Prentsa Oharren banner

Kultura Zerbitzuak berariazko 20 ikastaro eskaintzen ditu gizarte etxeen 2019-2020rako programazioaren barruan

Gasteizko Udaleko Kultura Zerbitzuak —Estíbaliz Canto zinegotziak gidatzen du —2019-20 ikasturtean gizarte etxeetan emango diren kultur ikastaroak aurkeztu ditu berariaz. Eskaintza zabala eta askotarikoa da, eta helburua du herritarrei kulturaren hainbat arlotako ezagutzak era didaktiko eta atseginean eskaintzea, betiere jorratuko diren gaietan adituak diren irakasleen eskutik.

Ikastaro teorikoak dira gehienbat, eta kasu batzuetan jarduera praktiko osagarriak ere tartean izaten dira. Herritarrek zer aukeratu izango dute, haien gustuen eta interesen arabera, hainbat arlo jorratuko baitira ikastarootan.

Izan ere, denetariko gaiak aurki daitezke programazioan: artearen historia, zinema, musika, historia, psikologia, kriminologia, etab. Irakasleei dagokienez, zorroztasun zientifikoa bermatzen duten adituak arituko dira ikastaro guztietan. Haien artean, Sabin Salaberri musikaria, Santiago Arcediano historialari eta arte kritikaria, Felix Mugurutza etnografoa, Jorge Moneo zinegilea, Juan Ibarrondo idazle eta kaze-taria edo Euskal Herriko Unibertsitateko hainbat irakasle, besteak beste.

2019-20 ikasturteko eskaintza 20 ikastarok osatzen dute, eta horietako 3 euskaraz izango dira. 7 eta 15 saio bitarteko ikastaroak dira guztiak, eta astean behin edo bitan emango dira Gasteizko gizarte etxe gehienetan. Guztira, 725 leku. Izena emateko aurretiko epea zabalik da dagoeneko, eta hala jarraituko du abuztu osoan eta irailaren 4ra bitartean. Zozketa egingo da gero, irailaren 5ean, eta, edonola ere, bigarren epealdi bat zabalduko da berriro irailaren 17an, geratu diren leku libreak bete ahal izateko.

Ikastaro guztien informazio zehatza edozein gizarte etxetan nahiz www.vitoria-gasteiz.org/kultura web orrian dago eskuragarri. Hemen, batzuk baino ez ditugu aipatuko: 1976ko martxoaren 3ko sarraskiaren memoria emakumeengandik eraikia, basoetako arkeologia, mundu arabiar-islamikoa, sexu- eta genero-dibertsitatea eta haren kultur adierazpenak historian zehar, Errenazimentuaren maisua den Rafael handiaren pintura (izan ere, 2020an haren heriotza-ren 500. urteurrena ospatuko da), etab.

Hiru ikastaro euskaraz izango dira: ardoa dastatzeari buruzkoa bata, euskal kulturaren ohiturei, sinesmenei eta mitoei buruzkoa bestea, eta Gasteizko martxoaren 3ko gertaerei buruzkoa hiru-garrena.

Share