Prentsa Oharren banner

Gasteizek 750.000 euroko laguntzak onetsi ditu merkatari, ostalari eta enpresa txikientzat

  • Maskara, gel eta desinfektatzaileen gastuetarako dirulaguntzak emango dira, baita covid-19aren prebentziorako beste gastu batzuetarako ere

Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Sailak eskaturik —Maider Etxebarria zinegotziak gidatzen du hori—, Tokiko Gobernu Batzarrak 750.000 euroko partida bat onetsi du gaur, Gasteizko merkataritza eta ostalaritza establezimenduei eta mikroenpresei covid-19aren krisiak eragindako gastuak ordaintzen laguntzeko.

Laguntza horiek Gasteizko Ekonomia Suspertzeko Planaren bost ardatzetako lehenean jasotzen dira, eta hiriko sektore ekonomikoen eskaera nagusietako bati erantzuten diote. Diruz lagundu daitezkeen gastuen artean daude maskarak, eskularruak, aurpegia babesteko pantailak, manparak, prebentzioko eta higiene sanitarioko materiala eta instalazioak desinfektatzeko materiala, hala nola gel edo xaboi desinfektatzaileak.

Birusak eragindako aholkularitza- eta kontsultoria-gastuak ere finantzatuko dira, baita itxialdian egindako eraldaketa digitalarekin lotutako inbertsioak ere. Zehazki, hamar langile baino gutxiago dituzten hiriko enpresa txikientzat izango dira laguntzak.

Gure hitza betetzen ari gara. Gasteizko saltokiek, ostalaritzako establezimenduek eta enpresa txikiek gure sostengua izango dute susperraldian. Ez dugu nahi inor atzean geratzea higiene eta segurtasun aginduak betetzeagatik“, adierazi du Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren arduradun Maider Etxeberriak.

Deialdia Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita aurkeztu ahalko dira eskabideak.

 

Share