Prentsa Oharren banner

Ruper Ordorikak irekiko du berriro Principal antzokia, uztailaren 17an

 

Uztailaren 1ean jarriko dira salgai Udalaren Antzoki Sarearen udako denboraldirako sarrerak

 Gasteizko Principal antzokiak uztailaren 17an irekiko ditu berriro ateak, Ruper Ordorikaren kontzertu batekin. Martxoaren 11tik egon da itxita aretoa, COVID-19a Arabako hiriburura iritsi zenetik. “Pandemia dela eta bertan behera utzitako lehen ikuskizuna izan zen, eta egokitzat jo dugu antzokia musikari handi horrekin irekitzea berriro, eta normaltasuna berreskuratzea“, iragarri du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

Gaur goizean egindako prentsaurrekoan aurkeztu du zinegotzi sozialistak Udalaren Antzoki Sarearen udako denboraldia. “Gaurkoa egun benetan berezia da, Udalaren Antzoki Sarearen udako denboraldia aurkeztuko dugulako, eta horrek esan nahi duelako hiriko antzokiak berriro irekiko ditugula eta kultura berpiztuko dela“, adierazi du Cantok.

“Lan handia egin dugu egitarau erakargarria prestatzeko eta antzokia espazio guztiz segurua izan dadin; berriro altxatuko dugu oihala, herritarrek gozatzerik eta hunkitzerik izan dezaten, eta normaltasunera itzul daitezen. Kulturaren eta gure kultur eragileen balioa nabarmendu nahi dugu, eta zerbitzu publiko gisa mantentzeko beharra ikusarazi, guztiz ezinbestekoa baita“, erantsi du.

Antzokia edukieraren ehuneko 50arekin (492 sarrera) irekiko da, ikusleen artean eserleku bat utzita eta maskara derrigorrez erabilita.

Programazioa

Zortzi ikuskizunek osatuko dute Udalaren Antzoki Sarearen udako programazioa, musika, dantza, antzerkia eta umorea barne. Horietako sei euskal konpainiek eskainiko dituzte.

Uztailaren 17an (ostirala) izango da lehena,  Ruper Ordorika eta haren Mugalariekin (Arkaitz Miner, Fernando Neira ‘Lutxo’ eta Hasier Oleaga); ondoren, uztailaren 26an (igandea), EGOk joko du. Euskalherriko Gazte Orkestrak C. Gounod, Mahler eta Schuberti eskainitako kontzertua emango du, Rubén Gimenoren zuzendaritzapean.

Hurrengo hitzordua uztailaren 30ean (osteguna) izango da, Yllana taldearen umorearekin. Beren azken lana, ‘Maestrissimo, Pagagnini II’, aurkeztuko dute, une honetako biolin-jotzaile izarrak lagunduta: Strad. Uztailaren 31n (ostirala) ere umoreak jarraituko du,  El mono habitado konpainia gasteiztarraren ‘Benditas’ lanarekin. Begoña Martín Treviño eta Carmen San Esteban dira protagonistak.

Abuztuaren 4an, omenaldi sinbolikoa egingo diogu Zeledoni, iragarri genuen bezala. Horretarako, oso saio berezia antolatu dugu, 2019ko Urrezko Zeledonen banaketa, aurten antzerkiarekin lotura handia duten bi pertsona sarituko baitituzte: Pilar López, Teatro Paraísoko kidea, eta Txema Blasco aktore handia”, aurreratu du Hezkuntza eta Kultura zinegotziak. “Udalaren Musika Bandak girotuko du ekitaldia, Luis Orduñaren zuzendaritzapean, errepertorio fresko eta dinamikoa eskainiz”, erantsi du.

Udako berritasun nagusia  ‘Simplicissimus’ euskarazko kabareta izango da, abuztuaren 6an (osteguna); Tartean konpainiaren lan horretan zuzenean abestu eta joko dute musikariek eta kantariek. Patxo Tellería, Olatz Gamboa eta Getari Etxegarai dira antzezleak, eta Jokin Oregi, zuzendaria.

Abuztuaren 8an itxiko dugu Principal antzokiko udako programazioa, publikoak oso maite duen komiko handi batekin, XXI. mendeko juglare handiarekin: Rafael Álvarez ‘El Brujo’. ‘‘La Luz Oscura’ lana ekarriko digu, San Juan de la Cruz mistiko karmeldarraren figuran inspiratutako umorezko bakarrizketa”, azaldu du Cantok.

Al traste danza konpainia gasteiztarrak itxiko du denboraldia: ‘Mientras llueva’ lana estreinatuko du, Zuriñe Benavente eta Ignacio Monterrubio protagonista direla. Irailaren 25ean (ostirala) izango da, Ibaiondoko gizarte etxeko Félix Petite antzokian.

Sarreren salmenta

Uztailaren 1ean (asteazkena) hasiko da salmenta, 10:00etan; ahal dela online erostea gomendatzen da. Dena den, aukera guztiak eskainiko dira, ordutegi honetan:

  • Uztailak 1, asteazkena. Leihatilan eta telefonoz: 10:00 – 13:00 eta 18:30 – 20:30. Interneteko salmenta: 10:00etatik aurrera.
  • Salmenta arrunta: uztailaren 2tik (osteguna), Principal antzokiko leihatilako ohiko ordutegian: asteartetik larunbatera (jai egunetan izan ezik), 18:30etik 20:30era, eta ikuskizuna hasi baino bi ordu lehenago.

“Ahalegin handia egin dugu zentzuzko prezioak jartzeko, ohi baino merkeagoak, ez baitugu nahi hori oztopo izatea herritarrek kultura eskuratzeko garaian. Online erostea sustatzeko, gainera, prezio horiek leihatilan edo telefonoz erosita baino merkeago jarri ditugu“, amaitu du Estíbaliz Cantok.

Udal antzoki sareko Udako Programa

 

Share