Prentsa Oharren banner

Udal txosten batek berretsi egin du Gardelegiko zabortegian hondakin gehiago onartzearen bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa

Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren Saileko Hondakinen Kudeaketarako Atalak txosten bat egin du Gardelegiko zabortegiaren edukierari buruz eta hura handitzeko aukerei buruz. Bertan, instalazio horretan hondakin gehiago sartzearen bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa berresten da. Dokumentuaren ondorioetan adierazten denez, legez behartuta dago hala eskatzen duten enpresen hondakinak onartzera, eta, horrez gain, Udalak irtenbide teknikoa du hondakin gehiago sartzearen inpaktua saihesteko, erakundeari kosturik ekarri gabe. Gainera, tona bakoitzeko ustiapen-kostua % 65era jaitsi daiteke; beraz, ekonomikoki, bolumen handiago onartzea onuragarria izango litzateke udal interesetarako.

Arlo juridikoan, horri buruz berariaz egindako txosten bat oinarri hartuta, argi geratzen da Gasteizko Udalak nahitaez onartu behar dituela indarrean dagoen zerbitzu-erregelamenduaren baldintzak betetzen dituzten hondakinak, erregelamendu horretan ezarritako muga eta baldintzekin.

Hondakinak sartzeko erritmo handiago hori konpentsatzeko, komenigarritzat jotzen da eraikuntza- eta eraispen-hondakinen instalazioa martxan jarri zenetik aktibo ez dagoen geldoen putzua eraberritzea.

Putzu hori eraberritzeak ez luke eragin ekonomikorik izango udal kontuetan, zabortegia kudeatzeko kontratuan kostu gehigarririk gabe egin beharreko hobekuntzen barruan sartuta baitago. Txostenaren arabera, erreforma horrek 281.984 metro kubiko gehiago izatea ahalbidetuko du, eta horrek 211.488 tona hondakin gehitzea ekarriko luke.

Gaur egun, hondakinak onartzeko eskaerek 42.600 tona inguru hartzen dute, baina azpimarratu behar da eskaera horiek kuantifikatzeak ez duela esan nahi material hori azkenean Gardelegin utziko denik. Berez, 22.000 tona inguruko eskaerak onartu dira (horietatik 5.000 inguru sartu dira). Tona-kopuru handiagoa onartzeak ekar dezakeen eragin ekonomikoa aztertzean, hainbat aldagai hartzen dira kontuan, eta hortik ondorioztatzen da ezen eskatutakoaren guztizkoa hartuz gero, gutxienez 1.362.774 euroko diru-sarrera sortuko litzatekeela.

Udalak lurraldetik datozen eta Gardelegin onartu behar diren hondakinen kopurua handitzea bere gain hartu behar duela eta har dezakeela egiaztatzeaz gain, txostenak azpimarratzen du ondorio hori urtero berraztertu behar dela, lau faktoretan oinarrituta: isurketa-tasak eta zerbitzuaren benetako kostua egokitzea, etorkizunean izan daitezkeen kostuak gehituta; hondakinen ekoizleak politika jasangarriagoetan inplikatzea; Ingurumen Organoak orain zabortegian erabiltzen ez diren eremuak handitzeko aukera ematea, eta obrak egitea ahalbidetuko duen aurrekontua izatea.

 

 

Share