Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  25 uztaila 2019 10:59

Asteburu honetan aktibatuko da udako irteera-operazioa euskal errepideetan eta Gasteizi ere eragingo dio. Ohikoa izaten da garai honetan, eta Gasteizko Udaltzaingoak Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzarekin, Ertzaintzarekin eta Arabako Foru Aldundiarekin koordinatuta lan egiten du, aurreikusitako auto-ilarek ahalik eta enbarazurik txikiena eragin diezaieten gidariei.

Garai honetan ibilgailu ugari –atzerritarrena gehien bat– igarotzen da Frantzia eta Europako iparraldetik penintsulako hegoalde eta mendebalderantz (Maroko eta Portugal), eta horren ondorioz sortu da ekintza-plan bateratu hau. Horrenbestez, trafikoaren zirkulazioa arindu eta bide-segurtasuna hobetzearren, desbideratzeak izango dituzte oporrengatik edo bestelako arrazoiagatik errepidera ateratzeko asmo duten gasteiztarrek, Burgos eta Madrilerako noranzkoan.

Zentzu horretan, A-1 errepide nazionalera aipatutako noranzkoan sartu nahi duten  ibilgailuak ekialderantz desbideratuko dira, hau da, Zadorra hiribidetik Gamarrarantz, N-240 errepidearen eta A-1 errepidearen arteko lotura hartzeko. Udaltzaingoak gomendio hau egiten die Burgos-Madril noranzkoa hartu nahi duten gidariei: N-102 errepidetik ateratzea (Armentia irteera) Ariñizerantz, edo lehen aipatutako Gamarrako loturatik (N-240 errepidearen eta A-1 errepidearen arteko lotura).

Zehazki, egun eta ordutegi hauetan egingo dira desbideratzeak:

  • Uztailak 26, ostirala: 08:00etatik 21:00etara.
  • Uztailak 27, larunbata: 07:00etatik 22:00etara.
  • Uztailak 28, igandea: 07:00etatik 17:00etara.

Bilbo (N-622) zein Donostia eta Iruñerako (A-1) irteeretan ez da aldaketarik izango.

Hurrengo asteburuan ere egingo da 2019ko irteera-operazioa: Abuztuaren 2an, 08:00etatik 21:00etara; abuztuaren 3an, 07:00etatik 22:00etara; abuztuaren 4an, 07:00etatik 17:00etara.

 

Share