Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  16 uztaila 2019 17:00

Prentsaurrekoa. 2019ko Mojate – Busti Zaitez kanpaina aurkeztea

Parte hartzaileak. Kirol eta Osasun zinegotzi Livia López; Asociación de Esclerosis Múltiple de Araba AEMAR elkarteko koordinatzaile Iratxe Asurmendi; Vital Fundazioko zuzendari nagusi Axier Urresti; eta Gizarte Gaien diputatu Axier Urresti

Eguna. Asteazkena, uztailak 17

Ordua. 10:00

Tokia. Vital Fundazioa Kulturgunea. Dendaraba aretoa (Bake kalea 5, 1. solairua)

—————————————-

Prentsaurrekoa. Upelen Lasterketa aurkeztea

Parte hartzaileak. Ekonomia Sustapen zinegotzi Maider Etxebarria; Nekazaritza foru diputatu Eduardo Aguinaco; Blusa eta Nesken Batzordeko ordezkari Luis Izaga; eta Wine Cityko presidente Francisco Javier Elejalde

Eguna. Asteazkena, uztailak 17

Ordua. 10:30ean komunikabide grafikoek irudiak hartu ahal izango dituzte udaletxeko atarian; 10:35ean hasiko da prentsaurrekoa

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

————————————–

Prentsaurrekoa. VIII. Green Capital  Nesken Pala Txapelketa aurkeztea

Parte hartzaileak. Kirol eta Osasun zinegotzi Livia López; Arabako Pilota Federazioko Zuzendaritza Batzordeko partaide María Sáez Arzamendi; eta Arabako Pilota Federazioko zuzendari tekniko Mikel Rafael

Eguna. Asteazkena, uztailak 17

Ordua. 11:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

———————————————

Harrera ekitaldia ‘Oporrak bakean’ programa dela-eta udara Gasteizen pasatuko duten Saharako umeei

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; Arabako ahaldun nagusi Ramiro González; Arabako Batzar Nagusietako presidente Pedro Elosegi; eta Gobernuko delegatu Jesús Loza

Eguna. Asteazkena, uztailak 17

Ordua. 11:30

Tokia. Udaletxeko harrera aretoa

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:17

Alkateordeak bere taldea lantzen ari den hamar neurri aletu ditu, besteak beste, laneratzeko planak, San Martineko adinekoentzako zentro soziokulturalaren obrak, eta familientzako liburutegi berria Arriagan

 

 

 

 

“Ez da minutu bat ere galdu behar”. Maider Etxebarria alkateordeak, Gizarte Arloaren, Ekonomia Sustapenaren, Herritarren Segurtasunaren eta Kulturaren arduradunak, sail horiek agintaldia abiatzean lantzen ari diren hamar ekintza aurkeztu ditu gaur, “Gasteiz dinamikoagoa izan dadin laguntzeko, pertsonak udal kudeaketaren erdigunean egon daitezen eta bizi-kalitatearen erreferentzia izaten jarrai dezan”.

Alkateordeak azaldu duenez, ekimenak garapen fase ezberdinetan daude. Batzuk “dagoeneko abian dira“, beste batzuk laster gauzatuko dira, eta besteek, “hilabete batzuk” beharko dute. Horien artean daude enplegu-plan berriak, erreklamazio historikoak —San Martineko adinekoentzako zentro soziokulturala egitea, esaterako—, Arriagako familientzako liburutegia handitzea edo Europa jauregia promozionatzeko jarduera irekiak antolatzea, 30 urte bete berri baititu.

Hamar ekintza

1.- Enplegua. Etxebarriak enplegua aipatuz ekin dio agerraldiari, arlo horretan “azeleragailua sakatzea erabaki baitugu”. Udala Lanbideren hiru deialditara aurkeztu dela iragarri du, eta horien bitartez 510 pertsonari eman liezaiekeela enplegu, hau da, aurreko ikasturtean baino 108 gehiagori. Bi motatako kontratazioak sustatzea da helburua: enpresek egindakoak eta Udalak berak egindakoak. Lehen kasuan, langabeak lan-munduan txertatzeko balioko dute laguntzek; bigarrenean, aldiz, onuradunek esperientzia har dezaten.

2.- Ekonomia zirkularra. Alkateordeak azaldu duenez, IHOBE sozietate publikoaren bi laguntza lortu dira ekonomia zirkularrarekin lotutako udal proiektuak gauzatzeko; 2020ko amaierara arte garatuko dira, eta 50.000 euroko laguntza ekonomikoa izango dute. Lehen programaren xedea tamaina handiko hondakinetako materialak baliatzea izango da, esaterako, koltxoien malgukiak, “tratatu eta produkzio prozesuetan berriro sartzeko, eta haien bizitza erabilgarria luzatzeko“. Bestean, Gasteizko saltoki eta lantegietako bizikleta-pneumatiko erabiliak aprobetxatuko dira, obra publikoetan berrerabiltzeko. Partaidetza mistoa izango dute plan horiek: udal teknikariek gidatuko dituzte, eta enpresa espezializatuek gauzatuko.

3.- Europa jauregiaren urteurrena. Europa jauregiak 30 urte bete berri ditu, eta modu ezin hobean ospatu du. Izan ere, Biltzar Jauregien Elkartearen batzar nagusiak APCEren XVII. Biltzarra egiteko hautatu du ekipamendua; 2020ko uztailean izango da hori. Ekitaldia “biltzarren biltzarra” dela esan ohi da, eta estatuko biltzar jauregi garrantzitsuenen arduradunak bilduko ditu: “aukera handia izango da gure hiria eta gure probintzia promozionatzeko“, esan du Etxebarriak. Ildo horretatik, irailean zenbait ekitaldi egingo dira eta, berritasun gisa, Europa jauregiko zenbait gune “ihes gela” bihurtuko dira. Orobat, bisita gidatuak antolatuko dira, eta teilatuko terraza handia ere bisitatu ahalko da.

 4.- Adinekoentzako udal bulegoa. Gizarte Politiken Saila adinekoentzako udal bulegoa izango denaren definizioa taxutzen ari da. Jon Armentia buru duen arloa edukia lantzen ari da, kokalekua zehaztu aurretik. Baliabide berriak lau behar hauei erantzun nahi die: arrisku-egoerak eta eskubideen urraketak antzematea; adinekoentzako udal baliabide, programa eta jarduerez informazioa, orientabideak eta aholku ematea; partaidetza sustatzea, eta udal jarduera edo baliabideen funtzionamenduari buruzko iradokizunak jasotzea.

5.- San Martineko adinekoentzako zentro soziokulturala. Maider Etxebarriak iragarri du “hil honen amaieran” hasiko direla San Martineko adinekoentzako zentroaren obrak. Sei hilabete iraungo dute lanek, eta 823.050 euroko inbertsioa eskatuko dute. Ekipamenduak 1.300 metro koadroko azalera erabilgarria izango du.

Alkateordeak esan duenez, Berpizkundearen plazako Eguneko Arreta Zerbitzuaren obrak ere “laster” hasiko dira, eta urte erdia iraungo dute. Udalak eta enpresa adjudikaziodunak joan den astean sinatu zituzten eraberritzeko lanen aurreko agiriak. Instalazio horrek 500 metro koadro hartuko ditu, eta 30 adinekori emango die zerbitzu.

6.- Udaltzain eta suhiltzaileen plantilak sendotzea. Herritarren Segurtasunaren alorrean, lehen urratsak egin dira udaltzain eta suhiltzaileen plantilak sendotzeko. Hutsik dauden lanpostuak betetzea da helburua, Udaltzaingoan bakarrik “30 inguru” izan baitaitezke, lehen kalkuluen arabera. “Zerbitzurik onena emateko behar diren giza baliabideak eduki nahi ditugu”, esan du Etxebarriak.

7.- Haurrak babesteko kanpaina. Alkateordeak abian jarriko dituzten beste neurri batzuk aipatu ditu, “neurri txikiak izan arren, lasaitasuna ematen baitute, eta emaitza handiak segurtasunaren alorrean“.  Zehazki, Udaltzaingoak haurrak babesteko kanpaina bat jarriko du abian, oso sinplea baina eraginkorra: haurrak identifikatzeko 10.000 eskumuturreko banatzea, doan.  Helduek Andre Maria Zuriaren jaien aurretik jaso ahalko dituzte gizarte etxeetan eta Turismo Bulegoan —oraindik ez da zehaztu zein egunetan hasiko diren banatzen—, eta telefono mugikorraren zenbakia idatzi horietan; hartara, umea jaietako jendetzaren artean galtzen bada errazago aurkitu ahalko dute.

8.- Herritarren Udal Txartela (HUT). Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren Sailak Herritarren Udal Txartela (HUT) gailu mugikorrekin ((iOs eta Android) lotzeko bide emango du, abonatuek telefono mugikorra erabiliz sartzerik izan dezaten udal instalazioetan eta gizarte etxeetan.

9.- Liburutegiak. Gizarte Etxeen Zerbitzua zenbait aukera aztertzen ari da Arriagako gizarte etxeko familientzako liburutegia handitzeko, “ez baita nahikoa auzorako, ez delako 40 metro karratura ere iristen“, deitoratu du Maider Etxebarriak. Baliabidearen “azalera hirukoiztea” da helburua, “material bibliografiko gehiago edukitzea eta liburutegi sarearen programazioa hartu ahal izatea“; azken hori ezinezkoa da orain, ez baita lekurik.

10.- GO Kultura. Kulturak komunikazio digitalerako estrategia berria jarri du abian aste honetan, baita identitate korporatibo eta web-orri berriak ere, hiriko kultur ekitaldi guztien edukiontzi bihurtzeko asmoz. Estrategia berriaren xedea da “espazio komuna sortzea, agente, proiektu eta espazio publiko zein pribatuak ikusarazteko, eta Gasteizen kulturan interesa duten pertsonen komunitatea sortu eta sendotzea“.

Amaitzeko, Maider Etxebarriak adierazi du hamar neurri horiek “pertsonak udal jardunaren erdigunean jartzen” dituztela, “eta gure taldearentzat oinarrizko diren zenbait helburu betetzen: enplegua sustatzea, zerbitzu publikoak hobetzea, adinekoen partaidetza bultzatzea eta Gasteizek ekitaldiak egiteko duen potentziala baliatzea“.

 

Share
Kategoriak: Erakunde Adierazpenak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:28

Gure udalerrian izandako eraso lgtbifobikoaren aurrean, Gasteizko udaletik gure gaitzespenik sendoena agertu nahi dugu, eta biktimari sostengua eta hurbiltasuna adierazi.

Gasteizko udalak gogorarazi egiten du eraso mota hori giza eskubideen urraketa larria dela, eta indarkeria matxista ez dela eraso fisikoa edo sexuala bakarrik.  Baimenik gabeko igurtziak eta musuak, adierazpen edo begirada umilgarriak, larderia edo xantaiak eta adierazpen, irain edo keinu LGTBIfobikoak ere indarkeria matxistaren adierazpenak dira eta ez dira gertakizun bakanak, hala jasotzen baita Udalak 2018an egindako LGTBI biztanleriaren errealitatearen diagnostikoan edo Gasteizko Udalak LGTBIfobiaren kontrako behatokiaren bitartez indartu nahi dituen gizarte kolektiboek eraso LGTBIfobikoei buruz egindako txostenetan.

Zentzu horretan, Gasteizko Udalak, emakumeek eta LGTBI pertsonek giza eskubideak benetan erabil ditzaketela bermatzeko ardura duen instituzioa denez gero, neurriak bultzatuko ditu honako hauetarako: berehala eta irmotasunez erantzuna emateko edozein eraso matxistari, lehentasunez arreta emateko, erasotzaileen indarkeriari aurre egiteko prebentzio-neurriak garatzeko eta gizarte-zigortasuna ez onartzeko.

28-J koordinakundeak deitutako elkarretaratzera dei egiten die Udalak herritarrei. Gaur izango da,  19:00etan, Andre Maria Zuriaren plazan.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:15

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak 2018ko oroitidazkia argitaratu berri du; aipatutako ekitaldian, udal gizarte zerbitzuek 16.286 familiari eman zieten arreta, hau da, 2017an baino 86 gehiagori.

Agirian jasotakoaren arabera, artatutako familien artean igo egin da erreferentziatzat 64 urtetik gorako pertsona bat dutenen kopurua, baita adinekoekin lotutako arazoak ere, hala nola autonomia pertsonalaren mugak eta osasuna: “horrexegatik eman nahi diogu arreta berezia populazio sektore horri, dagoeneko martxan dauden udal programa eta zerbitzuen bitartez eta haien ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzeko diseinatzen ari garen beste baliabide batzuen bitartez“, azaldu du gizarte arloaren ardura duen zinegotziak, Jon Armentiak.

Gizarte Politiken Sailak esku hartu behar izan zuen beste alderdi garrantzitsu bat etxebizitzarena izan zen, handitu egin baitziren etxebizitzatik kanporatzeko arriskua zutenen kasuak, baita behin behineko etxebizitza emateko prozesuak ere, alegia, aldi baterako eta beren nahiaren kontra senitartekoekin edo lagunekin bizi behar izan zutenen kasuak.

Aurrekoak baino maila apalagoan, beste arazo batzuk ere hazi egin dira, esaterako, haur eta nerabeen babesgabetasuna eta etxeko indarkeriazko eta genero indarkeriazko egoerak, bereziki emakumeen kontrako tratu txar emozional eta psikologikoa.

Bestetik, 2018an inbertsio handiak egin dira udalaren gizarte zerbitzuak arau- eta eskumen-markora egokitzeko. “Olarizuko Eguneko Arreta Zerbitzua eraberritu ondoren, Los Molinos egoitza etxebizitza komunitario bihurtu da, eta gauza bera egiten ari gara Aurora etxean. Orobat, Aterpea hobetzen inbertitu genuen, eta bi baliabide gehiago sortzeko kontratazioa bideratu: Berpizkundearen plazako Eguneko Arretako Zerbitzua eta San Martin auzoko adinekoentzako zentro soziokulturala; azken horren lanak egun gutxi barru hasiko dira”, gogorarazi du Jon Armentiak.

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:52

Udaltzaingoaren Agenteek 21 eta 19 urteko bi gazte atxilotu zituzten atzo Odon Apraiz Ikastolan lapurtzen ari zirela.

Goizaldeko laurak aldera, hezkuntza-zentro horretako alarma joka hasi zen, eta bertara zenbait patruila joan ziren. Eraikinaren barrualdean bi gazte horiek topatu zituzten, materiala lapurtzeko asmoz sartuak, eta horren ondorioz, atxilotu eta polizia-etxera eraman zituzten biak, izapide egokiak abiarazi zitzaten.

Istripuak

Zortzi pertsona zauritu ziren atzo sei trafiko-istriputan.

Blas de Otero eta Donostia kaleen elkargunean furgoneta baten eta bizikleta baten artean izandako istripuaren nondik norakoak ikertzen ari da argiketa-talde bat; istripu horretan, zaurituta geratu zen bizikletaz zihoan 48 urteko gizonezkoa, eta esan zuenez, bere kabuz joango zen Txagorritxu Ospitalera.

Gamarrako plazaren biribilgunean furgoneta baten eta ibilgailu baten artean izandako beste istripu baten inguruabarrak ere ikertzen ari dira. Bi ibilgailuetako gidariak, 69 eta 53 urteko gizonak biak ere, Santiago Ospitalera eraman zituzten.

Zorrostea kalean beste istripu bat gertatu zen auto baten eta motozikleta baten artean, batek bestea jo ondoren. Motoa gidatzen ari zen 49 urteko gizonezkoa anbulantzian eraman zuten Txagorritxu Ospitalera.

Harrapaketa

Iruña Veleia kalean gertatutako harrapaketa bat ikertzen ari da Udaltzaingoa. Ibilgailu batek 9 urteko haur bat jo zuen, errepidea oinezkoen pasabidetik gurutzatzen ari zenean. Anbulantzian eraman zuten Txagorritxu Ospitalera.

Bizikletaz zihoan 63 urteko gizonezko bat zaurituta geratu zen Brusela etorbidean auto batekin izandako istripuan. Anbulantzia batek Santiago Ospitalera eraman zuen.

Isaac Puente Amestoy eta Antonio Amat Maiz kaleen arteko biribilgunean beste istripu bat gertatu zen bi autoren artean. 23 eta 49 urteko bi bidaiari zaurituta geratu ziren, nahiz eta ez den inon ageri ospitalera eraman zituztenik.

Udaltzainek beste 10 trafiko-istriputan esku hartu zuten atzo, nahiz ez zen zauriturik izan eta ez zen inor ikertu bide-segurtasunaren aurkako delituak egiteagatik. Horrez gain, 32 salaketa izapidetu eta polizia judizialaren 6 jarduera egin zituzten.

Suhiltzaileak

Suhiltzaileek dei bat jaso zuten atzo, Zabalgana parkean terrazak egiteko erabiltzen diren material organikoko bi belar-zamatan kea zegoela ohartaraziz. Langile-taldeak erretiratu egin zituen belar-zamak, haiek desegin eta ura erabiliz itzali zuen sua.

Ehari ibaiaren ondoko lorategi-gune batean piztutako sutea ere itzali zuten.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:21

ProFesTVal atalaren barruan, musikaren presentzia telebistan, ahots-laguntzaileetarako ikus-entzunezko edukiak eta entretenimendu programetako gidoilariak izango dituzte hizpide, besteak beste

Gasteizko XI. Telebista Jaialdiak kate generalistek udazken-neguko denboraldirako egin dituzten apustu handienen erabateko estreinaldiak hartuko ditu, irailaren 2tik 8ra bitartean. Ikus-entzunezko sektoreko profesional gailenak berriro elkartuko dira Arabako hiriburuan, eta haien jakinduriaz jantziko dituzte mahai-inguruak eta lantegiak. Gasteizko alkate Gorka Urtaranek eta Festval jaialdiaren zuzendari Joseba Fiestrasek aurkeztu dute gaur programazioaren aurrerapena, baita aurtengo edizioaren kartela ere.

Gorka Urtaranek alderdi profesionala azpimarratu du, Gasteizko jaialdian urtez urte indarra hartzen ari baita. “Hitzaldiek, lantegiek, eztabaidek… gero eta maila altuagoa dute, eta gure hirira etortzeko interesa gero eta handiagoa da. Festvalak erakargarri bikoitza du: batetik, publiko orokorrarentzat, gertutik ikusi ahal baitituzte telebistako aktore, aurkezle eta izar gustukoenak, eta bestetik, profesionalentzat, telebistarekin lotutako askotariko gaietan azken joerak eta aurrerapenak ezagutzeko topagunea baita Gasteiz haientzat”.

Alkateak nabarmendu du Euskadiko hiriburuak gero eta pertsona gehiago erakartzen duela, bai aisialdirako bai helburu profesionaletarako, kasu honetan, ikus-entzunezkoen sektorean. Izan ere, Udala ildo hori lantzen ari da, talentua erakartzeko eta kanpora proiektatzeko. “Irailaren hasieran, batzuek zein besteek Gasteizen izango dute galdu ezineko hitzordua”, adierazi du Urtaranek.

Festvalaren zuzendari Joseba Fiestrasek azaldu duenez, Music Library-k telebista formatuetan erabiltzen den produkzio-musikari buruzko hitzaldia antolatuko du, eta zenbait telesail eta programen adibideak emango: ‘Lazos de Sangre’, ‘La Vall’, ‘Boca Norte’, ‘Paquita Salas’, ‘Los Hombres de Paco’ eta ‘Les de l’hoquei’. Beste arlo batzuk ere izango dituzte hizpide: ekoizle eragilearen eta musika gainbegiralearen rolak, produkzio-musikaren irabaziak (budgeta, eskubideen kudeaketa…), sinkronizazioa, copyrighta, lizentziak, eta abar.

ProFesTVal atalaren barruko beste hitzordu bat Lavinia taldeak antolatutakoa izango da, zeina ahots-laguntzaileentzako edukiak sortzen ari baita aspalditik, berrikuntzaren alde egin duten apustuan. Estatu Batuetan, lau familiatako batek du horietako bat, eta Espainian ere gero eta jende gehiago ari da erosten, esaterako, Amazonen Alexa, Googleren Ok… Bideo pantailak ere sartzen ari dira. Ekoiztetxeak mahai-ingurua egingo du ahots-laguntzaileen alorrean gertatzen ari den guztiaren berri emateko eta haien trebetasunak TVEko jendearekin aurkezteko; Espainiako plataformen ordezkariak ere izango dira bertan, eduki arrakastatsuen adibideak emateko.

Bestetik, Alma Espainiako gidoilarien sindikatuak telebista-programen gidoilarien estatuko topaketa egingo du 2019ko FesTValaren barruan. Zenbait idazle bilduko ditu mahai-inguru batean, gaur egungo parrilan programa eta formatu arrakastatsuak sortzeko erronka nagusiak azter ditzaten; aldi berean, telebista-arrakasta handienei egitura eta argumentua ematen dieten pertsonen aurpegia ezagutzea ahalbidetuko dute, haien egitekoa azpimarratuz.  

Beti bezala, jardunaldiak doakoak izango dira, www.festval.tv web-orrian edo profesionales@festval.tv helbidean aldez aurretik izena emanda. Europa biltzar jauregia izango da jardunaldi profesionalen egoitza berriro ere. Gidoilariak, ekoizleak, komunikatzaileak, zuzendariak, publizistak, kateetako zuzendariak eta abar Arabako hiriburura etorriko dira, estatuko zein atzerriko ikus-entzunezkoen sektorean dauden berrikuntza interesgarrienei errepasoa egitera.

Urmenetaren kartela

Aurtengo kartela Mikel Urmeneta artistaren eta Katuki Saguyaki haren estudioaren lana da: telebistaren aurrean pilatutako ikusleak irudikatzen ditu. Kolore deigarriak eta umore ukitua dituen lana da. Urmeneta, Kukuxumusuren sortzailea eta Katuki Saguyaki markaren aita, New Yorken eta Iruñean bizi da txandaka, eta lan ugari egin ditu markentzat (Microsoft, Schweppes, Nesquik, Port Aventura…), erakundeentzat (Amnistía Internacional, Greenpeace…), ekitaldientzat (US Open Tenis, New Yorkeko maratoia…) zein pertsona ezagunentzat (sir Edmund Hillary, Dalái Lama, Ion Sistiaga, Juan Luis Arsuaga, Andreu Buenafuente, Jane Goodall, José Andrés, Eduardo Punset…). FesTValarentzat luxu handia da hain egile ezagunak aurtengo irudia egin izana.

CIMA zinemaren eta ikus-entzunezkoen alorreko emakumeen elkarteak, berriz, Kataluniako telesail bati eman dio urteroko saria: ‘Les de l’hoquei’; Ona Anglada, Laura Azemar, Natalia Boadas, Marta Vivet eta Marta Grauk sortutako lana unibertsitateko proiektu gisa jaio zen eta ‘prime time’-ko arrakasta bihurtu da, TV3k eta Brutal Mediak ekoizturik. Hauek osatu zuten epaimahaia, CIMAren lehendakariorde Isabel Raventós buru zela: Maite Iturbe, EITBren zuzendari nagusia; Virginia Yagüe, gidoilaria; Carmen Aguilera, ‘El Intermedio’-ren zuzendaria; Vanesa Rodríguez, ‘Vertele’-ren zuzendaria; Joseba Fiestras, FesTValaren zuzendaria; Gustavo Ferrada, zinema ekoizlea; Natxo López, gidoilaria, eta Conchi Cascajosa, Carlos III Unibertsitateko Ikus-entzunezkoen Komunikazioko irakaslea. Berdintasunaren CIMA saria irailaren 7an emango da, Gasteizko FesTValaren sarien galan.

Ruperta sariak

Galan emango den beste sari bat Ruperta izenekoa da. Horren bidez, telebistarako formatu berriak sustatu nahi dira, entretenimenduko formatuak sortu eta nazioartean merkaturatzeko asmoz. Hauek osatu dute epaimahaia: Alejandro Ibáñez Nauta, Prointel-en CEOa; Joseba Fiestras, FesTValaren zuzendaria; Mariola Cubells, kazetaria eta telebista aztertzailea; José María Castillo, Prointel-en zuzendari eragilea, eta Borja Terán, telebistan espezializatutako kazetaria. Ehun proposamen baino gehiagoren artean aukeratu behar izan zuten, eta Miguel Martínek aurkeztutako kaleko lehiaketa bat gertatu zen irabazle; duela aste batzuk grabatu zen horren programa pilotua, Arabako hiriburuan.

Beste edizio batzuetan lez, bide-segurtasunaren aldeko “Ponle freno” lasterketa egingo da FesTValaren barruan, herritarren partaidetza eta lankidetzari esker. Izan ere, telebistak, kirolak eta elkartasunak bat egiten dute egun-leku horietan, helburu bakarrarekin: trafiko-istripuen biktimak. Irailaren 8an itzuliko da lasterketa Gasteizera, pizgarri berezi batekin: 10 kilometro nahiz 5 kilometro korritzeko izena ematen dutenek entrenamendu bereziak egin ahalko dituzte estatuko atleta onenetako batekin, Martín Fiz maratoilariarekin.

Villa Sofía —Frai Francisco Vitoria ibilbidea, 6— izango da FesTvalaren egoitza aurten. Estreinaldietarako gonbit-txartelak jaso ahalko dira han, baita amaiera galarako sarrerak ere.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:56

 

 

 

 

 

 

Maider Etxebarria eta Felipe García alkateordeek eta Kulturako zinegotzi Estíbaliz Cantok minutu batzuk konpartitu dituzte 2019ko jaien pregoilari izango denarekin, hots, Kepa Sojo zinema-zuzendari, -historialari eta -irakaslearekin. Laurek uste dute jaiak “anitzak, errespetuan oinarrituak eta jende ororentzat” izan behar dutela, bai eta “tradizioa eta XI. mendeko elementu modernoak” uztartu behar dituztela.

Montehermoso kulturuneko Falerina lorategian bildu dira laurak, hain zuzen ere aurtengo programazioan garrantzia irabaziko duen leku batean, zein, Kulturako zinegotziaren hitzetan, “urte askoan ikus-entzunezkoen sustapenean diharduen kulturunea baita, eta, horrenbestez, ezin leku aproposagoa gure pregoilaria aurkezteko”.

Sojo zinema-zuzendaria, -historialaria eta -irakaslea da, eta Film laburren Cortada Jaialdiaren zuzendaria da duela 23 urtetik.

Kultura Zerbitzuan bere alde egin dute, “batu egiten dituelako bi izaera: batetik kultural eta sortzailea, eta bestetik hezkuntzakoa, akademikoa”.

Bide luzea eginagatik, oraintsu pil-pilean dagoen zinemagilea da, baita zinemaren historialaria eta irakaslea ere, eta zinema-artea eta -kulturaren dibulgazioan lagundu du, nola eskoletan, hala Cortada jaialdian, eta ehunka pertsonaren artean sustatu du 30 minututik beherako filmak egiteko gogoa.

Pregoia abuztuaren 2an izango da, 21:30ean. Pregoiaren ondoren, 22:00etan, soul, gospel eta rhytm&blueseko kontzertu eder bat eskainiko du ELE interpretari madrildarrak, bere banda eta abeslarien laguntzaz.

 

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   07:26

Motozikleta bat, ziklomotor bat eta bizikleta bat gidatzen zihoazen 3 gizonezko zauritu dira asteburuan gertatutako trafiko-istripuetan.

Oreitiasolo eta Jacinto Benavente elkartzen diren biribilgunean motoz zihoan 44 urteko gizonezko bat zaurituta geratu zen ostiralean, auto batek jota, eta horren ondorioz, Santiago Ospitalera eraman behar izan zuten.

Ostiralean ere, Karlos I.aren plazako biribilgunean, istripu bat gertatu zen ziklomotor baten eta auto baten artean. Motoz zihoan 68 urteko gizonezkoa arinki zaurituta geratu zen, eta Txagorritxu Ospitalera eraman behar izan zuten.

Atzo Lasarteko Atea eta Maite Zúñiga kaleen elkargunean auto baten eta bizikleta baten artean gertatutako trafiko-istripua ikertzen ari da argiketa-talde bat. Bizikletaz zihoan 46 urteko gizonezkoa zaurituta geratu zen eta Santiago Ospitalera eraman zuten.

Udaltzainek beste 34 trafiko-istriputan esku hartu zuten asteburuan, nahiz ez zen zauriturik izan, eta 3 gidari ikertzen ari dira bide-segurtasunaren aurkako delituengatik: 38 urteko gizonezko bat gida-baimenik gabe gidatzeagatik, eta 46 eta 42 urteko beste bi alkoholaren eraginpean gidatzeagatik.

Gainera, Udaltzaingoak alkoholemiako 8 prebentzio-kontrol egin ditu, eta horietan, 176 gidarik egin behar izan dituzte arauzko alkoholemia-probak. Horietatik bik emaitza positiboa eman zuten.

Udaltzainek asteburuan 44 salaketa izapidetu dituzte eta polizia judizialaren 8 jarduera egin dituzte.

Hozkailu-kamioi baten atoiak su hartu du

Astelehen honetako gauerdia pasatu ondoren, suhiltzaileek esku hartu behar izan dute elikagaiak garraiatzen ari zen hozkailu-kamioi baten atoian piztutako sutea itzaltzeko, A-1 errepidetik zihoan bitartean. Sugarrak uraz eta aparraz itzali dituzte, baina atoiaren erdia gutxi gorabehera erreta geratu da.

Zuhatzuko Atea kalean belar eta sastrakaz betetako lur-eremu txiki batean izandako sutea itzali zuten, eta erretako eremu guztia freskatu zuten gero; horrez gain, goizaldeko hiru eta erdiak pasatuta, Antonio Machado kalera joan ziren edukiontzi batek su hartu zuelako. Suhiltzaileak iritsi zirenerako, Udaltzainek su-itzalgailu bat hustua zuten eta sua ere itzalia zegoen, eta beraz, edukiontzia uraz freskatzeari ekin zioten.

Suhiltzaileen lantalde batek Andre Maria Zuriaren plazako aldamio batean olana zulatu baten barruan harrapatuta geratutako zikoina bat askatu zuen. Aldamioaren barrualdetik hegaztia erreskatatu eta askatu egin zuten.

Share