Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2021-11-29)

Prentsaurrekoa. Eguberrietako kultura programa aurkeztea

Parte hartzaileak. Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Canto

Eguna. Astelehena, azaroak 29

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

—————————————–

Lakua Arriagako Eroski supermerkatua inauguratzea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Astelehena, azaroak 29

Ordua. 19:00

Tokia. Forondako Atea, 48

Share

Asteburuko aurreikuspenak

Ostirala, azaroak 26

– Estibaliz Canto Hezkuntza eta Kultura zinegotzia Arabako Literatur Sarien banaketan izan da, 18: 30ean, Bi-Bat museoan.

– Gorka Urtaran alkatea Aurora Nieva eta Aurelio Torrecillaren “no te cortes” liburuaren aurkezpenean izan da 19: 30ean Ignacio Aldecoa kultur etxean.

– Estibaliz Canto Hezkuntza eta Kultura zinegotzia eta César Fernández de Landa zinegotzia Antzerki Jaialdiaren amaierako emanaldira joango dira, Antzoki Zaharrean, 19: 30ean.

– Livia López Kirol eta Kultura zinegotziak Arabako Triatloi Federazioaren 2021eko Araba Sarietan parte hartuko du 20: 30ean El Reservadon, Askatasun kalea 12

 

Larunbata, azaroak 27

– Jon Armentia Gizarte Politika, Adinekoen eta Haurren zinegotzia Minbiziaren aurkako II. Euskadi Kongresuaren irekiera ekitaldian izan dira 09: 30ean Europa Jauregian

 

Igandea, azaroak 28

– Miren Fernández de Landa Bizikidetza eta Aniztasuneko zinegotzia “aniztasuna eta bizikidetza Mauritaniako komunitatearekin Euskadin” ekitaldira joango da, 18: 00etan, El Campillo polikiroldegian.

 

Share

Gasteizek Gabonetako argiak piztuko ditu gaur arratsaldean: 30 kale baino gehiagotan jarritako 286 arku

Argiak 18:00etan piztuko dira; Andre Maria Zuriaren plazan eta Arka plazan, gainera, bola erraldoi bana jarri da apaingarri gisa

 Udalak, aurten, azaroan piztuko ditu argiak, merkataritza-sektoreak eskatuta

 

Gasteizko Udalak gaur arratsaldean piztuko du hiriko Gabonetako argiztapena. 286 arku instalatu dira 35 kale eta plazatan, LED argiak 210 zuhaitzetan, bai eta 137 irudi ere, besteak beste, udaletxeko fatxada, Goiuri jauregia edo Floridako kioskoa apaintzeko. Gainera, bigarren urtez jarraian, Andre Maria Zuriaren plazan bola erraldoi bat egongo da, eta, iaz ez bezala, aurten, pertsonak bolaren barrutik igaro ahal izango dira. Arka plazan, bigarren esfera txikiago bat jarriko da. Guztira, berrogeita hamar kale eta plaza baino gehiagok izango dute Gabonetako giroa. Maider Etxebarria lehen alkateorde eta Ekonomia Sustapenerako zinegotziak adierazi duenez., “Gasteizek baikortasun eta alaitasun ukitu bat eman nahi die hiriko kaleei, merkataritza eta ostalaritza animatzeko. Sektoreak argiztapena aurreratzeko eskatu zigun, eta argiak azaroan pizteko”.

Argiak 18:00etan piztuko dira eta 2022ko urtarrilaren 7an itzaliko dira. Oro har, Eguberrietako argiak 18.00etatik 23.00etara piztuko dira; ostiral eta larunbatetan, abenduaren 24 eta 31n zein urtarrilaren 5ean, berriz, goizeko 3.00ak arte.

Gasteizek 140.250 euro inbertitu ditu Blachere enpresak diseinatu eta instalatutako Gabonetako argietan. Enpresa horrek Udalak deitutako lehiaketa publikoa irabazi zuen. Bere proiektuan, zuhaitz gehiago apaintzea, “urre-kolore beroak” erabiltzea, eta alde modernoa eta klasikoa uztartzen dituzten motiboak erabiltzea proposatzen zuen. Blacherek jada 2019ko argiak jarri zituen, eta aurtengo argiztapena % 100 led izango da.

 

 

 

 

 

 

 

 

Share

Elurteetarako Planaren 1. mailako larrialdi-fasea aktibatu da

Asteburuan elurra egin dezakeela iragarri delarik, Udalak Elurteetarako Planaren 1. mailako larrialdi-fasea aktibatu du.

Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak iragarri duenez, bihar, larunbata, elur-maila 900-700 metro ingurukoa izango da goizaldean, eta arratsalde-gau partean 500-400 metrora jaitsiko da; beraz, alerta laranja ezarri da.

Egoera horren aurrean, Udalak baliabide propioak zein kanpokoak aktibatu ditu elurrak ekar ditzakeen eraginei aurre egiteko, bai kaleetako lehentasunezko ibilbideetan, bai oinezkoentzako ibilbideetan, Elurteetarako Planean jasotakoari jarraituz.

Share

Udalak 400.000 euro inbertituko ditu administrazioaren eraldaketa digitalean aurrera egiten jarraitzeko

G-EDE artxibo elektronikoaren tresna ezartzeak dosierren eta dokumentu elektronikoen kudeaketa integrala ahalbidetuko du 

 

Tokiko Gobernu Batzarrak kontratazio-dosierra onetsi du G-EDE artxibo elektronikoaren tresna ezarri eta Gasteizko Udalaren izapidetze elektronikorako tresnak egokitzeko; dosierren eta dokumentu elektronikoen kudeaketa integrala ahalbidetuko du horrek, Elkarreragingarritasun Eskema Nazionalarekin (ENI) bat etorriz. Hasierako aurrekontua 400.000 euro da.

Artxibo bakarraren ezarpena Gasteizko Udalaren E-administraziorako Plan Gidariak jasotako ekintzen barruan dago, eta udalaren digitalizazioan aurrera egiten lagunduko du.

Gaur egun, hainbat tresna ditu Udalak administrazio elektronikoari euskarri emateko. Izan ere, duen teknologia- eta antolaketa-azpiegiturak dosier eta dokumentu elektronikoen kudeaketa ahalbidetu du, bai administrazio elektronikoaren beraren esparruan, bai kontratazioaren arloan.

“Jarduketa honi esker, Gasteizko Udalak amaitutako prozedurei dagozkien dokumentu elektronikoen artxibo elektroniko bakarra izango du, eta horrek administrazio-izapideak arintzea ekarriko du“, azaldu du Udal Administrazioko eta Eraldaketa Digitaleko zinegotzi Borja Rodríguezek.

“Agiriak gordetzeko erabiltzen diren bitarteko edo euskarriek Segurtasun Eskema Nazionalean ezarritako segurtasun neurriak izango dituzte, alegia, gordetako agirien osotasuna, benetakotasuna, konfidentzialtasuna, kalitatea, babesa eta kontserbazioa bermatzen dutenak”, gehitu du.

 

 

 

 

 

 

Share

Lau komuna publiko berri jarriko ditu Espazio Publikoaren Sailak Gasteizko parke eta plazetan

Florida parkean, Iparraldeko parkean eta oraindik zehazteke dauden beste bi tokitan jarriko dira

 

Lau komuna publiko berri jarriko ditu Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak hirian. Hain zuzen ere, Florida parkean, Iparraldeko parkean eta oraindik zehazteke dauden beste bi tokitan. Saileko zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok eman du jakitera erabakia, udalbatzaren gaur goizeko osoko bilkuran.

Hurrengo asteetan kaleratuko du Udalak lanak egiteko kontratuaren lizitazioa. Sailaren irizpide teknikoak aintzat hartuta erabakiko dira artean zehaztu gabe dauden bi kokalekuak, baita instalazioen ezaugarri teknikoak ere.

“Agenda gasteiztarraren bitartez, herritarren eskariak entzuten ditugu, kudeatu eta gauzatzen. Kalean eta gizarte-etxeetan lehendik daudenen osagarri izango dira komuna horiek”, azaldu du Raimundo Ruiz de Escuderok.

Hiriko kaleetan, zortzi lekutan daude gaur egun komuna publikoak, gehienak hogeita lau orduz zabalik, eta gizarte-etxeetako beste 14 gehitu behar zaizkie horiei. Covid-19aren pandemiaren ondorioz ostalaritza itxita egon den hilabeteetan, behin-behineko komunak jarri ziren hiriko hainbat kaletan.

 

 

 

 

Share

Berpizkundearen plazako eguneko arreta-zentro berriko obrak bukatzeko kontratua adjudikatu da

Etxean laguntzeko zerbitzua adjudikatu du Tokiko Gobernu Batzarrak, 13,8 milioi euroan

 

Berpizkundearen plazako eguneko arreta-zentro berriaren obrak bukatzeko kontratua adjudikatzea onetsi du gaur udal-gobernuak, geldirik egon baitira zenbait hilabetez, eraikuntzari ekin zion enpresak kontratua bete ez duenez gero.

Hasierako kontratua bertan behera utzi ondoren, Zikotz SA enpresari adjudikatu dizkio orain Udalak obrak bukatzeko lanak, 571.957 euroan, lau hilabeteko gauzatze-epearekin. Beraz, udaberrirako egongo da bukatuta zentroa.

500 metro koadroko azalera izango du Berpizkundearen plazako eguneko arreta-zentrok, eta zerbitzu hauek eskainiko dira bertan:

  • Norberaren garbiketa eta higienea.
  • Gizarte-arreta.
  • Erizaintza-arreta.
  • Estimulazio-jarduerak.
  • Errehabilitazio-jarduerak.
  • Garraio egokitua.

Hainbat espazio izango ditu horretarako: atseden-areto bat, sukalondoa, jantokia, komuna geriatrikoa, bulegoak, sendaketa-gela, baita askotarako aretoak ere, erabiltzaileen autonomia funtzionala eta soziala lantzeko aukera emango dutenak.

 

Etxean laguntzeko zerbitzua 

Etxean laguntzeko zerbitzua adjudikatzea ere onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak. Izan ere, urtarrilaren 1etik aurrera Udalak eskainiko du zerbitzu hori oso-osorik, Aldundiaren dosierrak bere gain hartu ondoren, gizarte-zerbitzuen zorroari buruzko dekretuko akordioan jasota dagoenez.

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak 13,8 milioi euro pasatxo baliatuko ditu 2022an zerbitzu hori kudeatzeko, gaur adjudikatu diren lau kontratuen bitartez.

Hain zuzen ere, Zaintzen eta Sacyr Social enpresak arduratuko dira horretaz. Ariznabarra, Landatxo, Lakua, Ibaiondo eta Zabalganean kudeatuko du zerbitzua Zaintzen enpresak, gehienez 3.283.065 euroko zenbatekoarekin, eta Iparralde eta Aldaben, 3.546.261 euroan.

Sacyr Social enpresa, berriz, Abetxuku, Arriaga eta Pilarreko etxean laguntzeko zerbitzuez arduratuko da, 3.186.108 euroan, eta Arana, Judimendi, Hegoalde eta Salburukoaz, 3.837.186 euroan.

Era berean, Aztertzen enpresarekin izenpetutako kontratua aldatzea onetsi du udal-gobernuak, etxean laguntzeko zerbitzua garatzeko, aurrekontua 520.000 euro handituz, 2021eko uztailaren 1etik abenduaren 31ra bitartean.

Share

2021eko euskararen nazioarteko egunerako adierazpena

Euskara lanabes, aro berrirantz 

Erabilera-eremu berri eta ez formaletan ere, euskarak arnas berri

Tentuz, baina ateratzen ari gara, azkenean, beltzenetik argira. Berreskuratzen hasi gara gutariko bakoitzaren eta elkarrekin osatzen dugun gizartearen bizitza, erakargarri ez ezik, jasangarri ere egiten duena: zuzeneko harremanak; elkartzeko ohiturak, aukerak eta guneak; osatzen gaituzten besteengana biltzeko joera. Eta, horrekin batera, ezinbestekoa dugun jarduera ekonomikoaren hari eta sareak berriz ere indartzen ari gara, pandemiaren aurretiko tokira eta, inola ere ahal balitz, hobera iristeko itxaropenez.

Eta erabaki sendo bat dugu gidari: ez dadila inor atzean geratu.

Ezta euskara ere. Are gutxiago euskara.

Gurekin batera egin dio euskarak pandemiari aurre, eta gurekin irten behar du garaile. Izan ere, aro berrian, gure eta geure gizartearen zaurgarritasunaren jakitun egin gaituen egoera larriaren ondoren, harreman eta komunikazio molde, ohitura eta bide berriak sortzen ari dira, eta are berriagoak eta harrigarriagoak sortuko dira aurrerantzean. Jakin bagenekien noraino diren ezinbestekoak komunikazio ildo eta sareak, norainoko balioa eransten dion komunikazioak gure zeinahi jarduerari; orain, jakiteaz aparte, sentitu ere egiten dugu errealitate hori: sakon-sakoneraino barneratu dugu komunikazioaren, harremanaren funtsezkotasuna. Hori da aro berriaren ezaugarri nagusietariko bat. Eta hori bera du euskarak erronka: komunikazio eta jarduera eremu berrietan ere, naturaltasun osoz, dagokion tokia hartzea. Eraginkorki. Tinko.

Euskara, euskal hiztunon komunitatearen jarrera proaktiboari esker, eroso dabil komunikazio eta informazioaren teknologien sareetan. Badu tokirik. Ikusgarria da. Baliagarria da. Eta zinez zaila zuen –eta du– hizkuntza ozeano erraldoian horrelakorik lortzea.

Eredugarria da alor horretan egin den eta egiten ari den lana, besteak beste erabilerarekin zuzen-zuzenean loturiko presentzia delako euskarari benetako balio erantsia dakarkiona. Eta argi geratzen ari da ekimen eta lankidetza publiko-pribatuaren eskutik lan egiten badugu, erronkaren neurriak ez gaituela beldurtu behar. Gai garela argiro erakusten ari garelako, adibidez hezkuntzaren munduan, hedabideenean, kirolarenean, udal administrazioarenean eta beste hainbat eta hainbatetan euskara aurrerabide garbian jartzerakoan.

Eta horietan guztietan aurrera egin beharra dago, jakina, jarraikortasunez eta etengabeko berrikuntzaren bidetik. Baina pandemiaren osteko aro berriaren hasiera honek beste ikuspegi bat eranstea eskatzen digu: hizkuntzaren erabilera formalekin batera, eremu ez formaletakoa landu beharra dago, behar besteko lehentasunez. Gasteizko euskal hiztunak naturaltasun osoz gauzatu behar du euskaraz bizitzeko aukera, eguneroko bizitzan eremu formaletik aisialdi, kultur edo kirol eremuetara igarotzean, hori bera baita, hain zuzen ere, euskaraz bizitzearen esanahietako bat. Ezin dizkiogulako euskarari ukatu gorputz eta espirituaren atseden eta gozamenari lotzen zaizkion eremu horiek.

Euskararen bizi-indarra dugu jokoan, hein handi batean, eremu ez formal horiek euskararentzat irabaztearen erronkan. Izan ere, alor horretan euskararen erabilerak jauzi bat egiteak errotik eta norabide zeharo positiboan aldatuko luke hiztun asko eta askorengan, oso bereziki gazteengan, euskararekiko bizipena.

Aisialdi eta kirolaren eremuek badituzte, bestalde, berezko ezaugarri baliotsuak hizkuntza erabiltzeko ohituren aldaketari dagokienez, eta askotariko antolakuntzarako joera dute (klubak, federazioak, elkarteak, taldeak…). Nekez bilatuko genuke esparru egokiagorik gazteengana iristeko, euskararen erabilera ez formalari eta erabileraren ez formaletako euskarari berari berebiziko bulkada emateko, borondatez eta gozatzeko asmoz bildutako partaideengan –gazteak, guztiz gehienak– euskararantz urrats eraginkorra egiteko gogoa aktibatuz. Horra, beraz, eginkizuna.

Aukera paregabea dugu normaltasun berri baterako bidearen hastapen honetan berreskuratzen ari garen eta asmatuko ditugun harreman eta erabilera-eremu berrietarako euskara, bidelagun ez ezik, lanabes eraginkor bilakatzeko.

Euskara prest dugu; eta Gasteizko gizartea, gogotsu. Abia gaitezen.

Share

Adierazpen instituzionala Azaroak 30 – Hiri Hezitzailearen Nazioarteko Eguna, 2021

Hiri Hezitzaileak ez du inor atzean uzten

 

Azken hamarkadetan, mundu globalizatu honetako hirigune askotan, areagotu egin dira desorekak. Hazkunde ekonomikoa eta garapen soziala ez dira modu parekatuan banatu, eta gero eta zatiketa eta segmentazio-prozesu handiagoak sortu dira hirietan. XXI. mendeko hirien ezaugarri den zatiketa horrek dimentsio ugari ditu: espaziala, soziala, ekonomikoa, politikoa, kulturala, digitala, harremanekin lotutakoa, belaunaldien artekoa, generoaren esparrukoa; eta hainbat modutara agertzen da munduko hiri eta udalerrietan. COVID-19aren pandemiak lehendik zauden desoreka horiek areagotu egin ditu, eta oztopo eta eragozpen berriak ekarri ditu ekitateari begira.

Desberdintasunak daude biztanleen artean, hiri-ondasunen gozamenean, espazio publikoaren erabileran nahiz gizarte, hezkuntza eta lan-munduan sartzeko beharrezko gaitasunak eskuratzeko orduan. Gizarte-bazterketarako forma zahar eta berriei aurre egiteko erronkaren aurrean, hezkuntza oinarri-oinarrizko zutabea da inklusioa sustatu eta gizarte-segregazioa saihesteko estrategien garapenean. Kultura-aldaketak eginarazteko gaitasuna duen prozesu gisa ageri da, halaber, hezkuntza, zenbait pertsona eta kolektibo estigmatizatzea eta baztertzea eragiten duten estereotipoak deseraikitzen lagunduko baitute aldaketa horiek, bai eta ikuspegi kritiko batekin desorekei eta horien eragile diren mendekotasunezko harremanei aurre egiten ere.

Hezkuntzaren ahalmen eraldatzailean uste osoa dugu Hiri Hezitzaileok, eta, beraz, politika proaktiboak eta prebentzio-izaerakoak abiarazi ditugu hiriotan, inklusioaren eta ekitatearen alde egiteko; horrez gain, bazterketaren arrazoietan sakontzeko proposamenak egin ditugu. Komunitatearengandik gertu gaudenez eta haren beharren berri badugunez, funtsezko eragileak gara desorekak eta abandonua sortzen dituzten espazio eta testuinguruak identifikatzeko eta kritikoki berrikusteko. Pandemiaren esparruan, Hiri Hezitzaileak malgutasunez, sormenez eta asertibotasunez ari gara lanean, gizartearen eta hezkuntzaren esparruetan azaleratzen joan diren beharrei erantzuteko, zaurgarritasun handieneko egoeretan dauden biztanleengan jarrita gure arreta bereziki.

Horregatik guztiagatik, honako goiburua aukeratu da Hiri Hezitzailearen Nazioarteko Egunaren 2021eko edizio honetarako: “Hiri Hezitzaileak ez du inor atzean uzten”; eta honako konpromiso hauek hartu ditugu:

Hiri Hezitzaileok konpromisoa hartu dugu dimentsio anitzeko erantzun berritzaileak artikulatzeko eta, horien bidez, gaitasun pertsonalak eta sozialak garatzeko, herritar guzti-guztiontzat, inor bazterrean utzi gabe. Udal-sail eta herritarrei zuzendutako baliabide guztiak mobilizatuz, gizarte zibilarekin itunak sortuz, parte hartzeko eta hausnartzeko prozedurak bultzatuz eta bizitza osoan zehar prestakuntza-aukerak eskainiz, batez ere gizartean baztertuak izateko arrisku handiena duten kolektiboei erreparatuta.

Hiri Hezitzaileok apustu egin dugu hezkuntza-sistemaren kalitatea hobetzeko, eskola uztearen kontra borrokatzeko, hezkidetza sustatzeko eta oro har herritarren hezkuntza-arrakastarako, desorekak murrizteko orduan ezinbesteko zeregina betetzen baitu eskolak. Izan ere, eskolak etengabe bere burua berrasmatu behar du, erronka berriei erantzun ahal izateko. Ildo beretik, zaintzen gaia ere barnean hartu dugu, pertsona orok bizitzako etapa guztietan osotasunean eta duintasunez garatzeko behar dituen babes-elementuak badituela bermatzeko.

Horrekin guztiarekin, segregaziorik eta oztopo fisiko eta mentalik gabeko udalerri aske eta irisgarriak sortu nahi ditugu Hiri Hezitzaileok, hiriko biztanle guztiengana iritsiko direnak; askotariko pertsonek elkarrekin jarduteko aukera izango duten bizikidetzarako guneak sortu nahi ditugu.

Vitoria-Gasteizek bat egin nahi du Hiri Hezitzaileen Nazioarteko Eguneko ospakizunekin, eta konpromiso sendoa hartu dugu “atzean inor ez uzteko”.

2021eko edizio honetan, hartutako konpromiso hori indartu egin du Vitoria-Gasteiz 2020-2022 aldirako Hiri Hezitzaileen Estatuko Sarearen (RECE) hiri koordinatzaile gisa aukeratu izanak; ibilbide horri amaiera emateko, 2022ko martxoaren 17an eta 18an, RECEren XV. Topaketa ospatuko dugu gure hirian, eta korporazio honek bere babes osoa eman nahi du horretarako.

Share

Azaroaren 25erako adierazpen, 2021eko emakumeen aurkako indarkeriaren aurkako eguna dela eta

Emakumeen aurkako indarkeria larderiarako tresna indartsua da, emakumeei zuzendua, indarrean dauden genero-arauak desafiatu eta eralda ez ditzaten. Mehatxurako tresna hori zuzenean emakumeengan erabiltzen da, baina baita haien gertuko pertsona maitatuenengan ere, min handiagoa sortzeko modu gisa. Kalkuluen arabera, bikotekideen edo bikotekide ohien eskutik indarkeria jasaten duten EAEko hamar emakumetik seik seme-alaba adingabeak dituzte, eta horiek ere biktima bihurtzen dira.

Indarkeria bikarioa esaten zaio emakumeari, hirugarren pertsonak baliatuz, kalte psikologiko handiena eta larriena eragiteko egiten zaion biolentzia motari, zeinak ankerkeria-maila gorena lortzen duen haien erailketarekin (seme-alabak, ama, aita, egungo bikotekidea, etab.). Istanbulgo Hitzarmenean ezarritakoa aplikatuz, kasu horiek ere genero-indarkeriaren parte gisa ulertzen dira, seme-alabei egindako kalteak erasotzaileek emakumeei tratu txarrak transmititzeko tresna bihurtzen diren heinean.

Azken lege-aldaketek dagoeneko jasotzen dute figura hori, biktima adingabeak babesteko neurriak sortzeari eta hedatzeari dagokionez. Hala ere, oraindik ere beharrezkoa da genero-indarkeria ukatzen duten, kasu horietan seme-alaben arriskua gutxiesten duten eta indarkeria horri aurre egiteko tresna juridikoak zalantzan jartzen dituzten diskurtsoen eta jarreren aurka ohartaraztea. Jarrera horiek adingabeen eta emakumeen birbiktimizazioan eragiten dute, haien salaketak susmopean jartzen dituzte, amak zigortzen dituzte, haien testigantza gutxiesten dute eta aitaren guraso-ahalaren eskubidea babesten dute, emakumeen eta adingabeen segurtasunaren eta indarberritzearen gainetik.

Emakumeen aurkako indarkeria beren seme-alaben bidez sistematikoki egikaritzeko modu horren aurrean, bai eta emakumeak kontrolatzeko, hertsatzeko eta kaltetzeko modu guztien aurrean ere, euskal erakundeok indarkeria horri aurre egiteko erantzukizuna dugu, kontuan hartuta ez direla gertakari isolatuak, egiturazko desberdintasun-egoera bati erantzuten diotela, eta egoera horri ikuspegi feministatik heldu behar zaiola.

Horregatik, Vitoria-Gasteizko Udalak honako konpromiso hauek hartu nahi ditu:

  • Indarkeria bikarioaren errealitate hori agerian jartzen eta behar bezala artatzen laguntzea, besteak beste, Istanbulgo Hitzarmenak jasotzen dituen indarkeria-bideen biktima adingabeak koordinazio protokoloetan eta indarkeria matxistaren biktimak artatzeko protokoloetan txertatzea eta protokolook eguneratzea.
  • Indarkeria matxistaren biktima diren adingabeak hautematen eta esku-hartze goiztiarra egiten laguntzea, udal-zerbitzuen bidez, beste eragile batzuekin lankidetzan (hezkuntza-, osasun- eta polizia-agenteak, etab.), eta emakumeek beren ardurapean dituzten adingabeekin eta kaltetutako beste pertsona batzuekin behar dituzten beharrei eta baldintzei erantzutea.
  • Indarkeria matxistaren biktima diren adingabeak babesteko eta esku hartzeko prozesuak hobetzea, beren eskumenen esparruan, ikuspegi feminista duen sektore arteko abordatze integral eta holistikotik.
  • Neurri guztien erdigunean jartzea biktimen eskubideak eta haien ahalduntzea, eta laguntza integrala ematen laguntzea, prozedura judizialarekin duten inplikazio- edo lankidetza-maila edozein dela ere.
  • Toki-administrazioko langileak berdintasunari buruzko prestakuntza jaso dezaten bultzatzea, bereziki emakumeen aurkako indarkeria matxistaren aurrean erantzuten diharduten langileei, genero-ikuspegia eta giza eskubideen ikuspegia aintzat hartuz.
  • Lanean jarraitzea berdintasunaren aldeko eta emakumeenganako indarkeriaren aurkako, eta, ondorioz, haien seme-alaben aurkako, herri-itun bat lortzeko, herritar guztien jarrera aktiboa behar dugulako indarkeria matxistarik gabeko gizarte bat lortzeko.

Herritarrei gogorarazi nahi diegu indarkeriaren biktimei laguntzeko baliabideen sarea eskuragarri dagoela, besteak beste, SATEVI (900 840 111) indarkeriaren biktima diren emakumeentzako telefono bidezko arreta-zerbitzuaren eta ZEUK ESAN (116 111) haur eta nerabeentzako telefono eta online orientazio-, aholkularitza- eta informazio-zerbitzuaren bidez. Gainera, Udalaren Gizarte Larrialdietako Zerbitzua 24 ordu (945 134 444). Udaltzaingoa 24 ordu (945 158 000) eta Genero- eta familia-indarkeriako taldea (945 16 16 35) eskuragarri daude.

Era berean, herritarrei dei egiten diegu azaroaren 25ean bat egin dezaten emakumeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna dela-eta beren udalerrietan deitutako mobilizazioekin.

Share