Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  12 uztaila 2019 17:00

Prentsaurrekoa. Euskaltzaindiarekin hitzarmena sinatzea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; eta Euskaltzaindiako presidente Andres Urrutia

Eguna. Astelehena, uztailak 15

Ordua. 10:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

————————————-

Prentsaurrekoa. Kultura saileko identitate digitala eta estrategia berria aurkeztea

Parte hartzaileak. Alkateorde Maider Etxebarria; eta Kultura eta Gizarte Etxeen zinegotzi Estibaliz Canto

Eguna. Astelehena, uztailak 15

Ordua. 11:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

————————————

Vitoria-Gasteizko Ironmanaren sari banaketa ofíziala

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; alkateorde Maider Etxebarria; eta Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lopez

Eguna. Astelehena, uztailak 15

Ordua. 12:00

Tokia. Europa Biltzar Jauregia

—————————————

Prentsaurrekoa. ‘Zineleku’ programako publikoarentzako agenda irekia aurkeztea

Parte hartzaileak. Gazteria zinegotzi Miren Fernandez de Landa; Kultura eta Kirol foru diputatu Ana del Val; eta Zinelekuko arduradun Ricardo del Conde

Eguna. Astelehena, uztailak 15

Ordua. 12:00

Tokia. Arabako Foru Aldundiaren jauregiko prentsa aretoa

————————————-

Trans_Foko, Arabako kultur eta sormen eragileentzako prestakuntza programako azkena lanak aurkeztea

Parte hartzaileak. Kultura eta Gizarte Etxeen zinegotzi Estibaliz Canto; eta Kultura eta Kirol foru diputatu Ana del Val

Eguna. Astelehena, uztailak 15

Ordua. 16:30

Tokia. Artium museoa

Share
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   15:30

Ostirala, uztailak 12

  • Alkate Gorka Urtaran, alkateorde Maider Etxebarria eta zinegotzi Miren Fernandez de Landa bi enograstonomia gune berri irekitzeko ekitaldian izango dira 20:30ean, Azoka plazan.

 

Larunbata, uztailak 13

  • Kultura zinegotzi Estibaliz Canto Udaband taldearen aurkezpenean izango da 10:00etan,  Luis Aranburu musika eskolan.
  • Kirol eta Osasun zinegotzi Livia López Teniseko Andre Maria Zuriaren XXXV. Txapelketa Nazionalean izango da 12:00etan, Medizorrotzan.

 

Igandea, uztailak 14

  • Kirol eta Osasun zinegotzi Libia López, Enplegu, Merkataritza eta Biltzarren zinegotzi Felipe Garcia, eta Kultura zinegotzi Estibaliz Canto Vitoria-Gasteiz Ironman txapelketako irteeran izango dira 8:20ean, Uribarri Ganboako urtegian.
  • Alkate Gorka Urtaranek parte hartuko du oinezko lasterketako lehen emakumea laguntzen gida-laguntzaile modura 14:00etan Ironman probako ibilbidean. Lehen alkateorde Maider Etxebarriak domina banaketan parte hartuko du 16:00etan, Espainia plazan.

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:41

Bi pertsona zaurituta ziren atzo Latinoamerika plazan bi autoren artean izandako talka baten ondorioz. Ibilgailuetako bat gidatzen zihoan 39 urteko gizonezkoa, eta harekin zihoan 53 urteko beste gizon bat, ospitalera eraman zituzten.

Udaltzainek beste 18 trafiko-istriputan esku hartu zuten atzo, nahiz ez zen zauriturik izan eta ez zen inor ikertu bide-segurtasunaren aurkako delituak egiteagatik. Horrez gain, 21 salaketa izapidetu eta polizia judizialaren 19 jarduera egin zituzten.

Bi gurpileko ibilgailuen kontrola

Udaltzaingoak asteburu honetan kanpaina berezi bat egingo du bi gurpileko ibilgailuak kontrolatzeko: ziklomotorrak, motozikletak eta bizikletak izango dira, eta horren bidez udaltzainek egiaztatuko dute motozikletek nahiz ziklomotorrek Ibilgailuen Azterketa Teknikoak gainditu dituztela eta ez daukatela akats teknikorik, beren erabiltzaileentzat eta gainerako pertsonentzat nolabaiteko arriskua eragin dezakeenik.

Ziklomotorretan, alde batetik, beren ihes-tutuetan eraldaketak egin eta zarata gogaikarriak ateratzen dituztenak hautematen saiatuko dira, eta bestetik, horien potentzia eta zilindro-bolumena eraldatu dituztenak ere bai. Zaindu egingo dute, halaber, gidariek segurtasun-kaskoak behar bezala erabiltzen dituztela, horiek homologatuta daudela eta ibilgailu mota bakoitzarentzat baimendutakoak erabiltzen dituztela.

Bizikletei dagokienez, 16 urtetik beherakoek kaskoa erabiltzen dutela zainduko dute, eta iluntzen duenean nahitaezko argiak erabiltzen dituztela. Horrez gain, txirrindulariek arauak errespetatuz eta bizikletak ibiltzea onartuta dauden guneetatik eta ordutegietan ibiltzen direla zainduko dute.

Kanpaina hau amaitu ondoren, hilaren 15etik 21era bitartean, abiadura kontrolatzeko beste bat egingo dute, eta horren helburua, arlo honetan arau-urratzeak hautematea eta ikusten dituzten arau-urratze horiek administrazio arloan zuzentzea izango da, Agintaritza Judizialaren esku jarriz orduko 115 kilometrotik gorako abiadura daramaten gidari guztiak.

Bi kanpaina hauek Bide Segurtasun eta Mugikortasun Iraunkorrerako 2018-2023 Udal Plan Estrategikoaren barruan sartuta daude.

Teilatua erortzea

Suhiltzaileek esku hartu behar izan zuten atzo, Hedegile kaleko beste eraikin mugakide baten teilatu gainera erori zen teilatu-zatia ikuskatzera. Errementari kaleko bi eraikinetan eta Hedegile kaleko beste batean ere fatxada berrikusteko lan batzuk egin zituzten.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:17

 

Aurki aterako da lehiaketara parkeko harrera zentroa eta harmaila begetaleko antzokia sortzeko proiektua

Adurtzatik gertu dagoen aintzira gurutzatzeko egurrezko pasabidea jartzeko proiektua bukatuta dago

Olarizu Euskadiko botaniko handia bihurtzeko proiektua forma hartzen hasi da, aurki lizitatuko baitira lehenengo ekintzak. Gorka Urtaran alkateak iragarri ditu gaur proiektu horretako lehenengo esku-hartzeak. Helburua da Olarizuri dimentsio berri bat ematea, “Eraztun Berdeko harribitxia izan dadin, edukia eta erakargarritasuna gehituz, bi esparrutan: aisialdia eta zabalkundea. 2025 Estrategiaren zutabeetako bat da, eta gaur esan dezakegu plan horretako epe ertaineko bi proiektu errealitate izango direla hurrengo hilabeteetan: aisialdiaren esparruan, ‘antzoki berde’ berria, harmaila begetal bat, aire zabaleko kultur jarduerez gozatzeko. Zabalkundearen esparruan, informazio-bulego berri bat, parkera joaten diren pertsonei ongi etorria emateko balioko duena. Lanean jarraitzen dugu, Gasteiz erreferentziazko superhiria bihurtzeko Europan.”

Alkateak iragarritako lehen jarduera informazio-bulegoa —Energiaren Euskal Erakundearen mugikortasun-eraikina, gaur egun Jose Mardones kalean erabili gabe dagoena— lekuz aldatu eta kokaleku berrian jartzea izango da. Aurki aterako da lizitaziora proiektua. Funtsean, Jose Mardones kaleko mugikortasun elektrikoaren zentroa Olarizu hiribidera aldatuko da.

Horretarako, zabaldu egingo da dagoeneko zolatuta dagoen zona. Zabaldu egingo da kale muturra inguratzen duen espaloia, eta plaza txiki bat sortuko, urbanizazio-lanak egitean. Hegoaldean hormatxo bat egingo da, banku gisa baliatu ahal izango dena, eta aldi berean bertan jarriko dira Olarizuko lorategi botanikoaren sarrera iragarriko duten letra eskultorikoak, Salburuko parkekoen antzera.

 

Argiteria ere aldatuko da zona horretan. 400.000 eurokoa da proiektuaren aurrekontua.

“Sarrerako atea izango da harrera-bulegoa, lorategi botanikora doazen bisitariei ongietorria eta informazioa emateko lekua. Etorkizuneko parkeko jarduera ludikoak kudeatzeko zentroa ere izango da, eta bizikletak alokatzeko lekua —etxaldean egiten da hori gaur egun—, eta erakusketetarako zona txiki bat izango du”, zehaztu du alkateak.

 

Harmaila begetalak

Aktibatuko den bigarren ekintza ‘antzoki berdea’ eraikitzea izango da, herritarrek aire zabaleko kultur jarduerez gozatu ahal izan dezaten, ingurune paregabean. Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren hurrengo kontseiluan onetsiko da proiektu hori aurrera eramateko lanak kontratatzeko dosierra. 71.600 euroko aurrekontua izango du.

Olarizuko etxaldearen mendebaldean dagoen lursailean eraikiko da antzokia. Etxalderaino doan bidea du mugakide lursail horrek ekialdean. Hegoaldean eta mendebaldean, Mendiolara doan bide batek inguratzen du. Gaur egun larre bat dago espazio horretan. Hiri aldera begira egingo dira harmailak. Batzuetan eserlekuak jarriko dira, eta eskailerak ere izango dira.

Jendea belarretan eseri ahal izatea da asmoa, baita etzan ere. Lurra zulatuz eta betelanak eginez eraikiko da antzokia. Guztira, 1.600 metro kubiko lur mugituko da. Olarizu hiribidetik datorren bidetik izango da agertokirako sarbidea.  Bi hilabete iraungo dute lanek.

Gainera, alkateak aurreratu du Adurtzatik gertu dagoen aintzira gurutzatzeko egurrezko pasabidea jartzeko proiektua bukatuta dagoela.

 

Parke berrirako etorkizuneko jarduerak

Aisialdi-lekua da Olarizu, eta erromeriak egiten dira bertan. Gainera, Gasteizko Mendietara eta natur intereseko beste leku batzuetara joateko bidea da. Udalak irudikatutako parke berriak izaera hori areagotuko du, eta hainbat berrikuntza izango ditu, gaur goizean azaldu direnez gain. Horrela, beste jarduera batzuk gehituko zaizkie antzoki berdeari eta ongietorri-zentroari:

 

– Sarbide berria. Adurtzako futbol-zelaien atzealdean, Jauregilanda kalean barrena, aparkaleku txiki bat proiektatu da, parkera sartzeko ere balioko duena.

– Haztegia. Kotxetegi berriak eraiki ondoren, udal haztegia Olarizura aldatzea aurreikusi du Udalak. “Gainera, herritarrek bisitatu ahal izango dute haztegia”, gogorarazi du alkateak.

-‘Hortus conclusus’ edo landare erabilgarrien lorategi berria. Olarizuko baratzeen zati bat dagoen lekuan jarriko da.

 -Landarezko labirintoa. Europako lorategi eta parke botaniko askotan egon ohi den jolasa proiektatu da: 5.000 metro koadro inguruko labirintoa, bi sarrerarekin. Kanpoaldetik ikusi ahalko dira barruan dabiltzan pertsonak, gorago egongo baita.

– Tirolina-eremua. Harrera zentroaren eta labirintoaren ondoan, tirolinak dituen jolas-eremua sortuko da, zuhaitzez zuhaitz “hegan” egiteko. Jolas-, kirol- eta turismo-jarduera izango da, haurrei nahiz helduei zuzendua.

– Jolas naturalizatuak. Natur osagai handiko umeentzako jolasgunea gehitzea da asmoa. “Txikienen artean sorkuntza, irudimena eta askatasuna sustatu nahi ditugu, baita naturaren eta paisaiaren gozamena ere”, alkatearen hitzetan.

– Kafetegia. Etxaldean kafetegi handi bat jartzea ere aurreikusi da proiektuan.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:16

 

Atariaren hamargarren urteurrenarekin bat, Gasteizko Udalak bisoi europarrari buruzko bideo bat ezagutarazi du gaur, animalia horiEraztun Berdeko harribitxi gisa aurkezten duena. Gorka Urtaran alkateak bideo aurkezteko ekitaldian azaldu duen bezala, “Bideoak irauten duen hiru minutu eta erdiko tartean udalerria zeharkatzen duten ibai-inguruak (ibai, erreka eta aintzirak) egoera onean edukitzearen garrantzia nabarmendu nahi dugu, hartara aurrerantzean ere hain mehatxu egoera larrian dagoen mustelido honen biziraupenerako habitat egokia izan dadin.

Halaber, eta etorkizun gertu bati begira, hauxe esan du alkateak: “datozen urteetan aurrera jarraituko dugu bisoi-populazioa sendotzeko ekimenekin, bai eta alerta goiztiarreko sarearekin ere, bisoi amerikarraren ale gehiago agertuz gero, ahalik eta azkarren jokatze aldera”.

Laurogeita hamarreko hamarkadan Salburua Araban bisoi europarretan dentsitate handienetako leku bat izan da. Egoera hori aldatzen hasi zen 2003ko udaberrian lehen bisoi amerikarra harrapatu zen unetik. Ordutik hona, bisoi europarraren dentsitateak espezie exotikoaren eraginak pairatu ditu, eta gutxi ziren udalerri osoan espezie autoktonoaren aleak; aldiz, bisoi amerikarren populazioa egonkor egon zen, haren gaineko kontrol-lanak gorabehera.

Araban espezie gainbehera nabarmena ikusirik, LIFE LUTREOLA SPAIN proiektua abiarazi zen; Gasteizko Udala proiektuko bazkide da, beste batzuekin batera: probintzia-administrazioak (AFA; BFA, GFA), autonomikoak (Errioxako Gobernua, Aragoiko Gobernua, Valentziako Generalitatea), erakunde pribatuak (Senda Viva) eta GKEak (Asociación Visón Europeo), guztien koordinazioa-lanetan TRAGSATEC ari delarik.

Europako Batzordeak LIFE+ programaren testuinguruan % 75 finantzatzen duen proiektu hau 2014 eta 2019ko uztaila bitartean garatu da, eta hauek ditu helburu orokorrak:

  • Bisoi amerikarraren populazioak errotik kentzea bisoi europarra arriskuan bizi den aldeetan.
  • Bisoi europarraren populazio basatien bideragarritasuna areagotzea birpopulazio sustatzearen eta populazio-gune berriak sortzearen bidez.
  • Jarraipen-sare eraginkorragoa sortzea, bi bisoi espezieen egoera ebaluatzeko.
  • Espezie autoktonoaren inguruan kontzientziazio- eta sentsibilizazio- lana egitea.

Hain mehatxu egoera handian dagoen espeziearen egoera hobetu nahian (gaur egun mundu osoan “arrisku larrian” egoeran dagoela jotzen da), Gasteizko Udalak 120.000 €-ko inbertsioa egitea erabaki du, % 75ean proiektu honen bidez finantzatuko delarik.

Lau urte eta erdiz lanetan aritu ostean, emaitzak baikor egoteko modukoak dira, bai proiektu honen berri zabaltzeko IGIren (Atariaren bitartez) eta Eraztun Berdearen eta Biodibertsitatearen Atalaren arteko zehar-lankidetzari dagokionez, bai eta gainerako ekintzei dagokienez ere”, azaldu du alkateak.

Aurrerapausoen artean, hauek nabarmendu behar dira:

  • Udalerrian errotik eta erabat kentzea mehatxu garrantzitsuena, bisoi amerikarra alegia, espezie autoktonoarekin lehiatzen den eta baztertzen duen espezie inbaditzailea.
  • Salburuko populazioa handitzea. 2018an 7 ale askatu ziren, biziraupen-tasa oso ona izan zelarik, lehenago Espainian eta beste herrialde batzuetan (Estonia, Alemania…) egindako beste proiektu batzuetakoekin parekatzeko modukoa.
  • Errekabarri erreka Salburua eta Gasteizko mendien arteko konektore ekologiko funtsezko gisa sustatzeko proiektu bat erredaktatzea.
  • Espeziaren balio ekologikoaren inguruan kontzientziatzea eta auzia jendartean zabaltzeko ekimenak: hitzaldiak, arte- eta literatura-lehiaketak, eta Atarirako hiru erakusketen ekoizpena.

Ikusteko: https://www.youtube.com/watch?v=aTT4-9Ksvv4

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:06

 

  • Hamar urte dira Salburuko Hezeguneak Interpretatzeko Zentroak ateak zabaldu zituela, eta 875.076 pertsonek bisitatu dute dagoeneko, Gasteizko biodibertsitatearen ikur dena
  • Gorka Urtaran alkateak eta Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren arloko zinegotzi Ana Oregik bi zikoina zuri gazte askatu dituzte —Salburuan du espezie horrek Araba osoko koloniarik handiena—
  • Atariaren hamargarren urteurrena ospatzeko, asteburu honetan —Bihoblitz 2019 topaketan— esploratzaile bihurtzeko gonbita egiten die Atariak herritarrei

 

2009ko uztailaren 13an ireki zituen ateak Ataria Salburuko Hezeguneak Interpretatzeko Zentroak. Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren funtsezko ekipamendua da, Salburuko parkearen ingurumen-interpretaziorako sortua, eta, hamar urte hauetan, 875.076 pertsonek bisitatu dute dagoeneko. Gasteizko biodibertsitatearen ikur bihurtua baita. Denbora horretan erregistratutako bisitarien kopuruak Araba lurralde historikoko ekipamendurik bisitatuenetako bat dela erakusten du.

“Hasieratik, Gasteizko ondarearen elementu garrantzitsu bat —Salburuko parkea— berreskuratzea izan zen Atariaren xedea, eta, parkea bera bezala, herritarrentzat erreferentziazkoa izateko asmoarekin sortu zen eraikina. Horrela, zentroaren ezaugarri izan da esanahi handia izatea hirian, identitate propioa edukitzea eta ingurunean perfektuki integratuta egotea. Hezeguneek eskaintzen dituzten balio, ondasun eta zerbitzuak ulertzeko agora baten ideiarekin sortu zen zentroa, herritarren artean ikerketa sustatzeko eta komunikazio- eta zabalkunde-modu berriak bilatzeko, gertueneko natura-ondareari zegokionez. Gaur egun erreferentea dugu biodibertsitatearen arloan, baita egun berorren gainean dagoen ezagutzaren transmititzaile gisa ere”, nabarmendu du Gorka Urtaran alkateak, zeinek Atarian bertan egin baitu asteroko prentsaurrekoa.

Atariko lantalde osoaren lana eta ahalegina eskertu ditu alkateak, Luis Andrés Orive eta Gorka Belamendia buru. “Hamar urtean, Ataria marka balio eta gogoeta sorta bati lotuago egotea lortu da, aisialdi- eta entretenimendu-zerbitzuei berei baino, eta errefentzia bihurtu da Gasteizko herritar guztientzat. Biodibertsitate biologikoaren kontserbazioaren eta sustapenaren arloko sentsibilizazio-, hezkuntza- eta partaidetza-programak garatzen diren espazio bat ez ezik, ingurumenaren arloko komunikazioaren arloko erreferente bihurtu dute zentroa —bai Eraztun Berdearen esparruan, bai Gasteizko natura-ondarearen esparruan— eman zaion bultzadak eta bertaratu direnek egin dioten harrera onak.”

Arrakastaren gakoa hauxe izan da: ekipamendu ireki, dinamiko eta bokazio unibertsalekoa izateko asmoarekin sortu izana,  Salburuko parkera joaten diren bisitariei kalitateko hainbat zerbitzu eskaintzeko gai delarik —informazioa, jarduerak, ekitaldiak, bizikleta- eta prismatiko-mailegua…—, eta hartara bisita askoz erakargarriago egitea. Orobat nabarmendu behar dira urte horietan guztietan eskaini izan diren kalitateko programak, publiko guztiei zuzenduak eta interes-talde desberdinei zuzenduak. Hainbat eratako jarduerak bildu izan ditu programazio horrek, batzuk ludikoagoak, familiei eta haurrei zuzenduak, beste batzuk kontzeptualagoak, flora eta fauna espezien ikerketaren eta kudeaketaren inguruko lanak ezagutzera emateko, herritarren artean zientzia zabaltzeko eta parkeak berak dituen ingurumen-balioak ezagutarazteko.

Bisita mota: familia taldea, arratsaldez

 Hilabetez hilabeteko bisitari-kopuruak aztertzen direlarik, ikusten da neguko hilabeteetan izan ohi dela bisitari gutxien, hots, urtarrilean, otsailean eta abenduan. Hala ere, urteko gainerako hilabeteetan, 8.000tik gora bisitari izan ohi dira. Martxoan eta uztailean izan dira jende-etorririk handienak.

Jatorriari dagokionez, bisitari gehienak, % 52,7 gasteiztarrak izan ziren. Araba osoko gainerako bisitariak gehituz gero, % 56,9ra iristen da kopurua. Euskadi osoa kontuan hartuz gero, bisitarien % 73,3 egin zuten. Gainerako bisitariak Nafarroatik, Estatutik eta beste herrialde batzuetatik etorri ziren.

Bisita mota nagusia arratsaldeetan egiten dena izan ohi da, Gasteizko familiak, 35 urtetik 65era arteko pertsona nagusiek osatuak, maiz 12 urtetik beherako haurrek lagunduta, gizon eta emakumeen antzeko proportzioetan.

Hamar urte hauetan, 65 ikastetxetako 60.187 ikasle izan dira Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak eskainitako Ingurumen Hezkuntzako kanpainetan.

Gainera, herritar guztientzat zabalik dagoen hiruhileko eskaintza egin ohi du. Hamar urteetan, guztira 1.445 jarduera egin ditu Atariak; horietatik, 77 aldi bateko erakusketak izan dira, 235 ikastaro edo lantegiak, 280 hitzaldiak, 604 familientzako jarduerak eta 249 natura-ibilbideak. Guztira 126.053 lagunek parte hartu dute horietan, honela banatuta: 84.871 lagunek erakusketetan (2013az geroztik zenbatuak), 3.778k lantegi eta ikastaroetan, 7.636k hitzaldietan, 25.151k familientzako jardueretan eta 4.617k natura-ibilbideetan.

Jardura horiez gain, 991 bisita gidatu ere egin izan dira denbora horretan; beste 28.360 bisitari gehiago, zentroan.

2013an iritsi zen Herritarren Zientzia Gasteizera, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren eta Gasteizko Udaleko Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Sailaren eskutik. Orduan sortu zen udalerriko biodibertsitatea atzematen parte hartuko zuen herritarren sare bat eratzeko ideia.  Geroztik, Ataria Salburuko Hezeguneak Interpretatzeko Zentroak aparteko tresna hori garatu du, biodibertsitatearen ezagutza hobetzeko eta laginketak egiten laguntzen duten partaideak kontzientziatu eta sentsibilizatzeko. Ez zatekeen posible izango sare hori urte horietan bertako kide izan diren eta parte hartu duten 356 pertsonen laguntzarik gabe.

BioBlitz 2019: asteburu honetan Salburuko parkea esploratzeko gonbita

Zentzu horretan, interpretazio-zentroaren hamar urteak ospatzeko asteburu honetarako programatutako jarduera nagusia BioBlitz 2019 ekitaldia izango da, herritarrei egiten zaien gonbitea, larunbatean eta igandean Salburuan esploratzaile aritzeko. Zientzialarien eskutik, eremu jakin bateko organismo guztiak identifikatuko dituzte interesdunek.

San Bizenteko eta Berantevillako elizetako habietatik erori ondoren berreskuratutako bi zikoina zuri askatzea

Hamargarren urteurrena dela gaur Atarira egindako bisitan, bi zikoina zuri askatu dituzte alkateak eta Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren arloko zinegotzi Ana Oregik.

Aukeratutako espeziea ez da edozein; izan ere, Arabako zikoina koloniarik handiena dago Salburuan, eta aintziren bazterretako zuhaitzak eta aurreko hamarkadetan horretarako jarritako plataforma artifizialak baliatzen dituzte habia egiteko, baita inguruko elizetako kanpandorre eta teilatuak ere.

Zikoina zurien 51 bikotek dute habia aurten Salburua inguruan, eta, hortaz, ohikoa da zenbait kume erortzea, hau edo beste dela eta. Kume horietako batzuk Arabako Foru Aldundiaren basa animaliarentzako suspertegira eramaten dira, eta hegan egiteko prest daudenean askatu egiten dira. Oraingo honetan, bi zikoina zuri askatu dira, bata San Bizenteko elizatik eta bestea Berantevillako habiatik ekarriak. Urrutitik irakurtzeko moduko eraztunak jarri zaizkie biei, etorkizunean han edo hemen ikusten direlarik informazio gehiago izateko.

  “Ingurumenari dagokionez nabarmendu nahi duen edozein hirirentzat ikur bat dira zikoinak; gero eta gehiago lotzen ditu gizarteak ingurumenaren babesarekin”, nabarmendu du Gorka Urtaranek.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:45

Tokiko Gobernu Batzarrak Eukeni Martinez Alkorta  izendatu du Kirol eta Osasun Saileko zuzendari nagusi. Sail berria da, kirol eta osasun zerbitzuak batzetik sortua, eta Livia Lopez zinegotziak du horren ardura nagusia.

Eukeni Martinez gorputz hezkuntzan lizentziaduna eta Kirol kudeaketako masterduna da(EHU). 2006an hasi zen Gasteizko udalean lanean, beti kirol arloarekin lotutako zereginetan. Kirol Zerbitzuko teknikaria izan da, Kirol Zentroen Ataleko burua, Kirol Zerbitzuko Zonen Ataleko burua eta, egun, gizarte etxeko koordinazio-zereginetan ziharduen.

Eukeni Martinezekin dagoeneko hamar dira gobernu-talde berriak izendatutako zuzendariak. Horietatik 6k aurreko legegintzaldian izandako ardurekin jarraitzen dute eta lau izendapen berriak dira. Datozen egunetan osatuta geratuko da Gasteizko udalaren zuzendaritza organigrama.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:37

Gasteizko Udala eta Deustuko Unibertsitatea elkarlanean arituko dira ‘Vitoria-Gasteiz Lab, Gazteago! Ecosistema Urbano y Rejuvenecimiento’ proiektua abian jartzeko. Deusto Cities Lab katedrak bultzatutako ekimen esperimental bat da, zeinen xedea baita hiriko gazteen premiak aztertzea, Gasteiz haientzat erakargarri izango den leku gisa sendotze aldera. Proiektu horretara 18.000 euro bideratzea onetsi du gaur goizean Urtaranen gobernuak. Horrez gain, beste erakunde lokal batzuen laguntza ere izango du proiektuak.

“Azken batean, jakin nahi dugu nola hobetu genezakeen gure ingurua egun batean alde egin zutenak erakartzeko eta, aldi berean, talentu gaztea seduzitu. Lehenik, diagnostikoa egingo da, esparru akademikotik, hiri-laborategiaren metodologia berritzaile bat baliatuz. Gero, formulak aurkitu beharko ditugu, eta antzemandako erronkei alternatibak eta konponbideak aplikatu. Badakigu oztopoak daudela, gure gazteek beren bizi-proiektuak gure hirian garatzea galarazi dutenak, eta itzulikatu egin nahi dugu egoera hori. Ahaztu gabe gure gizartea zahartzen ari dela egunez egun”, azaldu du Gorka Urtaran alkateak.

Unibertsitatearen esparruko adituek, Gazteria Zerbitzuarekin elkarlanean, datuak jasoko dituzte, banako nahiz taldeko elkarrizketak izango dituzte sektoreko eragileekin, inkestak egingo dituzte herritarren artean eta lantaldeak antolatuko dituzte, etorkizunera begira planteamendu bat egiteko. Informazio guztiarekin diagnostiko-txostena egingo dute. Azken emaitzak lortu arteko lanek ia ikasturte bukaera arte iraungo dute.

 

Share
Kategoriak: Sailkatu gabea  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:30

Koroatzearen auzoan fatxadetan edo barruko patioetan grapatuta dagoen sare elektrikoa kenduko du Udalak, Iberdrolarekin betera. Gasteizko zona hori eraberritzeko SmartEnCity proiektuaren barruan dago jarduketa, eta berekin ekarriko du “disctrict heating” hiriko berokuntza-sarea egikaritzea eta proiektuari atxikitako erkidegoen eraikinak birgaitzea. Proiektua 742 atxikimendurekin itxi zen. Udalak 185.696,82 euro inbertituko ditu sare elektriko hori espaloietako zangetan sartzeko. Gobernu Batzarrak gaur onartu du lanen esleitzea, Construcciones Arana enpresari.

“Azken urteotan, Gasteizko beste zona batzuetan kendu dira fatxadetako kableak. Orain, logikoa dirudi birgaitze-proiektu batean sartutako auzo batean ere egiteak. Udalak egingo du obra zibila, eta Iberdrolak, berriz, kableen deskonexioak, konexioak, desmuntaketak eta muntaketak”, azaldu du Gorka Urtaran alkateak.

Zehazki, honako puntu hauetan jardungo du Udalak: Aldabe kaleko 5, 7, 10, 12 eta 16an; Koroatze kaleko 6an; Manuel Diaz de Arcaya kaleko 12an; Badaia kaleko 8an eta Eulogio Serdan pasabidean. Lanek hiru asteko egikaritze-epea izango dute, eta fasetan egingo dira. Fase bakoitzean, ez da zanga bat baino gehiago irekiko, eragozpen gutxiago egiteko.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:03

Lanak uztailaren bukaeran edo abuztuaren hasieran hasiko dira, eta 379.532 euro balioko dute.

 

 

 

 

Borja Rodríguezek gidatzen duen Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren Sailak proposaturik, Adurtzako futbol-zelaiko belar-artifiziala aldatzeko lanak esleitu ditu gaur Tokiko Gobernu Batzarrak, hartara, futbol taldeekiko konpromisoetako bat betez.

Oraingo belar artifizialeko geruza aldatzea da helburua, izan ere oso hondatuta dagoenez, bertan ezin da behar bezala aritu futbolean.

Udal instalazioetako belar artifizialeko geruzarik zaharrena da, 1998koa, eta bizitza baliagarria bukatu zaiola uste da.

Egungo jolas-eremuak 97 metroko luzera eta 47 metroko zabalera du (bandak kontatu gabe). Obra honekin gutxitu egin nahi da tapizaren egungo area, esku-hartzea handiagoa izan dadin;  esaterako, aurreko bi aldeetako espaloia eta frontoira ematen duen aldekoa handitzeko.

Horretaz gain, espaloiaren iparraldeko zintarria ere aldatuko da, zelaiaren inguruan hormigoi inprimatuko espaloi berriak jartzeko. Ipar-ekialdean arrapalatxo bat jarriko da, mugikortasun urriko pertsonak eta mantentzeaz arduratzen diren ibilgailuak pasatzeko.

 

Horretaz gain, esku hartze hauek ere egingo dira, besteak beste: zelaiaren inguruan ikusleentzako baranda jarri, aldapak erregularizatu urak drainatzeko eta ureztatze-sistema eta mendebaldeko zonako baloiak gelditzeko egitura eta sarea aldatu.

 

 

 

Share

Aurrekoak »