Prentsa Oharren banner

Prebentzio- eta segurtasun-jarraibide berrietara egokitu da kirol-jardueren udal-programazioa

Udal-ikastaroetan programatutako kirol-jarduera gehienei eutsi die Gasteizko Udalak, alarma-egoerara moldatzeko Eusko Jaurlaritzaren azken dekretuak berekin ekarri dituen prebentzio- eta segurtasun-jarraibide berrietara egokitu ondoren. Bi kontu ziren kirol-jarduerari eragiten ziotenak, funtsean: 21:00etan bukatzera behartzen duen ordutegi berria, batetik, eta espazioen edukiera % 40era murriztea, bestetik.

Ordutegiari dagokionez, 41 ikastaro moldatu behar izan dira egoera berrira, 21:00etaik aurrera programatuta zeudenez gero. Bat izan ezik, beste guztiak mantentzea lortu da, hasiera- eta bukaera-orduak aldatuz.

% 40eko edukiera berria gainditzen zuten jardueren kasuan, alternatibak bilatu dira, azalera handiagoko espazioetan, eta orobat banatu dira bitan zenbait jarduera, mugapenetara moldatzeko. Salburuko, Aldabeko eta Iparraldeko gizarte-etxeetako ikastaro batzuetan bakarrik eman behar izan zaie baja izena emandako zenbait pertsonari, beste konponbiderik ezean.

Gainerako ikastaroei ez die eragin ordutegi berriak, ezta edukiera-murrizketek ere, eta, hortaz, ez dute aldaketa nabarmenik izan. Nolanahi ere, azaroaren 7az geroztik itxita daude kirol-instalazio guztietako dutxak, eta aldagelen erabilera, berriz, premia jakin batzuetara mugatuta dago. Maskara erabiltzea nahitaezkoa da, une oro.

Share