Prentsa Oharren banner

Gizarte etxeetako ludoklub eta ludotekek jarduerak eskainiko dituzte ekainaren 29tik aurrera, 3 astez, txandakako sistema bidez.

 

  • Jolasaren bidez txikien mugimendua, adimen emozionala eta sozializazioa sustatzea dute xede.
  • 168 txanda egongo dira, adinen araberako hiru kategoriatan, 2.172 pertsonari arreta emateko.

Gasteizko gizarte etxeetako ludoteka eta ludokluben sarea ekainaren 29tik uztailaren 17ra bitartean zabalik egongo da eta udako jarduerak eskainiko ditu, konfinamenduaren ondoren txikiak jolasaren inguruan elkartu eta atsegin hartzeko. Jolasa – haurren ikaskuntza eta garapenerako jarduera naturala– mugimendua, adimen emozionala eta sozializazioa bultzatzeko lanabes izango da. Orobat, egunerokoan covid-19a prebenitzeko hezkuntza ere landuko da.

Ludoklub eta ludotekak jarduera eskaintza anitza eskainiko dute astelehenetik ostiralera, hiru txandatan, adinaren arabera banatuta. Zehazki, 168 txanda izango dira, eta 2.172 haur hartu ahal izango dituzte.

Jarduera-programa honen bitartez, haurren arteko aisialdia berreskuratzeko aukera eman nahi diegu Gasteizko haurrei, eta hilabete hauetan alde batera utzi behar izan duten sozializaziori ekiteko berriz, baina prebentzioz jakina. Prebentzioa ahalik ondoen zaintzen saiatuko gara, taldeak murriztuz, txanda sistema ezarriz, aire zabaleko jarduerak lehenetsiz eta hainbat higiene-neurri hartuz” adierazi du gizarte etxeen zinegotzi Borja Rodriguezek.

Aste bakoitzean txanda bakar batean eman ahalko da izena, eta hiru txanda-mota egongo dira. Batetik TXIKI. 125 txanda izango dira 2015-2011 urteetan jaiotakoentzat, hau da ludoteketan egoteko adina dutenentzat (4-8 urtekoak, jaiotzaren urtea eta hilabetearen arabera). Honako gizarte etxeetan eskainiko da: Aldabe, Pilar, Iparralde, Ibaiondo, Arriaga, Lakua, Hegoalde, Ariznabarra, Arana, Salburua eta Zabalgana. Goizeko ordutegia izango du. 9:15etik 9:30era harrera mailakatua egingo da (lau ume sartuko dira 5 minuturo). 9:30etik 13:15era jarduera egingo da. Azkenik, 13:15etik 13:30era irten egingo dira, sartzeko sistema berbera erabilita.

Bestetik, HANDI. 30 txanda 2010-2007 urteetan jaiotakoentzat, hau da, ludoklubean egoteko adinekoentzat (9-12 urte bitartekoak). Ibaiondo, Lakua, Salburua eta Zabalganeko gizarte etxeetan eskainiko dira. Goizeko ordutegia izango dute, eta ludoteketako jarraibide berberak. 9:15etik 9:30era harrera mailakatua egingo da (lau ume sartuko dira 5 minuturo). 9:30etik 13:15era jarduera egingo da. Azkenik, 13:15etik 13:30era irten egingo dira, sartzeko sistema berbera erabilita.

Azkenik FAMILY. 13 txanda egongo dira 2016-2013 urteetan jaiotakoentzat (3-6 urte bitartekoak jaiotzaren urtea eta hilabetearen arabera), eta adingabe bakoitzeko heldu batentzat. Arriaga, Ibaiondo, Iparralde, Hegoalde, Lakua, Salburua eta Zabalganeko gizarte etxeetan eskainiko da. Kasu honetan, arratsaldeko ordutegia izango du. Zehazki, 17:15etik 17:30era harrera mailakatua; 4 familia bost minuturo. Jarraian jarduera, 17:30etik 19:15era, eta azkenik irteera mailakatua (4 familia 5 minuturo).

Ekainaren 23tik 26ra bitartean eman ahalko da izena, udalaren webgunean eta 010 telefonoan. Gizarte etxeetan ezingo da aurrez aurre izena eman. TXIKI eta HANDI kategorietako prezioa (3,5 ordu) 3,95 eurokoa da bazkideentzat eta 6,58 eurokoa bazkide ez direnentzat. FAMILY kategoriako prezioa (1,5 orduko iraupeneko jarduera) 3,39 eurokoa izango da bazkide den familia-unitateko eta 5,64 euro bazkide ez den familia-unitateko.

Jarduera-programan hainbat neurri hartu dira covid-19aren kutsadura prebenitzeko:

  • Parte hartzaile kopurua 12 haurrekoa izatera mugatu da txanda bakoitzean (FAMILY kategoriako txandetan helduak gehitu beharko zaizkio)
  • Tenperatura hartu eta eskuak garbituko dira sarreran
  • Sarrerak eta irteerak modu mailakatuan egingo dira. Familiei sartzeko eta irteteko ordutegia ezarriko zaie.
  • Helduek maskara erabili behar dute derrigorrez, eta txikiek ere bai (ahal den neurrian).
  • Ahal dela, jarduerak aire zabalean egingo dira.
  • Barruko lekuak handiak eta egokituak izango dira.
  • Jardueretan erabilitako materialen garbiketa jarraitua egingo da.
Share