi berrerabilgarrien erabilera sustatuko dute aurtengo Andre Maria Zuraiaren jaietan. Abuztuaren 3tik 9ra, 100.000 edalontzi berrerabilgarri jarriko dituzte zirkulazioan erakunde bien artean, erabilera bakarreko plastikoaren kontsumoa murriztu dadin eta jai iraunkorragoak lortzeko, Europatik datorren araudiari aurrea hartuta, gainera.

Jon Urresti Vital  k eta Gorka Urtaran Vitoria-Gasteizko alkateak hirian aitzindaria den kanpaina aurkeztu dute gaur. Ingurumenari dagokionez, jai iraunkorragoak lortzea da helburua, baita plastikozko hondakin ahalik eta gutxien sortzea ere. ‘Plastikorik ez’ izenpean, eta Gasteiz On merkatari eta ostalari elkartearekin lankidetzan,  erabilera bakarreko edalontziak berrerabilgarri batekin ordezkatzeko aukera eskainiko zaie herritarrei.

Horretarako, lehenengo kontsumizioarekin batera euro 1 ordaindu beharko dute edalontzi berrerabilgarria lortzeko, kanpainari atxikitako ostalaritzako edozein lokaletan. Kontsumitzaileek edalontzia alda dezakete eta erabat garbi dagoen beste bat lortu, nahi duten beste aldiz. Eguna amaitzean, euroa berreskuratu dezakete edalontzia itzulita.

100.000 edalontzi martxan jarriko dituen berrerabiltze-kanpaina abuztuaren 3an abiaraziko da, Zeledonen jaitsieraren bezperan, eta jaiak amaitu arte iraungo du. Egun horretatik aurrera, interesa duten pertsonek edalontzia lortzeko aukera dute, kanpainari atxikitako saltegietan, hartara, denok joan gaitezke txupinazora edalontzi berria hartuta, izan ere, jaietako jarduera horretan batu izan da plastikorik gehien azken urteotan.

Ostalaritzako saltegiak kanpaina honetara atxikitzeko epea zabalik dago oraindik ere. 661 442 579 telefonora deitu dezakete edo actividades@fundacionvital.eus posta elektronikoa idatzi, informazio guztia lortu eta kanpainari atxikitzeko. Gainera, https://medioambiente.fundacionvital.eus/vasos webgunean , kanpaina osoa aurki daiteke, dinamika azalduta eta mapa interaktiboa eskura, edalontzia non lortu daitekeen ikusteko.

Horrela, kausa horrekiko sentsibilizatuta egon diren eta jadanik erabilera bakarreko plastikoaren alternatibak eskaintzen ari ziren, kristalari eustea esaterako, ostalarien zerrendari, orain ekimen berri hori batu zaio. “Eskaintzen dugun edalontzia plastikozkoa da, orain ere, baina ez dago kontradikziorik, berrerabilgarria baita, eta horrelako bakoitzarekin erabilera bakarreko 5 edalontziren erabilera saihesten dela kalkulatu da. Gaur aurkeztu diren edalontziek 300 erabilerako bizitza baliagarria dute elikagai-arloan. Polipropilenoz eginda daude, eta bizitza baliagarria amaitu ostean material horrek eskaera oso altua du birziklatu eta kutxatarako edo haur-parkeetarako erabiltzeko, hortaz, beste 30-40 urte bitartean luzatu dezake bere bizitza baliagarria, erabilera bakarreko plastikozko edalontziek ez bezala. Horrek esan nahi du, Andre Maria Zuriaren jaietan milaka plastikozko edalontziren erabili eta bota daitezela saihestuko dugula eta hondakin tonak sortu daitezela ere bai. Gasteiztarrek erakutsi dute dagoeneko, eta abagune askotan, gure ingurumenarekin duten konpromisoa, beraz, jakin badakit ekimen hau ondo hartua izango dela gure inguru naturalarekin hain sentsibilizatuta dagoen gure hiri honetan”, adierazi du Jon Urrestik.

Bere aldetik, Gorka Urtaranek gasteiztarrek hau bezalako abangoardiako ekimenekin duten inplikazioa azpimarratu du. “Gasteiztarren portaera Andre Maria Zuriaren jaietan eredugarriagoa da urterik urtera. Duela urte bi hiriak mugarri bat jarri zuen, beira txupinazoan erabat desagerrarazi zuenean eta aukera berrerabilgarriak abiarazi zituenean, eta jakin badakit bide onetik goazela plastikozko hondakinak pausoz pauso murrizteko, gure planetaren kutsatzaile nagusienetakoa baita. Nazioartean erreferente egiten gaituen ingurunearekiko konpromisoa du Vitoria-Gasteizek. Kanpaina hau, gainera, Andre Maria Zuriaren jaietako garbiketa-antolaketa bereziari batuko zaio, garbiketa-zerbitzu gehiago baitaude gure kaleetan, eta herritarren artean begi onez ikusten den kontzientziatze eta sentsibilizazio programa berezia ere bai. Izan ere, herritarren kontzientziazioa giltzarria da guztiok goza ditzagun jai-gune garbiak eta Vitoria-Gasteiz den hiri modernoarekin bat datozenak”, nabarmendu du Gorka Urtaran alkateak, eta bide batez, “gero eta hobeto egitera eta hiri garbiaz, iraunkorraz eta arduratsuaz harro izatera” gonbidatu ditu herritarrak.    

 Vital Fundazioaren eta Vitoria-Gasteizko Udalaren ekimen honi esker, Arabako hiriburuak aurrea hartu dio araudi europarrari, izan ere, 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera EBk erabilera bakarreko plastikozko tresnen erabilera debekatu du, esate baterako plastikozko mahai-tresnak (sardexkak, aiztoak, koilarak eta zotzak), plastikozko platerak, plastikozko lastotxoak, plastikoz egindako kotoi-zotzak, plastikozko paluak puxiketarako, bilgarriak eta edalontziak.

Proiektu hau ‘Plastikorik ez’ kanpainaren eskutik dator, Vital Fundazioak Araban ingurumenarekin duen konpromisoaren ildotik abiarazi duen programetako bat. Beste hainbat ekimen ere hartzen ditu barne proiektuak, esaterako ‘Vital Zuhaitzak’, sentsibilizazio kanpainak ikastetxeetan edo oihalezko poltsak eta poltsa biodegradagarriak gure merkatu eta azoketan. ‘Plastikorik ez’ proiektuaren helburua honakoa da, erabilera bakarreko ahalik eta plastiko eta ontzi gehien desagerraraztea gure ingurune hurbiletik. Herritarrak horien gehiegizko erabilerak sortzen dituen arazoei buruz kontzientziatzea du helburu kanpainak, eta gure egunerokoan aukera praktikoak proposatzea. 1950. urtean ekoizten eta gure bizitzan erabiltzen hasi zirenetik, 8,3 mila milioi tona plastiko fabrikatu direla kalkulatu da. Kopuru horretako % 9 baino ez da birziklatu, % 12 erre egin da eta gainerakoa, % 79a, zabortegietan edo ingurumenean dago.

Itsasoko hondakinen % 80 baino gehiago dira plastikoak, egoera jasanezina da gaur egun. Behin plastikoa naturara iritsi denean, bere deskonposaketa oso motela da, horregatik metatzen da itsasoetan, ozeanoetan eta hondartzetan. Gainera, milaka animaliak irensten dute eta hil egiten dira edo kate trofikora sartzen dute, eta azkenean, gure plateretara iristen da.

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:05

Kulturaren festa izango da Artium barruko plazan uztailaren 11tik 13ra bitartean, eta Sex Museum, Anaut, A Contra Blues, The Brontës, Daddy´s Funclub eta Dead Sequoia musika-taldeek joko dute

 

 

 

Ostegunean —uztailak 11— hasiko da Korterraza Gasteizen 10. edizioa, Artium barruko plazan. Larunbatera arte —uztailak 13—, hiru egunez eskainiko ditu proiekzioak aire zabaleko film laburren jaialdiak, baita Korterraza Txikiren bi emanaldi eta sei kontzertu ere; guztia, beti bezala, edonorentzat zabalik eta doan.

Kultura eta Gizarte Etxeen zinegotzi Estibaliz Cantok eta jaialdiaren antolatzaile Xabi Vitoriak aurkeztu dute, gaur, prentsaurrekoan.

“Edizio berezia da guretzat, eta espero dugu jendeak aurtengo film labur ugari bezain onekin gozatzea, baita prestatu ditugun kontzertu handiekin ere”, azaldu du jaialdiaren antolatzaile Xabi Vitoriak.

Kultura Kalean! elkarteak antolatzen du Korterraza jaialdia, eta Gasteizko Udalaren, Artium zentro-museoaren, Laboral Kutxaren, El Correoren, Kelerren eta Grupo Eleycoren babesa jasotzen du, baita Mercedes Benz Ondo, Vinoteca Alpaher, Irenaz eta Zuloa Irudiaren laguntza ere.

38 film labur proiektatuko dira Korterraza Gasteizen 10. edizioan. Horietatik, 19k lehiaketaren atal ofizialean parte hartuko dute. Ostegunean, uztailak 11, eta ostiralean, uztailak 12, 22:00etan hasita dira proiekzioak, eta larunbatean, uztailak 13, 23:00etan. Horrekin batera, beren espazioa izango dute haurrek eta familiek Korterraza Txikin, ostiralean, hilak 12, bi emanaldi izango baitira, 19:30ean eta 20:45ean, Artiumeko auditorioan.

Beti bezala, aukeratutako film laburrak maila handikoak dira. Komedia dibertigarriak aurkituko dituzte bertaratzen direnek —hala nola ‘Trivial’ edo ‘Ser o no ser’, baita dramak —‘Cerdita’ eta ‘La noria’— eta suspentse-lanak ere —A plena luz del día’, ‘La octava dimensión’ eta ‘La guarida’—. Gainera, aurten atal ofizialeko bi film labur euskaraz izango dira: ‘Hotzean garbitu’, Euskara Sariaren irabazlea, eta ‘Azken otsoa’. Eta, horrekin batera, Kortezarra Txiki atala ere nabarmendu nahi dugu, haurrentzako film labur oso onak eta interesgarriak eskainiko baititu”, azaldu du Vitoriak.

Film labur arabarraren eguna

Proiekzioen artean, nabarmentzekoa da film labur arabarren eguna, osteguna, hilak 11. Zinemagile arabarren sei lanek osatuko dute atal hori: “Khuruf”, Kepa Sojorena; “Pizza”, Aitor de Kintana eta Iñaki Rikarterena; “Moda”, Imanol Ortizena; “Annie & Carola, mi mejor amiga”, Myriam Ballesterosena; “Amargo era el postre”, Diego H. Katarniukena, eta “Beber”, David P. Sañudorena. Azken film labur hori, Jon Plazaola protagonista duena, Korterraza Gasteizen estreinatuko da.

Oso pozik gaude, aurten film labur arabar asko eta oso onak iritsi baitzaizkigu. Nahiko genukeen denak ekarri gurera, baina aukeratu egin behar izan dugu, eta gure lurraldeko zinemagileek azken urtean egin dituzten gauza interesgarrien lagin txiki bat dugu hau”, adierazi du Korterrazaren antolatzaileak.

Epaimahaia eta sariak

Parte hartzen duten film laburrak jaialdian emango diren sarietarako lehiatuko dira. Horietako hiru —lehen saria, Álex Angulo Saria; bigarren saria, Korterraza Keler Saria, eta komediarik onenaren saria, Grupo Eleyco Saria, epaimahai berezi batek emango ditu. Korterrazaren 10. edizioa dela eta, aurreko bederatzi edizioetako epaimahaietan parte hartu zuten pertsonei egin zaie gonbita.

Beren laguntzagatik eskerrak emateko modu polita iruditu zitzaigun. Batzuek ezin izan dute parte hartu, nahikoa denbora hartzen duen zeregina baita, baina epaimahaikoen talde aski handia dugu”, nabarmendu du Vitoriak.

Aipatutako hiru sariez gain, beste bi ere emango dira: Korterraza Txiki-El Correo Saria eta Ikusleen Laboral Kutxa-Gasteiz Saria. Guztira, 8.000 eurotik gora banatuko ditu Korterrazak saritan, sistema aitzindari bat baliatuz; izan ere, epaimahaiak eta ikusleek emango dituzten sariez gain, badira beste sari batzuk ere, hautatuak izanagatik eta ikusle-kopuruaren araberakoak. Hortaz, jaialdiko film guztiek jasoko dute nolabaiteko konpentsazioa.

Kontzertuak

Musikaren alorrean, sei kontzertu handi eskainiko ditu Korterraza Gasteizek, Artium barruko plazako agertokian. Aurreko edizioetan bezala, Estatuko talde ezagunak eta bertako bandak nahasten dira kartelean.

Daddy´s Funclub gasteiztarrek irekiko dute jaialdia, ostegunean, hilak 11, 19:00etan, eta beren bigarren lana, “You better run”, eskainiko. 20:15etik aurrera, A Contra Blues taldeak Estatuko talde ezagunenetako bat bihurtu duen rock eta blues errepertorioa eskainiko du.

Ostiralean, hilak 12, The Brontës taldeak disko berria aurkeztuko du, “Out of the ground into the ground”. 1995ean sortutako Gasteizko talde horren zortzigarren lana da. 20:30ean, Anautek hartuko du erreleboa Artiumeko agertokian. Gasteizen maiz izan den talde madrildarrak bere alderik rockzaleena eskainiko du.

Eta larunbatean, Dead Sequoia gasteiztarrek aurkeztuko dute beren disko berria, 19:15ean hasita. 21:00etatik aurrera, berriz, Sex Museumen kontzertu handia. Estatuko rockaren erreferente handietako bat dugu banda madrildarra, ibilbide sendoa egina duena, bi hamarkadatan, agertokietan barrena. Diskografia bikain bezain trinkoa du, eta, zuzenean, ezbairik gabe ikuskizun ederra eskainiko du, Artium barruko plazan.

Kontzertuetara etortzen den jendeak oso ondo pasatuko du. Erritmoa eta emanaldi bikainak ekarriko dituzte sei taldeek. Gainera, aurten, jaialdiaren hamargarren urteurrena ospatzeko, ahalegin bat egin dugu Sex Museum taldea ekartzeko, Estatuko rock talde nagusietako bat, hirian jarraitzaile ugari dituena”, adierazi du Xabi Vitoriak.

Erronka Garbia

Ingurumenarekiko konpromisoa dela eta, Erronka Garbia marka erabili ahal izatea lortu du Korterraza Gasteizek, iraunkortasunaren adierazgarri. IHOBE Ingurumen Jardueretarako Sozietate Publikoak ontzat eman du jaialdiak aurkeztutako iraunkortasun-plana, zeinek helburutzat markatzen baitu albait eta hondakin gutxien sortzea —edalontzi berrerabilgarriak erabiliz—, sortutako hondakinak birziklatzea —Gasteizko Udalaren laguntzarekin—, kontzertuen ordutegiak aldatzea —auzokoei sortzen zaizkien eragozpenak murrizteko— eta garraio publikoa eta bizikleta sustatzea —Artiumera joateko modu gisa—, besteak beste. Gasteizen, Erronka Garbia marka erabil dezakeen bigarren kultur ekitaldia da, Kaldearteren ondoren.

“Erronka Garbia ziurtagiria inportantea da Korterrazarentzat eta Kultura Kalean! elkartearentzat”, azpimarratu du Vitoriak; “izan ere, kaleko kultura bultzatzea da gure helburu nagusia, baina beti ere ingurumena aintzat harturik, eta, hasiera-hasieratik, ingurunea errespetatuko duen jaialdi bat egiten ahalegindu izan gara.

Kanpainak

Atal sozialean, hainbat ekimen bultzatzen jarraituko du Korterraza Gasteizek edizio honetan, gizarte hobea lortzen laguntzeko. Bigarren urtez, jarraian, ‘erRESPETAtuz’ kanpaina egingo du: hiru spot, Humberto Gutiérrez aktore eta komikoa protagonista dela, zeinetan, modu dibertigarrian, beste pertsona batzuei min egin diezaieketen eguneko hainbat egoera jorratuko baitira.

Era berean, sexismorik, homofobiarik, transfobiarik eta beste inongo jokabide zapaltzailerik gabeko espazioa da jaialdia, eta protokolo bat du, Mendialdea Music Festivalekin batera garatua, gertakariak prebenitu eta suertatuz gero nola jokatu jakiteko.

Benetako genero-berdintasuna bultzatzen duten ekintzen aldeko apustuari ere eusten dio Korterraza Gasteizek. Alde horretatik, emakumezkoek zuzendutako zortzi film laburrek parte hartuko dute 2019ko edizioan, eta lan-talde mistoek egindako beste seik. Sei musika-taldeetatik, hirutan izango dira emakumezkoak.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:47

Uztailaren 14an (igandea), Ironman Vitoria-Gasteiz 2019 proba egingo da Gasteizen. Egun horretako 10:15ean hasiko da eta uztailaren 15eko 00:30ean amaituko. Ibilbideak eragin egingo dio trafikoaren zirkulazioari, probak irauten duen bitartean zenbait kale itxi eta beste zenbaitetan trafikoa murriztu egingo baita aldi baterako. Baita aparkalekuei eta garraio publikoari.

 

Eragindako kale eta bidegurutzeak

Kale hauek itxita egongo dira uztailaren 14ko 9:30etik trafiko-egoerak irekitzeko aukera eman arte: Prado kalea, Andre Maria Zuriaren plaza, Mateo Moraza kalea, San Frantzisko aldapa eta Olagibel (Agirre Lehendakariaren kaletik Bake kalera bitartean).

Trafikorako itxita egongo dira honako kaleak, probak hasi baino ordu erdi lehenagotik eta egoerak irekitzeko aukera eman arte: Diputazio kalea, Errementari kalea, Zapatari kalea, Vicente Goikoetxea kalea, Magdalena kalea, Ramon y Cajal kalea, Independentzia kalea eta Alaba Jeneralaren kalea.

 

Aparkatzea debekatuta

Gernikako Estatutuaren kalean, uztailaren 10eko (asteazkena) 8:00etatik uztailaren 15eko (astelehena) 14:00etara.

San Frantzisko aldapan eta Olagibel kalean (Agirre Lehendakariaren kaletik eta Gernikako Estatutuaren kalera bitartean), uztailaren 11ko (osteguna) 8:00etatik uztailaren 15eko (astelehena) 14:00etara.

Olagibel kalean, Gernikako Estatutuaren kaletik Bake kalera bitartean.

Legutianoko atean, Karlos I. Enperadorearen plazatik Bilbo plazara, zenbaki

bakoitietan.

Hezeguneen ibilbidean, uztailaren 14ko 7:00etatik 19:00etara bitartean.

Vicente Goikoetxea kalean, uztailaren 14ko 7:00etatik 24:00etara bitartean.

Ibilbidea

Ibilbidearen informazio gehiago, Zirkulazioa arautzeko bandoa.

 

Garraio publikoa

TUVISA: zerbitzurik gabeko autobus geltokiak.

Uztailaren 14an, tranbia Legebiltzarreko geltokiraino iritsiko da 12:45etik zerbitzua amaitzeko ordura arte.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:28

Udalaren Musika Bandak eta MAP taldeak “Map Big Sound” lana estreinatuko dute uztailaren 17an, Mendizorrotzean. Jazzaldiak berak enkargatu zion lan hori MAP hirukoteari, eta udal bandarekin batera interpretatzeko orkestratua dago. Hiru musikari hauek dira MAP taldeko kideak: Marco Mezquida (pianoa), Ernesto Aurignac (saxoa) eta Ramón Prats (bateria).

 

 

Gaur aurkeztu dute prentsaurrekoan Hezkuntza eta Kultura Saileko zuzendari Paco Galvek, bandaren zuzendariondoko Iker Olazabalek eta jaialdiaren lehendakari Iñaki Zaratek.

Bandak hiriko gune ezberdinetan egon nahi izaten du, ahalik eta entzule gehienentzat aritzea, eta are gehiago, musika-agertokiak badira. Bandaren eta MAP taldearen arteko lankidetza hau tarteko, musikari gazteek ezaugarri hauetako entsegu baten funtzionamendua ikusi ahalko dute, non beste musika lengoaia batzuetara ohituago dagoen talde sinfonikoa eta MAP taldea –ibilbide propioa eta nazioartean arrakasta duen hirukotea– uztartu egingo diren. Gazte hauek udalaren Udaband musika kanpamenduetatik eta jaialdiak berak eta  Jesús Guridi kontserbatorioak antolatutako konboetatik etorriko dira.

Sarrerak 30 euro balio du, eta Jazz Jaialdiaren web orrian eta salmenta-guneetan eros daiteke. Informazio gehiago.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:22

 

  • Herritarrek uztailaren 31ra arteko epea dute iradokizunak aurkezteko.

Datorren urteko udal zergak berrikusteko prozedura abian jartzea onetsi du  gaur Ogasun zinegotzi Iñaki Gurtubaik. Horretarako, herritarren ekarpenak jasotzeko epea ireki da, gobernu-taldeak 2020rako ordenantza fiskalen proiektua aurkeztu aurretik.

Zerga, tasa eta prezio publikoen proiektua tramitatzen hasi aurretik egokitzat jotzen dituzten iradokizunak egin nahi dituztenek uztailaren 31ra arteko epea izango dute horretarako. Gerora, gobernu-taldeak proposatutako zerga-proiektua eztabaidatu eta onesteko prozesuan zehar, partikularrek alegazioak aurkezteko aukera izango dute berriz, eta entzunaldi eta informazio publikorako faseak izango dira.

Ordenantza fiskalen proiektua aurkeztu aurretik iradokizunak egin nahi izanez gero, idazki bat erregistratu behar da herritarrei laguntzeko edozein bulegotan edo hacienda@vitoria-gasteiz.org posta elektronikora idatzi.

“Herritarren parte hartzea funtsezkoa da udal zerga-sistemak gero eta hobeto erantzun diezaien Gasteizko interesei.  Azken urteotan hobetu egin ditugu bai informazio-bideak bai herritarrekiko harremanak izatekoak, guztiok gero eta inplikatuago senti gaitezen udalaren kudeaketa ekonomikoarekin. Ildo horretatik, ordenantza fiskalei ekarpenak egiteko aldi hau da zerga-proiektu partekatua izateko modurik egokiena” adierazi du Iñaki Gurtubaik.

Indarrean dauden ordenantza fiskalak har daitezke oinarritzat ekarpenak egiteko.

Informazio gehiago: Indarrean dauden ordenantza fiskalak

 

Share

Aurrekoak »