Prentsa Oharren banner

Streaming bidez emango ditu kontzertuak udal bandak, azaroaren 25etik aurrera

Isabel Rubiok zuzenduko du, datorren asteazkenean, ‘Haizea alde’ saioan

Gasteizko Udal Musika Bandak streaming bidez emango ditu kontzertuak azaroaren 25etik aurrera, ‘Jarraitu bandari’ ekimenari esker. Hala iragarri du Hezkuntza eta Kultura zinegotziak, gaur goizean egindako prentsaurrekoan.

“‘Jarraitu bandari’ ekimenarekin, publiko zabalago batengana iritsi nahi dugu. Pandemiak eragindako edukiera-murrizpena dela eta, 400 gasteiztar baino ez daitezke joan bandak Principal antzokian egiten dituen kontzertuetara. Neurri horrekin, handitu egingo dugu edukiera, zeharka, denboraldi honetan programatutako hitzordu interesgarriez gozatzeko aukera jende gehiagok  izan dezan”, jakinarazi du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok.

Udalaren webgunearen bitartez jarraitu ahal izango dira saioak, esteka honetan.

Gainera, emanaldiak burutzen direlarik, edozein unetan berreskuratu ahal izango dira, grabazioak Youtuben geratuko baitira. “Horrela, Gasteizko Udal bandaren lana, klik bakar batekin, munduko edozein lekutatik ikusi ahal izango da”, gaineratu du Cantok.

Era berean, kontzertuen audioa eskainiko du Radio Vitoriak, Udal bandako zuzendari Luis Urduñak proposatutako errepertorioekin gozatzeko aukera izan dezaten entzuleek.

Azaroaren 25ean, asteazkenez, Principal antzokian izango den udal bandaren bigarren abonamendu-kontzertua aurkezteko prentsaurrekoan izan da Urduña, zinegotziarekin batera. Isabel Rubiori utziko dio zuzendari-makila zuzendariak —prentsaurrekoan izan da hura ere—, ‘Haizea alde’ emanaldian banda zuzendu dezan.

“Emakumeek musikan jokatzen duten papera nabarmentzeko garaia da. Hori dela eta, emakumezko orkestra-zuzendari gonbidatu bat izango dugu, lehenengo aldiz. Isabel Rubio, Vigo 430 orkestrako eta Granadako Gazte Orkestrako zuzendari laguntzailea, Estatuko eta Europako musika-zuzendari gazte nabarmenen artekoa dugu”, azaldu du Luis Urduñak.

“Curriculum ikaragarria du, eta bere dohainek guztiz egokia bihurtzen dute, kontzertu honetan gurekin aritzeko. Zailtasun handiko errepertorioa ekarri digu, interes handikoa, musikarientzat nahiz entzuleentzat”, gaineratu du.

Isabel Rubiok adierazi duenez, “artea, oro har, eta musika, bereziki, beti izan dira babesleku eta adierazpide gizakiarentzat. Emozioak areagotzen ditu musikak, paisaiak eta oroitzapenak iradokitzen; kausa komun baten ereserki izan liteke. Balia dezagun tresna zoragarri hau, Gasteizko Udal Musika Banda, baikortasunari eta alaitasunari ateak irekitzeko, garai nahasi hauetan.”

María José Belenguerren ‘Las Carboneras del Nalón’ eta Amando Blanquerren ‘Entornos’ lanak barne hartzen ditu egitarauak, Gasteizko Udal Musika Bandak lehenengo aldiz joko dituen piezak. Errepertorioa osatzeko, Alfred Reeden ‘Curtain Up!’, Mark Camphousen ‘A Movement for Rosa’ eta Johan de Meijen ‘Songs from the Catskills’.

“Udal bandaren bigarren abonamendu-kontzertuaz, ‘Haizea alde’ honetaz gozatzera animatzen ditugu gasteiztarrak, dela zuzenean, Principal antzokian, dela internet bidez”, adierazi du Estibaliz Cantok.

Isabel Rubiori buruz

Orkestra zuzendari murtziarra, gaur egun Vigo 430 orkestraren eta Granadako Gazte Orkestra Sinfonikoaren zuzendari laguntzailea. 2018/19 denboraldian Valentziako orkestrako zuzendari laguntzailea izan zen. Espainiako Gazte Orkestra Nazionala, Valentziako Erkidegoko Orkestra Federala, Sine Tempore Ganbera Orkestra eta Madril, Bilbo, Alacant, Pontevedra eta Santiagoko udal bandak zuzendu ditu.

San Pedro del Pinatar eta Santomerako banden zuzendari titularra izan zen, Murtzian, eta Lalíngo bandarena, Pontevedran.  Brussels Philarmonic Orchestrako eta Tournaiko Chapelle Musicaleko kidea izan zen, Belgikan, eta Murtziako Eskualdeko Orkestra Sinfonikokoa.

Irabazle izan zen Alacanteko Orkestra Zuzendaritzako I. Lehiaketan, Villena Hiriko Nazioarteko I. Zuzendaritza Lehiaketan eta Bilboko Orkestra Zuzendaritzako I. Topaketetan. Era berean, ohorezko aipamena eta lehen saria jaso zituen Kartagenako VI. eta X. ‘Concurso de Música Entre Cuerdas y Metales’ lehiaketetan. Atzerrian, hainbat zuzendaritza-lehiaketatan izan da hautatua: Frantzian (Besançon), Portugalen, Alemanian, Holandan eta Italian, non ‘Guido Cantelli’ Nazioarteko XI. Sarian finalerdira iritsi baitzen.

Ospe handiko jaialdietan zuzentzen du, hala nola Cuencako Erlijio Musikaren Asteko Nazioarteko Jaialdian, Valentziako Orkestraren Konposizio Topaketetan, Portugaleko Ourearte Music Festen, CullerArts Nazioarteko biolin Lehiaketan eta Malagako Nazioarteko Zinema Jaialdian.

Hurrengo konpromisoen artean, hauek ditu: Espainiako Gazte Orkestra Nazionalean Lucas Macíasen laguntzailea aritzea eta Castellóko Gazte Orkestra Sinfonikoa eta Murtziako Eskualdeko Orkestra Sinfonikoa zuzentzea, gonbidatu gisa.

Informazio gehiago

 

 

Share