Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2021-11-30)

Hiri Hezitzailearen manifestua irakurtzea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; eta Udalbatzako talde politikoen ordezkariak

Eguna. Asteartea, azaroak 30

Ordua. 11:30

Tokia. Udaletxeko harrera aretoa

Share

7786 pertsonak bozkatu dituzte Gasteiz Hobetuz programako herritarren proposamenak, aurreko edizioko partaidetza bikoizteraino

  • Atzo bukatu zen bozkatzeko epea, eta asteazkenean jakingo da zein izan diren boto gehien jaso dituzten ideiak

 

Bart bukatu zen gasteiztarrek Hobetuz partaidetza-programaren barruan hiria hobetzeko aurkeztutako proposamenak bozkatzeko epea. Azkenik, 7786 pertsonak eman dute botoa programaren hirugarren edizio honetan, eta, horrenbestez, bikoiztu egin da aurrekoan, 2018koan, izandako partaidetza.

Gasteizen erroldatutako 16 urtetik garakoek izan dute beren lehentasunak adierazteko aukera. Bideragarritasun teknikoaren iragazkia igaro zuten 128 proiektuen artean aukera zitekeen.

23.358 boto eman dira —pertsona bakoitzak hiru boto eman zitzakeen—, eta partaidetza-errekorra lortu da hartara, Hobetuz programaren aurreko edizioen aldean. 2018an bozkatu zen azken aldiz, eta 3368 pertsonak parte hartu zuten orduan.

4839 boto on line eman dira, Udalaren webgunearen bitarez, herritarren udal-txartela edo ziurtagiri digitala baliatuz, identifikatzeko. Aitzitik, 2947 boto modu presentzialean eman dira, hau da, gizarte-etxeetako herritarrei laguntzeko bulegoetan, bulego teknikoetan eta Bizan Sareko zentroetan.

Asteazkenean emango da jakitera —18:30ean, Europa biltzar-jauregian— zein izan diren boto gehien jaso dituzten proiektuak, ideiak proposatu dituzten guztiak gonbidatuta dauden ekitaldi batean. 2022 eta 2023an gauzatuko dira boto gehien jaso dituzten proposamenak, Gasteiz Hobetuz programako aurrekontuan erreserbatutako hiru milioi euroko zenbatekora iritsi arte.

Share

Atxilotua bikotekideari eraso egiteagatik

Udaltzainek 27 urteko gizonezko bat atxilotu zuten igandeko goizaldean bikotekidearen aurkako eraso-delituaren ustezko egilea zelakoan.

Guztia 04:00ak baino zertxobait lehenago gertatu zen Dato kalean, hiritar batek poliziaren patruila bati egoeraren berri eman zionean. Bikotearekin hitz egin ondoren, udaltzainek gizonezkoa atxilotu zuten. Atzo geratu zen epailearen esku.

 

Indarkeria erabiliz egindako lapurreta 

Udaltzainek 31 urteko gizonezko bat atxilotu zuten larunbat gauean larderia erabiliz lapurreta-delitu baten ustezko egilea izateagatik. Gizonezkoak bi botila alkohol lapurtu zizkion beste bati Arriagako Atea kalean. Lekuko batek 092ra deitu zuen gertatutakoaren berri emateko. Biktimak erasoaren markak zituen lepoan eta bekainetako batean, baina ez zuen osasun-laguntza jaso nahi izan.

 

Agenteekiko desobedientzia larria

29 eta 30 urteko bi gizonezko atxilotu dituzte asteburuan autoritate-agenteen aurkako desobedientzia larriagatik.

Lehenengoa Gorbea kalean atxilotu zuten ostiralean ostalaritza-establezimendu batzuetan istiluak sortu ostean. Horietan, musukoa jantzita ez izateaz gain, bezeroak iraindu eta mehatxatu zituen.

Bigarren atxiloketa larunbatean gertatu zen, Olagibel kalean. Bestalde, ostalaritzako establezimendu batzuetan arazoak sortu eta polizia-ibilgailu baten bidea mozten saiatzeko zirkulazioan oztopatu zuen gizonezko bat ere atxilotu zuten. Bere burua arrisku larrian jartzeaz gain, han zirkulatzen ari ziren gidariak arriskuan jarri zituen.

 

Eskola-garraioaren kontrola 

Udaltzaingoak eskola-garraioa kontrolatzeko kanpaina egingo du abenduaren 3ra bitartean. Besteak beste, gidarien eta autobusen dokumentazioa eta ibilbidearen errepikapenarekin eta jarduerarekin lotutako dokumentu espezifikoak egiaztatuko dituzte udaltzainek.

Share

Gizarte Politiken Batzordea (2021/12/09)

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren, Gazteriaren, Berdintasunaren, Bizikidetza eta Aniztasunaren eta Garapenerako Lankidetzaren Batzordea (2021/12/09)

Gai zerrenda: 12-09 Gizarte P B

Share

Gasteizek Olentzero eta Mari Domingiren eta Erregeen desfileak berreskuratu ditu datozen Gabonetan

Haur Ikuskizunen XVIII. Erakustaldia Iradier Arenan egingo da

 

Gabonetako Kultur Programa

Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok Udalak 2021-2022 Gabonetarako prestatu duen kultur programazioa aurkeztu du gaur prentsaren aurrean; pandemiak markatutako urte baten ondoren ekitaldi garrantzitsuenetako batzuk berreskuratuko dira.

Eguberrietako ohiko programazioa berreskuratuko dugu, Olentzeroren eta Erregeen desfileak barne; kalean musika izango da, eta jardueraz betetako agenda publiko ororentzat eta, bereziki, txikienentzat“, iragarri du.

Ekitaldiak egoera epidemiologikoaren bilakaeraren mende daude. “Osasun-agintariekin harremanetan jarraituko dugu, unean-unean adierazten dizkiguten neurriak hartzeko“, gehitu du.

Gabonetako jarduerak abenduaren 3an abiatuko dira, 16:00etan Floridako jaiotza inauguratuko baita. Urtarrilaren 6ra arte egongo da irekita, baita Olentzero eta Mari Domingiren etxea ere. Azken hori lekuz aldatu da: “jendearentzat sarbide zabalagoak egokitu dira, eta Jaiotza monumentaletik gertu egongo da, baina izaera bereziari eutsiz. Floridako parkean bertan egongo da kokatuta, Eusko Legebiltzarraren eta Katedral Berriaren artean. Irudiek hiriko haur guztiak hartuko dituzte bertan, eta beren gutunak utzi ahalko dituzte“, zehaztu du.

Olentzero eta Mari Domingiren etxea bisitatzeko ordutegia 10:00etatik 21:00etara arte izango da.

Olentzero, Mari Domingi eta Errege Magoak

Abenduaren 24an Olentzero eta Mari Domingi etorriko dira gure hirira, ume guztien artean opariak banatzera. Gasteiztar txikienek hain maite duten bikotea zenbait galtzagorrik lagunduta iritsiko da, eta 10:00etatik 15:00etara bitartean hartuko ditu haurrak, udaletxean (Espainia plaza).

Desfilea Iparralde gizarte etxetik aterako da, 18:00etan, eta ibilbide hau egingo du: Legutianoko atea, Frantzia kalea, Bake kalea eta Olagibel kalea; Gernikako Estatutuaren kalearekiko bidegurutzean bukatuko da. Guztira 400 lagunek hartuko dute parte.

19:00ak aldera, Olentzerok, Mari Domingik eta galtzagorri segizioak agurra egingo dute udaletxeko balkoi nagusitik, eta gasteiztar guztiekin batera abestuko dute.

Errege Magoak, berriz, urtarrilaren 5ean iritsiko dira Gasteizko tren-geltokira, goizeko hamaiketan. 11:20 aldera, udaletxeko balkoi nagusira aterako dira agur egitera. 12:15etik 18:00etara, haurrei harrera egingo diete Goiuri jauregian.

19:00etan abiatuko da desfilea, eta 300 bat pertsonak hartuko dute parte.  Bilbo plazatik abiatu eta kale hauetatik igaroko da: Frantzia, Bakea, Ortiz de Zárate, Florida, Ramón y Cajal, Micaela Portilla eta Lascaray; Gasteiz hiribidearen eta Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalearen arteko bidegurutzean amaituko da.

 

Eguberrietako beste ekitaldi batzuk 

Gasteizek, halaber, kaleko musika berreskuratuko du; izan ere, Arabako Abesbatzen Elkarteko kideek 21 kontzertu eskainiko dituzte abenduaren 23tik urtarrilaren 4ra arte. Era berean, hamar fanfarre eta txistulari eta gaita-jotzaile hiru talde oinezkoen alderdietatik ibiliko dira, abenduaren 23tik urtarrilaren 5era.

Haur Ikuskizunen Erakustaldia ere lekuz aldatuko da. “Mendizorrotzeko kiroldegitik aterako da lehenengo aldiz, eta Iradier Arenan egingo da, edukiera eta erosotasun handiagoa eskaintzen baititu, eta milaka haur hartuko ditu. Kalitate handiko lau ikuskizun izango dira, sei emanaldi guztira”, zehaztu du Cantok.

Programa abenduaren 26an (igandea) hasiko da, Gasteizko Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren “Botxintxak ere dantzan” proposamenarekin. Bi emanaldi egingo dituzte, 12:00etan eta 19:00etan. Astelehenean, hilak 27, Tortell Poltrona konpainiaren txanda izango da: ‘¡Qué bestia!’ pailazo-ikuskizuna eskainiko dute, 19:00etan.

Bestetik, Indigo Jazz taldeak kontzertua emango du abenduaren 29an (asteazkena), 19: 00etan, ‘El pequeño país del swing’ izenburuaren pean, eta Ene Kantak-ek   ‘Dantzan’ ikuskizuna eskainiko du hilaren 30ean (osteguna), Gasteizko Erraldoien Konpartsaren parte-hartzearekin.  Bi emanaldi egingo dituzte, 12:00etan eta 19:00etan.

Sarrera-salmenta abenduaren 9an hasiko da, 9: 00etan, udalaren web orrian.

Gainera, Butaka Txikia programak zortzi haur-ikuskizun eskainiko ditu hiriko gizarte-etxeetako antzoki eta aretoetan, abenduaren 26tik urtarrilaren 4ra bitartean.  Sarrerak abenduaren 11ko 10:00etatik aurrera erosi ahalko dira, gizarte etxe edo kirol instalazioetan —pilotalekuetan izan ezik—, baita internetez ere.

Zinegotziak nabarmendu du behar diren segurtasun-neurriak hartuko direla ekitaldi guztietan, eta zuhurtzia eskatu du, kutsadurak geldiarazteko. “Gasteiztarrak gonbidatu nahi nituzke Kultura Zerbitzuak datozen Gabonetarako antolatu dituen jardueretan parte hartzera. Ilusioz betetako garaia da, baina baita erantzukizunez jokatzeko garaia ere. Beraz, Gabonez goza dezagun, baina burua galdu gabe“.

Informazio gehiago: www.vitoria-gasteiz.org/gabonak

 

Share

Gasteizek bat egin du “Bizitzaren aldeko Hiriak, Heriotza-zigorraren kontrako Hiriak” Nazioarteko Ekimenarekin

Hori dela eta, gorriz argiztatuko dira hiriko hainbat eraikin enblematiko.

 

Bihar, azaroak 30, “Bizitzaren aldeko Hiriak, Heriotza-zigorraren kontrako Hiriak” Nazioarteko Jardunaldia egingo da, bizitzaren errespetuaren eta giza duintasunaren alde. Egun horrek, halaber, balioko du herritarrak sentsibilizatzeko heriotza-zigorraren praktika krudela estatuen egoera juridiko eta penaletik ezabatzeko premiaz. Gasteizko Udalak bat egin du ekitaldiarekin, eta gorriz argiztatuko ditu udaletxearen fatxada, Floridako kioskoa eta Arkupeak, baita Santa Barbara plazako eta Antso Jakitunaren kaleko pergolak ere.

Amnesty International erakundearen txostenen arabera, zenbakiek erakusten dute heriotza-zigorra gainbeheran dagoela, eta mundu osoan neurri eraginkorrak hartzen ari direla zigor krudel eta anker hori desagerrarazteko. Gaur egun, munduko herrialde gehienek, 144 herrialdek hain zuzen, hau da, munduko herrialdeen bi heren baino gehiagok, uko egin diote zigor krudel, anker eta umiliagarri horri.

“Bizitzaren aldeko Hiriak, Heriotza-zigorraren kontrako Hiriak” Nazioarteko Ekimena Amnesty Internationalek eta Sant Egidio Komunitateak sustatzen dute, eta gogoratzen du 1786ko azaroaren 30ean Toskanako Dukerri Handia izan zela heriotza-zigorra indargabetu zuen lehen estatua. 2002an, Sant Egidiok “Cities for Life” jardunaldiari ekin zion eta 80 hirik parte hartu zuten. Gaur egun, bost kontinenteetako 2.000 hiri baino gehiago dira, horietatik 78, Estatuko hiriburuak.

 

Share