Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2021-11-08)

Prentsaurrekoa. Vitoria-Gasteiz Hobetuz programaren bozketa fasea aurkeztea

Parte hartzaileak. Herritarren Partaidetza, Gardentasun eta Gizarte Etxeen zinegotzi Borja Rodríguez

Eguna. Astelehena, azaroak 8

Ordua. 10:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

—————————————–

Omenaldia lehen emakume udaltzainei

Parte hartzaileak. Vitoria-gasteizko alkate Gorka Urtaran; eta Herritarren Segurtasun zinegotzi Marian Gutierrez

Eguna. Astelehena, azaroak 8

Ordua. 13:00

Tokia. Udaltzaingoaren egoítza, Agirrelanda kalea, 8

 

Share

Asteburuko aurreikuspenak

Larunbata, azaroak 6

– Maider Etxebarria alkateordeak BTI Day 2021 jardunaldi zientifikoan parte hartuko du, 11: 00etan, Europa Biltzar Jauregian

– Kirol eta Osasun zinegotzi Livia López Anorexia eta Bulimiaren Aurkako Elkartearen aldeko desfile solidarioan izango da, 18: 00etan, Dendaraban.

Share

Gasteizek Garapen Iraunkorreko Helburuen (GIH) alorrean dituen planak azaldu dizkio NBE-Habitateko zuzendariari

Bihar Glasgow eta Edinburgoko adierazpenen aurkezpenean eta mundu mailako sinaduran hartuko du parte, COP26 gailurraren barruan

Alkatearen adierazpenak

 

Gasteizek maila goreneko kontaktuen agendari ekin dio gaur goizean, Glasgow (Eskozia) hirian egiten ari den Klimaren Gailurraren barruan. Alkate Gorka Urtaran, alkateorde Ana Oregi eta IGIko zuzendari Imanol Zabaleta NBE-Habitateko zuzendari exekutiboarekin bildu dira; Nazio Batuen agentzia hori arduratzen da hiri eta herri jasangarriez.  

NBE Habitat-eko zuzendari nagusiak Gasteiz zoriondu du bere aurrekontua GJHekin lerrokatzeagatik, 2030 Agendarekin duen konpromiso irmoagatik, eta hiriari gonbita egin dio munduko hiriek GJHak betetzen dituztela ziurtatzeko lanean ari diren hiri-plataforma batean parte hartzeko. Alkateak bileraren amaieran azpimarratu duenez, Gasteiz egiten ari den lana kontuan hartuta, komenigarria iruditzen zaio 2022ko ekainean Katowicen egingo den Global Urban Forumean parte hartzea.

Gainera, alkateak azaldu dio zein lan egiten ari den Udala elikadura-sistemaren fluxuak ezagutzeko, hirian zer jaten den eta elikagai horiek nondik datozen jakiteko (tokiko produktuak diren ala ez). Vitoria-Gasteizek bere burua eskaini du NBErekin metodologia partekatzeko, eta oso interesgarria iruditu zaio.

Alkateak hainbat alderdi azaldu dizkio Maimunah Mohd Sharif-i: Gasteizen GHIekin lotuta egindako lana eta garapena, Gasteizko Hiri Agenda integratzeko plana, eta SDS Cities Initiative ekimenean parte hartzeko asmoa; azken horren bidez, NBEk mundu osoko 900 hiri aukeratu ditu hasierako jomugatzat 2020-2030 eperako.

NBE-Habitat agentziak, berriz, alderdi hauek ezagutu nahi izan ditu: zer egin dezakeen Gasteizek beste hiri batzuei GIHak ezartzen laguntzeko, zer ikas dezakeen beste hiri batzuengandik, eta Udala zertan aritu daitekeen lankidetzan gertuko etorkizunean.

Larunbata, nazioarteko hitzarmenen eguna

Bihar, larunbata, Klimaren Gailurraren barruan hartuko diren mundu mailako bi akordio garrantzitsuren aurkezpenean eta sinaduran hartuko du parte Gasteizek. Goizean goiz, Glasgowko Akordioa ezagutaraziko da, eta  Elikadurari eta Klimari buruzko Glasgowko Adierazpena sinatuko; mota eta tamaina guztietako tokiko agintariak bilduko ditu horrek —hiri txiki eta ertainetatik hasi eta megahirietaraino, barruti eta eskualdeak, estatu federalak eta probintziak barne—, berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko konpromisoa har dezaten. Orobat, Biodibertsitate Biologikoaren Mundu Esparruari buruzko Edinburgoko Adierazpenaren sinaduran hartuko du parte alkateak. Lurraldea eta Klimaren aldeko Ekintzaren zinegotzi eta alkateordeak ere hartuko du parte ekitaldi horretan.

 

Share

Urtaranen gobernuak 200.000 eurotik gorako laguntza emango du dibertsitate funtzionala duten kolektiboen jarduera fisikorako kanpainak garatzeko

Tokiko Gobernu Batzarrak lankidetza-hitzarmenak sinatu ditu dibertsitate funtzionalaren esparruan lan egiten duten lau elkarte eta erakunderekin, sustatzen dituzten jarduera fisikorako kanpainak bultzatzeko. ASPACE Araba, APDEMA Araba, Arabako Autismo Elkartea eta Zuzenak Kirol Taldea dira 202.764 euroko laguntza ekonomikoa jasoko duten kolektiboak.

ASPACE Arabarekin sinatutako hitzarmenaren helburua da 2021-2022 denboraldian garun-paralisia duten pertsonen jarduera fisikorako kanpaina garatzea. Kanpaina horren barruan kirola sustatzeko hainbat ekintza daude, eta 25.079 euroko laguntza ekonomikoa jasoko dute Udalaren eskutik.

APDEMA Arabari dagokionez, Udalak 25.254 euroko dirulaguntza emango dio, eta horri esker adimen-desgaitasuna duten pertsonentzat berariaz diseinatutako jarduerak sustatuko dituzte. Elkarte horrek 1.500 familia baino gehiago biltzen ditu.

Arabako Autismo Elkartearekin sinatutako hitzarmena autismoaren nahasmenduak dituzten pertsonentzako jarduera fisikoak eta kirol-jarduerak sustatzera bideratuko da, besteak beste, igeriketa, saskibaloia edo kirol anitzetako jarduerak. Kolektibo horrek 14.730 euroko dirulaguntza izango du.

Azkenik, Zuzenak Kirol Taldearekin sinatutako hitzarmenak jasoko du diru gehien, 137.700 euro hain zuzen ere. Zuzkidura horrekin, Udalak, besteak beste, “De todo, para todos” kanpainan laguntzen du, jarduera fisiko egokitu ugari bultzatzen dituena.

“Lau hitzarmen hauek agintaldiko helburu estrategikoetako bat lortzen lagunduko digute: dibertsitate funtzionala duten pertsonei kirola egitea erraztea. 200.000 euro baino gehiago baliatuko ditugu horretarako, kirola eta osasuna uztartzeko”, adierazi du Livia López zinegotziak.

 

Lehen mailetako taldeei laguntzea

Zuzenak taldea Tokiko Gobernu Batzarrak aurreko astean onetsitako kirol-hitzarmenetako baten protagonista ere bada, zehazki, 2021-2022 denboraldian gurpil-aulkiko saskibaloiari laguntzeari buruzko hitzarmenarena. Akordio horrek 21.250 euroko zuzkidura ekonomikoa du. Horrekin batera, Araski Arabako Emakumeen Saskibaloiarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena ere onartu zen. Hitzarmen horrek denboraldi honetan emakumezkoen saskibaloiko jarduerak sustatzea du helburu eta 91.375 euro esleitu zaizkio.

Bertako kirola sustatzea da gaur goizean Gobernu Batzarrean aurkeztu den agintaldirako planaren beste ardatzetako bat. Horren harira, lankidetza-hitzarmena sinatu da Arabako Euskal Pilota Federazioarekin, euskal pilotaren diziplinak hedatzeko, eta horiekin lotutako kirol-jarduera bultzatu eta ahalbidetzeko. 25.500 euroko dirulaguntza emango dio Udalak. Ekimen horrek pilota sustatzea du xede, batez ere ume txikien artean edo kirola egiteko zailtasunak dituzten taldeetan.

Share

Arropa, oinetakoak eta objektu berrerabilgarriak birziklatzeko kontratua esleitu da, edukiontzien kopurua eta biltzeko maiztasuna handitzen dituena

Tokiko Gobernu Batzarrak gaur erabaki du Koopera Servicios Ambientales enpresari esleitzea arropa, oinetakoak eta helburu txiki berrerabilgarriak gaika biltzeko zerbitzua, 90.000 eurotan eta bi urteko epean.

Kontratu berriaren bidez, udalak jantzi, oinetako eta material berrerabilgarrien birziklapena hobetu nahi da. Oso helburu anbiziotsua da. Hobekuntzei esker, udalak bikoiztu egin nahi du orain jasotzen den hondakin tona.

Kontratu berriak hainbat berrikuntza dakartza: gaikako 70 edukiontzi jarriko dira (orain baino % 60 gehiago): 43 kontratua hastean, gainerako 27ak, kontratuko lehen sei hilabeteetan. Horretaz gain, hobetu egingo da bilketa zerbitzuaren maiztasuna, astelehenetik larunbatera egunero, eta horrek nabarmen hobetuko du edukiontzien kudeaketa. 

Aurrerantzean, 55 menpeko toki-erakundetan ere bilduko dira oihal eta material berrerabilgarriak, eta berrikuntza nabarmena izango du: gaikako bilketa etxean egiteko aukera emango zaie hainbat arrazoi tarteko –mugitzeko zailtasuna, dibertsitate funtzionala, edo antzeko arrazoiak– ohiko bilketa bideak erabiltzerik ez dutenei.

Horretaz gain, esleipendunak merkaturatzeko aukera duen material guztia sailkatu, aukeratu eta berrerabiltzeko edo birziklatzeko prestatu beharko du, bere jabetzako instalazio batean.

Era berean, gutxienez lokal edo denda egokitu bat kudeatu beharko du, behar bezala prestatu eta gero erabilgarri diren hondakinei bizitza berri bat emateko.

“Gure hiria erreferente da nazioartean  ingurumen-politikengatik eta egiten dituen iraunkortasunaren alde egindako apustuengatik, eta horrela jarraitu nahi dugu. Oihal-hondakinak eta berriz ere balioa izan dezaketen bestelako objektuak berrerabiltzea eta birziklatzea da hobe dezakegun eta hobetu behar dugun arloetako bat. Bat egiteko eskatzen diegu herritarrei, birziklapen eta berrerabileraren arloko ohiturak hobetzeko, eta erraztu egin behar diegu zeregina. Hori dela eta, hobetu egingo dugu zerbitzua, edukiontzi gehiago jarri, eta hustuketa-maiztasuna hobetu. Izan ere, uste dugu ekonomia zirkularra klima-aldaketaren erronkei aurre egiteko konponbideetako bat dela, eta gure hiriko bizimoduari eta bokazioari ondo lotutako bizitza-filosofia ere badela” adierazi du Cesar Fernandez de Landa Ingurumen Plangintza eta Kudeaketako zinegotziak.

Fernández de Landak azaldu duenez, “edukiontzi grisera botatzen den zabor poltsako % 6 oihal hondakinak direla detektatu dugu; hau da, urtean 3.700 tona oihal galtzen dugu, eta 1.515 tona biltzen dira berariazko edukiontzietan.  Kontratu berriarekin, % 60 handituko dugu edukiontzien kopurua, eta zerbitzua nabarmen hobetuko da maizago hustuko baitira”.

 

Share

Gizarte Politiken Batzordea (2021-11-08)

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren, Gazteriaren, Berdintasunaren, Bizikidetza eta Aniztasunaren eta Garapenerako Lankidetzaren batzordea (2021-11-08)

Gai zerrenda: 11-08 Gizarte P B

Share

Hiri-baratze ekologikoen sareak gune berri bat izango du

Borinbizkarreko baratze berria egokitzeko lanak datozen asteetan hasiko dira.

 

Vitoria-Gasteizko hiri-baratze ekologikoen udal sareak beste gune bat izango du laster, Borinbizkarreko auzoan baratze bat sortuko baita Vitoria-Gasteiz Hobetuz aurrekontu parte-hartzaileen 2018/2019 programan lortutako laguntzari esker. Ekipamendu berriak 61 lursail izango ditu baratzezaintza ekologikoa sustatzeko, eta Henry Morton Stanley, Hans Christian Andersen eta Oto hiribidearen artean dagoen sail batean kokatuko da.

Baratzea era kolaboratiboan kudeatuko da: Udalak herritarrek osatutako erakunde bati lagako dio espazio berria, erakunde horrek jarduerak bertan garatu ditzan. Auzoaren garapen komunitarioa, auzokideen topaketa eta baratzezaintza ekologikoa uztartuko dira baratzean gauzatuko diren jardueretan. Mota horretako kudeaketa jadanik probatu da lehenago ere, Zabalganeko baratzean hasieran, 2014. urtean, eta ondoren Lakuako baratzean. Bi espazio horiek kudeatzen dituzten erakundeak Zabalortu Elkartea eta Ekoburuz Elkarte Ekokulturala dira, hurrenez hurren.

Badago modu kolaboratiboan funtzionatzen duen hirugarren gune bat ere, Basalburu Elkarteak kudeatzen duen Salburuko baso jangarria hain zuzen. Kasu horretan ez da baratze tradizional bat, baizik eta ekosistema naturalak imitatzen dituen eta basoa eta baratzegintzako jarduerak uztartzen dituen sistema bat, non frutak, fruitu lehorrak, barazkiak, onddoak eta beste landare erabilgarri batzuk ustiatzea posible den.

Ekipamendu horiek guztiak hiriko azpiegitura berdearen osagai dira. Azpiegitura berdeak funtsezko tokia betetzen du hiriaren bizigarritasunean eta herritarren  osasun eta ongizatean: airearen kalitatea hobetzen du, tenperatura erregulatzen du, zarata eta estresa murrizten du eta, aldi berean, aisialdirako, ariketa egiteko, atseden hartzeko edo besterik gabe bertan egoteko tokia eskaintzen du.

Share

Gasteizko Udalak berriro ere diruz lagunduko ditu hiriko artista eta taldeentzako entsegu-aretoak

Azaroaren 8an (astelehena) hasiko da 2022ko Talde Guneren deialdian parte hartzeko epea

 

Gure hirian musika sorkuntza sustatzeko asmoz, Gasteizko Udaleko Hezkuntza eta Kultura Sailak —zeinaren arduraduna Estíbaliz Canto zinegotzia baita— dirulaguntzak ematen ditu talde bateko kide diren musikari gasteiztarrek entsegu-aretoak erabiltzerik izan dezaten, bertan beren lanak sortu, entseatu eta grabatzeko.

Gasteizen erroldatutako musikari orori zuzenduta dago programa, eta aretoen jabe Talde Gune Gasteiz enpresarekiko lankidetzan egingo da, haiek bi areto prezio sinbolikoan erabiltzeko aukera emango baitute.

Zinegotziak Talde Guneren arduradun Aitor Ruiz de Arbulorekin batera aurkeztu du  gaur deialdi berria prentsaren aurrean.

Cantok iragarri duenez, datorren astelehenean, azaroak 8, irekiko da izena emateko epea Talde Guneko aretoetako bat 2022ko urtarriletik abendura arte erabili ahal izateko. Interesdunek azaroaren 19ra arteko epea dute udalaren webgunean izena emateko. Zozketa, berriz, azaroaren 30ean egingo da.

Musikarekiko zaletasuna oso pizgarria da, eta entsegu-areto bat eduki ahal izatea ametsa da bertako artista gazte askorentzat. Hori dela eta, Udalak Talde Gunerako deialdia sustatu du berriro, eta musikarekiko kezka duten neska-mutil gasteiztarrak parte hartzera animatzen ditugu“, esan du zinegotziak.

 

 

 

 

 

Share