Prentsa Oharren banner

Prestakuntza emateko eta laneratzeko Hazia 23 programaren V. edizioa amaitu da, 20 diploma emanda

  • Gaur arratsaldean, Udalak parte hartu izana eskertu die programan izena eman dutenei eta tokiko enpresa laguntzaileei

Hazia 23 proiektuko ikasleek ekimen horretan parte hartu dutela egiaztatzen duten diplomak jaso dituzte Gasteizko Udalean; izan ere, 23 urtetik beherakoei zuzendutako laneratze-ekimena da hori. Udala, Vital Fundazioa, ADSIS Fundazioa, EGIBIDE eta Elizbarrutiko Caritas lankidetzan ari dira programan. Horri esker, guztira 125 gazteri eman zaie enplegua eta prestakuntza lortzeko aukera, 2016an abian jarri zenetik.

Hazia 23 proiektuaren barruan gauzatutako ekintzen balantzea oso positiboa da. 2020/2021 edizioan, berriz ere gazte-talde bati lagundu zaio profesionaltasun-ziurtagiri homologatu bat lortzeko prestakuntza-prozesuan, eta horietako 20k eskuratu dute azkenean. Arrakasta-tasa handia da, batez ere kontuan hartzen badugu enpleguari begira ahultasun-egoera berezian dauden pertsonak direla. 

Gaur arratsaldean diploma lortu duten hogei parte-hartzaileetatik lau praktikak egiten ari dira eta beste seik lan-kontratuak lortu dituzte; hiru prestakuntza arautuan sartu dira, eta bat enplegurako prestakuntzan. Gainera, beste bi pertsona ikasketak eta lana bateratzen ari dira. Gainerako lau pertsonak lana bilatzen ari dira. 

Hazia 23 gauzatzeko ADSIS fundazioarekiko hitzarmena Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Sailak landutako enplegu gaztearen udal planaren barruan sartzen da; hain zuzen ere, planaren helburua da hiriko gazteek lan-munduan txertatzeko dituzten aukerak hobetzea eta baliabide pertsonal eta profesionalak garatzea, tokiko enpresetan sartzeko gai izan daitezen.

Hazia 23 programak, zehazki, 23 urtetik beherako gazteei berariaz zuzenduriko neurriak sustatzeko xedea du, baina salbuespenez 30 urte arteko pertsonak ere baliatu ahalko dira horretaz, baldin eta ez badute ez prestakuntzarik, ez eta lan-esperientzia esanguratsurik, eta ez badaude beste prestakuntza- edo enplegu-sistema batzuen babespean.

Programan, besteak beste, espezialitate hauek eskaini zaizkie gazteei: fabrikazio mekanikoko lan lagungarriak, ibilgailuen elektromekanika mantentzeko lan lagungarriak, biltegiko lan lagungarriak, ile-apainketako lan lagungarriak, merkataritzako lan lagungarriak, iturgintza eta komunitate dinamizazioa.

Hori ezinezkoa litzateke tokiko enpresa askoren inplikaziorik gabe. Diplomak emateko ekitaldian, haien lana nabarmendu nahi izan da, eta Hazia 23 ekimenaren V. edizioan laguntzaile izan diren enpresen eskaintza eskertu. Honako hauek izan dira, zehazki: Mecanizados Arratxa S.L., Berjantzi S.Coop, Boskal SL, El Corte Inglés, Eroski, Fagundez Simal Josefa, Feu Vert Ibérica S.A., Fontanería Resa, Limpiezas Gutiérrez, M&H Estilistas, Peluquería J&Y2, Real Barber, SAS Autosystemtechnik S.A, Soldaduras y montajes tecnológicos S.L., eta Supermercados Sabeco S.A.

 


 

Share

Prentsa-deialdiak (2021-11-23)

Bizan sareko jarduera batzordeetako biltzar jardunaldia

Parte hartzaileak. Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Saileko zinegotzi Jon Armentia

Eguna. Asteartea, azaroak 23

Ordua. 9:45

Tokia. Europa Biltzar Jauregia

——————————————————

Carlos Pérez Uralde VI. Antzerki-Irrati Lehiaketako sari banaketa

Parte hartzaileak. Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Canto; EITBmedia irratiko zuzendaria; Laboral Kutxako komunikazio arduradun Kepa Koldo Ortiz de Urbina; Goiz Eder Iturian, irabazlea euskarazko modalitatean; eta Tomás Afán, irabazlea gaztelerazko modalitatean

Eguna. Asteartea, azaroak 23

Ordua. 11:00

Tokia. Teatro Principal Antzokia

——————————————-

Lankidetza hitzarmena sinatzea Baiona eta Gasteizko udalen artean

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; eta Baionako alkate Jean-René Etchegaray

Eguna. Asteartea, azaroak 23

Ordua. 12:30

Tokia. Baionako udaletxeko ohore-aretoa

——————————————————

’35 urteko Konpromisoa’ aintzatespen ekitaldia, Saharako haurrak hartzen dituzten familiei

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; eta Arabako diputatu nagusi Ramiro González

Eguna. Asteartea, azaroak 23

Ordua. 19:00

Tokia. Europa Biltzar jauregia, Maria de Maeztu auditorioa

Share

Udaltzaingoa Kolonbiara joan da indarkeria matxistari aurre egitearekin lotutako bere ezagutzak partekatzera

Komisariorde bat eta Genero eta Familiako Indarkeria Taldeko agente lehen bat Ibaguéra joan dira

 

Gasteizko Udaltzaingoko Polizia Judizialaren eta Ikerketa Unitatearen komisariordea eta Genero eta Familiako Indarkeria Taldeko agente lehena Kolonbiako Ibagué udalerrira joan dira biktima diren emakumeei berehalako babesa eskaintzea xede duen “Generoan oinarritutako indarkeriaren biktima diren seme-alabei eta era askotako emakumeei babesa eta arreta emateko programan” parte hartzeko asmoz.

Bihar, asteartea, “Indarkeriarik ezaren eta arreta-esperientzien foroan” hartuko dute parte eta, hurrengo egunetan, aldiz, Kolonbiako polizia nazionalarekin eta Ibaguéko alkatetzaren mende dauden familiako polizia-etxeekin topaketak egingo dituzte. Bestalde, batez ere poliziei zuzendutako beste ekintza batzuk ere egingo dituzte Gasteizko Udaltzaingoak emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko abian dituen polizia-protokoloen inguruko esperientziak eta informazioa trukatzeko helburuarekin.

Udaltzaingoak emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako borrokan esperientzia luzea du 2005ean eratutako Genero eta Familiako Indarkeria Taldeak  biktimei arreta emateko eta delitu mota horiek lantzeko egiten duen lanari esker.

Kolonbian eskaintzen ari diren poliziaren lankidetza hori Gasteizko Garaperako Lankidetza Zerbitzuak diruz lagundu du eta Kolonbia-Euskadi elkartearen eta Yapawayra tokiko fundazioaren garapena jaso du, Gasteiz 2013tik senidetuta dagoen Ibagué udalerriko alkatetzaren laguntzaz gain.

 

Atxilotua indarkeria erabiliz lapurreta egiteagatik  

Udaltzainek larunbat eguerdian 39 urteko gizonezko bat atxilotu zuten Abendaño kaleko merkataritza-saltoki batean indarkeria erabiliz lapurreta-delitua egin izanaren ustezko egile gisa. Saltokian 400 euro baino gehiagoko balioa zuten elikadurako produktuak eta kosmetikoak lapurtu zituen.

 

Zirkulazioko kanpaina berezia

Gaurtik, azaroaren 22tik, hilaren 28ra, igandera, arte, Gasteizko Udaltzaingoak zirkulazioko kanpaina berezia egingo du zirkulatzeko garaian erabiliz gero distrakzioak eta arreta-gabezia eragiten dituzten tresnen eta gailu elektronikoen erabilera kontrolatzeko. Horrekin lotuta, honako hauen erabilerekin lotutako jokabideak detektatuko dira: “esku librekoak” ez diren telefono mugikorrak, gidatzeko garaian musikako kaskoak erabiltzea edo GPS gailuak modu arduratsuan ez erabiltzea, besteak beste.

Kanpaina hori 2018-2023 Bide Segurtasuneko Udal Plan Estrategikoan jasotako zaintza- eta kontrol-ekintzen baitan sartu behar da.

 

Share

Haziaraba in the Mapping jaialdiak aldatu egin du azaroaren 28rako programatuta zeukan ikuskizuna

Helios Theater konpainiaren ‘Frü Stück’ lanaren ordez Austriako Toihaus Theater konpainiaren‘Ton in ton’ eskainiko da

 

Udalaren Antzoki Sareak iragarri duenez, Haziaraba in the Mapping jaialdiak —Gasteizko 46. Nazioarteko Antzerki Jaialdiaren barruan txertatua— azaroaren 28rako aurreikusita zeukan ikuskizuna, Helios Theater konpainiaren ‘Frü Stück’ lana, bertan behera utzi behar izan du, COVID-19arekin lotutako arrazoiengatik. Horren ordez, ‘Ton in ton’ ikuskizuna eskainiko du Toihaus Theater konpainia austriarrak.

‘Ton in Ton’ lanean, dantzari bat material zaharrenetariko bat ikertzen eta horrekin jolasean ari da, gitarra klasikoko musikak bidaian lagun duen bitartean. Buztinaren ahalmen sortzailea zibilizazioaren eta kulturaren hasieratik erabili eta preziatu izan da. Aukerak amaigabeak dira: egunez egun, sorkuntza berriak ditugu buztin eskukada beretik sortuak. Dantzariak landugabeko lur-pieza bizigabearekin elkarreragiten duen bitartean, obraren parte aktibo eta bizi bihurtzen da. Ukitu bakoitzak marra bat nola marrazten duen ezagutzeko aukera ematen die entzuleei.

Egun horretarako eskuratutako sarrerek proposamen berrirako balioko dute. Lana 12:30ean eta 18:30ean antzeztuko da. Ikuskizun berri horretara joan nahi ez bada, azaroaren 26a, ostirala, baino lehen eskatu beharko da.

Haziaraba in the Mapping jaialdiaren lehen edizioak Mapping Europa Sortzailea proiektuaren barruko 4 koprodukzio aurkeztuko ditu udal antzokietan, baita beste ikuskizun bat eta ikastaro bat ere; proiektu horrek EBko 17 herrialdetako 18 bazkide biltzen ditu.

 

Share

Zabalik da Bizan sareko zentroetako jarduerak diseinatzeko batzordeetan parte hartzeko izena emateko epea

Bihar, azaroak 23, asteartea, urteroko biltzarra egingo dute Europa jauregian, eta Fidel Delgadok hitzaldia emango du

 

Zabalik da Bizan sareko zentroetan adinekoentzat urtero antolatzen diren 1.800 inguru jarduerak diseinatzeko batzordeetan parte hartzeko izena emateko epea.

16 zentrok —lehengo adinekoentzako zentro soziokulturalek— osatzen dute Bizan sarea. Jarduera-batzorde bana dago horietan, eta 8 arlo lantzen dituzte: osasuna, irakurketa, hezkuntza, arte eszenikoa, ikus-entzunezkoak, txangoak, aisialdia eta gizartea. Beren zentroko hileko programazioa erabaki eta antolatzen dute bertan adinekoek, modu desinteresatu eta konprometituan, teknikarien laguntzarekin.

Lan horretatik sortzen dira txangoak, emanaldiak, irakurketa-klubak, belaunaldien arteko jarduerak, kultur lehiaketak, hitzaldiak edo elkarteekiko lankidetza-harremanak, “beti izan baitugu interes handia jarduerak herritarrengana zabaltzeko, komunitate-bizitzan eta zentro bakoitza dagoen auzoko bizitzan parte hartzeko”, azaldu du Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak.

Armentiaren esanetan, jarduera-batzordeetan parte hartzen dutelarik, “estereotipoak hausten dituzte adinekoek, lagun berriak egiten dituzte, ikasi egiten dute, ongizatean irabazten dute eta zoriontsuagoak dira. Hala jakinarazi digute. Aktiboak eta konprometituak direla erakusten digute jardueren gidaritza beren gain hartzen dutelarik, interesatzen zaizkien eta motibatzen dituzten gauzekin gozatzeko”.

Batzorde horietan parte hartu nahi dutenek Bizan zentro batera jo dezakete izena ematera. Urtero, 200dik gora lagunek osatzen dituzte partaidetza-organo horiek, duela zenbait urte ezarritako ereduari erantzunez, zeinen arabera erabiltzaileak parte aktiboa baitira zentroetan gertatzen den guztian.

 

Biltzarra

Bihar, azaroak 23, asteartea, urteroko biltzarra egingo dute Bizan sareko jarduera-batzordeek Europa jauregian. Pandemiaren garaian, egoera hain konplexura egokitzeko gaitasunari esker, beldurrak gainditu eta proposamen eta jarduerak aurrera ateratzea lortu zuten batzorde horietako kideei gorazarre egiteko baliatuko da.

Jarduera ludikoak programatu dira jardunaldi horretarako, eta hitzaldi bat, Fidel Delgado psikologo kliniko ezagunak emango duena, zeinek, egungo egoera gorabehera aktibo mantentzearen garrantzia eta premia abiapuntutzat hartuta, aisialdiaren garrantzia nabarmentzeko baitu.

Share

Udal Musika Bandak abonamenduko bigarren kontzertua aurkeztu du: ‘Veni, vidi, vici’

Azaroaren 24an, asteazkena, izango da kontzertua Principal antzokian.

 

Udal Musika Bandak abonamenduko bigarren kontzertua – ‘Veni, vidi, vici’ (‘etorri, ikusi eta irabazi egin nuen) –emango du azaroaren 24an, 19:30ean, Principal Antzokian; Iker Olazabalen zuzendaritzapean.

Principal antzokira bertaratuek sei piezaz osatutako errepertorioaz atsegin hartu ahalko dute: John Barnes Chanceren “Incantation and Dance”, eta bandak estreinakoz interpretatuko dituen beste bost pieza:  Aaron Coplanden “Fanfare for the common man”; Joan Towersen “Fanfare for the uncommon woman nº 2”’; Jan van der Roosten  “Puszta. Four Gipsy Dances”, Alberto Ginasteraren “Estancia” baleteko dantzak, eta Claude T. Smithen “Festival Variations”.

Kontzertuaren aurkezpenean Bandako zuzendariondoko Iker Olazabalek parte hartu du, eta kontzertura joateko gonbita egin die gasteiztarrei, oraindik bada lekuren bat eta.

Informazio gehiago

Share