Prentsa Oharren banner

Etxean eta auzoan konpostatzeko sistema bat jarriko du martxan Gasteizko Udalak: konpostagailuak etxeetan eta konpostagune auzoetan

 

Ekoizle handiek ere erabiliko dute hondakin organikoak birziklatu eta berrerabiltzeko sistema.

 

Esperientziak Gasteizko nekazaritza-eremuan izandako arrakastaren eta harrera onaren ondoren, hiriko auzoetara eta etxeetara eramango du Udalak konpostatze-sistema. Hala jakinarazi du Gorka Urtaran alkateak, zeinek orobat azaldu baitu Vermican Soluciones de Compostaje SL enpresaren eskaintza aukeratu duela Gobernu Batzarrak Gasteizen hondakin organikoak etxeetan eta auzoetan konpostatzeko sistema ezartzeko.

206.325 euro baliatuko ditu Udalak hurrengo lau urteetan parte-hartzaileen sarea sortzeko, izena ematen dutenei prestakuntza teoriko-praktikoa eskaintzeko, banako konpostagailuak banatu eta auzoko konpostagune eraikitzeko eta, programa martxan jarri ondoren, jarraipena egin eta aholkularitza eskaintzeko.

2018az geroztik funtzionatzen du hondakin organikoak kudeatzeko modu horrek nekazaritza-eremuan, eta 148 familiak parte hartzen dute. Orain, hirira zabalduko da esperientzia, konpostagailuak jartzeko lekua duen edonori, ikastetxeei eta ekoizle handiei hondakin horiek kudeatzeko aukera emate aldera.

Birziklatzeko modu naturala da konpostatzea, ongarri natural bihurtzen baita materia organikoa, deskonposizio-prozesu kontrolatu baten bitartez. Etxeko eta lorategiko hondarrak baliatuz, ongarri naturala lortzen da, etxean.

Kontratuaren baldintza-agirian 350 parte-hartzaile finkatu ziren, banaka edo auzoko konpostaguneak erabiliz konpostatzeko. Gainera, hamabost ekoizle handik parte hartuko dutela aurreikusten da. Auzoko konpostagune eraikitzea ere aurreikusten du Udalak.

“Denik eta pausurik txikiena ere garrantzitsua da klima-aldaketa geldiarazteko. Horrelako ekimenen bitartez, ingurunearen alde egiten laguntzen die Udalak herritarrei. Hainbat familiak parte hartu zuten programan, nekazaritza-eremuan abian jarri genuelarik, eta bagenekien auzoetan ere bazirela hainbat pertsona eta komunitate, beren etxeetan konpostatzen hasi nahi zutenak”, nabarmendu du alkateak.

Papera eta kartoia biltzeko kontratua adjudikatzea

Bestalde, papera eta kartoia bildu, sailkatu eta kudeatzeko kontratua Saica Natur Norte SL enpresari adjudikatzea onetsi du gaur udal gobernuak, hurrengo bi urteetarako, 279.287,36 euroko aurrekontuarekin.

Besteak beste, ikastetxeetan, udal eraikinetan, edukiontzietan, garbiguneetan, fruta eta barazkien handizkako azokan, Santa Barbara azokan eta hauteslekuetan bilduko du enpresa horrek papera eta kartoia.

Horrez gain, papera  eta kartoia pisatu, sailkatu eta kudeatu beharko du enpresa adjudikaziodunak, azken destinoraino.

 

 

Share