Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2021-12-01)

‘Buenas Prácticas Europeas en Amigabilidad’ Jardunaldia inauguratzea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Asteazkena, abenduak 1

Ordua. 9:00

Tokia. Artium museoa

————————————-

Deklarazioa Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta

Euskararen Nazioarteko Egunari begira adierazpen bateratua irakurriko dute Euskadiko erakunde nagusiek

Parte hartzaileak: Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea; Estitxu Pereda Vitoria-Gasteizko udaleko Alkatetzaren eta Erakunde Harremanen saileko zuzendaria; Lexuri Ugarte Arabako Foru Aldundiko Euskararen eta Gobernu Irekiaren zuzendaria; Miren Elgarresta Gipuzkoako Foru Aldundiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Organoko zuzendaria;  Xabier Arauzo Bizkaiko Foru Aldundiko Euskararen Zuzendari Orokorra; Koldo Narbaiza Bilboko Udaleko Hezkuntza eta Euskara zinegotzia; Iraitz Lazkano UEMAko presidentea eta Elgetako alkatea; eta Anartz Gorrotxategi EUDEL-eko ordezkaria eta Arraiako alkatea

Eguna. Asteazkena, abenduak 01

Ordua: 10:00

Non: Oihaneder Euskararen Etxea – Montehermoso kulturunea

—————————————————————-

Txagorritxu Haurreskolako naturalizazio-proiektua ezagutzeko bisita

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; eta alkateorde Maider Etxebarria

Eguna. Asteazkena, abenduak 1

Ordua. 10:30

Tokia. Txagorritxu haurreskola, Europa Jauregiaren ondoan, iparraldean

——————————————-

Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz programan aukeratutako proiektuak aurkeztea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; eta Partaidetzaren eta Gizarte Etxeen zinegotzi Isabel Martínez

Eguna. Asteazkena, abenduak 1

Ordua. 18:30

Tokia. Europa Jauregia, Maria de Maeztu aretoa

 

Share

Koopera eta Emaus aldi baterako enpresa-elkarteak kudeatuko ditu hemendik aurrera tamaina handiko hondakinen bilketa, sailkapena eta merkaturatzea

Urtaranen gobernuak gaur onartu du kontratu hori datozen 4 urteetarako esleitzea, 6,2 milioi euroko aurrekontuarekin

 

Koopera eta Emaus enpresek kudeatuko dute aurrerantzean udalerriko tamaina handiko hondakinen bilketa, sailkapena eta merkaturatzea, aldi baterako enpresa-elkartea osatuta. Urtaranen gobernuak gaur onartu du kontratu hori datozen 4 urteetarako esleitzea, 6,2 milioi euroko aurrekontuarekin.

Orain arte hiriko garbiketa-kontrata orokorra zeraman enpresak berak kudeatzen zituen lan horiek, baina orain bereiz kontratatu dira, tamaina handiko hondakinen kudeaketa hobetzeko (altzariak, koltxoiak, zurak, gailu elektroniko eta elektrikoak, eta etxeko edo merkataritzako beste hondakin mota batzuk); izan ere, duten tamaina, pisua edo beste ezaugarri batzuk direla-eta horiek ezin dira edukiontzien bidez bildu. Gainera, kontratu berriaren bidez ekonomia zirkularra sustatu nahi du udal gobernuak, sailkapena eginez eta berriro merkatuan jarriz, berrerabiltzeko.

Zerbitzuan hobekuntza horiek guztiak egin ahal izateko, enpresa esleipendunak plataforma jasotzailea duten 4 ibilgailu berri  erosiko ditu, baita hainbat erreminta (orgak, desmuntatzeko tresna bereziak) ere, eta lan-taldeak indartuko: astelehenetik ostiralera, 4 lantalde arituko dira egunez eta 2 gauez; larunbat, igande eta jaiegunetan, talde bat egunez eta beste talde bat gauez.

 

Denda finkoak eta bi “pop up” denda urtean

Bestetik, laster erostekoa den nabe bat (2.000 metro koadrokoa) baliatuko du zerbitzuak materialak jaso eta sailkatzeko, baita berrerabil daitezkeenak konpontzeko ere. Sailkatu eta, behar izanez gero, konpondu ondoren, enpresak salgai jarriko ditu produktuak, enpresa esleipendunek hirian dagoeneko dituzten merkataritza-espazioetan gehi beste leku batean, eta urtean bi “pop up” saltoki jarriko ditu martxan. Azoketan parte hartzea eta udalerritik kanpo merkaturatzeko beste bide batzuk baliatzea ere ez dute baztertzen.

“Ekonomia zirkularrera aldatzeko estrategia horren testuinguruan, zerbitzua hobetu nahi izan dugu, herritarrek eta merkataritza nahiz ostalaritza sektoreek sortutako bolumen handiko hondakin guztiak biltzeko sistema eraginkorrak baliatuz, haien erabilera erraztu eta ondoren errazago kudeatzeko. Horrez gain, lehentasuna eman nahi zaio bide publikoan kontrolik gabe utzitako bolumen handiko hondakinak azkar jasotzeari, kalean ahalik eta gutxien ikus daitezen”, azaldu du Ingurumen Plangintza eta Kudeaketako zinegotzi César Fernández de Landak; erantsi duenez, kudeaketa aldaketa hori eginda, Udalak “berrerabiltzea sustatu nahi du birziklatzearen gainetik, eta bigarren aukera gisa, birziklatzea eta balorizazioa, deuseztearen gainetik. Aldi berean, ondasun berrerabilgarrien, konpondutakoen edo berriz manufakturatutakoen kontsumoa sustatu eta zabalduko da”.

 

Oraingoz, bilketa bide publikoan egingo da (gaueko zortzietatik aurrera, bide publikoan eragindako inpaktua murrizteko), eta kalean abandonatutako tamaina handiko hondakinak ere jasotzen jarraituko da; kontratuak atez ateko zerbitzua ere aurreikusten du, aurretik hitzordua hartuta eta baldintza jakin batzuk betetzen dituzten hondakinak badira.

 

 

Share

Atxilotua marihuana-trafikoagatik

Larunbatean, udaltzainek 27 urteko gizonezko bat atxilotu zuten marihuana-trafikoaren delituaren ustezko egile gisa, Sansomendi auzoan. Atxiloketa 09:05ean izan zen, joan den maiatzean abian jarritako ikerketa baten ondorioz.

Lehen ikerketak udaberrian hasi ziren, Antonio Machado kaleko pisu batean droga saltzen ari zitezkeela esanez bizilagunen informazio eta kexa ugari jaso zirenean. Udaltzainen Ikerketa Unitateak marihuana usain handia zegoela egiaztatu ahal izan zuen, eta jendearen ezohiko joan-etorriak izaten zirela, komunitatekoak ez ziren pertsonenak, denbora-tarte oso laburrean atarira sartu eta ateratzen zirenak.

Susmoak berretsitakoan, agenteek txikizka droga saltzearen susmagarria zein zen zehaztu zuten; 27 urteko gizonezko bat. Urrian jarri zen azken operatiboa martxan, Epaitegira etxebizitzara sartzeko eta zegokion erregistroa egiteko eskatuz informazioa bidalitakoan. Lanak atzo goizean lehen orduan egin ziren. Ikerketa-taldeak pisua ikuskatu zuen, eta ustezko trafikatzailea atxilotu, Ertzaintzaren Ertzainor Unitatearen laguntzarekin.

Erregistroaren emaitza gisa, udaltzainek kilo erdi marihuana, zehaztapeneko baskula bat, droga prestatzeko eta saltzeko erabilitako zenbait material eta billetetan 140 euro atzeman zituzten.

Ustezko trafikatzailea gaur geratuko da epailearen esku.

Share

Azaroaren 30a, Hiri Hezitzaileen Nazioarteko Eguna

Udalbatzako talde politikoen bozeramaileek gaur irakurri dute joan den azaroaren 26ko osoko bilkuran Hiri Hezitzailearen Nazioarteko Eguna dela-eta onartutako erakunde-adierazpena, goiburu honekin:

 

 “Hiri Hezitzaileak ez du inor atzean uzten” 

Azken hamarkadetan, mundu globalizatu honetako hirigune askotan, areagotu egin dira desorekak. Hazkunde ekonomikoa eta garapen soziala ez dira modu parekatuan banatu, eta gero eta zatiketa eta segmentazio-prozesu handiagoak sortu dira hirietan. XXI. mendeko hirien ezaugarri den zatiketa horrek dimentsio ugari ditu: espaziala, soziala, ekonomikoa, politikoa, kulturala, digitala, harremanekin lotutakoa, belaunaldien artekoa, generoaren esparrukoa; eta hainbat modutara agertzen da munduko hiri eta udalerrietan. COVID-19aren pandemiak lehendik zauden desoreka horiek areagotu egin ditu, eta oztopo eta eragozpen berriak ekarri ditu ekitateari begira.

Desberdintasunak daude biztanleen artean, hiri-ondasunen gozamenean, espazio publikoaren erabileran nahiz gizarte, hezkuntza eta lan-munduan sartzeko beharrezko gaitasunak eskuratzeko orduan. Gizarte-bazterketarako forma zahar eta berriei aurre egiteko  erronkaren aurrean, hezkuntza oinarri-oinarrizko zutabea da inklusioa sustatu eta gizarte-segregazioa saihesteko estrategien garapenean. Kultura-aldaketak eginarazteko gaitasuna duen prozesu gisa ageri da, halaber, hezkuntza, zenbait pertsona eta kolektibo estigmatizatzea eta baztertzea eragiten duten estereotipoak deseraikitzen lagunduko baitute aldaketa horiek, bai eta ikuspegi kritiko batekin desorekei eta horien eragile diren mendekotasunezko harremanei aurre egiten ere.

Hezkuntzaren ahalmen eraldatzailean uste osoa dugu Hiri Hezitzaileok, eta, beraz, politika proaktiboak eta prebentzio-izaerakoak abiarazi ditugu hiriotan, inklusioaren eta ekitatearen alde egiteko; horrez gain, bazterketaren arrazoietan sakontzeko proposamenak egin ditugu. Komunitatearengandik gertu gaudenez eta haren beharren berri badugunez, funtsezko eragileak gara desorekak eta abandonua sortzen dituzten espazio eta testuinguruak identifikatzeko eta kritikoki berrikusteko. Pandemiaren esparruan, Hiri Hezitzaileak malgutasunez, sormenez eta asertibotasunez ari gara lanean, gizartearen eta hezkuntzaren esparruetan azaleratzen joan diren beharrei erantzuteko, zaurgarritasun handieneko egoeretan dauden biztanleengan jarrita gure arreta bereziki.

Horregatik guztiagatik, honako goiburua aukeratu da Hiri Hezitzailearen Nazioarteko Egunaren 2021eko edizio honetarako: “Hiri Hezitzaileak ez du inor atzean uzten”; eta honako konpromiso hauek hartu ditugu:

Hiri Hezitzaileok konpromisoa hartu dugu dimentsio anitzeko erantzun berritzaileak artikulatzeko eta, horien bidez, gaitasun pertsonalak eta sozialak garatzeko, herritar guzti-guztiontzat, inor bazterrean utzi gabe. Udal-sail eta herritarrei zuzendutako baliabide guztiak mobilizatuz, gizarte zibilarekin itunak sortuz, parte hartzeko eta hausnartzeko prozedurak bultzatuz eta bizitza osoan zehar prestakuntza-aukerak eskainiz, batez ere gizartean baztertuak izateko arrisku handiena duten kolektiboei erreparatuta.

Hiri Hezitzaileok apustu egin dugu hezkuntza-sistemaren kalitatea hobetzeko, eskola uztearen kontra borrokatzeko, hezkidetza sustatzeko eta oro har herritarren hezkuntza-arrakastarako, desorekak murrizteko orduan ezinbesteko zeregina betetzen baitu eskolak. Izan ere, eskolak etengabe bere burua berrasmatu behar du, erronka berriei erantzun ahal izateko. Ildo beretik, zaintzen gaia ere barnean hartu dugu, pertsona orok bizitzako etapa guztietan osotasunean eta duintasunez garatzeko behar dituen babes-elementuak badituela bermatzeko.

Horrekin guztiarekin, segregaziorik eta oztopo fisiko eta mentalik gabeko udalerri aske eta irisgarriak sortu nahi ditugu Hiri Hezitzaileok, hiriko biztanle guztiengana iritsiko direnak; askotariko pertsonek elkarrekin jarduteko aukera izango duten bizikidetzarako guneak sortu nahi ditugu.

Vitoria-Gasteizek bat egin nahi du Hiri Hezitzaileen Nazioarteko Eguneko ospakizunekin, eta konpromiso sendoa hartu dugu “atzean inor ez uzteko”.

2021eko edizio honetan, hartutako konpromiso hori indartu egin du Vitoria-Gasteiz 2020-2022 aldirako Hiri Hezitzaileen Estatuko Sarearen (RECE) hiri koordinatzaile gisa aukeratu izanak; ibilbide horri amaiera emateko, 2022ko martxoaren 17an eta 18an, RECEren XV. Topaketa ospatuko dugu gure hirian, eta korporazio honek bere babes osoa eman nahi du horretarako.

 

 

Share