Prentsa Oharren banner

Udaltzaingoak zerbitzuan lehen emakumeak sartu zireneko 40. urteurrena omenduko du

Zortzi emakume hasi ziren polizia-zerbitzuan lanean 1981eko azaroaren 1ean

1981eko azaroaren 1a egun garrantzitsua da Gasteizko Udaltzaingoaren historian. Egun hartan, 8 emakume sartu ziren zerbitzuan; haiek izan ziren Arabako hiriburuko lehen emakumezko udaltzainak. Guztiak izan ziren deialdia gainditu ostean zerbitzura sartu ziren 22 udaltzaineko promozio berri hartako kideak. Guztira, 73 izan ziren deialdira aurkeztu ziren emakumezkoak.

300 lagun inguru aurkeztu ziren oposizio hartara eta beste berritasun handi bat ere izan zuen: plazetara sartu ahal izateko, sexuarekin, altuerarekin eta soldadutzarekin lotutako eskakizunak kendu zituzten.

Udaltzaingoan sartu eta 6 hilabeteko prestakuntza jaso ondoren, 8 emakume aitzindari haiek kaleak patruilatzera atera ziren besteak beste hiritarren segurtasuneko eta zirkulazioa erregulatzeko lanak egitera.

Urte batzuk geroago, haietako 4k Udal baitako beste oposizio batzuk gainditu zituzten eta uniformea udal-erakunde baitako beste postu batzuekin trukatu zuten. Beste erdiek, aldiz, udaltzain gisa lanean jarraitu zuten 2019 eta 2020 artean erretiroa hartu arte. Lan horien baitan, hainbat erantzukizun hartu zituzten beren gain. Haietako batzuek harrotasunez gogora dezakete besteak beste zerbitzu hauek abian jartzen parte hartu zutela: Genero eta Familia Indarkeriaren Taldea edo Udaltzaingoaren Twitterra.

Hiritarren Segurtasuneko zinegotziaren, Marian Gutiérrezen, hitzetan, “emakumezko lehen udaltzain haiek gure aitorpen osoa merezi dute Duela 40 urte, eraisteko oso zaila zen horma bota eta bidea beste emakume askori ireki zieten. Horregatik, haien dedikazioagatik, dena eman zutelako eta haien altruismoagatik eskerrak eman, besterik ezin dugu egin. Gizarterako erreferentzia bihurtu ziren eta, gaur egun, gure polizian zerbitzua eskaintzen duten belaunaldi berrientzako erakusgarri dira.

Bilakaera

1981eko promozioa, kideen artean lehen emakumeak izateaz gain, ordura arte prestakuntzarik onena zuenetako bat izan zen. Unibertsitateko erdi mailako graduak eta lizentziak zituzten pertsonak eta unibertsitateko ikasketak amaitzear zituzten beste batzuk zeuden; haietako bat zen, adibidez, promozioko bigarren postua lortu zuena, Filosofia eta Letretako 5. mailako ikasle bat.

Zerbitzuan eman dituzten 40 urte horietan, emakumezko 8 udaltzain haiek bitxikeria ugari bizi izan zituzten. Haietako bat izan zen, adibidez, 1982ko maiatzaren 1ean bizi izandako haien jendaurreko aurkezpena. Haien lehen egunean, Udaltzaingoaren Eskolan urte erdia trebatzen eman ostean gainerako lankideekin batera, haietako bakarrak atera ahal izan zuen kalera prestatu zieten uniformea handiegia zelako (gizonezkoen moldekoa).

Ordutik, asko izan dira haien eguneroko lanerako jantzi dituzten galtzak, alkandorak eta jakak; lan horrekin, haiek bezalaxe hiritarren zerbitzura jartzea erabaki zuten beste emakume askori ireki diete bidea.

Bizi izan dituzten aldaketak ere ugari izan dira; haietako bat da, hain zuzen ere, lantokia. Lehen urteetan, dagoeneko zutik ez dagoen zezen-plazan zegoen polizia-etxean izan ziren. 1987 urtearen amaieran, Agirrelandara igaro ziren; eraikin modernoagoa eta funtzionalagoa zen eta bertan kokatu zituzten Hiritarren Babes Zuzendaritzako (gaur egun Herritarren Segurtasunaren Saila) zerbitzu guztiak.

Udaltzaingoak izandako bilakaerarekin batera, beste berritasun batzuk ere iritsi ziren: zerbitzuaren ereduarekin eta bitartekoekin lotutakoak. Hala, 1981eko promozioa ateratzearekin ia batera, “Curbet  Plana” izenekoa aurkeztu zuten. Dokumentu hark XIX. mendearen lehen erdialdean sortu zenetik Udaltzaingoak izandako berrantolaketa, modernizazio eta profesionalizazio sakonenaren hasiera ekarri zuen berekin.

Horri esker, gainerako lankideekin batera, Udaltzaingoaren Eskola estreinatu ahal izan zuten. Prestakuntza akademikoari dagokionez mugarria ezarri zuen horrek eta, gainera, Polizia Judizialaren funtzioak garatzen hasi zen Udaltzaingoa (beste aurrerapen bat izan zen hura).

Omenaldia

Lehen 8 emakumezko udaltzain haiek sartu zireneko 40. urteurrena oroitu eta ospatzeko asmoz, Herritarren Segurtasunaren Saila ekitaldia prestatzen ari da hurrengo egunotarako. Bertan, omenaldi txiki bat egingo zaie emakume haiei emakumeentzat eta Udaltzaingoaren historian erreferenteak direlako.

Share